Ihesi: Landarbasotik Urdaburura


2006ko martxoaren 26an
Astigarraga eta Oiartzun herriak lotzen dituen errepidea hartu behar dugu lehenik (GI-2.132). Errepide hau Astigarragako Perurena auzoan utziko dugu, eskuinera hartuaz. Perurena jatetxearen ezker aldetik doan errepidean gora abiatuko gara. Landarbasoko bidean zehar, Listorreta parkera iritsi eta bertan aparkatuko dugu. Listorreta atseden lekuan mahaiak, haur jolas parkea, taberna, barbakoak, iturria, zelai zabala… denetik dago.


Aizpitarteko kobak

Gaurko ibilbideak bi helburu ditu. Lehenik, Aizpitarteko kobak bisitatuko ditugu eta ondoren Urdaburu mendiari itzulia emango diogu. Nahi izanez gero, bata edo bestea egin daiteke. Hasi gaitezen bada.

Listorretatik abiatu eta metro batzuk aurrerago, beste atseden leku bat topatuko dugu, Barrengoloia. Barrengoloira iritsi baino lehen, eskuinera, aldapan behera doan errepidea dago. Kartelak "Aitzpitarteko haitzuloak" dio. Aldapa behera bukatzean, errebueltan, mendiko bide zidorrari helduko diogu. Marka txuri horiak jarraituko ditugu (PR-GI86). Berehala ezkerrera, egurrezko zubi bat ikusiko dugu, Aizpitarteko haitzuloetara eramango gaituena. Lehen lana, kobak bisitatzea izango da. Panel informatiboak topatuko ditugu bertan: kobak zenbat eta nolakoak diren, zein bizidun bizi izan diren, barruan ibiltzeko zenbait aholku…


Landarbaso erreka ondotik

Kobetatik atera eta berriz ere lehenago utzitako bide zidorrari helduko diogu. Landarbaso errekaren parean joango gara. Erreka hau, Urumea ibaiaren adarretako bat da.

Landaretzaz gozatzeko unea dugu! Ur ertzean, haltzadiak nagusituko dira. Baina ibilbidean zehar haritz, lizar, urki, astigar eta elorri zuri gisako zuhaitzak daude. Landaretzaz estalitako zubi batera iritsiko gara. Hemendik aurrera, aldapa gogortzen hasten da. Baina konturatzerako, pista nagusi batera iritsiko gara. Pista honetan, zertxobait beherago, iturria ikusiko dugu. Nekea nagusi bada, hau litzateke lehen ibilbidearen gailurra. Pistan behera, berehala jaitsiko ginateke kotxea utzi dugun lekura, Listorretara. Baina guk goranzko bidea hartuko dugu, Urdabururantz.


Urdabururantz

Goranzko bidean, agortuta dagoen bigarren iturri bat pasako dugu. Zaldizkoak ere badabiltza pista honetan, eta nahi izanez gero zaldiak aloka daitezke. Malmazarko lepoan, norabide ugari ditugu. Ezkerrerantz, Malmazarko bordaren paretik, Aldura mendira igo gaitezke. Eskuinerantz, bi tokitara goaz, Urdaburura edota Añarbeko urtegira.

Malmazarko basoaz gozatuz goazela, berriz ere bidegurutzearekin egin dugu topo. Gu eskuinerantz, Urdaburu aldera. Marka txuri horiak jarraituko ditugu (PR-GI88). Dagoeneko atzean Urdaburuko gailurra dugula, hirugarren bidegurutzea Zilegiko lepoan dugu zain. Bi tokitatik joan gaitezke: eskuinetik joango gara eta bueltakoan ezkerretik itzuliko gara.

Bide hau pinudian zehar doa. Halako batean, pagadi eder batera iritsiko gara, eta aurrean Pagotzarte borda izango dugu. Mendi borda hau, garai batean, kotxea bertara igo zitekeenean, txikitua egon zen. Gaur egun berritua eta txukundua dago, mendizaleen mesederako. Auto eta ibilgailuen sarrera debekatzea beharrezkoa izan da paraje zoragarri honen biziraupenerako.

Jadanik Urdabururen magalean, ezkerreko bidea hartuko dugu, mendiari itzulia emateko. Marka txuri horiak jarraituko ditugu uneoro. Lurra bustia dago, eta ur putzuz beteta. Sasoi honetan, zapaburuz beteta daude, beraz erne hanka azpian ditugun bizidunekin! Donostia ikusteko aukera izango dugu, txilardi artean. Eta parez pare, berriz, Ernio mendia.


Altzifre basoan

Itzuliaren erdia amaitzear gaudela, berriz ere bidegurutzera irtengo gara. Guk ezkerrera joko dugu, mendia inguratuz, Untzegiko lepora. Bat-batean, iluntasuna nagusituko da. Lawson altzifre basoan sartuko gara, ikusgarria da paisaia aldaketa. Eta berriz ere pagadia dugu inguruan, baina ez nolanahikoa. Kasu marka txuri horiei, bidetik aldentzeko arriskua handia baitago baso zati honetan. Itzulia ematean, berriz ere Pagotzartera aterako gara. Borda pasa eta eskuineko bidea hartuko dugu. Laster batean berriz ere Malmazarren izango gara. Handik, pista nagusiari jarraituz, ibilgailuen sarrera debekatzen duen atakara iritsiko gara, Idoiako lepora. Jatetxea dago bertan. Handik berriz ere behera, errepideak, nahiz bide zidorrak, Barrengoloira eramango gaitu. Barrengoloitik behera, abiapuntura iritsiko gara.

Landarbasoko arbasoak

Landarbason, duela 28.000 urte, bisonteak ehizatzen ziren. Cromagnonak ziren Gipuzkoako lurralde honetan egokitu zirenak. Ikerlariek diotenez, baldintza oso gogorrei aurre egin behar izan zieten hemengo bizidunek. Babesa Aitzpitarteko kobetan aurkitu zuten. Hainbat espezierekin bizitu ziren: oreinak, basahuntzak, elur oreinak, hartzak, sarrioak…

Badirudi gehien ehizatzen zutena bisontea zela, haitzuloan aurkitutako bisonte hezur ugariek erakusten digutenez. Tranpa bidez ehizatzen zutela uste da: oihuekin eta suarekin, tranpetara zuzentzen zituzten animaliak. Jarraian larrutu, zatitu eta hezurrak kentzen zizkioten bertan. Guzti horretarako harraskagailu, xixel, punta, arpoi eta antzeko beste lanabesez baliatzen ziren. Suharria, hezurra eta adarrak erabiltzen zituzten erremintak egiteko. Haitzulora haragi zatiak eta animalien gorputz-adarrak soilik garraiatzen zituzten. Sua, hartz eta bisonte larruei esker igarotzen zuten negua gizaki hauek. Animalien larrua buril baten bidez zulatu eta josi egiten zuten.

Aizpitarteko aztarnategia ez da aberatsa gizaki arrastoetan. Dena dela, aurkitu izan dira haitzuloetan bizi ziren haurren baten edo besteren esneko hortzak. Arkeologoek diote, 30 lagun baino gehiago ez zirela bizi Aizpitarten, familia txikitan sakabanatuta.

Garrantzi paleontologiko eta historikoaz gain, haitzuloetako faunagatik ere azpimarragarria da Aizpitarte. Bizidunik handienak saguzarrak dira. Horietako bat adibidez, Ferra-saguzar mediterraniarra dugu. Desagertzeko arriskuan dagoen espeziea intsektujalea da. Animalia honek bizi duen egoeraren erantzule zuzenak gu, gizakiok, gara, beren bizilekua inbadituz, eta bertan gure hondakinak utziaz. Haitzulo hauetako beste populatzaile bikaina, kakalardo berezi bat da, Ceutosphodrus vascoricus, Aizpitarten bakarrik bizi dena. Zain dezagun bada!


ASTEKARIA
2006ko martxoaren 26a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#4
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Azkenak
Iaz gehien mailegatu zen euskarazko liburua, Nerea Ibarzabalen 'Bar Gloria'

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako liburutegietan 2,7 milioi mailegu egin ziren 2023an, 2018an baino 100.000 inguru gehiago.


2024-04-23 | Euskal Irratiak
Indarrak biltzeko eguna antolatu du Erdiz Bizirik-ek Elizondon

Erdizko meategiaren kontrako plataforma herritarrak aldarrikapen eta besta eguna antolatu du joan den larunbatean Elizondon. Heldu diren asteetan epaiketa ukanen dute Magnesitas Navarra enpresaren kontra. Hain zuzen, auziak eraginen dituen gastuei buru egiteko sustengu... [+]


Eguneraketa berriak daude