Zahartzeroaz


2005eko azaroaren 06an

Aspalditxoan agintariak oso kezkatuta dabiltza biztanleriaren zahartzeagatik. Eta ez zaie arrazoirik falta. Izan ere, pentsioak luzaroago ordaindu beharko dira, zaharrak zaintzeko egoitzak eta zerbitzuak gehitu, osasun-gastua asko igo... Eta, jakina, orain arte baino baliabide gehiago bideratu behar bada horra, beste xede batzuetarako gutxiago. Hori bai kezkagarria alderdi batzuetako finantza-buruentzat! Horregatik, aspalditxo hasi ziren esaten -eta tarteka ahaztu gabe gogorarazten- norberak aurreztea komeni dela zahartzarorako, Estatu ugazabaren "ugatzek" ez omen dutelako guztiontzat emango; has gaitezen, beraz, Pentsio Funts pribatuak gizentzen. Oinarrizko datu erreal hori ukatu gabe -hots, gero eta luzaroago bizi garela-, hamaika galdera sortzen zaizkit gizarte-segurantzaren ezintasunaz egoerari aurre egiteko. Zenbat interes ez ote da ezkutatzen "egia ukaezin" horren atzean! (ikus "Un Mundo sin rumbo. Crisis de fin de siglo", I. Ramonet, 68-69 orr.). Baina gaur bestelakoa da nire kezka.

Nago bestelako prestakuntza ere beharrezkoa dela zahartzarorako, eta oso gutxi hitz egiten dela horretaz. Prestakuntza, ez egonkortasun ekonomikoa ziurtatzeko, baizik eta bizi-proiektu gisa zahartzaroaren kalitatea ziurtatzeko: gure jarrera mentala, emozionala, soziala eta abar prestatuz joatea bizitzako azken arorako. Izan ere, bizia asko luzatu dugu, baina ez beti eta neurri berean bizi-kalitatea, eta hilezkortasuna betiko gaztetasunik gabe zoritxar izugarria da, J. Swiftek garbi erakutsi zuen bezala (Gulliver-en bidaiak, 10. kap., Struldbrugg-ei buruzkoa). Nik behintzat zahartzaro txar asko ikusten dut inguruan, onak ere bai, baina txarrak ere asko: bizi-poz urrikoak eta depresio, egonezin, frustrazio edo garraztasun handikoak, zahartzaroa naufragio eta hondamendi gisa bizi balute bezala. Ez gara prestatzen zahartzarorako, eta beharko genuke. Baina arazoa orokorragoa da eta sustrai sakonak ditu.
Gure heziketak haurtzaroa eta gaztaroaren zati bat -eskolaldia, batzuetan unibertsitateraino luzatzen dena- hartzen ditu. Gainera, adin batetik aurrera, heziketa hori lanbidera zuzenean bideratutako irakaskuntza bihurtzen da. Orain "bizitza osoan ikasteko jarrera" bultzatu nahi da, baina betiere lanbideari gagozkiola. Eta kito, inork ez du planteatzen bizitzen ikastea; hobeto esanda, bizitzen ikasten dugu bizi ahala, baina hanka sartuz, muturreko ederrak hartuz, majo sufrituz, geure buruari eta besteei zauriak eginez... Arazo dezente saihestuko genituzke bikote-bizitzarako gehixeago prestatuko bagina, edo guraso izateko, gaixoaldi eta krisialdietarako, aisialdirako, kontsumorako, bizi-aro bakoitzera egokitzeko -adibidez, zahartuz joateko edo etxean egokitu zaizkigun zaharrak zaintzeko-, eta abar.

Nolako zahartzaroa izango dugun ez dakigula eta ez dagoela aurrez prestatzerik? Erdia baino ez da egia. Hain zuzen, ziurtasunik gabeko egoeratarako prestatzea da etorkizuneko hezkuntzaren helburuetako bat (ikus Edgar Morin-en "Les sept savoirs nécessaires du futur/Los siete saberes necesarios para la educación del futuro", 5. atala).

Erdizkako beste egia bat: "zaharra bere etxean baino hobeto inon ez". Hori egia izan liteke, baldin eta gaur egun etxe askotan ematen ez diren baldintzak emango balira, eta ez dirudi bizimodua hortik doanik. Iruditzen zait egoera sozio-ekonomikoa askoz gehiago aldatu dela gure pentsamoldeak baino, eta aldaketaren kontra eta iraganeko jokaerei eusteko, sentimentalismoa, nostalgia kontserbadoreak, herri-administrazioen interesak, eta abar, elkar hartuta dabiltzala. Ondorioz, arazo latzak familietan, eta faktura emakume gazteen bizkar askotan.


Azkenak
Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


2024-04-24 | Juan Aldaz Arregi
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Eguneraketa berriak daude