Arrozadia eta urkia


2005eko azaroaren 20an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Gizartearen gorentasunaren neurria kutsadurak ematen du: argia, zarata... zenbat eta kutsadura gehiago orduan eta gizarte «aurreratuagoa». Argia, polizia bezala segurtasuna dela esango du bateren batek, harako harek zaratari musika deituko dio... gustatu egin behar...
Musika fina sortu izan du, esku iaioetan, zurak: gitarra, xirula, txistu, piano, arrabita... Uste honetatik abiatuta Satoshi Imamura ingeniari japoniarrari, sortzeko bezalaxe, musika entzuteko ere oinarriak zurezkoak ziren bafleak eraikitzea bururatu. Bururatu eta egoskorra izaki, hogei urtetara burutu.
Baflean soinuaren iturria den diafragma aluminioa, karbono-zuntza, papera eta abarrez egin ohi da.
Bat eta beste dasta eta urkia egokiena omen... Seinale akustikoen frekuentzia aukera zabala transmititzeko gai da, nonbait, eta seinalea garbitzeko adinako amortiguazioa du, agidanean.
Zortzi mila saiotan zurezko diafragma pitzatu, ezpaldu, zartatu. Otordu batean txibia lehorrak samur asko jan eta sikua samurtu bide zitekeela jabetu. Sukaldariak kakoa: arroz-ardotan, saketan beratu. Amaren batean urki-diafragmak sake-asetu eta horra! musika eroateko nahikoa malgu.
Ardoa izaki, hartziduraz ez distilazioz sortua, sakearen aminoazidoek omen dute ardura. Geurean musika tresnatarako urkian baino fede gehiago izan izan da astigarrean. Astigarra sagardo, txakolin edo ardotan beratuta probatu behar...
Erosteko eran dira urkizkoak, musika eraikitzen duten urkizko bafleak. Zura betiko legez, eraikuntzan oinarri.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude