Rafa Diez Usabiaga: «Gero eta gertuago ikusten dut alderdien arteko mahaiaren sorrera»


2006ko otsailaren 12an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Politikan ari den sindikalista edo sindikalismoan ari den politikoa ote den galdezka abiatu dugu solasaldia Rafa Diezekin: «Sindikalgintzan ari den militante politikoa naiz, aldaketa politikorako lana sindikalgintzatik ere egiten delako», erantzun digu zoli.

LABeko idazkari nagusia ezker abertzaleko kide esanguratsua den aldetik, Madrilgo hedabideen zurrunbiloan izaten da maiz, gatazkaren ebazpenean politikari nabaritzat joa: «Hogeita hamar urte daramatzat ezker abertzaleko militante lanetan, sindikatuaren arduretan batez ere. Euskal Herriaren auzi politikoari arreta berezia jarri diot betidanik. Madrilgo hedabideek eta hainbat sektorek zama, presioa eta irakurketa politiko interesatuak bizkarreratzen dizkigute sarritan. Azkenaldiko zurrunbilo politikoa dela-eta, irakurketa eta joko mediatiko interesatuak sortu dira berriz ere. Ez naiz horietan sartu zalea, gurpil zoro horietatik kanpo egoten saiatzen naiz, neure norabidea markatuz, esan beharrekoa behar denean esaten ahalegintzen naiz».

Eremu politiko nahiz sindikalean landu dugu elkarrizketa, ELA eta LABen arteko harremanak -ELAren Hausnarketarako agiria tarteko- hizpide ekin diogu solasari. Eguneroko politikaz aritu gara segidan, azkenik langileriaz jarduteko. Lan munduari buruzko aburuak koadro berezietan paratu ditugu.

Zein dira ELA eta LAB sindikatuen artean iraganean izan ziren akordio eta harremanei ez eusteko arrazoiak azken urteotan? Arrazoi politikoak, sindikalak?
Ez da arrazoi bakarra. Gure harremanetan faktore asko dago erlazionatuta bizi garen krisia ulertzeko: faktore politikoak, sindikalak hala nola sindikatu bakoitzaren interes espezifikoak barne. Hala ere, galdu dugun harremana ahaztu gabe, zauriak hor daudelako, deskonfiantza gainditu behar dugu. Ni ELAk eta LABek elkarrekin egin dezaketenari begira nago, ez iraganera begira. Gaizki esaka jarduteak ez dezake ezer onik ekarri. Sindikalgintza abertzalea sakontasunez aztertzeko, parametro estrategikoak lantzeko eta gatazka konpontzeko oinarri demokratikoak jartzeko unea heldu da. Trantsizioak nazionala eta demokratikoa izan behar du, herri honek burutu behar duen burujabetza prozesuari eduki sozialak ekarri behar dizkiogu bi sindikatuok. Gure irudiko, burujabetza sozialaren prozesua ez da sortuko indar metaketa landu eta arlo sozialean aldaketak bultzatu gabe. Langileriaren gehiengoak aldaketa bultzatzen badu -eta horretarako bitartekoak badaude- burujabetza prozesua gauza daiteke.

ELAk dioenez, bera konfrontazio demokratikoaren alde dago, baina ez dira beharrezko baldintzak horretarako.
Guk konfrontazio demokratikoa kontzeptua esparru askotara zabaldu behar dela diogu, arlo sozial-laboralera besteak beste. Euskal lan esparruaren alde egiteko borroka hori nola gauzatu behar den galdetzen dugu. Prozesua abiatzeko urratsak nondik nora eman behar diren aztertzen ari gara eta hauxe ikusi ere: hainbat bitarteko politikoren menpe gaude, sindikalgintza abertzalea ez da gai politika alorrean bide berriak irekitzeko. Otsail honen 19an lan harremanetarako euskal esparruaren aldeko -ELA eta LABen arteko- akordioaren 12. urtemuga beteko da. Aldarrikapenaren kontzeptua ondo oinarritu genuen, baina ez genuen asmatu beharrezkoa den kontzientzia soziala sustatzen. Harrezkero bide berriak ireki tzen saiatu gara, baina ez dugu sortu presio modu berririk bideak urratzeko. Madriletik datozen lan erreformei greba bidez erantzuteaz gain, guk euskal esparru sozio-ekonomikoaren aldeko dinamika ofentsiboagoa lantzea proposatzen dugu. Euskal sindikalgintzak historikoki erabili dituen hainbat eskemarekin apurtu behar du. Langileria erasoak datozenean baino ez dugu mugiarazten, gizartea gure kalkuluen eta helburuen arabera mugiarazten ikasi behar dugu sindikatuok. Iraganean esparru hori sustatu genuen elkarrekin, 1999ko greba orokorra lekuko, baina berau deskapitalizatua geratu zen. Beraz, arlo laboraleko konfrontazio demokratikoa nola garatu eta negoziazio kolektiboa nola gauzatu aztertu behar ditugu. Eskema berriak lantzeko ordua da.

Hizkuntza eta kode komunikagarri berriak lantzearen aldekoa zara. German Kortabarriak, berriz, bake eta normalizazio prozesuan "normalizazio" hitzak eragile bakoitzarentzat zentzu ezberdina duela esaten du.
Normalizazio hitzarekin txiklearekin bezala gertatzen da, oso malgua da eta bakoitzak bere aldera eraman nahi izaten du. Guretzat, funtsean, herri honen normalizazio politikoak herri honen hitza errespetatzea ekarri behar du, herri honen hitza ezin da kanpotik baldintzatu. Horren arabera proiektu guztiek aukera bera izan behar dute. Hori da normalizazio politikoaren oinarria. Gero, interpretazio erredukzionistak daude. Aldian-aldian, eragile politiko batzuk hau edo hori egiten saiatzen dira, egoera berri batean gaudela azalduz, ez gauden arren. Hau da, beste eszenatoki batera pasatzeko unean gaudelakoan, ahazten dute oraindik ez gaudela egoera politiko normalizatuan. LABen ustez, bake eta normalizazio eszenatokira iristeko eragile askoren arteko kontzeptu bateragarriak uztartu behar ditugu.

ELAk, alta, ezker abertzalea kritikatu du, gatazkaren ebazteko prozesuan subiranotasun maila apaldu duelako.
LAB ez dator bat ELAren Hausnarketarako agiriarekin, jakina. Gure ustez, gatazka konpontze bidean eta oinarri demokratikoak lortu aldera, eragile politikoek eta sindikalek eduki eta dinamika komunak sustatu behar dituzte. Independentistok eta aldaketa sozial baten alde gaudenok sektore horien indar metaketa eta aktibazio soziala lortu behar ditugu plan estrategiko berri baten barruan. Guk kontzeptu hauek bateragarritzat jotzen ditugu, uztarturik egon behar dutela diogu. Ez gaude bi hipodromoetan, gatazka konpontzeko bidean batetik eta burujabetza bidean bestetik. Autodeterminazioaren alde gaudenok trantsizio nazionala bideratu behar dugu beste eszenatoki batera joateko, polo independentista eta klasekoa indartzen joan behar dugu. Hori egiteko aukera eta indarra badagoela uste dugu, gure jarrera ez da baztertzailea inola ere.

Urtarrilean ekimen politiko ugari izan ziren, Batasunak Barakaldoko BECen antolatua eta Grande-Marlaska epaileak debekatua, esate baterako. Egiguzu gertatuari buruzko balorazioa, arren.
Urtarrilean gertatu zena ondo aztertu behar da: Grande-Marlaskak eragindakoaren nahiz Mena jeneralak esandakoaren ondorioak, baita Auzitegi Goreneko presidente Jose Francisco Hernandok esandako astakeriak ere oso adierazgarriak dira: astinaldi politiko faktiko izugarriak izan dira, dimentsio handikoak. Horien ondorioa dugu, adibidez, Kataluniako Estatutuarekin gertatua. Estatuko hainbat boterek aldez aurretiko giro politikoa erraztu zuten eta Estatutu horri LOAPA moduko berri bat ezarri diote. Alegia, lurralde eredua kolokan jarri ahala pultsuak gero eta handiagoak izango dira, sektore politiko batzuk eszenatoki politiko berri baten beldur direlako. PP ontzi guztiak erretzen aritu da epe laburrean, BECeko ekitaldiaren debekua estrategia horren katebegia da, ireki daitekeen prozesuari egindako sabotajeak dira.

Batasunak BECen burutu ez zuen batzarra dela-eta, trantsizioaren bigarren aldi hau motelduta geratu da batzuen ustez.
Nik bestelako sentsazioak ditut, niretzat azken 14 hilabeteetan -azken hila barne delarik- prozesuak hartutako heldutasuna nabarmena da, oinarritu beharreko esparrura iristen ari garen inpresioa daukat, eszenatoki bat eraikitzeko tresnak definitzen ari dira, alderdien arteko mahaia eratzeko eragile politikoek hartu behar dituzten konpromiso politikoak lantzen ari dira. Ni konbentzituta nago, iragan urtean garatu zen komunikazio politikoa -zentzu orokorrean- batuz eta garatuz doa esparru guztietan. Zuhurtasunez bada ere, egiten ari den bidearekin eta emango diren urrats berriekin baikor naiz. Hurrengo urratsa zero puntura iristea da: ahalik eta eragile gehienek ekarpenak egin ondoren, zero puntu horretan ibili beharreko karrilak argitu behar ditugu, mintzaideak edo interlokutoreak zehaztu, baita berauek erabili behar dituzten baliabideak ere, printzipioetan eta konpromisoetan oinarrituta betiere. Arlo politikoko nahiz sindikaleko eragileak komunikazio bide ona garatzen ari gara.

Eragileak eragile, antza, Zapatero ahulduta geratu da PPren jazarpenaren aurrean.
Egia da, pultsu bat eman da eta PPk kalibre handiko tresnak erabili ditu. Niri Zapaterok eutsi nahi diola iruditu zait, begi-bistakoa da Estatuan kontrapisu handiak daudela. Gainera, hau ez da behin bakarrik gertatuko, aurrerantzean ere gerta daiteke, eta bake eta normalizazio prozesua abian jartzen denean ere gertatuko da. Prozesuan dena ez da laua izango. Espainiaren kontzeptua bertan behera geratzen hasia delako eman den eztabaida ikusi besterik ez dago. Horiek horrela, inflexio puntu batetik gero eta gertuago garenean, pultsu horiek gero eta handiagoak eta ageriagokoak izango dira, prozesu mota hauetan guztietan horrela izan da herri gatazken historian.

Zure hitzak ondo ulertzera, ezker abertzaleak prozesu hori emango dela sinesten du. Anoetako Proposamenetik BECera bidean urtarrilean inflexio puntu bat iradokitzen zen, ez al da zapuztu?
BECeko ekitaldiaren inguruan gertatuari ezin zaio garrantzia kendu, baina funtsean pultsuak indarrean segitzen du eta lehen zeuden gakoak oraindik ere badaude. Gehienok puntu batean bat gatoz: trantsizioan sortu zen eredu politikoak, Hego Euskal Herriari ezarritako lurralde eredu politikoak, sabaia jo du eta krisian dago. Faktore objektiboa eta klabea hori da. Euskal Herrian beste eszenatoki politiko bat muntatu eta beste marko-juridiko politiko bat gauzatzeko eskaera garbia eta sendoa dago. Eta horiek klabe hauetan oinarritu behar dute: lurraldetasunean eta erabakitzeko eskubidean. Horiek faktore politiko estrukturalak eta saihestezinak dira. Horien arabera, koiuntura politiko honek krisi egoera honek sustatzen duen gatazka politikoan bide bat irekitzera behartzen gaitu. Hori da aspaldion objektibatzen ari dena, ezker abertzalea behin eta berriro sektore guztiei elkarrizketa prozesu bat eraikitzeko aukera eskaintzen ari zaie, Anoetako Proposamenaren ondoren, BECekoa ezker abertzalea lantzen ari den ildoa sendotzeko ekimena izan da, debekatua izan edo ez. Pultsu horretan ekimen inportantea izan da ezker abertzaleak bere karrilean eta eskema politikoan segitzen duela erakutsi duelako, eta ez Grande-Marlaskak ez beste inork ez gaitu karril horretatik aterako.

Karrilean zoazte, baina 2006an udal eta foru hauteskundeak izango dira. Kontua da, ea karril horretatik ezker abertzalearen hautagaitza modu normalizatuan aurkeztera iritsiko den, ea Batasuna legalitatera itzuliko den, adibidez. Denbora faktore funtsezkoa da, alegia.
Koiuntura inportante batean gaude, auzia historikoa da, beraz ezin dugu korrika eta antsiatsuak aritu. Ondo oinarritutako urratsak eman behar ditugu, datozen belaunaldiari beste eszenatoki bat uzteko lanean ari gara, sortuko den egoera berria ondo sustraitua izatea exigitzen du horrek. Atzeraezinezko prozesuan sartzeko lanean ari gara, ezin dugu gatazka gainditzeko prozesuan urratsak ematen hasi eta hilabete batzuetara bakoitza bere aldetik joan interes partidistak direla-eta, berriz ere lokatzetan gelditu alegia. Prozesua hasteko eta gatazka behar bezala gainditzeko aingura oso ondo botata behar da, bai ETA eta Estatuaren arteko mahaia, baita alderdien arteko mahaiaren oinarria ere finkatzeko.


Beraz, datozen hauteskundeetan baliteke Batasuna oraindik ere modu normal batez ez aritzea?
Ezin dugu denborarekin espekulatu. Eta denbora ez da bakarrik ezker abertzalearentzako kontzeptu klabea. Interes desberdinengatik denbora beste eragileentzako ere faktore garrantzizkoa da. Datozen hauteskundeetan Batasuna nola eta non izango den? Ez dakit. Dena dela ere, ezker abertzalea prozesua abia dadin tinko ari da lanean. Datorren urteko hauteskundeei begira, normalizazioa lortzeko prozesuan urratsak ematen ari direla nabaritzea nahi dugu argi eta garbi. Dirudienez hauteskunde horiek mugarriak dira, edo batzuk horrela agertu nahi dute, beste ardurarik ez balego bezala. Hauteskunde garrantzizkoak dira, prozesua garatzeko orduan kontuan hartzekoak, baina hori denok kontuan hartu behar dugu.

Hitzarmen Demokratikoak iragarritakoa kontuan izanda, Aberri Eguna mugarri eguna ageri da egutegian.
Ezker abertzaleak orain arte esandakoak bete egin ditu eta Nazio Eztabaidagunean ere azken bi urteotan planteatutako helburuak betetzen ari dira, Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoak (OHD) oso urrats garrantzizkoak eman ditu nazioarte mailan. Alderdi eta sindikatuen artean lortutako komunikazio politikoa ikusita, gero eta gertuago ikusten dut alderdien arteko mahaiaren sorrera. Hitz egitetik ekintzetara pasatzeko unean gaude, zehazpen fasean, Aberri Eguna adierazle egokia izan daiteke, ez dakit Aberri Eguna horretarako mugarria izango den edo ez, baina ahaleginak eta hartutako konpromisoak handiak dira.

Normalizazio Kontseilu Politikoa osatu berri du Ibarretxe Lehendakariak. Zer iradokitzen dizu?
Denbora nahiko pasa da Kontseilu Politiko hori gauzatzeko, ez dakit zein motako arazoak izan diren eszenatoki politikoan lehenago ez agertzeko. Ibarretxe eragilea da gatazka konpontzeko prozesuan, bere esparrutik egin beharreko ekarpenak egiteko garaia da, ardura ere berea da-eta. Nire irudikoz, Ibarretxe politikoki nahiko amortizatuta dago bere alderdiarentzat, orain protagonismoa beste planoetara pasa da. EAJ plano instituzionalari begira ari da, EAEko aurrekontuak PSErekin hitzartu izana lekuko. Edonola ere, Normalizazio Kontseilu horren ekarpena baliagarria izango da Jaurlaritza alderdien arteko mahaia osatzeko asmoz ari bada. Instituzioetatik konpromisoak beharrezkoak dira, baina orain arte instituzioen esparruan landu diren ekimenen mugak begi-bistakoak izan dira. Hasteko, Euskal Herriko instituzioak hiru lurralde esparrutan bananduta daudelako, eta alderdien arteko mahaia EAEko ez den beste plano batean ere eraiki behar delako. Nik argi eta garbi ikusten dut, gu herria gara, gatazka politikoa bi estatuekin daukagu eta soluziobide bat behar dugu: herri bat, gatazka bat, bide bat eta soluziobide bat.

«Sustraiak loratzeko garaia etorriko da»
LAB Iparraldean eratzean urrats inportantea eman zen, bi klabetan eman ere. Batetik, sindikatu nazional bezala sortu zelako, Euskal Herriaren jarduera soziala eta ekonomikoa aztertzeko eta garatzeko. Bestetik, Lapurdin, Baxenabarren eta Zuberoan diren abertzale eta ezkertiarrentzako tresna bezala erabiltzeko, interbentzio sozial eta laboralean aritzeko. Abertzaletasuna Ipar Euskal Herrian ondo sustraitzea eta gizartean ondo uztartzea ikuspegi sozial eta aurrerazale batetik etorriko da, biak herrian uztartu behar dira eta guk abertzale eta ezkertiar orori eskaintzen diogu aukera hori. Oso pozik gaude bost urteotan egindako ibilbideaz, hedatu diren sustraiak loratzeko garaia etorriko da. Dagoeneko zaila da adin nagusikoengan parametro batzuk aldatzea, beraz, abertzale belaunaldi berrientzako egin beharreko inbertsioa da. Guk argi eta garbi ikusten dugu eraikuntza sozial eta nazionala belaunaldi berrien eskutik etorriko dela Iparraldean, aitzitik, bertan dauden beste eskaintza sindikalek xahututa daukate aukera hori.

«Lan prekarioak hiltzen du»
Zenbakiak ikaragarriak dira eta horrek eztabaida sakona sortu beharko luke arlo instituzional, politiko nahiz sozialean. Zenbaki horiek estatistikarako baino ez dute balio batzuetan, ez da behar bezalako hausnarketarik ez terapiarik egiten. Guk prekarietateak hiltzen duela diogu, eta hori ez da -patronalak dioen bezala- sindikatuok erabiltzen dugun lelo hutsa, errealitatea da. Gazteak lan mundura datoz eta aurkitzen duten lana prekarioa da, enpresariaren erritmo pean, formazio eskasarekin edo batere gabe. Lan munduan sartzen diren langile gazteen baldintzek sortzen dute istripua. Prebentzioa eta lan osasunaren formazioa inportanteak dira, inspekzioa ere bai, baina lan baldintzek sortzen dituzte istripuak, prekarietatea elementu estrukturala da. Hemengo enpresarien ispilua Europa da, baina Hego Euskal Herriko prekarietate tasa Europakoaren halako bi da, hemengo enpresariek prekarietatea erabiltzen dutelako irabaziak metatzeko. Ordua da prekaritatearen inguruan eztabaida politikoa sustatzeko, bestela aurten ere, zoritxarrez, beste hainbeste langile hilko da.

«Langilea ez da indartuko ideologia sendorik gabe»
Globalizazioak ondorio ekonomiko eta aldaketak ekarri ditu, teknologiaren esparruan esaterako. Haatik, baliabide teknologiko berriak langileen klase jarrera indartzeko baliatu behar ditugu, baita gizartean garatu den desideologizazio faktoreari aurre egiteko ere. Langilea ez da indartuko ideologia sendorik gabe, ideologia ezinbestekoa da klase borrokan aritzeko, eta ez bakarrik epe motzeko planteamendu eta errebindikazioetan, epe ertain eta luzekoetan ere. Teknologia berrien bidez, ideologizazio prozesu sakona landu behar dugu langileok, sindikatuek berebiziko lana garatu behar dute zeregin horretan. Hainbat sindikatu orain konturatzen hasi direnez, kontrabotere kontzeptua ez bada sindikalgintzan bultzatzen, lantegietan murgilduta eta negoziazio kolektiboan oinarrituta, egungo langileen jarduera eredua agortu edo itoko da. Sindikalginzak lantegietan egin behar du pultsua, eta, halaber, aldaketa sozial baten aldeko lanean aritu gizartean. Izan ere, langileok politika soziala eta ekonomikoa nahiz politika fiskalaren zein azpiegitura politika ezagutzen lehenak izan behar dugu. Sindikatu batek aldaketa sozialaren alde egin nahi badu, aldaketa hori bizimodu eta kontzeptu integralaren arabera ulertu behar du, bestela, lantegian murgilduta soilik sindikalgintzak ez du etorkizunik.

«Mugimendu sindikala fase berrian sartzen ari da»
Langileen errealitatea oso gordina da, enpresariek eta botere politikoek lan harremanak eta klase borroka baldintzatzeko duten indarra ikaragarria da. Batzuen ustez klase borrokarik ez dago, hori joan den mendeko diskurtsoa da. Nik berriz klase borroka edozein lantegi edo tailerrean ikusten dut: gazteen enplegua, prekarietatea eta lan baldintzak ikusi besterik ez dago. Hor dago klase borroka, lan eskubideen urraketa eta desoreka sozialak gero eta agerikoagoak dira. Horien aurrean langileen batu beharra funtsezkoa da. Jakina, liberalismoak bere baloreak kutsatu egin dizkie langileei, langileria defentsiban ari da. Baina langileen historia hor dago, baloratu beharrekoa. Ikuspen marxista batetik aztertuta, globalizazio neoliberalak daraman garapen eroak goia joko du. Bien bitartean, sindikalgintza berritu eta indartu bidean ari gara, parametro berriak ekarriko dituen beste fase batera goaz: Hego Ameriketako esperientziak eta munduko foro sozialak lekuko. Langileen batasuna kontzeptu bezala barneratzea eta ahal den neurrian gauzatzea da epe laburreko apustua.


Azkenak
Statkraft, Kutxabank eta Azpeitiko Udala

Ia oharkabean pasa da joan zen asteazkenean (2025eko ekainak 18) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen iragarkia.

Izenburua: Azpeitiko 5. poligonoko 58. lurzatian aldi baterako estazio meteorologiko bat
interes publikokotzat deklaratzeko eskaera (GHI-049/25-J01)
. Hemen... [+]


EAJren hizkuntza eskakizunetarako proposamena “atzerapausoa” dela salatu dute ELAk eta LABek

Euskara eskakizunak zehazteko derrigortasun indizea ezabatzea eta erabakia erakunde bakoitzaren esku uztea proposatu zuen iragan astean EAJk. LABek salatu du derrigortasun indizea kenduz gero, epaileen "borondate euskarafoboak" ezarriko lukeela hizkuntza eskakizunaren... [+]


Arabako Aldundiak indarkeria matxistaren biktimei arreta murriztu diela salatu du ESK-k

Lanpostuak, emakumeak artatzeko egonaldi ertaineko harrera zerbitzua eta aurrekontua murriztu ditu Aldundiak.


Zenbait lagun zauritu dira Hernaniko San Joan gaueko istiluetan, eta gutxienez pertsona bat atxilotu dute

Xabier Lertxundi alkateak adierazi du istiluak leku eta ordu ezberdinetan gertatu direla, eta haien artean ea loturarik dagoen ikertzen ari dira. Udaltzaingoak laguntza eskatu dio Ertzaintzari 03:30 aldera, eta haiek oldartzean hainbat lagun zauritu dituzte. Segurtasun Sailak... [+]


2025-06-24 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Chen Yun: txoria eta kaiolaren auziak hortxe jarraitzen du

Ekainaren 13an, ezohiko ekitaldi baten lekuko izan zen Pekineko Herriaren Areto Handia: Txinako Alderdi Komunistaren aginte goren osoak (baimenduta leudekeen absentziak salbu; nola jakin horietakoa ote zen He Weidong jeneralarena? Izan ere, ez zen ageri mahai nagusian,... [+]


Bilboko Bira Kulturak eskaintza gutxituko du laguntza publikoen murrizketagatik

Ez dute itxiko, baina orain arte eskaini duten programazioari ezin izango diote eutsi. "Bira txikiago bat" izango dela zabaldu dute sare sozialetan.


Nola debekatu sare sozialak erabiltzea 16 urtez azpikoei? Australiako Gobernuak badu formula

Legez, 16 urte bete arte ezingo dituzte sare sozialak erabili Australian, urte bukaera honetatik aurrera. Baina nola gauzatzen da hori praktikan? Gobernuaren azterketa batek ondorioztatu du teknikoki bideragarria dela, eta aurrekaria jarri du bide bera hartu nahi duten... [+]


Israeli boikota musika jaialdietan ere

El Salto hedabideak argitaratu zuen Espainiako dozenaka musika jaialdiren Superstruct sustatzailea Israelen aldeko funts batek erosi zuela. Geroztik, musika talde eta bakarlari ugari batu dira KKR-ren aurkako boikot kanpainan, eta Israel Palestinan egiten ari den genozidioaren... [+]


NATOtik ukatu egin dute Sánchezek iragarritako gastu militarraren salbuespena

Mark Rutte NATOko Idazkari Orokorrak ukatu egin du “baztertze klausula” onartu zaionik Espainiako Estatuari. Kalkuluen arabera, BPGren %3,5a gastu militarretara bideratu beharko du gobernuak, NATOk eskatzen dituen kompromisoak betetzeko.


Trumpek Israel eta Iran arteko su-etena iragarri du eta ordu gutxira zalantzan dago jada

Iranek AEBen Qatarreko base militarrari eraso egin ostean eman du ustezko akordioaren berri Etxe Zuriko maizterrak, Truth Social sare sozialean. Ostean, Israelgo Gobernuak adierazi du Trumpen proposamena onartu duela, eta berdina egin du Irango Segurtasun Nazionaleko... [+]


Asteburu honetan eginen da EHZ festibala, Arberatze-Zilhekoan

Fermin Muguruza afixan nagusi, Olaia Inziarte, Naxker, Xiberoots, Errobi, Kaskezur, Zetkin, Tapia eta Leturia eta beste hainbat musikari igoko dira oholtzara ekainaren 27, 28 eta 29an. Horrez gain, antolatu diren hitzaldietan, hala nola lurraren defentsaz, diskurtso eta... [+]


Udaltzaingoan arreta euskaraz bermatzeko gomendatu dio Arartekoak Erandioko Udalari

2024ko irailean, herritar batek salatu zuen Erandioko udaltzain batek arreta euskaraz ukatu eta jokabide hori behin baino gehiagotan errepikatu zela, baita telefonoz kexatu zenean ere. Salaketak erakusten duenez, hasiera batean, arreta eta dokumentazioa gaztelaniaz bakarrik eman... [+]


2025-06-24 | Gedar
“Gazteon erantzunari esker Durangoko Gaztetxeari eustea lortu dugu”

Gaztetxearen aldeko manifestazio jendetsu bat egin zuten larunbatean Durangon, espazioaren irekieraren berri eman eta lau egunera. "Lehenengo gaua ere ez genuela bertan pasatuko esan ziguten, eta oraindik gaztetxean tinko jarraitzen dugu", aldarrikatu... [+]


2025-06-24 | Euskal Irratiak
Laida Mugika
“Espero dugu datorren urtean halakorik egin beharrik ez izatea, eta errektoretzak neurriak hartzea”

Errektoretzaren erantzun ezan, ehun bat irakaslek berriz eskainiko diete ikasleei ahozko froga euskaraz pasatzeko aukera. Guraso elkarteek ere bat egin dute ekimenarekin, errektoretzaren inplikazioa eskatuz.


Eskuin muturreko talde batek Donostiako ‘Jesusen Bihotza’-ren aldeko ekimena egin du

Donostiarra, defenda ezazu zurea leloarekin pankarta bat jarri dute, Jesusen Bihotza duen Espainiako bandera batekin batera.


Eguneraketa berriak daude