Noizko antzerkia unibertsitatean?


2005eko abenduaren 18an
David barbero kazetari eta dramaturgoak antzezlanez besterik ere idazten du, eta ez soilik ETBn duen lanaren kariaz. Bera da, hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoan goi-mailako arte eszeniko eskola ofiziala eskatzen duen agiri baten egilea. Baina Barbero ez dabil bakarrik, aldarrikapenak antzerki munduko kide askoren babesa dauka eta: "Denbora luzea da talde bat eskola hori eskatzen dabilela; funtsean aktore, zuzendari, egile eta teknikari elkarteetako ordezkariak gara. Banako batzuk batu zaizkigu, eta baita antzerki eskola pribatu batzuk ere, beste batzuk eskariarekin guztiz bat ez datozen arren".

Arte eszeniko eskola da izena, eta adjektiboak goi mailako eta ofizial. Garrantzitsua da horien esangura azaltzea, Barberoren iritziz: "Ofizial izateak ikasketa horiek aitorpena izatea esan nahi du, titulu bat alegia, maila bertsuko ikasketek dutenaren parekoa. Eta goi mailakoa diogunean, eskola horrek unibertsitate mailako tituluaren baliokidea eman behar lukeela esan nahi dugu". Batzuek uste dute eskola horrek unibertsitate barruan egon behar lukeela, eta beste batzuek ez, baina denek diote lehentasunezkoa dela.

Pribatuak ez omen dira nahikoa

"Begi bistakoa da antzerki eskola ofiziala behar dela -dio Ttanttaka konpainiako zuzendari Fernando Bernuesek-; inork ez luke pentsatuko kazetaritza edo biologia eskolak egin behar ez direnik. Antzezpena, zuzendaritza eta abar ere lanbide dira, beraz ez da normala horietarako goi mailako eskolarik ez egotea". Euskal Herrian badira antzerki eskola pribatuak -Bernues bera zuzendaritzako kidea da Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean-, baina horiek ezin dituzte ase sektoreak dituen premiak, eskola ofiziala eskatzen dutenen esanetan.

Ricardo Padilla Nexo Teatro konpainiako zuzendaria eta Bilbon eratu den antzerki talde plataformako bozeramaleetako bat da. Haren ustez, "egia da eskola batzuek hutsune bat betetzen dutela, baina haiek ere ez daukate bitartekorik benetako arte dramatiko ikastetxe bat sortzeko: ikasle asko har dezakeen ikastetxe bat, gaur egun Europako joerekin bat datozen irakasleekin. Eskola pribatu horien lana txalogarria da, baina maila batera arteko hezkuntza baino ezin dute eskaini. Gero, gehiago ikasi gura duenak Madrilera edo Bartzelonara alde egin behar du". Padillak aipatu "erbestea" da eskola ofiziala eskatzen dutenen argudio sendoetako bat. Ipar Euskal Herriaren kasuan, Bordelerainokoa da erbeste hori.

Ospe kontuak

Aktore izan nahi duen euskal herritar askok jotzen du kanpora, hemen ez dagoen aitortza ofizialaren bila. Antzerki munduan denak datoz bat tituluek ez dutela hain garrantzi handia lan egiteko orduan, baina bai ikasle baten prestakuntza maila aitortzerakoan. "Guk badakigu kalitatezko eskola baten irudia ematen dugula -azaldu digu Fuen Onrubiak, Nafarroako Antzerki Eskolako (NAE) zuzendari akademikoak- baina titulu ezaren oztopoa daukagu; ez da berdin hemen ikastea edo Madrilgo RESADen, esaterako".

NAE hogeigarren urteurrena ospatzen ari da orain, eta 48 ikasle dauzka araututako irakaskuntzako hiru mailetan. "LOGSEren arabera egindako ikasketa-plana daukagu", diosku Onrubiak. Aspaldi eskatu zioten Nafarroako Gobernuari eskola ofizial bihurtzea, baina orain arte ez dute nahi hori bete.

Ofizialtasunerako baldintzak

Nafarroako Hezkuntza Sailaren ustez, ordea, NAEk ez ditu ofizialtasuna eskuratzeko baldintzak betetzen. Baldintza horiek, gaur egun, LOGSEk ezartzen ditu, eta onartzeko zorian den Espainiako hezkuntza lege berriak ez du aldaketarik ekarriko alde horretatik. Besteak beste, lau urteko ikasketak eman behar dira, eta gutxienez 90 ikasle eduki. Gainera, hiru adar desberdinetako ikasketak eskaini behar ditu titulu ofizialak eman nahi dituen ikastetxeak: Eszena Zuzendaritza eta Dramaturgia, Eszenografia eta Antzezpena. Gaur egun, Nafarroako Antzerki Eskolak, Euskal Herriko gehienek bezala, antzezpena baino ez du jorratzen. Gainerakoan, hutsunea eskerga da.

Getxoko Antzerki Eskola da hutsune hori zertxobait betetzen duen eskoletako bat, antzezpenaz gain argiztapen eta soinu teknikariak ere hezten baititu. "Alde horretatik oso onuragarria izango litzateke eskola ofiziala, antzezpenetik kanpo ia ezer ez baitago", dio Aintza Uriarte bertako zuzendaritzako kideak, "baina gainerakoan ez nago hain seguru. Beharrezkoa dela? Ez da baztergarria, jakina, baina zalantzak dauzkat une egokian gaudenik ere. Saiakerak izan dira -80ko hamarkadaren hasieran Donostian sei urtez jardun zuen Antzerti eskolaz ari da Uriarte-, baina porrot egin dute. Edozelan, Eusko Jaurlaritzaren esku dago eskola ofiziala sortzea".

"Bestelako lehentasunak"

Uriarteren berbetan, eskola ofizialaren proiektua badago Jaurlaritzaren Kultura Saileko plangintzan, eta haiei dagokie hori gauzatzeko momentua hautatzea. Alabaina, Kultura Sailaren asmoek ez omen dute horrenbesteko garrantzia, Hezkuntzari baitagokio eskolak sortzea. Eta sail horretako iturriek gehiegi sakondu gabe adierazi digutenez, une honetan bestelako lehentasunak daude.

Eskola ofizialaren sorrerak kalte egingo lieke eskola pribatuei? Ez luke hala izan behar, gurekin hitz egin duten gehienen ustez. Madril eta Bartzelonako adibideei so egitea aski da horretaz jabetzeko, David Barberok agertu duenez: "Han aspaldidanik daude eskola ofizialak, eta pribatuak ez dira horregatik desagertu. Aitzitik, eskola pribatuek ematen dute ofizialetan sartzeko behar den prestakuntza berezia. Eskola ofiziala sortzeak, zerbait eragitekotan, pribatuek beste bide batzuk jorratzea eragingo luke".

Euskaraz, hutsaren hurrengoa
Euskal Herrian aukera gutxi dago antzerki eskoletan euskaraz jarduteko. Bizkaian, Araban, eta Iparraldean ia bat ere ez, ale bakanen bat izan ezik. Gasteizko TAEk, esaterako, badu euskarazko adar bat, baina umeentzat baino ez. Iparraldean, zenbait ikastetxek eta antzerki taldek eskainitako tailerrak dira ikasteko aukera bakarra, baina horietan frantsesa da nagusi, Donibane Garaziko lizeoa bezalako salbuespenak salbuespen. Antzerkia hautazko ikasgaia dute garaztarrek, euskarazko adarra eta guzti, hamabost eta hamazortzi urte bitarteko ikasleentzat. Hortik landa, ia deus ez.

Gipuzkoan eta Nafarroan egoera zertxobait hobea da, okerragoa izatea ia ezinezkoa delako agian. Donostiako TAEk, konparazio baterako, "Euskara interpretazioan" ikasgaia dauka oasi bakarra erdal basamortuan. Egoerarik onena Nafarroako Antzerki Eskolakoa da: ikasketak euskaraz osorik egiteko modua dute antzezle profesional bihurtzeko bidean direnek. Bi horiez gain, bai herrialde batean bai bestean bada euskararentzako tokirik zenbait ikastetxe edo kultur etxeri lotutako antzerki tailerretan. Hutsaren hurrengoa, nolanahi ere. Eskola ofiziala ote konponbidea?

«Ulertu behar duzue antzerkia ez dela naturala»
Nola ikasten du antzezle batek bere lanbidea? Ospe handiko eskola pribatu batera joan gara galdera horren erantzun bila. Eskola horren adar profesionalean ikasketek lau urte irauten dute, dozena erdi ikasgairekin: antzezpena, mugimendua, musika, dantza, ahozko adierazpena eta antzerkiaren historia. Guri antzezpen eskola bat ikusteko aukera eman digute.

Ikasleak -oso gazteak, hasi berriak- areto handi batean elkartu dira irakaslearekin. Aulki batzuk daude bazter batean eta zenbait tramankulu bestean. Erdian, aktoregaiek bete beharko duten hutsune zabala. Irakasleak giroa prestatu du: foku batzuk piztuz, aretoaren erdi aldea argiz bete du, gainerakoa ilunduz. Has gaitezke.

Gaurko ariketan, ikasleek kanpora irten behar dute, eta irakasleak agindua emandakoan berriro sartu, zerbait egitera. Sartzean, baina, espero ez duten zeozer aurkituko dute: beste ikasle bat, edo taldetxo bat, zerbait egiten halaber. Ariketaren muina, hain zuzen, topo egiterakoan batzuek zein besteek antzerkiaren neurriko erreakzioa izatea da.

Ohikoa baztertu

Antzeztea ez da egiteko erraza, eta are gutxiago gidoirik gabe. Ikasleen erreakzioak ez dira batere naturalak, guztiz naturalak direlako hain justu. Eguneroko jokabide arruntek ez dute balio antzerkian, ikuslea antzezpen baten zain dagoelako. Irakasleak behin eta berriz eteten ditu ikasleen saioak. "Sortzen zaizuen berezko erreakzioaren aurka borrokatu behar duzue, sortzen zaizuena egunerokoa delako, azalekoa, eta hori saihestu egin behar da", dio halako batean. "Ulertu behar duzue antzerkia ez dela naturala".

Irakasleak bereziki ohartarazi die ikasleei bat-batean ateratzen zaizkien agurren aurka. Ezezagunen arteko ohiko solasak ez dauka lekurik hemen: "Ez erabili hitzak alferrik, antzerkian ez baitago alferrikako hitzik". Aholkuok ematen dituen bitartean, ikasle batek begiak estaltzen ditu koadernoaz. "Argiek min ematen didate begietan", zuritu du bere burua. "Aktore izan nahi baduzue ohitu egin beharko duzue argia jasaten", erantzun irakasleak. Antzezle lanaren laburpen polita iruditu zaigu.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude