Emakumeak borrokan

Ihesi: Paduratik Mundakako olatu gainera

  • Okaren erreka hegala hartu (Gernikan corte de la ría legez ezagutzen dena) eta 4,5 kilometroko ibilbidea egingo dugu padura zabalera iritsi arte. Han, Muruetarantz jarraitu beharko dugu, trenbidea zeharkatuz gure bidea jarraitzeko. Mundakako ezkerraldeko olatua hartu nahi dugu eta 3 orduko ibilbidea egin ostean Mundakako talaia gainetik Izaro ikusiko dugu, neguko haize-olatu artean.
Marijo Deogracias
2005eko abenduaren 25a

Badira Busturialdean hainbat ibilbide, estuarioaz gozatzeko aukera ematen digutenak. Horietako batzuk aurreko Ihesietara ekarri ditugu. Eta erreka, baserri, padura eta itsaso inguru hori ondoen lotzen duen ibilbideetako bat proposatu nahi dizuet orain. Lagun bik eraman ninduen iaz lehenengoz ibilbidea egitera: padura zabalera iritsi ginenean itsasgora zegoen eta Muruetako Teileria legez ezagutzen den tximiniak adierazten zuen uraren muga ezkerretik, eta Kanalak eskuinetik. Leku horrek ate erraldoi itxura dauka. Oka ibaiaren hegaletik doan bidexka zuhaitz bakar baten ondoan dagoen aulkian amaitzen da. Aurrera ezin da joan: padura zabalak ematen duen handitasunaz ohartzeko leku paregabea da ingurua eta merezi du bertan geldialditxoa egiteak.

Gernikako erreka hegaletik

Goizeko zortzi eta erdietan abiatu gara Gernikako erreka hegaleko bidetik. Sasoi batean ohikoagoak ziren ariketa fisikoa egiteko erabiltzen ziren tramankuluak ageri dira kilometro erdiro. Marrazki batzuetan igarri daiteke oraindik azal gorriko mutiko batek besoak nola mugitzen dituen edo burdinazko barran flexioak nola egin.

Gernikarrek asko erabiltzen duten bidexka da erreka hegalekoa. Oinezkoentzako bakarrik izatera umeak eta zaharrak berdin-berdin aritzen dira oinez batzuk eta korrika besteak. Entrenatzeko leku ere bada batzuentzako. Aldiz, zapatuan, goizeko ordu horretan goiztiar pare batekin baino ez gara gurutzatu. Fresko egiten du oraindik eta bizkor samar joatea erabaki dugu, lehenago berotzeko asmoz edo.

Urdaibaiko padura

Berrogeita hamar bat minutuan iritsi gara padurara. Ezkerraldeko bidezidor bat hartuko dugu errekak hartzen duen zabalera dela eta, berriz ere hegalera iristeko.

Muruetan sartu gara jada. Muruetak ez dauka herrigunerik. Baserriz osatutako herria da. Zati baten, 5-10 minutuz, trenbide ertzetik ibili beharko gara. Apeadero zaharrera iritsitakoan, eskumara Teileriako tximinia dugula, ezkerrean dagoen porlanezko aldapan gora egingo dugu. Maldatxoa da baina oso laburra.

Berehala bidegurutzera iritsiko gara eta guk eskumalderantz doan bidea aukeratu dugu, Larrabera, Foruko Gaitako auzora daramana (3,5 kilometrora dago). Han, PR-BI 178 bidea hartuko dugu Landa auzoraino. Porlan bide nahiko zabala da eta berehala baserri artera iritsiko gara. Inguru lau-lauan hainbat dira orain dela gutxi eraikitako baserriak.

Landa auzoa

Landa auzoan gaude jada eta hemen ere bidegurutzearekin egingo dugu topo. Aukera badago eskuineko bidetik jarraitzeko, baina bide hori aukeratuta inprobisazioari leku egin beharrean aurkituko gara Busturiko San Kristobal auzora iritsi arte, hortaz, guk ezkerrera egin dugu: errazenera. Gernikatik Bermeora doan errepide nagusia zeharkatuko dugu, Muruetako ontziolatik 100 bat metrora eta bide gorriari jarraituz Busturiko San Kristobal auzora iritsiko gara. Jada goizeko hamarrak jo dizkigute, ia-ia.

Busturiko errege bidea

Busturiko Merinaldeko elizatea Busturiko Axpe legez ere ezagutzen da. Gure ibilbidea ere igarotzen da Axpe auzotik. Baina hori baino lehen, San Kristobalera iritsita, zaharren egoitza ostetik doan bidea jarraitu beharko dugu. Erraza izango zaigu etxea aurkitzea, more kolore biziz margoturik dago eta. Bere ostetik berriz ere Urdaibaiko itsasadarrak eskaintzen digun paisaiaz gozatzeko aukera dugu. Eskumara geratuko zaigu Urkitxepeko Padura deitzen dena, hegazti zale askoren begiratokia.

Gure hurrengo erreferentzia puntua Madariaga dorrea izango da. Bide horretan ezkerrera "Kanteruene ikusteder Erriene" dioen kartela ikusiko dugu. Bide hau hartu daiteke Madariaga dorrearen ondoko eraikinera arte joateko. Zaharberritzen ari dira gaur egun jauregitzarra.

Gurea ez da kanteruenerantz jotzea. Errege bidera iristea dugu hurrengo helburu, hori dela eta, Busturiko San Kristobal auzotik dakargun bideari jarraituko diogu. Berehala, oraintsu konpondu duten bide zatia igaroko dugu. Eguzki xaflekin dabilen kaleko argiteria jarri dute bide zati horretan; inguruan laster batean urbanizazioren bat egitekotan direla dirudi. Bertan, eguzki-xaflaren modernitatea eta antzinako aztarnek bat egiten dute: Errege bidearekin topo egin dugu. Orain dela urte batzuk errekuperatu zuten eta orduan moduan mahatsondoz estaliko da bide gaina, sasoia denean.

Bide seinaleei kasu eginez, Bermeora doan GR-98-38 bidea hartuko dugu (Bermeora 2 ordu daudela dio). Aukeratutako bideak Axpe auzora garamatza (Busturia). Nahasteko arriskua dago inguru honetan, baserri bide dezente daudelako han eta hemen. Ez galtzeko, trenbideari jarraitu behar diogula jakitea da arrastoa. Bide osoan itsasadarrari jarraituz doan Euskotrenen trenbideari jarraitu behar diogu eta baserri bide honek ere gauza bera egiten du; trenbidea gurutzatuko dugu eta Sukarrietara bidea hartuko dugu. Hurrengo erreferentzia San Antonio hondartza izango dugu.

Itsasora iritsita

Hondargune biribil-biribila da San Antoniokoa. San Antonio ermitatik oso gertu dago Sukarrietako hondartza hau eta hantxe dago baita ere umeentzako kolonia. Gaur egun BBK-k kudeatzen duen eraikina itzela da eta inguru zoragarrian egoteaz gain, zelai zabala eta ganaduarentzako gunea ere badauka. Urte osoan dago zabalik; handik igarotzean umeen jolas oihuak entzun ditugu. Hortaz, kolonietarako eraikinaren albotik doan bidea dugu jarraitu beharrekoa. Orain trenbidea gure ezkerrera dugu zatitxo batean, baina berehala gure azpitik igaroko da eta eskumara jarriko zaigu. Itsasbegiko estaziora iritsi gara eta handik ateratzen den bidezidorrak La Marisma parkeko bidegorrira eramango gaitu eta handik trenbidea gurutzatu beharko dugu Toña hondartza parean.

Jada iritsi gara itsasora; padura atzean laga dugu eta aurrez aurre Ibarrangeluko Laida hondartza daukagu. Itsasbehera dagoenean oinez beste aldera igaro daitekeela dirudi. Bada tarte honetan hormaren kontra doan egurrezko pasabide eder bat. Berau erabiliko dugu berriz ere trenbidera iristeko eta trenbidea ezkerrera eta itsasoa eskumara dugula Sukarrietako azkeneko auzora iritsiko gara.

Sabinoren hilobia

Trenbidepetik igaroko gara tunel txiki batean barrena eta Sukarrietako hilerri paretik igaroko gara. Azaroaren 25ero hantxe gogoratzen du oharrak Sabino Arana Goiri Sukarrietan hil zela 1903an. Badirudi hilerriko giltza Sukarrietako plazako taberna zaharrean dagoela, gura duenak eskatzeko. Ez geneukan horretarako asmorik, hortaz, hilerriari buelta eman eta beherantz doan porlanezko bidezidorra hartu beharko dugu hemen.

Errepidearen beheko aldetik doa gure bidexka eta berehala Mundakako kanpinera iritsiko gara. Kanpina barrutik zeharkatzen du bide honek eta Portuondoko begiratokira iritsiko gara malda txikiaren ostean. Begiratoki honek Urdaibaiko itsasadarraren ikuspegi paregabea eskaintzen digu: Laidako hondartza aurrez aurre bere handitasun osoz eta Izaroko irla ezkerrera, bakarrik bezain ikusgarri.

Jada ez zaigu askorik geratzen. Mundakara jaistea baino ez. Errepide bazterretik doa gure bidearen azkeneko zatia eta Mundakako hondartzara garamatza. Herriko Santa Maria elizak gidatuko gaitu, hara iritsi gura dugulako talaiara.

Goizeko 11ak puntuan iritsi gara Mundakako talaiara. Baina ez gara lehenengoak. Jada ari dira dozena bat surflari Mundakako ezkerreko olatua bere horretan dagoen probatzen. Hodi itxurako olatu erraldoiak daude gaur Mundakan eta surflari batzuk uretan eta beste batzuk talaia ondoko parkean dabiltza, neurtzen, ikusten, igartzen ia behingoz itzuli den ezkerreko olatu famatua. Gaur behintzat horrela dirudi, itsasoa indartsu dago eta haizea ere badabil. Uhinen aparrak lorratz ederra uzten du eta tarteka aurpegian ere sumatzen da kresala. Hiru orduko ibilbideak merezi zuen bai, horrelako ikuskizunaz gozatzeko.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
KULTURA
Siriako Yarmouk: "Nire bizitza arriskuan jarri zuen argazki berak fama eta arrakasta ekarri dizkit gero, eta madarikazio moduko bat da orain"

Siriako Yarmouk errefuxiatu gunean (Damasko) jaio zen 1988an, palestinar familia baten baitan. Pianoa zuen ogibide, baina gerrak dena kendu zion. Sarraskiaren erdian musika egiten jarraitu zuen ordea, eta irudi haiek gure hedabideetako orrialdeak bete zituzten. Oinez iritsi zen Alemaniara 2015ean, eta musikatik bizitzen jarraitzea lortu du, inoiz baino arrakastatsuago. Mixel Etxekoparrek Xiru jaialdira gonbidatuta, Euskal Herrian aritu da lehendabizikoz.


Gipuzkoako zaharren egoitzak greban
Bi urte hitzarmenik gabe

62 greba egun egin dituzte 2018ko irailean hasi zirenez geroztik. Gipuzkoako egoitzetan eta eguneko zentroetan lan egiten duten gerokultoreak, erizainak eta garbitzaileak dira. 5.000 langile dira sektorean, ia denak emakumeak. Soldata arrakala gainditzea eskatzen dute. Kale garbitzaileen soldatarekin alderatu dute beraiena eta %30 gutxiago jasotzen dute urtean, 6.000 euro, alegia.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude