Haur literatura: umeak bezain sasoiko


2005eko apirilaren 10an

Bizileku duen herria bonbardatuko duten susmoa du umeak, susmoa baino ziurtasuna. Haur txikiak erabaki garrantzitsua hartu du, horrenbestez: besterik salbatu ezin eta munduan gehien maite duena aterako du galbidetik, bere liburu maiteak. Orri gogokoenak kendu eta kutxa batean sartu ditu haurrak eta itsasora bota, ondoren; bere altxor preziatua aurkitzen duenari ere mezua bidali nahi izan dio umeak: "Nire herria bonbardatuko dute, dena txiki-txiki egingo, baina sikiera liburuak onik aterako dira".

Irakurketaren magia eta liburuen lilura ondo islatzen du Kalandraka argitaletxearen Tramankuluak liburuaren pasartetxoak (Artefactes José Antonio Portillo irakasle eta artistak eta Carmen Puchol diseinugileak elkarrekin katalanez sortutakoa eta Harkaitz Canok itzulia).

Datu hotzen jarduna

Umeek senti dezaketen emozioaz haratago, negozio hutsari erreparatuta, haur literatura Euskal Herrian sasoiko dagoela diote askok. Zenbakien katramilan sartuta, urtero haurrentzako 300 pasa liburu argitaratzen dira. Zehatz jarrita, 1996an euskaraz argitaratu zituzten liburuetatik %26,5 haurrentzakoak ziren. Bitxia da 0-12 urte bitarteko haurrak populazioaren %10 inguru bakarrik baitira.

Inoiz baino gehiago produzitzen eta saltzen da egun, egundo baino profesional gehiago dago, inoizko libururik "politenak" argitaratzen dituzte »irudigintzak eta irudimenak goia jo dutela dirudi», sekula baino ekimen eta kanpaina gehiago dago eta letra, marrazki eta ideia magikoen nahas-mahas horretan inoiz baino erosoago ei daude etxeko txikienak.

Euskarazko haur literaturaren hazia orain bi mende landatu zuten, hala, 1803ean ikusi zuen argia umeentzako euskarazko lehenengo liburuak. Katixima bat zen. Hurrengo urtean Bizenta Mogelek Ipuin onac idatzi zuen. Ordudanik denboratxoa igaro bada ere, urte horretatik 1960ra bitarte argitaratu ziren liburuen kopuru bera publikatu zen iaz. Lehen lau liburu zeuden tokian orain mila daude, kolore, estilo eta molde guztietakoak. Zehatz esanda, 1900 eta 1960 bitartean, haurrentzako 35 liburu argitaratu zituzten; hurrengo hamarkadetan gora egin zuen kopuruak baina, zalantza izpirik gabe, 90eko hamarkadak izan zuen bilakaerarik nabarmenena, 2.962 liburu kaleratu baitzituzten urte horietan.

Obrak ugaltzearekin bat, kalitatea nabarmen handitu da. Izan ere, merkatua beteta dago oso eta orain askoz ere zailagoa da edozein liburu salmenten lehian sartzea. Hala, estilo, gai eta tratamendu anitzeko lan zainduen eskaintza zabala dute orain argitaletxeek.

Profesionalen lezioa

Irakaskuntzan eta, batez ere, haurrei liburuekiko irrika kutsatzen 30 urte pasatxo daramatzan Begoña Ortiz de Urbina Ibaibe herri ikastetxeko (Barakaldo) irakasleak baieztatu digu datuen gozoa: "Egungo liburuak bikainak dira, asko dago aukeran; irakaskuntza munduan hasi nintzenean nik asmatu eta margotu behar nituen ipuinak, oraingoekin alderatuz gero... a ze diferentzia! Erakargarriak dira oso, ez nau harritzen haurrak zaletzea".

Datu baikor horiek distantziaz hartu ditu, baina, haur literaturan egile oparoenetakoa den Juan Kruz Igerabidek: "Sasoiko ote dagoen egun euskarazko haur literatura? Tira, lehen baino sasoikoago bai, halere, ez dira kanpaiak dilindan jarri behar. Normalizaziora edo egoera egoki batera iristeko dezente falta da: bai idazleei eta irakurleei, eta noski, irakurle horien atzean dauden guraso eta irakasleei".

Gozoen artean beti egoten da gaziren bat eta hori litzateke Kalandraka argitaletxe galiziarraren kasua. Haurrentzako liburuak bakarrik kaleratzen dituen etxe hau 2000 urtean hasi zen galegoz eskainitakoak euskaraz ere argitaratzen. Lan ezin bereziagoak dira, esne mamitan zaindutakoak. Halere, Jesus Mari Fernandez Euskal Herrian etxeak duen komertzialak kezkatuta hitz egin digu: "Hasierako booma izan zena apaltzen joan da, 600 ale inguru saldu genituen iaz liburuko eta editoreek 1.000 eskatzen dituzte produktua errentagarri izan dadin; halere agindu didate hurrengo urtean lauzpabost liburu argitaratuko dituztela". 50 liburu ditu Kalandrakaren euskarazko bildumak, guztiak Koldo Izagirrek bikainki itzuliak eta umeek hainbeste maite dituzten irudiek apainduta.

Baina gainerakoan, zeroak gorabehera, haurrentzako liburuak argitaratzen dituzten argitaletxeak zorioneko dira, hala berretsi digu Eukene Herrera Ibaizabal argitaletxeko haur literaturako arduradunak: "Haur literatura helduena baino gehiago saltzen da gurean, tira guk helduen literaturan ez dugu hainbeste ateratzen, horregatik agian. Baina nik uste, orokorrean, hori dela sentsazioa". Urtean, Durangoko azokara begira gehienbat, 50 bat liburu argitaratzen ditu haurrentzat Bizkaiko argitaletxeak eta ez da bakarra, argitaletxe gehienek baitute umeentzako espresuki sortutako katalogotxoa.

Non dira klasikoak?

Hainbeste ipuin berriren artean gehienen haurtzaroa zipriztindu zituztenekin akordatu da kazetaria. Galdu al dute Maria Errauskinek, Ahate itsusiak edo Edurne Zurik oheko mesanotxean zuten lekua? "Klasikoek ahozko kontakizunean dute txokoa, ohearen ondoan, eta hor geratu behar dute. Gainera, azterketa askok esaten dute munduaren kontzepzioa eratzen oso lagungarriak direla", azaldu digu Juan Kruz Igerabide idazleak.

Hari horretatik tiraka jarraitu du Begoña Ortiz de Urbina irakasleak: "Erabateko garrantzia du ipuinak ohean kontatzeak. Zaletasunaz gain, lotura afektiboa lantzen da; izan ere, haurrak inportante sentitzen dira, haiei eskainitako tartea baita". Egunero ibiltzen da kontu-kontari Ortiz de Urbina eta kontalari zein entzuleek gozatu egiten omen dute zinez: "Aho zabalik izaten dira nire sei urteko ikasleak, munduan ez da haurrak ipuin bat adi-adi entzuten ikustea baino gauza ederragorik. Bitxia da baina kontatzen dizkiedanak dira eurei gehien gustatzen zaizkienak, sesioan ere ibiltzen dira liburu hori etxera nork eramango".

Bi profesionalek ipuin kontalaritza gehiago sustatu beharko litzatekeela uste dute eta horrela, gure aiton-amonen ohitura berreskuratu. "Profesionalak ziren kasik, buruz zekizkiten milaka kontu eta nik uste hein batean hori guztia galdu dugula. Gu haiek bezain apartak bagina, bide erdia egina legoke!", esan digu miraz irakasleak.

Margolan txikiak liburuetan

Haurrek ipuina entzundakoan irudikatutakoa islatzea litzateke ilustratzaileen amets, eta azken partean argitaratu diren liburuei erreparatuta, badirudi amestutakoa lortu dutela askok. Umeentzako liburuen edukiak goia jo duela dirudien bezala, irudigileek ere maila bikaina erakutsi dute.

Irudi eta margoen garrantziaz aspaldi jabetu ziren argitaletxeak. Ibaizabal etxeko Eukene Herrerak esan digunez, "ohituta gaude gauza asko ikustera, atentzioa emango digun zer edo zer eduki behar dugu. Zentzu horretan, azalak eta tituluak garrantzi handia daukate, horrek agian bultzatuko gaitu barruan dagoena ikustera, liburua zabaltzera".

Kalandraka argitaletxean ere bereziki zaintzen dute atal hau, areago artista plastiko ezagunekin hornitu dituzte euren liburuak eta hamaikatxotan Espainiako irudi onenaren sari nazionala etxeratutakoak dira. "Ilustrazioak eta testuak bat balira bezala ulertzen ditugu, testuaren eta irudien artean hausturarik egon ez dadin saiatzen gara, baina, era berean, ilustratzaileena beste interpretazio bat da", nabarmendu digu Paz Castro argitaletxeko komunikazio arduradunak.

Juan Kruz Igerabide idazleak bidelagun ditu irudigileak eta argudio horri eutsi dio. "Era askotako esperientziak izan ditut: nik azaldutakoa oso ondo irudikatu dutenak eta nolabait sujeritu dutenak, Elena Odriozolak nire poemekin egin duen bezala, esaterako. Eta bietan berebiziko maila aurkitu dut. Hori bai, nik libre uzten ditut irudigileak, beste irakurketa bat da, sormena era librean garatzen da hobekien", erantsi du gipuzkoarrak..

Irakurzaletasuna sustatzeko onena: gogoa

Ukaezina da liburuen kalitatea ona izanik errazagoa dela irakurketaren grina etxeko txikienei kutsatzea, nolanahi ere, profesionalek gogor jardun behar dute haurrak zaletzeko. Begoña Ortiz de Urbina irakasleak gogo betez zerrendatu dizkigu irakurzaletasuna sustatzeko eskolan egiten dituztenak: "Liburutegi polita dugu ikasgelan bertan eta maileguan hartzeko aukera dute haurrek. Gainera, astean behin ipuin bat kontatzen diet, ez helburu zehatzarekin, atsegina hartzearren. Horrez gain, gurasoen parte-hartzea eta inplikazioa sustatzen saiatzen gara. Udal liburutegietara ere txangoak egin izan ditugu eta denek dute liburutegiko txartela".

Baina irakasleak ez daude bakarrik irakurzaletasuna bultzatzeko zereginean, erakundeek eta literatura elkarteek ere lan eskerga egiten dute. Euskal Idazleen Elkarteak (EIE), berbarako, liburu sorta kaleratu du irakasleei haurrak literatura munduan barnerarazteko aholkuak emanez. Gainera, idazleak eskoletara joateko programa du abian (Idazleak ikastetxeetan) eta orain gutxi, Literatur bideak izeneko ekimena jarri du martxan Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean. Asmoa ikasleek ospe handiko euskal idazle baten inguruko egun osoko txangoa egitea da, hura jaio eta bizi izan zeneko lekuak bisitatuz.

"Oso ekimen onak daude, baina nik uste kanpainarik onena liburuak ozen irakurtzea dela", esan digu Igerabidek eta honakoa erantsi du: "Gogoa eta grina dira hitz gakoak, hori kutsatu egiten delako. Idazlea, noski, saiatu behar da produktu ona eta estetikoki polita egiten".

Horrekin bat dator Ortiz de Urbina irakaslea, eta gurasoek "etxeko lanak" egitearen beharra azpimarratu du: "Aurrena sendi barruan sustatu behar da irakurzaletasuna, familiak zer edo zer egin badu, eskolak erraza du bidea jarraitzea. Etxean halakorik ikusi eta bizi izan ez badute, ordea, zaila da umeak irakurzaletasunean murgiltzea". Liburuak eguneroko bizitzan sartzeak ere berebiziko garrantzia du hezitzailearen ustetan, "liburu dendetara normal-normal joatea aholkatzen diet nik gurasoei, arropa denda batera doazen bezala, haurrek ipuinak begiratzeko-ukitzeko-irakurtzeko beta izan dezaten; eta erosi ere normal-normal, ez bakarrik urtebetetzeetan".

«Haurren frekuentzia» harrapatzen

Baina kanpaina guztiak huts-hutsean geratuko lirateke haurrak hunkitzeko libururik ez balego. Hori lortzeko errezeta eskatu diogu Juan Kruz Igerabide beteranoari: "Zailena haurren frekuentzia horretan jartzea da, haiekin psikologikoki konektatzea, lotura sentimentalak lortzea eta zerk hunkitzen dituen atzematea". Behin hori lortuta, bide erdia egina dagoela dio Igerabidek: "Gairik gehienak, forma gehienak erabil daitezke frekuentzia horretan egonda, ziur nago horretaz".

"Frekuentziadun" liburuak hautatzen eguna ematen duen Eukene Herrera Ibaizabaleko arduradunak epel utziko ez gaituzten liburuak behar direla azpimarratu du: "Jakin-mina piztu behar dute, afektibitatea ernatu, emozioak piztu edota hausnarketa eragin. Generoaren arabera, gainera, baldintza batzuk bete behar ditu liburuak (misteriozkoa bada edo barre eragitekoa...)".

"Hasieran uste genuen umeen adinera moldatutako ipuinak bakarrik eskaini behar genizkiela haurrei baina orain konturatu gara, dena eduki behar dutela eskura: liburu errazak eta ez hain errazak. Gai bat interesatzen bazaie »astronomia edo animalien kontuak adibidez zoratzen ditu», hor izan dezatela", gaineratu du Ortiz de Urbinak.

Argi dago, bada, haur literatura Euskal Herrian eztitan dagoena baina egia ere bada, lehiakide gogorrak dituela parez pare: telebista, bideo-jokoak, Internet... Lasaikerian erori gabe, lanean jarraitu beharko dute, hortaz, profesionalek.

Ipomamua, ipuinaren oasia
Ipuinak ikusteko, antzezteko, irakurtzeko, ikusteko eta bizi izateko parkea izango da bi urte barru Asteasun; Gorringo Antzerki Taldearen ekimenez, Ipupomamua zentroa eraikiko baitute. Tipula ekoizpen-etxeak eman dio forma egitasmoari, Bernardo Atxagak babesa eta erakunde zenbaitek dirua. Hala, jolasak, sormenak eta ipuinek Gipuzkoako herri honetan altxatuko duten eraikina izango dute etxe. Idazle ezagunak jarri dio izena proiektuari, ipuina, poema, marrazkia eta mamua hitzak katramilatuta: Ipupomamua. Etxeko txikienentzako aisialdi gunea izateaz gain, ikastetxeentzat lanabes eta nazioartean Euskal Herriko haur literatura zabalduko duen gunea izan nahi du egitasmoak.

Galtzagorri: haur literaturaren hauspoa
Euskarazko haur eta gazte literatura sustatzeko eta ezagutarazteko asmoarekin sortu zen Galtzagorri elkartea 1990ean. Ordudanik, idazleak, irakasleak, editoreak, liburuzainak, gurasoak... finean haurrentzako literaturgintzan murgildutako lagunak bildu zaizkio egitasmo honi. 15 urteren buruan, elkarlanak amestutako fruituak eman ditu: egun elkartea abiapuntu da gai honen inguruan egiten diren ekimen gehienetarako. Hala, irakurzaletasuna bultzatzeko kanpainak, literatura-lehiaketak, analisirako liburu eta jardunaldiak egin dituzte. Azken partean, buru-belarri aritu dira apirilaren 2an ospatu zen Haurrentzako Liburuaren Nazioarteko Egunerako ekitaldiak prestatzen.


ASTEKARIA
2005eko apirilaren 10a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude