Argitalpenak


2005eko uztailaren 10an
Nemesioren itzala
Pako Aristi,
Jokin Larrea
Elkar
42 orrialde 6,95 euro

Itzalak ihes egiten dion mutikoa

Apetitu gutxikoa izaki Pako Aristik sortu eta Jokin Larreak marraztutako istorio honetako protagonista, argal-argala da, bere amaren zoritxarrerako. Seme sendoa izatea nahi luke hark, baina ez alferrik Nemesiorekin! Nolanahi ere, azken aldian beste kezka bat ere badu amak, gauero norbaitek hozkailutik jana lapurtzen duelako. Nemesio ez dela badaki, nor ote lapurra? Biak bakarrik bizi dira etxean, aitak alde egin zuenetik. Azkenean litxarreroa harrapatzen du amak: bere semearen itzala da eta Nemesio melarra ez bezala, potolo-potolo dago. Amak, haserre, xurgagailuaren barruan uzten du preso izala. Baina Nemesiori lapurra nor den erakusteko xurgagailua irekitzen duenean, itzalak ihes egiten die, tutik esan gabe ez mutikoari ez bere amari.

«Baliaride» Toponimia, lengua y cultura ibéricas en Les Illes
Bienvenido Mascaray Sin
El Tall
382 orrialde


Bienvenido Mascaray eta iberiarren hizkuntzaren arrastoak

Ikerlari askok iberiera zehazki ulertzeko modurik ez dagoela esaten badu ere, Bienvenido Mascaray Sin ez da iritzi berekoa. Huescako Ribagorzan jaiotako aditu honek dioenez, bizirik aurkitu du berak iberiera Balear Uharteetako toponimian, epigrafian eta Mallorcako Llibre de Repartimen-en eta gai da hizkuntza hori interpretatzeko. Hain zuzen ere horren guztiaren berri ematen digu bere azken lan honetan, «Baliaride». Toponimia, lengua y cultura ibéricas en Les Illes-en, herri iberiarraren ezaugarriak azaltzen dituen azterketan. Bestalde, Mascaray Sinen aburuz, iberiera eta euskara historikoa ez dira inolaz ere hizkuntza ezberdinak, lexikoa, morfologia, sintaxia eta fonetika komuna dutelako.

Aljeriako gerla eta Euskal Herria (1954-1962)
Batzuen artean
Eusko Ikaskuntza
228 orrialde 11 euro


Euskaldunak Aljeriako gerran

Eusko Ikaskuntzak bere Lankidetza bildumaren 30. zenbakian euskaraz eta frantsesez plazaratutako Aljeriako gerla eta Euskal Herria (1954-1962) honek 2003ko ekainaren 21ean Kanboko Udaletxean gerra hark Euskal Herrian izan zituen ondorioak aztertzeko aurkeztu ziren lanak jasotzen ditu. Hala nola Xipri Arbelbideren «Herria»n agertu artikuluak, Aljeriako soldadoek igorrik, Txomin Peillenen Algerian gerlari, Michel Mendiboureren Senpereko lekukotasunak argazkien bitartez edota Eguzki Urteagaren La guerre d’Algérie et le militantisme étudiant, besteak beste. Zortzi urte iraun zuen Aljeriari independentzia ekarriko zion gerrak, bere garaian Frantzian Polizia operazioak izenarekin ezagutzen zen hura. Ehun eta bi gazte euskaldunek galdu zuten bizitza bertan.

Elkarreragina Hizkuntz Curriculumean. Hizkuntzaz ohartzeko ahalmena...
Leo Van Lier
Habe
308 orrialde
14,20 euro

Hizkuntz hezitzaileei zuzendua

Uxoa Larramendik euskaratutako Leo Van Lieren Elkarreragina Hizkuntz Curriculumean. Hizkuntzaz ohertzeko ahalmena, autonomia eta benekotasuna liburua hizkuntz hezitzaileei zuzendua dago, egileak irakurleak adoretu nahiko lituzkeelako beren kasa pentsatzera eta, hizkuntz irakaskuntzari dagokionez, beren proiektua eraiki eta garatzera, eta profesional kontzientziadun, autonomo eta benetako bilakatzera. Dozena bat urtez garatu den proiektu baten berri ematen du bertan Leo Van Lierek, erabilitako hizkuntz curriculumaren planteamendu filosofikoa agertuz. Praktikoa eta teorikoa izan nahi du liburuak, idealek eta errealitateak ez dutela zertan baztertzaile izan behar erakutsi, irakasleek dituzten kideekin elkarreraginez beren curriculum propioa gara dezaten.

Jo musika, jo!
Miquel Desclot
Elkar
80 orrialde 6,70 euro

Orkestra sinfonikoko instrumentuak

Juan Kruz Igerabidek itzuli duen Miquel Desclotek izenpetzen duen Més música, mestre! honetan orkestra sinfonikoko instrumentuen aurkezpen jostalaria egiten da, hamar urtetik aurrerakoentzat. Poemaz poema joango da irakurlea ezagutzen, batetik, pianoa, biolina, txirula, biola, oboea, biolontxeloa, kontrabaxua, klarinetea, fagota, turba, harpa, tronpeta, tronpa eta beste. Gero, musika instrumentu horiei buruzko igarkizunak datoz, ea aurretik jasotakoa irakurleari onuragarri izan zaion eta idazlea zertaz ari den asmatzen duen. Hala ez bada, lasai gera bedi, bukaeran ditu beharrezko erantzunak-eta. Sokazko instrumentuak, xaramela eta danbolina, tenora, fiskornoa, gitarra tiplea... datoz jarraian.

Euskal Herria
Batzuen artean
Sua
130 or. / 5,15 euro

Oinez eta trenez egiteko bideak eta Nafarroako landetxeak

Sua argitaletxeak kaleratzen duen Euskal Herria aldizkariaren azkenengo zenbakian, ohi bezala, oinez egiteko hamaika bide eskaintzen zaizkigu. Baina baita Euskal Herria osoa trenez egiteko era bitxia ere. Horrez gain, Nafarroa osoan zehar dauden landetxeak abiapuntu harturik egin daitezkeen bederatzi ibilaldi proposatzen dira. Eta etxetik mugitzeke irudimenarekin egin daitezkeen bideak ere badaude, hala nola, musulmanek Euskal Herrian izan duten eta duten bizimodua erakusten duena.

Historia de la literatura vasca
Iñaki Aldekoa
Erein
317 orrialde 22 euro

Iñaki Aldekoaren euskal literaturaren historia

Txuma Lasagabasterren hitzaurrearekin plazaratu du Iñaki Aldekoak bere Historia de la literatura vasca guztiz pertsonala. Hirurehun orrialdetik gora ditu; heren bat XX. mende artekoari eskaintzen dio, bestea 1900 eta 1950 artekoari eta azkenekoa geroztikako urteei, beti ere euskal literatura Espainiakoaren, Frantziakoaren eta, oro har, Mendebaldeko literaturaren barnean kokatuz. Aldekoarentzat historiagilea errekonozitu egin behar da jasotako datuak azaltzeko eraikitzen duen errelatoan, eta koherentzia hori mantentzearren alditan kronologia sakrifikatu egin du berean, esate baterako Humanismoa eta Errenazimentua euskal literatura aszetiko guztia sortu zuen Erreforma eta Kontraerreformaren aurretik agertzerakoan. Aldekoaren historiak literatura kultoa eta literatura herrikoiaren artean Aro Modernoan egondako eraginak azaltzen ditu, eta Oteizak euskal kulturari esperimentazioaren eta abangoardiaren bidera etortzeko gonbita egin zion arte, XX. mendean oraindik gurean kristautasun moralak izandako pisua. Eta hortik aurrera Arestiri, Miranderi, Saizarbitoriari edo Txillardegiri euskal literaturan ematen dien lekua agertzen du, azkenengo belaunaldien urratsak ahaztu gabe.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude