Petrolioaren aroa bukatzear: Gure bizimoduarenak egin du


2006ko otsailaren 12an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Gure gaurko bizimoduak iraungitze data du. Bera mugiarazten duen energiaren aroa, Petrolioaren Aroa bukatzear da. Izan ere petrolio produkzioak goia joko du gainean dugun 2010ean, World Energy Council eta aditu askoren arabera. Une horretatik aurrera ezingo da gero eta petrolio gehiago atera, urtero %3 inguru gutxiago baizik. Petrolioa urritzen hastean, petrolio upelaren prezioa zerutan jarriko da. Roberto Bermejo EHUko ekonomia jasangarriaren irakaslearen esanetan, 200-250 dolarretara igoko da aren prezioa.

Badira Matthew Simmons bezalako adituak -bere izena daraman eta energia industrian espezialdutako banku eragiketetarako aholkularitza eta gestio enpresako presidenteak-, data 2007-2008ra aurreratzen dutenak. Eta sistemarekin optimistenek, Cambridge Energy Research Associates tartean, 2020ra luzatzen dute energia krisia abiaraziko duen data. Eusko Jaurlaritzaren Energia Estrategia 2010ak (3E-2010 izenez ere ezaguna) aurrikusten du egungo kontsumo erritmoan petrolioa 40 urte barru bukatuko dela. Baina arazoa da kontsumoa hazten ari dela, 3E-2020ak berak aurrerago dioenez, eta batez ere garraioaren eraginez: 2020rako EAEko energia eskaria %60 baino gehiago haziko da, urteko %3,4, aurrezteko politikarik egin ezean. Eta gu ez gara munduko energia-zurrupatzaile bakarrak.

Produkzio gorenaren datari buruzko debatea argituko luke munduko erreserben zifra ezagutzeak. Tamalez, informazio hori bildu gabe dago, petrolio erreserba bakoitzaren berri bere ustiatzaileak bakarrik baitu.

Dagoeneko sumatzen ari gara petrolio urritasunaren sintoma: 1999tik petrolio upelaren prezioa eskalatzen ari da. 68 dolar inguruan dago orain. Joera honi eutsiz eta munduko finantza erakunde nagusietako analisten arabera, aurten laren batez bestekoa 60 dolarretik gorakoa izango da. Hurrengo urterako batzuek batez bestekoa 80-90 dolarrekoa izatea aurreikusten dute. Petrolioaren prezio igoera ez da uniformea, leherketa koiunturalak izaten dira piko formakoak, eta gero jaitsi egiten da baina sekula ez abiapuntura, joera gorakorra delako. Zer dago prezio igoera honen atzean? Besteak beste, bukatu zirela petrolio putzu handien aurkikuntzak. Eta aurkikuntza berriak petrolioa ateratzeko zailak diren lekuetan suertatzen ari dira, bai fisikoki, ekonomikoki eta baita politikoki ere. Hau da Chevron petrolio konpainia handiak New York Times eta Wall Street Journal egunkarietan jakinarazitakoa.

Petrolioa urritzearekin, agur gaur ulertzen dugun ekonomiari.


Hazkundea izatekotan, petrolio gehiago

2020rako petrolio eskaria %50 haztea dago aurreikusia. Gure «garapena» hazkunde ekonomikoaren sinonimo da, eta hazkundea energia errez lortzen dugu: 2030era arte %3,2ko hazkundea dago aurreikusia, eta horretarako energia osoaren beharra %60 haziko da -energia horretatik gehiena petrolioa izango delarik-. Bestalde, gaur egun "Garapen bidean dauden herriek" ere gero eta petrolio eta gas natural gehiago kontsumitzen dute, batez ere Txina eta Indiak. Nahiz eta irakurketa hau subjektiboa den, aurreko orriko koadroan azaltzen denez.

Putzuak urrituz eta eskaria gehituz doala, noiz arte izango ditugu aseta gure energia beharrak?


Zer asmo zenituen 2010erako?

Neguaren atarian gaudela iragarrita dagoen honetan, bati planteatzen zaio inurri edo txitxarrarena egin behar duen bere bizitzan, 2020rako aurreikuspen beltzak ikusita: Energia eskasia kronikoarekin, ekonomia estankatuko omen da, eta hazkunderik egotekotan, oso mantsoa izango da. 3E-2020ak ere onartzen du petrolioaren prezioa epe luzez garestitzen bada, energia fakturak ekonomian eragingo duela eta Barne Produktu Gordina hazteko frenua litzatekeela. Inflazio ikaragarria izango dugu, eta krisi ekonomikoa.

Petrolioa ez da hurrengo hamarkadan bukatuko, hain maiz bisitatzen duzun gasolindegian egongo da, ordaindu dezakeenarentzat. Agur azken 30 urteotako petrolio merke eta ugariari. «Krisi ekonomikoarekin ezingo dugu kotxerik erosi, eta erosita ere oso gutxi erabili ahal izango dugu, errepideko garraioa zerutan egongo baita», ohartarazi du Bermejok. Horrek ekarriko du mugikortasuna gutxitzea. Hegazkin garraioa ere ederki astinduko du eta turismoa ere bai. Asteburupasa Londresera joatea, berriro ere luxua izango da.

Auzora begira, nazioarteko komertzioa distortsionatuko du petrolio krisiak. Nazioarteko konpetentzia estua izango da eta azken petrolio ttantta xurgatzeko gerrak sortuko direla aurreikusten da, baita aldian behin eskasiak egongo direla ere, herrialde ekoizleetako tentsio politiko eta sozialak medio. Baina hau dena ez zaigu berria, orain arte ere petrolio gerrak izan baitira. Izatez, AEBetako politika ofizialak "Carter Doktrina"ren bidez -1980ko urtarrilaren 23koa-, onesten du indar militarra erabiltzea edozein erasoren aurrean, honek Ekialde Ertaineko petrolio fluxua eragozten badu. Printzipio hau Reaganek erabili zuen lehenengoz, Kuwaiteko petrolio ontziak AEBetako militarrek babestea lortzeko, Iran-Irak Gerran (1980-88). Eta Bush aitak ere erabili zuen 1991tik 2003ra Iraki enbargo militarra egiteko.


Ez daukagu B planik

«Ziur ordurako beste sistemaren bat aterako dutela» pentsatuta lasaitzen dugu gure burua. Baina apenas dugun motiborik ziur egoteko. Izan ere, gainean den 2010erako ez dugu eredu energetiko alternatiborik, ez erregai alternatiborik, oraindik orain prest dagoenik petrolioaren lana betetzeko. Roberto Bermejok azaldu duenez, «Zibilizazio krisia izango da: esan digute zientziak eta merkatu libreak dena konpontzen zuela eta ez da egia. Orain arte arazoa ukatu duten botereak, orain saiatzen ari dira ereduari eusteko irtenbideak bilatzen. Gasa, energia nuklearra eta biokonbustibleekin moldatuko garela diote. Baina hauetako ezer ez da irtenbidea. Kasurik onenean, irtenbidearen zati bat dira». Petrolioaren ordezkotzat jotzen diren biokonbustibleak lantzeko, adibidez, ez dago behar adina lur, hazten ari den garraio eskariari erantzun behar badio. Eta oraingoz balantzea negatiboa da, sortzen dena baino energia gehiago inbertitu behar da.

Gainera energia berriztagarriak garatzeko ahalegina ere gaur arte barregarria izan dela salatzen du Juan Lopez de Uraldek, Espainiako Greenpeace-eko zuzendari exekutiboak: «Zergatik begiratzen du gobernuak beste aldera eta lobby nuklearren presioei men egin?». Izan ere, gobernuek ez dute energia berriztagarrietan inbertitu nahi izan: azken hamarkadetan herrialde aberatsek ikerketa eta garapen inbertsioen bi heren bideratu dute energia nuklearrera eta %9 energia berriztagarrietara. Orokorrean energia berriztagarrien eremua oso gutxi jorratuta dago. EAEn, esaterako, energia berriztagarriak bertako kontsumo osoaren %5 soilik asetzen du.

Garapen zientifikoak ezingo omen dio 2010erako arazoari gaina hartu. Alternatiba denak prest baleude ere, trantsizioa ez litzateke berehalakoa izango: 20 urte beharko lirakeela kalkulatzen da sistema osoa erregai berrietara egokitzeko.

Pentsa daiteke petrolio eskasiarekin ekoizle pribatuek energia alternatiboetan egindako inbertsioak ugarituko direla, baina badirudi merkatuak dibertsifikatzeko dituen pizgarriak ez direla oso erakargarriak ekoizle pribatuentzat epe laburrera: produkzio puntu altuenaren data zehatza ezezaguna da eta eskaria handiagoa da eskaintza baino. Erakargarriagoa da zukua ateratzea egoerari.
Horregatik, gobernuek sartu beharko dute eskua: kontsumoa gutxitzeko planak martxan jarri, energia berriztagarrietan inbertsioa bultza, eta efizientzia hobetu. Dagoeneko programak eta helburuak ugaritu dira hainbat herrialdetan eta gero eta enpresa gehiago ari da inbertitzen. Suezia da puntako gobernua gai honetan: komisio bat izendatu du, lehen ministroak zuzenduko duena, eta 2020rako erregai fosila erabat ezabatzeko estrategia lantzea izango du helburu.

Eguneroko bizitzaren oinarria agortzera doan honetan, eta alternatiba eraginkorrik izan gabe, hau da adituen galdera nagusia: Hau kaosa izango den, edo zentzua nagusituko den eta ahalik eta azkarren irtenbidea bilatzeko kooperatuko dugun, indarrak batuz. Gobernuak azken petrolio ttanttaren bila lehian sartuko diren beldur da asko.


Nahi edo ez, astora igo beharko dugu

Ingurune mugatuan etengabe hazteko joera duen ekonomia sistemak heriotza iragarrita du, gustatu edo ez. Hazkundean oinarritutako gizarteak sabaia jo duela eta etorkizuna hazkunderik gabeko garapena dela -eta behar izanez gero, irabaziak gutxitzea- diote hipotesi batzuek. Horrela, kontsumo gizartetik gizarte efizientera pasatzeko zorian geundeke.

Michael T. Klarek -Katedraduna Bake eta Ziurtasun Mundialeko Ikasketetan-, honela deskribatzen du Petrolioaren Aroari lotutako kultura eta bizimoduaren bukaera: kotxe handiak, gasolina irensten dutenak, auzune suburbano handiak, zentro komertzial handiak, kotxez egindako oporrak... bukatzear dira eta bizimodu soilagoari egingo diote leku, gasolinaren dieta zorrotzean oinarritutako bizimoduari.

Matthew R. Simmons-ek, Simmons & Company International-eko presidenteak -energia industrian espezialdutako banku eragiketetarako aholkularitza eta gestio enpresa-, gasolina dieta zorrotzean oinarritutako bizimodu eta gizarte antolamendu hori puntu hauetan planteatzen du:

- Errepidez merkantziak garraiatzeko modua aldatu behar da. Distantzia handira garraiatzen ditugu gaur merkantziak, kamioi handitan, eta hori da petrolioaren erabilerarik intentsiboena: Kilometro bat edo bi bakarrik aurreratzen dira petrolio litroko. Merkantzia garraiatzeko trena erabiltzeak 3-10 aldiz bitartean gehituko luke efizientzia energetikoa. Merkantzia hauek, portura iritsi ahala, itsasoz eraman behar dira.

- Jendeari eskatzen zaion lan egiteko modua aldatu behar da. Langileei etxetik gertu lan egiteko aukera eman behar zaie eta eguneko produktibitatearen arabera ordaindu, ez teilatupe berean pasatutako orduen arabera. Horrek produktibitatea gehituko luke, eta dagoeneko horretarako teknologia badugu: internet, faxa, bideokonferentzia, telefonoak...

- Arrain, haragi eta produktu freskoak beste kontinenteetatik ekartzeari utzi behar zaio. Produktu hauek itxura ona dute eta gustu txarra, eta energia gehiegi erabiltzen da hauek hozten, almazenatzen eta garraiatzen. Nekazaritza organikoa egin behar da urte osoan eta garaian garaikoa enbotatu eta latan kontserbatu. Honek ez du teknologia berririk eskatzen, herdoiltzen utzi duguna berriro martxan jartzea baizik.

- Erosten ditugun merkantzia asko fabrikatzeko modua aldatu beharko da, era berean globalizazioa ulertzeko modua birplanteatuz. Gaurko sistemak eskulana ahalik zati txikienetan banatzen du, fabrikatzeko munduko lekurik merkeena bilatu eta gero muntaketako planta batera bidaltzen ditu pieza denak. Baina garraio gastuak eta energia gastuak garestitzen diren heinean eta eskulan merkea ez denez beti hain merkea izango, ez da orain adina errentagarri aterako. Saltokitik ahalik gertuen ekoitziko duen sistemara itzuli behar dugu.

Colin J. Campbell-ek -geologoa, ASPO petrolio eta gasaren puntu gorena ikertzeko elkarteko presidentea- ere aurreikusten du ikuspegi erregionalak indar hartuko duela, munduko komertzioa gutxituko den heinean eta jendea berriro hasiko dela bizitzen bere baliabide naturalei egokituta.

Petrolioa urritzearekin erosotasuna galduko dugu, baina aditu hauek planteatutako irtenbideei jarraiki, baliteke aldi berean bizi kalitatea hobetzea. 2010ean edo 2040an, petrolio produkzio gorenaren eguna iritsi egingo da.

Infogramak
- Petrolio kontsumoa eta erreserbak
- Petrolioz eta honen eratorriez egindako eguneroko bizitzako produktuak

Etxeko efizientzia energetikoa hobetzeko

- Lehen neurria aurreztea da. Asko gutxitu daiteke kontsumoa: erabiltzen ari ez garen argiak itzali, iturriak une oro itxi...
-Isolamendu sistemak erabili.
- Kontsumo urriko elektrodomestikoak jarri.
- Oraingoz gas naturalarekin jarraitu beharko da gero eta garestiago izango den arren, ez dagoelako irtenbide argirik.

Etorkizuneko joerak:

- Biomasa modernoa erabiltzea: egurrarekin eta egur
hondakinekin piztuko dira kalderak.
- Teilatuetan panel termikoak jartzea ur beroa ekoizteko.
- Badirudi bi urteren buruan, merkatuan egon daitezkeela gas naturala hidrogeno bihurtuko duten kaldera modukoak. Hidrogenoak zelula konbustiblearen bidez ur beroa eta elektrizitatea sortuko du, gasak baino askoz errendimendu handiagoarekin. Nahiz eta gas naturalarekin batera honen gastua igotzen joango den.

Petroliorik gabe geratu dira jada batzuk

Petroliorik ezak sortzen dituen egoerak ikus ditzakegu Hego Amerikako eta Afrikako herrialde batzuetan: Zimbabwe (okerren), Indonesia, Nikaragua, Guatemala, El Salvador, Honduras, Dominikar Errepublika, Ipar Korea eta Kuba petrolioa erosi ezin izatera iritsi ziren iazko urte bukaeran. Hauetako batzuk sorpresaz harrapatu zituen petrolio eskasiak, eta bertako gobernuek ez zuten behar zenean esku hartu petroliotik eratorritako baliabideak ordezkatzeko. Hiriak ilunpean geratu ziren eta inmobilizatuak, argi indar eta garraioa sortu ahal izan gabe. Hona norbanakoek eta gobernuek hartu zituzten neurri batzuk:

- Zimbabwe: bertan erregaia erostea sekulako erronka da eta merkatu klandestinotan mugitzen da, oso garesti. Herritarrak animaliek bultzatako garraioak erabiltzen hasi dira, oinez eta bizikletaz ere bai.

- Dominikar Errepublika: Leonel Fernandez presidenteak emergentzia energetiko egoera deklaratu zuen 2005eko irailean eta urgentziazko hainbat ekimen abiarazi zituen: erregai kontsumoa mugatzeko gasolindegien orduak mugatzea, baita ibilgailu publikoen zerbitzuak ere.

- Nikaragua: elektrizitate planta batzuk geratu egin ziren, produkziorako behar zuten erregairik erosi ezinda. Elektrizitatea murriztu egin zuten, auzoko 6 orduko neurrira arte. Jendea era guztietako materiala erabiltzen hasi zen etxea berotzeko eta sukaldean egiteko.

- Hondurasen irailetik larrialdi energetiko dekretoa jarri zuten martxan, eta gasolina erosteko errazionamendua jarri zuten: eguneko 15 litro eros ditzake bakoitzak.

Petrolioaren Aroa
Petrolioaren Aroaren lehen zatiak, sorreratik produkzio goia jo arterakoak, 150 urte iraun du. Lehen putzuak Pennsylvanian eta Caspio ertzean zulatu ziren. Petrolioan oinarritutako energia merkeak ekarri zuen zabalkunde azkarra industria, garraio, komertzio eta nekazaritzan. Eta kapital finantzarioa loratu zen. Ondorioz, munduko populazioa 6 bider hazi zen, petrolio produkzioarekin batera.

Nork kontsumitzen du gehiegi?
Maiz esaten da Txina eta India direla euren kontsumoa izugarri hazten ari direnak eta horrek garestitzen duela petrolioa. Bada beste irakurketa bat, ordea. AEBek euren energia kontsumoa %1,5 hazi zuten 2003 eta 2004ren artean, 33 milioi tonelada petrolio gehiago, alegia. Txinak, aldiz, bere kontsumoa epe horretan %13,1 hazi zuen, 182 milioi tonelada petrolio gehiago kontsumituz. Baina datu hau biztanleriarekin lotzen bada, txinatar bakoitzari upel bat gehiago tokatu zitzaion, ordura arteko 7 upeletatik 8ra pasaz. Bitartean, estatubatuar bakoitzak upel bat gehiago kontsumitu zuen baita ere, baina lehen kontsumitzen zituen 59 upeletatik 60ra iritsi zen.

Roberto Bermejo: «Ea Garraio Azpiegituren Plan Estrategikoak hondoa garaiz jotzen duen»
«Irudikatzen ditut petrolio upela 200 dolarrean dagoen momentuan, Foru Aldundiak eroen moduan errepideak eraikitzen. Zertarako balio du Supersurak? Bestela ere balio ez badu, petrolio eskasiarekin ez du ezertarako balio. Eta 'Euskal Y'-ak? Elitea eramateko? Ia inork ezin izango du ordaindu egunero lanera joateko. Ferrokarrila behar dugu, munduarekin lotuko gaituena baina ahalik eta azpiegitura sinpleena izango duena eta merkantziak ere garraiatuko dituena. Garraio Azpiegituren Plan Estrategikoa behera eroriko da, hori oso garbi daukat. Arazoa da ea garaiz eroriko den, ez dadin sekulako diru pila inbertitu horretan, beharko diren gauzetarako dirurik utzi gabe. Arazoa ez baita bakarrik egokiak ez diren azpiegituretan diru pila xahutuko dela, baizik, horrek kenduko duela dirua beste beharretarako: eredu energetikoa aldatzeko, berrikuntza teknologikoetarako, nekazal eredua eta garraiokoa egokitzeko...».


Azkenak
Ez hil, faborez

HIL FABOREZ FEST
Lekua: Ibaola Harriak, Eskuernaga.
Taldeak: Lukiek, Las Sexpeares, Seggs Tape, GAL, Chuleria Joder!, Aposapo, Bayou la Batre, Borla, Türbot, Malakias MX3

Data: 2025eko ekainaren 14a.

--------------------------------------------------------

[+]


EAEko herritarren %58k mugak gainditzen dituen aire kutsatua arnastu du 2024an

EAEko 1,3 milioi biztanlek Europar Batasunak 2030erako ezarri berri dituen mugak gainditzen dituen aire kutsatua arnastu zuten 2024an, Ekologistak Martxanek eginiko ikerketaren arabera.


2025-06-25 | Hala Bedi
Gasteizko lorezainek grebarako eskubidea aldarrikatu dute hiriko hainbat iturri berdez tindatuz

ESK eta LAB sindikatuek jakinarazi dutenez, lorezainek greba egiteko duten zilegitasuna aldarrikatu nahi izan dute ekintza ikusgarri honen bitartez. PSE eta EAJren gobernu-taldea seinalatu dute erantzule nagusi gisa, "Green Capital markaren atzean hiriaren ikurra zaintzen... [+]


2025-06-25 | Rafael Poch | CTXT
Mendebaldea bere mundu-gerra eskalatzen ari da

Gaza izan zen iragarpena, Ukraina tanteoa, Iran eskalada, baina Errusia eta Txina dira traka eta azken helburua. Europar Batasunak "Israelek bere burua defendatzeko duen eskubidea" baieztatzen jarraitzen du, eta bere lehen potentziaren buruak aitortzen du "Israel lan... [+]


2025-06-25 | Xiberoko Botza
Ikusgarrietako intermitenteek lana mentx düe

Frantziako gobernamentüak ekonomiak egin nahian, leküko kolektibitateer eta eskülder sos pübliko gütigo banatü dü. Horrek ondorioak badütü, ekonomia handiena kültüran egin beita. Intermitenteek nekeziak ezagütze... [+]


Statkraft, Kutxabank eta Azpeitiko Udala

Ia oharkabean pasa da joan zen asteazkenean (2025eko ekainak 18) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen iragarkia.

Izenburua: Azpeitiko 5. poligonoko 58. lurzatian aldi baterako estazio meteorologiko bat
interes publikokotzat deklaratzeko eskaera (GHI-049/25-J01)
. Hemen... [+]


EAJren hizkuntza eskakizunetarako proposamena “atzerapausoa” dela salatu dute ELAk eta LABek

Euskara eskakizunak zehazteko derrigortasun indizea ezabatzea eta erabakia erakunde bakoitzaren esku uztea proposatu zuen iragan astean EAJk. LABek salatu du derrigortasun indizea kenduz gero, epaileen "borondate euskarafoboak" ezarriko lukeela hizkuntza eskakizunaren... [+]


Arabako Aldundiak indarkeria matxistaren biktimei arreta murriztu diela salatu du ESK-k

Lanpostuak, emakumeak artatzeko egonaldi ertaineko harrera zerbitzua eta aurrekontua murriztu ditu Aldundiak.


Zenbait lagun zauritu dira Hernaniko San Joan gaueko istiluetan, eta gutxienez pertsona bat atxilotu dute

Xabier Lertxundi alkateak adierazi du istiluak leku eta ordu ezberdinetan gertatu direla, eta haien artean ea loturarik dagoen ikertzen ari dira. Udaltzaingoak laguntza eskatu dio Ertzaintzari 03:30 aldera, eta haiek oldartzean hainbat lagun zauritu dituzte. Segurtasun Sailak... [+]


2025-06-24 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Chen Yun: txoria eta kaiolaren auziak hortxe jarraitzen du

Ekainaren 13an, ezohiko ekitaldi baten lekuko izan zen Pekineko Herriaren Areto Handia: Txinako Alderdi Komunistaren aginte goren osoak (baimenduta leudekeen absentziak salbu; nola jakin horietakoa ote zen He Weidong jeneralarena? Izan ere, ez zen ageri mahai nagusian,... [+]


Bilboko Bira Kulturak eskaintza gutxituko du laguntza publikoen murrizketagatik

Ez dute itxiko, baina orain arte eskaini duten programazioari ezin izango diote eutsi. "Bira txikiago bat" izango dela zabaldu dute sare sozialetan.


Nola debekatu sare sozialak erabiltzea 16 urtez azpikoei? Australiako Gobernuak badu formula

Legez, 16 urte bete arte ezingo dituzte sare sozialak erabili Australian, urte bukaera honetatik aurrera. Baina nola gauzatzen da hori praktikan? Gobernuaren azterketa batek ondorioztatu du teknikoki bideragarria dela, eta aurrekaria jarri du bide bera hartu nahi duten... [+]


Israeli boikota musika jaialdietan ere

El Salto hedabideak argitaratu zuen Espainiako dozenaka musika jaialdiren Superstruct sustatzailea Israelen aldeko funts batek erosi zuela. Geroztik, musika talde eta bakarlari ugari batu dira KKR-ren aurkako boikot kanpainan, eta Israel Palestinan egiten ari den genozidioaren... [+]


NATOtik ukatu egin dute Sánchezek iragarritako gastu militarraren salbuespena

Mark Rutte NATOko Idazkari Orokorrak ukatu egin du “baztertze klausula” onartu zaionik Espainiako Estatuari. Kalkuluen arabera, BPGren %3,5a gastu militarretara bideratu beharko du gobernuak, NATOk eskatzen dituen kompromisoak betetzeko.


Trumpek Israel eta Iran arteko su-etena iragarri du eta ordu gutxira zalantzan dago jada

Iranek AEBen Qatarreko base militarrari eraso egin ostean eman du ustezko akordioaren berri Etxe Zuriko maizterrak, Truth Social sare sozialean. Ostean, Israelgo Gobernuak adierazi du Trumpen proposamena onartu duela, eta berdina egin du Irango Segurtasun Nazionaleko... [+]


Eguneraketa berriak daude