Orain hamarkada batzuk amets hutsa ziren, eta orain ezinbestekoak ditugu. Sateliteek -satelite artifizialek esatea hobe, naturalak ere badaude eta- egundoko garrantzia dute gure eguneroko bizimoduan. Ehunka dauzkagu gure buru gainean, batzuk zenbaitzuren negozio, besteak guztion onura.
Telebistako dokumentalei jaramon egin behar badiegu, unibertsoaren zatirik handiena ezereza da. Hutsik dago ia erabat, han-hemenka zipriztinduta materia puska batzuk dituela. Azken hamarkadetan, ordea, puska horietako bateko biztanleak hutsune eskerga hori zertxobait "betetzen" dabiltza, espaziora sateliteak bidaliz.
XX. mende hasieran gizakiok -jakintsuenek behintzat- bagenekien objektuak Lurraren orbitan ipintzea posible zela. Baina ezin teoriatik haratago joan, ez baitzegoen horretarako teknologia nahikorik. Zerbait orbitan jartzeko, orduko hamarka mila kilometroko abiaduran irten behar da Lurretik, eta 50eko hamarkadara arte ez zen horrelakorik lortu. 1957an, hain zuzen, errusiarrek Sputnik I igorri zuten espaziora. «Bip-bip» egiten zuen metalezko bola bat baino ez zen, baina aro berri bat zabaldu zuen. Teoriaren mugak gaindituta, gizakiak bazekien sateliteak benetan koka zitzakeela orbitan.
Sateliteen garapenean zerikusi handia eduki zuten gerrek, eta horien artean Gerra Hotzak ere bai. Joan den mendean balistikan izandako aurrerakuntzek, esaterako, izugarri lagundu diote satelitegintzari. "Beste arlo askotan bezala, gerrak eragiten du teknologia hobetzea edo asmatzea, eta gero ikusten da teknologia horrek erabilera onuragarriagoak eduki ditzakeela", diosku Miguel Bellók, Deimos espaziogintza-enpresa espainiarreko zuzendariak.
AEBren eta SESBren arteko lehiak bizitasun handia eman zion espazioarekin lotutako ikerkuntzari, lehenengo satelitea bidali eta ondorengo urteetan. Orduan inork ez zekien zer aurkituko zen Ilargian, esaterako. Nork jakin ondasun baliotsuak ez ote zeuden bertan? Badaezpada, hobe etsaia baino lehenago iristea. Azkenik, superpotentziek ikusi zuten han goian ezer gutxi dagoela, eta espazioko lasterketa asko moteldu zen. Horren lekuko, 30 urte inguru igaro izana Ilargira inor bidali barik. Ordurako, alabaina, jabetuak ginen sateliteek ekar ditzaketen onurez. Eta hala, urteetan zerua metalez betetzen jarraitu dugu.
100.000 objektu Lurraren inguruan
Gaur egun herrialde askok dauzkate sateliteak. Denak ez dira objektu bat espaziora bidaltzeko edo satelitea bera egiteko gai, baina badute dirua dakitenei erosteko. Guztien artean milaka jaurtialdi egin dituzte lehenbiziko Sputnik xume hura espazioratu zenetik, eta horrek eragin du 30.000 objektu inguru egotea orbitan. Dena den, 20.000 mila desagertuta daude dagoeneko. Batzuk unibertsoaren handitasunean galduta; gehienak Lurraren atmosferak erreta, honantzako bidean. "Baina oraindik 10.000 daude, eta %95 zaborra da", azaldu digu Miguel Bellók. Hau da, lanean dabiltzan sateliteak %5 baino ez dira. Gainerakoa dagoeneko "hilda" dauden sateliteek, leherketen hondakinek, jaurtitzaileen hondakinek... osatzen dute. Behinola txango espaziala egitera irtendako astronauta bati galdutako bihurkin bat ere badago. Kontuan hartu behar da, gainera, hamar zentimetro baino gehiago dauzkaten gauzez ari garela soilik. Horiek baino txikiagoak ezin dira atzeman, baina uste da guztira 100.000 objektu artifizial daudela orbitan, gutxi gorabehera.
Objetu txikiak orbitan izandako leherketetatik datoz, batez ere. Leherketa horietako batzuk, hain zuzen, espazioan hainbeste gauza egotearen ondorioz gertatu dira. "Zeozer bidaltzen den bakoitzean, arreta handiz jokatu behar da, bidalitakoak ezerrekin talka egin ez dezan. Eta izan dira talkak". Bellóren esanetan, espazioko zaborra arazo larria da gaur egun. Izan ere, objeturik txikienak ere arrisku handia sor dezake, oso abiadura handian doalako. Margo partikula txiki batek, esate baterako, txangoa egitera irten den astronauta hil dezake, joz gero jantzia zulatuko diolako.
Hiru zeregin nagusi
Hiru motatako sateliteak daude, zereginaren arabera: komunikazioetarako erabiltzen direnak, Lurra behatzen dutenak eta nabigazio-sateliteak. Azken horien artean GPS sistema ezaguna dago -30en bat satelitek osatutako "konstelazioa" da- , AEBtako Defentsa Departamentuaren kontrolpean. Satelite militarrak dira, beraz. Errusiarrek ere badute GLONASS izeneko sistema bat, eta laster, Europako Espazio Agentziak (ESA) Galileo izenekoa bidaliko du. Azken horren helburua, batez ere, Europako abioi-zirkulazioa ordenatzea izango da, eta ESAk enpresa pribatuen esku utziko du haren kudeaketa.
Lurra behatzen duten sateliteak, berriz, beste multzo bitan sailka daitezke: militarrak eta zibilak. Militarren berri espioitza nobelei esker dugu batez ere. Zibilek teknologia bertsua darabilte, baina helburua txalogarriagoa da. Bellók dioskunez, ingurugiroa zaintzea da haien funtzio nagusia: "Ozono geruza behatzeko modurik onena, esaterako, satelite bidezkoa da. Kiotoko protokoloa bezalako akordioak ere ezin izango lirateke gauzatu sateliterik gabe. Nola jakin bestela herrialde bakoitza zenbat kutsadura ari den igortzen?". Gaur egun, satelite batek ia dena neur dezake. Eskualde jakin batean basamortua aurrera doan ala ez ikusten dute, edota Prestigerena bezalako isurketa batekin zer gertatuko den. Eskuko telefonoekin gertatzen den antzera, ez zeudenean moldatu egiten ginen haiek gabe, baina orain derrigorrezkoak ditugu.
Orbita geoestazionarioa, ondasun urria
Lurra behatzeko sateliteen artean, aparteko aipamena merezi dute eguraldia iragartzekoek. Horiek dira gure eguneroko bizimoduan gehien eragiten dutenak, komunikazio-sateliteekin batera. Bi satelite mota horietako gehienak orbita berezi batean dauzkagu: orbita geoestazionarioa, Lurretik 36.000 kilometrora. Oso goian, beraz. Berezitasuna zera du: orbita horretako objektuak beti daude Lurreko puntu beraren gainean, planetari soka batez lotuta baleude bezala. Bellók gogorarazten digunez, orbita geoestazionarioa gizateriaren ondasuna da, eta oso urria gainera: "Gerriko bat baino ez da, eta ehunka satelite bidali ditugu bertara jadanik. Guztiz betetzear da".
Sateliteak "ehortzi"
Badago modu bat orbita geoestazionarioa hain beteta egon ez dadin: sateliteak ehorztea. Izan ere, sateliteak hil egiten dira: erregaia amaitzen zaie eta ezin dituzte maniobrak egin, edo tresneria hondatzen zaie, edoà Gutxi gorabehera, sateliteen biziraupena bi eta hamar urte bitartekoa izaten da. Baina orbita altuen kasuan -geoestazionarioa, esaterako- hil eta gero ere hantxe geratzen dira betiko, Lurrak ezin baititu xurgatu. Honenbestez, NBEk gomendatu du orbita geoestazionarioan dauden sateliteak ehorztea, hots, gutxienez 300 kilometro gorago dagoen orbita batera bidaltzea. Dagoeneko ezarrita daude horretarako orbitak; "hilerri-orbitak", hain zuzen.
Ehorzteak arazo handi bat dakar, ordea: "Ehorzte-maniobra egiteko -azaldu du Bellók-, erregai asko erabili behar da. Sateliteak urte erdiz edo urtebetez funtzionatzeko behar den adinakoa, beharbada. Beraz, ehorzteak dezente laburtzen du haien bizitza, eta horrek euro asko irabazteari uko egitera behartzen ditu jabeak. Batzuek arazorik gabe onartzen dute, baina beste batzuk konbentzitzea zailagoa da". Esan dezagun, bide batez, komunikazio-sateliteen ugazabak enpresa pribatuak izaten direla, Lurra behatzekoak gobernu edo espazio agentzienak diren bezala.
Zer dakar etorkizunak?
Etorkizunerako asmo handiak daude. Handinahiena, zalantza gabe, Lur osoa kontrolpean edukiko duen sistema eskerga sortzea da, munduko agentzia eta herrialde guztien sistemak bateratuz. "Uneoro jakingo dugu Lurra gehiegi berotzen ari den, negutegi efektua zertan den, zer ari den gertatzen ozonoarekin, herrialde bakoitzak aitortzen duen beste kutsadura igortzen duen edo iruzur egin nahian dabiltzanà". Era berean, antzeko asmoak daude meterologia arloan, hondamendiei aurre hartu ahal izateko.
"Azkenik, Europan bada espazioa behatzeko plan handia, Aurora izenekoa, baina diru falta du galga", azaldu digu Deimoseko zuzendariak. Antza, badago krisialditxo halako bat, eta inbertsioa asko moteldu da Armstrongek lehenbizikoz Ilargia zapaldu zuenetik. Bestela, espazioan ez legoke, agian, leku nahikorik honezkero.
Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]
Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.
Geroxeago baina hemen da. Inguruan dituzten gainontzeko zuhaitzak baino beranduago janzten dira pagoak (Fagus sylvatica). Bizitzeko baldintza “gogorragoak” nahi izaten ditu: toki hezeak eta freskoak. Baina izotzari beldurrak bizi da.
Elkea proiektuan produktu asko eta desberdinak ekoizten ditu David Ruiz de Galarreta Azpilikueta ekoizle amezkoarrak. Olibondoekin hasi zen, baina fruta arbolek, lekaleek eta zekaleek ere beren tokia egin dute proiektuan urteotan. Eta, orain, jarduera berri bat gehitu die... [+]
Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]