Tamarindoaren mamia


2006ko urtarrilaren 15an

Milazka edo tamarizak geure itsasertzeko errio eta paduretako basa beltzetatik lorategi dotoreetarako urratsa emana du aspaldi. Urratsa ez nolanahikoa, horregatik! Dotoreenatzat jotzen diren tokietan topatuko dituzu milazkak, maiz itsasoari begira nonahiko hondartzan edo etxe inguruan: garai batean Iruñeko Gaztelu Enparantzan. Miarritzen, Getarin, Zarautzen, Hondarribian eta Donostian.

Eta Donostian prostituitu zuten. Zurikeriaren gaineko bitsetan eraikitako hiri horretan itxurazkoak baino itxurakoak gehiago balio du eta izanak baino izenak. Milazkari izena aldatu eta tamarindoa deitzen diote. Espainieraz pentsatu eta bizi direnen artean tamarindoak badu metropolitarraren ñabardura koloniala: tropikoa eta bertako bizimoduaren usaina dakar baina ez uztarri bakarrean, potrojorran aginduz bizi direnen kiratsari lotua baizik. Con olor a pulpa de tamarindo (tamarindo-mami usaiaz) du izenburua Madrilgo kazeta batean Donostiaz argitaratutako artikulu batek... Gezurra da Donostia, gezurrezko tamarindoak hiriaren ikur...

Lekadun jende artekoa da tamarindoa (Tamarindus indica) eta leka beraren barrualdeko mamia da ustiatzen dena. Tamarindo-mamia Ertamerikan eta Asia monzonikoan erabiltzen da, gozokiak eta saltsak egiteko batik bat: kurria dela, txutneia dela, Worcestershirea dela... Azken honen istorioa Donostiako sasi-tamarindoenaren antzekoa da: Indian sortua, kolonizatzaileen hiri horretan ontziratu omen zuten lehenengoz saltsa eta hango izena eman... Saltsa hau gabe Bloody Marya, Caesar, Sid Vicious eta antzeko koktel mordo bat ez lirateke izango...

Indian tamarindoaren azpian lo egitea txarra dela diote, gaueko hezetasunarekin lurrun garratzak askatzen omen ditu... Garai batean malenkonia eta eroaldi, eldarnio eta frenesia osatzeko erabili izan da eta, batik bat, purga edo libragarri gisa.

Tamarindoaren gezurraren bidetxurretik Donostiarako ideia turistiko batzuk: Worcesterrekin anaikidetu eta tamarindoen azpian lo egiten duenari tamarindo-mami gozokia edo koktelen bat dastatzera eman. Milazkak tamarindo, donostiar garun batzuk garbituko dituen purgarik ez da sortu oraindik...


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude