Euskarazko komunikazioan sei sariak argituak


Argia Sariak urtarrileko azken ostiraletik kendu eta udaberri aldean antolatzeko batek baino gehiagok aholkatu zigun Txitxardin Beltxa jatetxean. 2005eko sari banaketa egunean elurraren erruz hainbat gonbidatu bidean geratu zen, eta aurten ere, bateren bati beste hainbeste gertatu zaio, ia-ia saridunen bat ere etorri gabe geratu zen... Elurrak elur, ehundik gora lagun bildu ginen Argia Sarien 17. edizioan. Sabelari inbidia emateko adina mokoka egin ondoren, jatetxeko epelean bildu ginen denok eta ARGIAko Esti Paradak egindako ongietorriaren ostean, bazkari bikaina dastatu genuen.

Postrearekin heldu ziren sariak eta, sariak baino lehen, Xabier Letona ARGIAko zuzendariaren hitzak. Besteren artean, Del Olmo jauna izan zuen gogoan, egun hartan bertan eta bezperan, Madrilen, Egunkaria auzikoen auziperatzeak aurrera egin behar zuen ala ez aztertzekoak baitziren. Elkartasuna adierazi zien Egunkaria auziak ukitutako guztiei eta bereziki auzipetuei. Elkartasuna adierazi zien baita ere, 18/98 auzian diren guztiei.

Ondoren, zuzendariak sariei eman zien bide. Aurten, Anton Mendizabalek egindako sei sariak banatu ditu ARGIAk. Bi urte jarraian Publizitate saria hutsik geratu bada ere, aurten Bertsozale Elkarteak jaso du Txapelketa Nagusia lau haizetara zabaltzen asmatu duelako. Prentsakoa Fermin Etxegoienek eraman du Berrian telebistaz idatzitako kritikengatik. Irratikoa berriz, Euskadi Irratiko Maite Artola esatariak. Telebistako saria EITBko Postdatak jaso du eta Sareko Argia saria berriz, gaztesarea.net web guneak. Bost ataletako sariez gain merezimenduzkoa ere bai: Hik Hasi irakaskuntza proiektuarentzat.

Sariak banatuta, argazkilari eta kazetariak lanean hasi baino lehen, ARGIAko zuzendariak eskerrak eman zizkien Txitxardin Beltxara hurbildutako euskal kultura eta komunikazioko adiskideei, erakunde publikoetako ordezkariei eta gizarte ekimenetako arduradunei. Kafea hartzeko tenorean, zuzendariak guztiei gonbitea luzatu zien menuarekin batera zetorren abestiaren letrari musika jartzeko. Hala, kanpoan elur malutatxoak erortzen ari ziren bitartean, Goizian argi hastian abestia kantatzeari ekin zioten gonbidatu askok.

Luxuzko curriculumak podiumean

Telebista: Pstdata saioa

Postdata 2002ko urrian sortu zen, Gaur Egun albistegiei post-data bat jartzearren. Ohiko albistegietan lekurik ez duten gai, gertakari eta pertsonaiei tokia egiteko helburuarekin jaio zen, telebista frantseseko Talent de Vie tartea eredu hartuz. Egun, filosofia bera mantentzen du, Elixabete Garmendia kazetariak dioen moduan, «bokataren tarteko jakia» delako Postdata, «albistegietako berri ilunen eta Eguraldiak iragarri ohi digun zaparraden artean». Elixabete Garmendiarekin batera, Joxe Mari Gabiria, Nerea Iriarte eta Unai Loidi kazetariek egiten dute Postdata. Maddalen Iriarte da tarteko koordinatzailea, Jesus Serrano errealizadorea eta Juanma Escudero produktorea.

Irudia eta hitza lotzeko modu erakargarria du Postdatak eta dotoreziaz lantzen ditu gaiak. Azken finean, forma zaintzeko astia hartzen dutela argitu digu Garmendiak, irudiak nahiz musika eta giro soinuak kontuan hartuz. Gaur Eguneko mugetatik at, adin eta mota guztietako ikusleei zuzendutako istorioak jorratzen dituzte, batez ere kultura eta gizarte arlokoak. Euskaraz pentsatuak eta hemengo ikuspegitik eginak izatea dira irizpide nagusiak. Hiru minutu denbora gutxi da eta Garmendiak dio tarte horretan ezin dela ezer sakon jorratu, baina hori ez da xedea, ez direlako dokumentalak, «pintzeladaz osaturiko zirriborro inpresionistak» baizik. Hiru minutu horiei zuku guztia ateratzeko, «telebistarako hizkeran komunikazio zuzenagoa, biziagoa, borobilagoa lortu nahi dugu, erreportaje bakoitzak eskatzen dituen irudi, soinu eta hizkuntza baliabide egokienak erabiliz». Lortu dutelakoan gaude, eta horregatik eman diegu saria.



Prentsa idatzia: Fermin Etxegoien

2003ko irailean Berria egunkarian Ekografiak atala estreinatu zuenetik, asko izan dira jorratu ahal izan dituen gaiak. Dena den, Etxegoienen esanetan, gaiak baino, idazteko modua da gehien aldatu duena. Duela bi urteko zutabeak orain irakurtzen dituenean oso txarrak iruditzen zaizkiola dio, «irakurtezinak». Bere helburua garbitasuna da, ez zentzu filologikoan, ulergarritasunari eta sinpletasunari dagokionean baizik. «Ni ez naiz horrelakoa -dio-, kontrakoa naiz, aldrebesa» eta horregatik ahalegin berezia egin du horretan.

Kritikak, ordea, beti bezain zorrotzak dira. «Seguruenik telebistari buruz aldez aurretik ditugun iritziek bultzatuta izango da», azaldu digu. «Zertarako da telebista? Hizkuntza salbatzeko, eta helmuga hori izaki, ez zait iruditzen ETB1en tresna gisa erabiltzen duten programazioa ondo optimizatua dagoenik». ETB1 da, hain zuzen ere, kazetariaren jomuga nagusia, Berriari euskal guneaz idaztea dagokiola argi baitu. Hala ere, ez da telebistari buruzko iritzi apokaliptikoak ematen dituen horietakoa eta badaki entretenimenduaren negozioaren baitan dagoela. Bere idatzien bidez mota guztietako gaiak aztertzeko gai dela erakutsi digun arren, edukiei baino medioari lehentasuna ematen saiatzen da kritikaria eta kazetaritza teknika eta etika izan ohi ditu aztergai. Hala, egunero sofan eserita ikusi ohi ditugun saioez baliatzen da Etxegoien telebistaren analisi gordina egiteko.



Irratia: Maite Artola

Gaztea bada ere, dagoeneko ibilbide luzea eta interesgarria egin du Maite Artolak komunikabideen arloan. Geldirik behintzat ez da egon. Unibertsitatean ikasten ari zela, ARGIAko Bilboko egoitzan hasi zen lanean, zine kritikak egiten. Euskaldunon Egunkarian ere aritu zen bekadun eta Egin irratian uhinen xarma probatu zuen, musika saio bat aurkeztuz. Ondoren, Euskadi Irratiko albistegi sailera egin zuen salto, bekadun hasieran - ARGIArako lan egiten zuen bitartean- eta ordezkapena egiten beranduago. Irratiak hasieratik biziki erakarri zuela dio, eta ordutik hori izan du komunikabide kutunena.

1997an, bere bidea «erabat» markatuko zuen eskaintza jaso zuen, eta baita onartu ere: Bruselara joan zen, Radio Euskadi eta Euskadi Irratirako lan egitera. Europako Batasuneko erakundeen burokrazia eta hizkuntzaren karga zirela-eta hasieran gogorra egin bazitzaion ere, profesionalki oso esperientzia aberasgarria izan zen Bruselakoa. Kazetaritzan Masterra egitea bezala izan zela dio, han munduko kazetari onenekin egon zaitezkeelako. Lau urte geroago, etxera itzuli zen, Euskadi Irratiko Goiz Kronikara, baina ez zen askorako geratu. New Yorkeko atentatuen ondoren, bere burua eskaini zuen Afganistanera joateko eta esperientzia horrek ere asko bete zuen profesionalki eta pertsonalki. Jerusalemen ere aritu zen lanean, Mezularia saioa zuzentzea eskaini zioten arte.

Dagoeneko hiru urte daramatza gaurkotasunari lotutako magazin informatibo hori zuzentzen. Arratsaldeko 18:00etatik aurrera, irratsaioak egunari lotutako elkarrizketak, zirkulazioari buruzko informazioa, nazioarteko korrespontsalen iritziak eta tertulia eskaintzen ditu astelehenetik ostiralera. Artolak txukun gidatzen du saioa eta solaskideak trebeziaz gobernatzen ditu. «Informazioaren mezulariak» direla dio eta beraz, gaurkotasunaren analisi ahalik eta onena egiten saiatzen direla.


Internet: Gaztesarea.net

Alternatiboa, gaztea, dinamikoa, freskoa, umoretsua edo ausarta dira euskal blogarien atarietan web gune honi buruz aurki daitezkeen loreetako batzuk. Izan ere, gazteek gazteentzat egindako web berritzailea eta berezia da Gaztesarea ekimenarena. Ion Telleria Gaztesareako kideak azaldu digunez, martxoan hiru urte beteko dituen egitasmoaren orain arteko bilakaerak bi ardatz nagusi izan ditu: «Gazteen arteko komunikazioa areagotzea eta berri-agentzia herritarra garatzea». Hala, atarian, gazteek herrietan egiten dituzten ekimenen berri beraiek ematen dute zuzenean. Edonork albisteak -eta argazkiak, nahi izanez gero- bidali ditzake, jardueraren edo ekintzaren baten berri emateko. Behar izanez gero, albistea Gaztesareako kideek forma aldetik moldatzen dute eta automatikoki azaleratzen da. «Gure lana kudeaketa hutsera mugatzen saiatzen gara eta berrien eguneratzea jendeak bidalitako informazio kopuruaren araberakoa izan ohi da», azaldu digu Telleriak. Beraz, erabiltzaileen parte-hartzea ezinbestekoa da web gunearen egituran. Aurtengo hurrengo erronka, berri-agentzia garatzeko buletinak eta teletipoak sartzea izango da.

Berriak jasotzen dituen Info izeneko atal horrez gain, Gaztesarea.net-ek Arbela -hezkuntzari buruz-, Gozategi -sexualitatea-, Kalaportu -kultura- eta Musikale -musika- guneak biltzen ditu. Horien bitartez, gazteen arteko harremanak indartzea eta atal bakoitzean sakontzea dira helburuak. Azken finean, web orrialdea konforme ez dagoenaren lekua dela argitu du Telleriak. «Uste dugu ez dela erakusten gaztediaren gaur egungo errealitatea. Komunikabideetan beti datu ezkorrak ematen dituzte, gazteak drogazaleak eta buruarinak garela diote eta eguneroko errealitatea desberdina dela erakutsi eta zabaldu nahi dugu. Euskal Herriko txoko askotan lan berdina egiten dela eta bakarrik ez gaudela jakiteko modu ona ere bada web gunea».



Publizitatea: Bertsozale Elkartea

Zeinek ez du aurten Bertsolari Txapelketa Nagusiaren berri izan? Nork ez du hitzez jositako pilotaren logotipoa ikusi? Ba al dago BECen egin zen finalaren irudirik ikusi ez duenik? Lortutako emaitzen arabera behintzat, izugarria izan da txapelketak bertsolaritzara erakarri duen lagun eta kazetari kopurua. Publizitate kanpaina gaindituz, Bertsozale Elkarteak komunikazio kanpaina bikaina egin duenaren seinale, dudarik gabe.

Iñaki Murua elkarteko lehendakariaren hitzetan, egindako guztia gizarteratzen ez zutenaren sentsazioa zegoen txapelketaren aurretik. Hala, euskal medioetara indartsu iristea eta erdal prentsara sekula baino gehiago heltzea helburu hartuta, «bertsoarentzat lurralde berriak» lortzeko lanari ekin zioten. Besteak beste, logotipo eraginkorra aukeratu zuten; Barakaldoko BECen eta Donostiako Miramar jauregian aurkezpen prentsaurrekoa eta jaialdia egin zituzten, hurrenez hurren; euskaldundu nahian dabilen jendea erakartzeko ahalegin berezia egin zen euskaltegietan eta web gunean bertso-foroa zabaldu zuten. Gainera, kazetariei zuzendutako bertsolaritzari buruzko ikastaroa eskaini zuten eta txapelketaren inguruko lana bereziki erraztu zieten.

Ondorioz, Andoni Egañari txapela eman zion txapelketak berebiziko arrakasta izan zuen, ikusleen artean gazte asko bilduz. Dena den, txapelketako ahalegin berezi horrek datozen urteetan jarraipena izan behar duela argi du Muruak. 2006a gogoetarako urtea izango bada ere, aurrerantzean komunikazio kanpainak ireki duen bide oparoa jorratzeko asmoa du Bertsozale Elkarteak.



Merezimenduko Saria: Hik Hasi

Hik Hasik hamar urte bete ditu, hamarkada bat euskal hezkuntzan parte hartzen dutenen informazio, eztabaida eta elkargunerako bitarteko izaten. Hasieran, proiektuan inork gutxik sinesten zuela diote elkarteko kideek; «alde batetik, ez zitzaiolako bideragarritasun ekonomikorik ikusten eta bestetik, zalantzan jartzen zelako horrelako proiektu batentzat lekurik ba ote zegoen». Baina Arantxa Urbek, Ixiar Eizagirrek, Ainhoa Azpirozek eta Joxe Mari Auzmendik osatutako lantaldeak eta izan dituzten laguntzaileek urte hauetan guztietan frogatu dute elkartearen beharra. Azpirozek azaldu digunez, euskal hezkuntza sistema gizartean ongi erroturiko norabide euskaldun baterantz bideratzea da beraien egitekoa, «normalizazioa lortu arte». Herritarren kohesioa bilatuz, curriculum propioa egitea da helburua.

Horretarako, aldizkaria dute tresna nagusia. Berrien, erreportajeen nahiz elkarrizketen bidez, argitalpenak heziketarekin zerikusia duten azterketa mamitsuak eskaintzen ditu hilero, «betiere berrikuntza pedagogikoei eta proiektu berritzaileei lekua eginez». Adituen iritziez gain, ikastetxeetatik eta unibertsitateetatik egindako ekarpenak ere jaso ohi ditu aldizkariak, elkarren berri izatea garrantzitsua iruditzen baitzaie.

Udako topaketa pedagogikoak, monografikoak, Euskal Herriko Baliabide Pedagogikoen Gida eta kaleratutako liburuak eta filmak egin ohi duten lanaren beste adibide batzuk dira. Hik Hasik ekarpen baliagarriz betetako hamar urte egin ditu, ezbairik gabe.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ARGIA Sariak
Irauteko borroka egin dutenentzat

Negozioak eta interesak zapaltzaileen buruetan. Izan herri bat zapaltzeko, hizkuntza bat, kultura bat, memoria edo ingurumena. Dirua, sosa. Egoerarik makurrenetan ere, ordea, usu pizten da erresistentziaren su txikia, interesen gainetik duin bizi nahi duen jendearen mugimendua... [+]


Eguneraketa berriak daude