EBn nahaste-borraste ugari


Europako Batasunak (EB) ez du, oro har, ilusio handiegirik sortu bertako hiritarren artean, bai ordea goi mailako politikariengan. Ilusio ezaren froga EBko Legebiltzarrerako iazko ekainean burutu ziren hauteskundeetan eman zen, parte-hartze oso apala izan baitzen, hiritarrekin ez zihoan zerbait bazen bezala.

Horren aurrean hartu zuten neurria, jendea ilusionatzeko asmoz, delako Europar Konstituzioari bultzada sendo bat ematea izan zen, baina eginkizun hori izendaturiko Konbentzioari eman zitzaion, ez hautatutako Legebiltzarrari, oso oker ilusio pizar bat sortu nahi bazen hiritarren artean. Beraz, aukeratxo bat gehiago galdua.

Batasunaren prozesuak aurrera egin ahala, Frantziak eta Herbehereek atzera egin dute, ez ordea Luxenburgok, normala denez, abantaila handiak eskuratzen baititu herrialde txiki honek EBren kide eta sortzailetakoa izateagatik. Izan ere, Bilboren pareko populazioa dauka eta botere politiko eta ekonomiko arras handia EBren baitan. Alde batetik, zenbait erakunde komunitario bertan daude kokaturik eta hiriburu izanik beti erakartzen ditu baliabide ekonomikoak.

Bestalde, Luxenburgok ez die jaramon handirik egiten merkatu bateratuaren arauei, batik bat kapitalen zirkulazio gardenari dagokionez. Izan ere, edonork kapitalak inberti ditzake herrialde horretan, mozkinak lortu, atxikipenik gabe eta onuradunaren herrialdeko ogasun publikoa ez da enteratzen, ezkutuko kontuak baitira, opakoak deiturikoak. Beraz, Luxenburgoren politika hau dela eta, EBko beste kideetako sarrera publikoak kaltetzen dira.

Egoera hau Lisboan 2000. urtean burutu zen gailurrean konpontzeko urratsak eman nahi izan ziren, baina neurri zehatzak ez dira hartzen hasiko 2010a baino lehenago. Honetan, Luxenburgok baditu, eduki ere, bide-lagunak, hala nola Britainia Handia, Austria, eta abar.

Honek guztiak Luxenburgo herrialde erakargarri bihurtu du eta ondorioz aberastasuna ekarri dio, EBko banakako errenta maila garaiena izatera heldu arte. Antzeko zerbait gertatzen ari da Irlandarekin. EBko kide egin zenean herrialde txiroenetakoa zen eta alokairu eta zerga apalak direla eta AEBetako multinazional askorentzat Europan sartzeko ate bilakatu da eta ondorioz, goi mailako errentak eskuratzen dituzte irlandarrek.

Beraz, orain arte behintzat, bi herrialde hauei ondo joan zaie EBko kidetasuna eta ez da harritzekoa bertan burutuko diren erreferendumetan baietzak irabaztea, nahiz ezetza emateko beldurrak areagotu daitezken, batik bat Turkiak sortu dezakeen mehatxuarengatik, diruaren premiaz gain arrazoi ideologikoak ere hor azaltzen baitira.

Halaber, ezin da esan herrialde oro berdin denik EBren baitan. Izan ere, Portugalekin gogor jarri ziren bere aurrekontuetako defizit publikoa Barne Produktu Gordinaren %3tik gora zegoelako. Aldiz, Frantziak eta Alemaniak muga hori sarritan gainditu dute azken urte hauetan eta orain baldintzak bigunduko zaizkie, nahiz duela urte batzuk Alemania bera izan baldintza hauek gehien defendatzen zituen herrialdea. EBn ere agintea duenak honelako gauzak egiterik badu.

Frantziak ere ez ditu betetzen beste herrialdeei eskatzen zaizkien baldintza guztiak: Arrantzaren debekua zalantzan jarri, arrain txikitxoak harrapatzeagatik zigorrak ukatu, nekazaritzari ematen zaizkion diru laguntzak mantendu, gustuko produktuak garraiatzerakoan egiten zaizkien erasoen aurrean poliziak bestaldera begiratu, eta abar.

EBren sei estatu sortzaileak arauak ezarri zituzten harreman ekonomikoak bideratzeko. Gero, herrialde gehiago bihurtu dira kide, iragazki estutik pasatu ondoren. Horrela, orain sortzaileek arau horiek betetzeko zailtasunak dituztenean, baldintzak lasaitu egiten zaizkie, pribilegioak batik bat horientzat baitira.

Guztiau dela eta, EBko elite politikoak eta teknokraziak hiritarren benetako atxikimendua lortu nahi badute, Estrasburgoko Legebiltzarrari, baita hitzik gabeko nazio orori protagonismoa izateko bideak ezarri behar zaizkie. Baita ere sinismena sortu bizimodu hobeagoa izango dugula batasuna gauzatzen den heinean, ez gaur egun gertatzen ari den bezala.


ASTEKARIA
2005eko uztailaren 31
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Konponbiderik gabeko desoreka?

Ordizian orekara eramango gaituen interbentzio plan berezi bat behar dugu; urteroko matrikulazio lehia eta arriskutik atera, egonkortasuna eman eta herriko ikasleak modu orekatuan batzeko aukera emango digun plana.


Hauteskunde kanpainan isildutako makroproiektuei buruzko eztabaidak

Igande honetan egingo dira hauteskundeak Katalunian, maiatzaren 12an. Procésaren ondorenak eta Carles Puigdemonten balizko itzulerak estali ditu zenbait mintzagai. Baina abian dira bi proiektu erraldoi eta esanguratsu, biak ala biak turismoari estuki lotuak: Hard Rock... [+]


2024-05-07 | Euskal Irratiak
"Zenbat dugun kontatzeko!" Euskal Herriko mapa sortu dute

"Zenbat dugun kontatzeko!" mapa ilustratu bat sortu dute elkarlanean Ikas Bi, Biga Bai, Euskal Haziak, Seaska eta Euskal kultur Erakundeak.


Eguneraketa berriak daude