Net Hurbil: Zorioneko Dragoia akabatu zuten Bikiniko bonbaz


2005eko apirilaren 17an
Fukuryu Maru zuen japonierazko izena arrantza-ontzi hark. Ingelesez The Lucky Dragon itzuli diote, eta euskaraz Dragoi Zoriontsu edo Zorioneko deitu beharko genioke. Baina bapore hari mundu mailako sona, atun harrapaketan zorigaiztoko egunean eta lekuan egoteak eman zion.

Nuklearraren kontrako militanteek ezaguna izango duten istorio hau Stephen Salaff matematikari kanadarrak oroitarazi digu, Bulletin of Atomic Scientists aldizkarian. Buletin honetan idazten dute energia atomikoaren arriskuez kezkatuta dauden hainbat zientzialarik. Stephen Salaffek duela 51 urte mundu osoa astindu zuen istripuaz -prentsak oihartzun handia eman zion eta liburuak ere badira hartaz- idatzi du buletinean.

AEBetako armadak belaunaldi berriko leherkari bat estreinatu zuenean gertatu zen. Hiroshiman amerikarrek jaurti zuten bonba atomikoak ordura arteko arma guztiak txiki utzi zituen modura, H bonba berriarekin aurreneko A bonba hartatik jauzi berria egin nahi zuten. "Castle" zuen izena proiektu osoak, eta 1954ko martxoaren 1erako finkatu zuten "Bravo" leherkaria eztandaraztea. Ordura arte munduak ezagututako leherketarik handiena izan behar zuen, 7 megatoiko (7 milioi tona TNTren pareko) potentziarekin.

Baina goizalde hartan Bikini atoloian bostehun metroko diametroko zuloa egin zuen "Bravo" hura espero baino askoz potenteagoa suertatu zen: 15 megatoi... Hiroshima birrindu zuen bonbaren 750 halako! Eta harrotu zituen hauts erradiaktiboak inguruko 7.000 miliatan barreiatu ziren.

Aurreko urteetan Bikini atoloiko biztanleak etxetik atera eta eraman egin zituzten inguruko uharteetara amerikarrek. Bertan hainbat arma, eraikuntza eta leherketaren ondorioak neurtzeko animaliak bakarrik zeuden. Inguruko uretan itsasontzi militar asko zegoen, nahiko urruti, orduan uste zenez eta gertuegi geroago jakingo zenez. Baina gainera, atunetan ari zen arrantza-ontzi japoniar bat ere bazegoen nahiko hurbil, 23 arrantzale zeramatzan Fukuryu Maru, Zorioneko Dragoia.

Bikinitik 90 miliatara zegoen baporea. Goizaldeko 3:50etan, arrantzaleak gosari txikia egiten ari zirela, leihoetatik eguzkia ikusi zuten distiratsu jaikitzen. Bai egunsenti bitxia: eguzkia mendebaldetik altxatu baitzen! Harriturik erreparatu zioten fenomenoari zurezko bapore hartako arrantzaleek, zer izan zitekeen jakin gabe.

Beranduago, goizeko 7:25ean hauts zuri bat hasi zen ontzia eta bertako guztiak estaltzen. Laster arrantzaleak hasi ziren buruko minak sentitzen, begietako erredurak, goragaleak... Bi egunen buruan aurpegiak erabat belztuta zituzten.

Euri zerutik etorria

Arrantzara hilabeteetarako atera zen arren, etxerako bidea hartu zuen laster Fukuryu Maruk, eta hamabost egun beranduago Yaizu-ko portura iritsi zen. Erredurak jasan ezinik, ilea erorita eta gibelak handituta iritsi ziren marinelak. Ospitalera eramanda, beren odoletako globulu zuriak eta plaketak oso gutxituta zeuzkatela ikusi zen, eta hezur muineko zelulak ere bai.

Japonian azkar zabaldu zen albistea. Hiroshima eta Nagasakiko 1945eko leherketa ikaragarriak oraindik oso gogoan zituen jendeak, eta galdera zorrotzak egiten hasi zen. Yomiuri Shimbun egunkariak titulu hau zekarren martxoaren 16an. "Arrantzale japoniarrak kutsatu ditu Bikiniko bonba atomikoak". Eta kontatu zuen nola marinel haiek berrogeialdian jarri zituzten, denak erietxean. Erradiaktibitatea neurtzen duten Geiger kontadoreak erotu egin omen ziren.

Amerikarrek lehenik ukatu egin zuten Dragoi Zorionekoa bonbak kutsatu zuenik. Gero berriz, debekatutako eremuan espioitza lanetan ari zirela zabaldu zuten. Eta azkenean onartu behar izan zuten debekatutako eremutik 40 miliatara ari zirela arrantzan. Nola esplikatu orduan gertatutakoa?

Denborarekin jakingo zen martxoaren lehen hartan bonbaren lehertzea atzeratzeko moduko eguraldia egiten zuela; haizeak kontrako aldera jotzen zuen eta. Gauza da amerikarrek beren militarrak, eguraldiak eskatzen zuen moduan, beste posizio batzuetan kokatu zituztela, baina ez zieten abisurik eman, ez inguruan zebiltzan arrantzaleei, eta ezta ere 100 miliatara zeuden Rongelap uharteko biztanleei ere. Urte gutxiren buruan AEBen "babespeko" uharte hartako 250 herritarrek tiroideetako gaitzak garatu dituzte »erradiaktibitateak kutsatu zituelako» eta horietako asko hil ere egingo ziren.

Baina "fallout" edo euri erradiaktiboak gizaki horiek guztiak baino askoz gehiago kutsatu zituen. Fukuryu Maruk ekarritako atunak »7 tona» kutsatuta zeudela ohartu zirenean, erretzeko agindua eman zuen gobernuak. Baina ordurako salduta zeuden horietako batzuk, puska txikitan kontserban ipintzeko. Kalkulatzen da gutxienez beste 100 familia kontaminatu zituztela. Atunaren krisia heldu zen orduan: Japoniako jendea beldur zenez itsasotik ekarritako edozer jateko, industriak eta arrantzaleek sekulako galerak jasan zituzten. Herritarrek motiboak bazituzten beldur izateko, ondoko hilabeteetan 500 tona arrain erre behar izan baitziren kutsatuta egoteagatik.

Irailaren 23an, Zorioneko Dragoiko irrati operadore Aikichi Kuboyama hil zen, hilabeteak oinazetan pasa ondoren. Aldiz, mediku militar yankiek esana zuten 40 urteko gizon hura laster sendatuko zela. Koman sartu aurreko bere azken hitzak hauek izan omen ziren: "Mesedez, esaidazue ni izango naizela bonbaren azken biktima". Tamalez, inork ezin izan zion halakorik segurtatu, gaur arte ikusi den moduan.

400.000 herritarrez goiti irten omen zen kalera Kuboyamaren hileten kariaz. 1955eko abuzturako 30 milioi japoniarrek sinatua zuten bonba nuklearren kontrako eskaria, eta hilabete horretako 6an burutu zen Hiroshiman A eta H bonben kontrako lehen mundu biltzarra. Shizuoka hirian urteoro martxoaren 1ean oroimenezko bilera egiten dute Kuboyamaren hilobiaren aurrean.

Eta Zorioneko Dragoia? 1956tik 1966ra Japoniako Hezkuntza Ministerioak erosi eta arrantza ikasketetarako erabili zuen. 1967an txatar-saltzaile batek erosi zuen eta barruan zuen tresneria kendu ondoren zurezko beste bapore batzuen artean utzi, abandonatuta. Urte horretako urrian Koto auzoko herritar batzuek aurkitu zuten, eta 1968ko martxoaren 10ean albiste hau ekarri zuen Japoniako egunkaririk handiena den Asahi Simbunek: "Japoniako inork sekula ez du ahaztu behar Fukuryu Maru. Ozeano Bareko Bikini atoloian zer gertatu zen oroitarazi behar diegu denoi. Monumentu hau nola zaindu eztabaida dezagun azkar".

Laster antolatu zen Zorioneko Dragoia zaintzeko batzordea. Dirua bildu, itsasontzi zaharra zaharberritu eta Bakearen Parkea antolatu du bere inguruan.

Fukuryu Maruren sakrifizioak beste zenbait onura triste ere ekarri zuen. Erradioaktibitatez kutsatutako arrainen pistari jarraikiz, Ozeano Bareko korronteen nondik norakoak hobeto ezagutu ahal izan ziren. Eta zientzialariak ohartu ziren bio-akumulazio legeaz: planktonak jaten ditu gai kimiko kutsakorrak, horiek kontzentratzen ditu eta hartatik jaten dute izaki handiagoek, ondoren arrain txikiak jaten dituzte arrain handiagoek... Eta katearen azken begian gaude gu, oroimen hain flakoa dugun gizaki gizajook.

www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


ASTEKARIA
2005eko apirilaren 17a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude