Ttipi-ttapa aldizkaria 1982an sortu zen. Ez zuen egitura profesionalik, ez publizitaterik, ezta harpidetza sistemarik ere. 1990ean egitura profesionala finkatu zen arte. Ttipi-ttapa Kultur Elkarteak kudeatu zuen aldizkaria, 1997an Ttipi-ttapa Fundazioa sortu zen arte. Fundazioak Kulturkari izeneko enpresa sortu zuen publizitate salmenta eta lan komertzialak egiteko.
Urte berean, 1997ko azaroan hasi ziren telebistako probako emisioak eta 1998ko ekainaren 15ean programazio erregularrari ekin zioten.
Egun 10 langile ari dira lanean Etxalarren duten egoitzan eta telebistako eta aldizkariko edukiak batera lantzen dituzte. Baina bi komunikabideek ez dute eremu bera hartzen. Telebistaren emisioa Bortziriak eta Malerrekara iristen da; aldizkariak berriz, Areso, Leitza, Arano, Goizueta, Sara, Azkaine, Senpere eta Baztan ere hartzen ditu.
Ttipi ttapa hamabostekariak 6.000 harpidedun ditu egun. Zonaldeko udaletatik, Eusko Jaurlaritzatik eta Nafarroako Gobernutik jasotzen dute aldizkarirako diru-laguntza. Baina Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza jaisten ari da azken urteotan: 1999an 7 milioi pezeta jaso zituzten eta iaz 18.000 euro, erdia baino gutxiago, beraz. Eta aurten euskarazko komunikabideetarako partida %25 murriztuko dela jakinarazi dute. Laguntzen bidez urteko aurrekontuaren %40 inguru betetzen dute eta gainerakoa publizitate salmentatik eta harpidetzatik jasotzen dute.
Telebistaren kasuan autofinantzazioa txikiagoa da. 145.000 euroko aurrekontua du eta erdia Nafarroako Gobernutik, Eusko Jaurlaritzatik eta Udalen laguntzatik dator; bakoitzak 20.000 eta 30.000 euro bitarteko kopurua ematen die. Antzeko kopurua lortzen dute publizitateari esker eta falta dena Fundazioak hasieratik osatu duen poltsari esker lortzen da.
Barne produkzioari esker batez beste hiru orduko programazioa betetzen du egunero Ttipi-ttapak. Beste hainbat saio beste tokiko telebista batzuekin egindako truketik datoz eta ETBri erositako produktuak ere emititzen dituzte.
Iaz egindako inbertsio teknologikoari esker emisio sistema automatizatua du Ttipi-ttapa Telebistak.