Aintzane Ezenarro: «ETAk beto-eskubidea ematen dio estatuari»


2005eko otsailaren 27an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Esperientzia interesgarritzat jo du politika Aintzane Ezenarrok: «Erakundeetan aritzea, oposiziotik gainera, eta bereziki ezker ikuspuntu batetik planteamenduak egin ahal izatea eta eragitea oso atsegingarria da. Asko ikasten ari naiz, gustura», adierazi digu abiapuntuan. Gipuzkoako Batzar Nagusietako lanaz mintzatu zaigu: «Eguneroko bizitza erabakitzen duen politika bertan egiten da: politika fiskala eta soziala, azpiegiturak... Gai hauek eztabaida politikoaren erdian izan beharko lukete. Artean, beste gaien gainean ari gara, eta tamalez ez dugu ezer berririk ekartzen. Erakundeetako gobernuetan daudenak oso gustura daude. Adibidez, autodeterminazio eskubideaz ari garen bitartean inor gutxi arduratzen da bestelako gaiez, hala nola, politika soziala, azpiegitura politika, kultur eta hizkuntz politikaz. Ezkerreko jendeak gai hauek gehiago errebindikatu behar lituzke». Legealdia bukatutakoan gai hauetaz luze eta zabal aritzeko hitzordua hartu dugu. Bien bitartean, politikaren gai orokorretan murgildu gara.



Zer da Aralar ezker abertzalean?
Zenbakietan esango dizut lehenik. Madrilgo Kongresurako azken hauteskundeetan, ezker abertzale ilegalizatuaren boto baliogabetuak 103.000 izan ziren. Aralarrek, berriz, 70.000 inguru jaso zituen. Komenigarria da neurria hartzea. Adibidez, Nafarroa Bai-ren erdia baino gehiago Aralarren esparru soziologikoa da. Bigarrenik, Aralar 1998ko herentzia politikoari eutsi dion alderdia da, bide zibil eta politikoari ekitearen konpromisoari eutsi dion ezker abertzalea. Aralarrek eutsi diola diot, ezker abertzale osoak hartutako konpromisoa izan baitzen. Herri Batasuna (HB) ezker abertzalearen aniztasuna helburu zuela sortu zen, Euskal Herritarrok (EH) gauzatu zenean berretsia. Aniztasuna barneratu eta bide politikoari ekitea izan zen EHen apustua. Bidea apurtu zen, baina ez EHek erabakia, ETAk baizik. Guk ez genuen kanpoko esku-sartzerik onartu. Aralar orduko herentziaren alderdi betearazlea da. Aralar ezker abertzale zibil eta politikoaren berme izango da etorkizunean. Batasuna poliki-poliki bide horretara datorrela dirudi. Baina hautu hori konbentzimendu osoz hartu behar da. 1998an hartutako bidea apurtu zenean bide politikoetako apustua taktikoa izan zela ikusi zen eta EHren boto-emaile eta hautetsi asko engainatuak sentitu ginen. Apustu politikoak egitean ezin da taktismoz jokatu, estrategiaz baizik. Bide politikoetatik abiatzeko unea aspaldi iritsi zen. Bide armatuak ez du aspaldi deus ekarri politikoki, pertsonentzat berriz samin ikaragarria ekarri du.



"Espazio politiko bakarra helburu" ekimena bultzatu duzue berriki. Zertan datza?
"Ezker abertzalea zibil eta zabala" izenburupean egindako hitzaldi-sortarekin Aralarren helburu estrategikoa zein den gogorarazi nahi dugu: ezkerreko abertzale guztiak bilduko dituen espazio politikoa sortzeko oinarriak jartzea. Kanpaina hau hauteskundeak deituak izan baino lehen prestatu genuen, otsailean zabaltzeko. Asmo elektoralistatik guztiz kanpo dago. Ekimena ezker abertzale berriaz gogoeta egiteko sortu da, ezker abertzale zabala eta anitza berreskuratzeko helburuz, EAJ-EA koalizioaren aurrean eraginkorrak izateko modu bakarra baita.

Ezker abertzalea Aralarren parametroen inguruan bilduko dela diozue. Ildo guztiak bilduko direla uste al duzu?
Ez da hilabeteko kontua izango, noski. Gainera, ezker abertzalea batuko bada ez du zergatik Aralar ez Batasuna izenez izan behar. Hasteko, biltzen saiatu behar dugu, garbi edukiz, elkarrekin lan egiteko modu bakarra bide politikotik ekitea dela, eta politika egiterakoan ere moduak ere aldatu egin beharko direla. Eguneroko gaiei erantzunak eman eta bestelako politika bat egitea posible dela erakutsi behar da alternatibak eskainiz. Eta kontua ez da Aralarrek Batasunari bide horretatik ekiteko esatea. Ezker abertzalea Batasuna eta Aralar baino gehiago da. Ezker eta abertzalea sentitzen den edonork politika egiteko eskubidea dauka eta espazio politiko hori sortu egin behar da.

Bidez bide, zer iritzi duzu Anoetako proposamenaz?
Ongi etorri bide politiko soilen apustura. Tira, proposamena duela bost urteko mugarri bera da. Lizarra-Garaziko Akordioaren inguruan sortua. Hartara itzuli dira, baina autokritika egin gabe. Zer aldatu da bost urteetan? Orduan Anoetako bera erabaki ondoren, urtebetera uko egin zioten. Orain berriz «bai». Zergatik? Ea oraingoan atzera bueltarik ez duen. Artean, ETAk hilketa ankerrak burutu ditu: langileak, zinegotziak, kazetariak… Aro horrek hilketa asko eta inoiz baino preso gehiago ekarri du. Zein da balantze politikoa eta humanoa? Non dago autokritika?



Zein da balantze politikoa?
Ezker abertzalearen krisi sakona eta EAJk iniziatiba hartu izana. Ezker abertzaleak Lizarra-Garaziko Akordio garaian iniziatiba hartu zuen. Akordioak porrot egin zuen eta harrezkero EAJk bere bidea egin du.

Gero Batasunak Ibarretxe Planari emandako argi berdea etorri da.
Jakina. EAJk subiranotasunaren bidean, azken 25 urtetan, inoiz eman duen urrats handienaren aurrean, ezker abertzale soziologikoak ezin zuen onartu bere alderdi batek planaren aurka bozkatzea. Gehiengoa alde dago. Plana ez da ezkerreko abertzaleok nahi duguna, baina pauso bat da.

Artean ETAk jardunean segitzen du.
Bergarako proposamenaz geroztik ETAk bide politiko soilen bideari argi berdea emango ote zion esperantza zabaldu zen. Baina ez da gauzatu. Batasunak "ordua da" esan beharko luke, guk duela bost urte esan genuen bezala. Zergatik egon behar dugu estatuek urratsak ematearen zain? Guztiok bide politikoen aldeko apustua egiten badugu eraginkorragoak izan gaitezke eta estatuaren defizit demokratikoa agerian jarri konfrontazio demokratiko tinkoaren bitartez. ETA ere politikari bidea ematearen alde agertu bada, eman ditzala urratsak. ETAk besteak urratsak noiz emango dituzten zain egonez gero, estatuari beto-eskubidea ematen dio, bere eskuak lotuak ditu. Eman ditzala urratsak, izan dadila libre. Planteamendu berriak egin nahi dituzte, baina inertzia zaharrek lotuta daude.

Ibarretxe Planera itzuliz, urrats moduan baloratu duzu arestian.
Bidea egokia da, baina labur geratzen da. Hala ere, Gernikako Estatutuak ez bezala, honek autodeterminazio eskubidea onartzen du. Estatutu honen parametroa subirano zalea da. Herriak berak nahi duena izango da. Herri hau independente izateko aukera bideratzen du. Ezker abertzaleak bide subirano zalean bultzatu egin behar dugu eta plana eduki soberanistarik gabeko estatutu berritua bihur dadin oztopatu.

Ibarretxe Kongresuko agerraldian subiranotasun bidean ikusi al zenuen?
Ibarretxek kutsu subirano zaleari eusten dio neurri batean, herri honek erabakitzeko eskubidea aipatzen duelako. Baina erabakitzeko eskubidea eta negoziatzeko beharra uztartzea klabea dela dio, ordea. Guk estatuarekin gatazka politikoa konpontzeko negoziatu behar dugula diogu, baina negoziatu behar dena da hemen erabakitakoa nola gauzatzen den, ez hemen erabakitakoa onartzen duen ala ez. Alegia, hainbat urtetan ezkonduta izan bagara, nik, subjektua naizen heinean dibortzioa eskatzen badut, negoziatu behar da, baina ez ea utziko didazun dibortziatzen edo ez, ni subjektua bainaiz. Beraz, lehenbizi, garbi gera dadin Euskal Herria subjektua dela, eta subjektu izaera duen heinean itun berria egin dezagun euskal herritarrok erabakitakoa gauzatu ahal izateko, erabakia independentzia bada independentzia gauzatzeko. Uneon ituna badago eta berau apurtzeko libre izan behar dugu.

EAJn hori ez da horren garbi, antza.
Hori da. Imazek "guk erabaki behar dugu, baina gero estatuarekin negoziatu behar dugu, subiranotasuna partekatua izango da" dio. Europan subiranotasun guztiak dira partekatuak. Eta? Kontua da ea erabakitzeko subjektu garen edo ez. Ibarretxe Planak hori jasotzen du, baina eduki hori apaltzeko arriskua dago: hala nola, herri honi kontsulta egitea galaraztea, edozein gauzaz galdetzeko gaitasuna ez bermatzea. Bide subirano horretan atzerapausoak emateko arriskua dago, horregatik ezker abertzale politikoak akuilu lana egin behar du Legebiltzarrean.

Batasunak Ibarretxek hauteskundeak aurreratu izana deitoratu du.
Garrantzitsua parte hartzeko aukera guztiok izatea da, data bera baino garrantzitsuagoa. Bakoitzak bere kartak jokatzen ditu. Besteek beren kartak erabiltzen dituztela kritikatzea norberak bereak erabiltzen dituenean ez da oso zuzena. Alderdi guztiei buruz ari naiz, ez naiz Batasunaz soilik ari. Gustuko ote dudan hauteskundeak aurreratzea? Ez. Baina, Ibarretxe lehendakaria da, EAJ-EAko zerrenda-burua eta Madriletik bueltan bere kartak jokatu zituen. Hauteskundeak komeni zaion egunean iragarri ditu. Hori argi dago. Garrantzitsuena ordea, ez da epea, guztion parte-hartzea bermatzea baizik.

Batasunak parte-hartzeko aukerarik ez du eta zuek eskaintza egin diozue zuen zerrendetan joan dadin.
Guk ez diegu formulazio zehatzik egin, esan duguna da edozein proposamen aztertzeko prest gaudela legez kanporatzea gainditzeko. Ausardiaz eta arduratsu jokatzeko prest gaudela. Batasuna Legebiltzarrean ez egotea onartezina zaigu. Gizarte sektore guztiek beren aukera bermatua izan behar dute, batez ere normalizazioan aurrerapausoak iragartzen diren honetan.

Noren esku dago aukera izatea?
Batasuna legez kanpo uzteko erabakia politikoa izan zen. PSOEk erabakia albora dezake. Hirukoak eta guk legearen aurka egin behar dugu. Hitzetatik ekintzetara pasa behar dugu. Formula asko izan daiteke, guztion arteko planteamendu zabala. Baina ez dizut Batasunaren parte-hartzea ahalbidetzeko formula zehatzik emango, gu ez garelako inor Batasunak egin behar duena esateko.

Jone Goirizelaiak ARGIAn esana da: Aralarren proposamenak asmo elektoralista izan dezake.
Guk edozein proposamen aztertzeko prest gaudela esatearekin batera, bilera eskaera bat egin genien. Bi aste joan dira harrezkero eta oraindik ez digute erantzun. Prentsa bidez erantzutea eta gure proposamena elektoralismoan kokatzea ez zait zintzoa iruditzen. Gure eskaintza eskuzabala eta arduratsua da. Bide politikoa soilik jorratu behar dugula esateagatik, laguna izatetik traidore izatera pasa gara. Nori egiten dio mesede horrek? Bestalde, gu oso lasai goaz hauteskundeetara, ez dugu ezer galtzeko. Gurea askatasun ariketa da, berdintasunean nahi dugu lehiatu. Gainera legez kanporatzearen auzian guk, hirukoak ez bezala, hitzez ez ezik, gure jarrera praktikara eraman dugu. Udal hauteskundeetan lortutako hainbat kargu ez dugu hartu, salbuespenak salbuespen. Azken eskaintza honi egindako erantzuna hau bada, agerian geratuko da.


Azkenak
Hegazkinez bidaiatzea trenez baino 26 aldiz merkeago izan daiteke Europan

Europa barruan hegaldiak hartzea trenez bidaiatzea baino 26 aldiz merkeagoa izan daiteke, 31 herrialdetako 142 ibilbidetan oinarritutako Greenpeaceren ikerketa baten arabera. Hegaldien zerga pribilegioei egotzi die desparekotasuna, eta trenbidea merketzeko neurriak eskatu ditu.


Belfasteko Kneecap musika taldea jo-puntuan: epaiketak, zentsura, jazarpena...

Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aurkako mezuak adierazteagatik mota askotako errepresioa jasan du Irlandako Kneecap musika taldeak: Liam Óg Ó hAnnaidh kidea asteazkenean epaitu zuten, Londresen emandako kontzertu batean Hezbollah miliziaren bandera... [+]


Gutxieneko soldata propioaren alde 138.495 sinadura lortu dituzte sindikatuek

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek aurkeztu dituzte Herri Ekimen Legegilearen sinadurak Eusko Legebiltzarrean. Orain pilota alderdien teilatuan dagoela esan dute, eta herritarren borondatea kontuan izatea eskatu diete.


Gazako genozidioan hildakoen %83 zibilak dira, Israelgo armadaren datuen arabera

Israelgo armadaren barne agiri batean agertzen diren datuek diote Gazan hil dituzten sei palestinarretatik bost zibilak direla, azken hamarkadetan aurrekaririk ez duen sarraskia izanik. Israelgo zerbitzu sekretuek maiatzean zioten armadak Hamaseko eta Jihad Islamikoko 8.900... [+]


Sexu erasoak “kopuruz eta intentsitatez handitu” dira Bilboko Aste Nagusian

Bilboko Konpartsek elkarretaratze jendetsua egin dute Arriaga Antzokiren aurrean azken egunetako eraso sexisten aurka egiteko. Konpartsek adierazi duten arabera, erasoak kopuruz eta intentsitatez handitu dira. Aste Nagusiaz gozatzera gonbidatu dituzte herritarrak, eta... [+]


Kartzelan jaioa eta Israelek eraila adin nagusitasunera iritsi aurretik: Youssef Al-Zuqen historia

Youssef Al-Zuq munduko preso gazteena izandakoaren bizitza Gazako zigor zikloaren ikur da. Al-Zug 2008an jaio zen kartzelan, ama atxilotu eta epaiketarik gabe espetxeratu ondoren. Uztailaren 12an hil zuten Israelen bonbardaketa batean.


Oporrak ere gaixotasun?

Abuztua heldu zaigu, irakurle. Oporretan zaude eta zuretzako denbora gehiago daukazu? Edo agian ez daukazu denborarik, oporrak planez bete dituzulako? Edozein modutan, kontuz! Egungo bizimoduaren psikologizazioak edonon sailkatzen ditu sindrome berriak, eta oporraldiak ez daude... [+]


Txikiren eta Otaegiren mural bati eraso egin diote Durangon

Durangoko Ernaik salatu du Txiki eta Otaegiren muralaren kontrako erasoa. Ostegun arratsaldean murala berregiteko dei egin dute.


Nazien kontzentrazio esparruetan palestinar zapia ezin dela jantzi ebatzi du Alemaniako epaitegi batek

Turingia estatuko Auzitegi Gorenak ebatzi du Buchenwald konzentrazio esparruko memorialak eskubidea duela kufija daraman edonori sarbidea ukatzeko, "judutar ugariren segurtasuna" arriskuan jarri baitezake.


AEBek beltzez margotu dute Mexikoko mugaren hesia haren tenperatura igo eta migratzaileak pasatzea saihesteko

Mexikoko mugako hesia beltzez margotu du AEBetako Gobernuak. Lehenengo brotxakadak ematera bertaratu da Segurtasun Nazionaleko idazkaria bera, Kristi Noem. Neurri horren bidez, hesiaren tenperatura igo nahi dute, eta horrela migratzaileen pasabidea zailtzeko.


Ibai Iturria Garmendia, mendi gidaria
“Jende asko ez da modu egokian joaten mendira, kezkagarria da”

Garmendi mendi gidaritza zerbitzuaren bitartez zeharkaldi eta ateraldiak antolatzen ditu Ibai Iturriak. Argitara eman diren datuekin kezkatuta, mendian "kontzientziaz eta arduraz" jokatzearen beharra azpimarratu du.


2025-08-21 | Gedar
Zumaiako Bedua jatetxeko esplotazioaren testigantza gehiago bildu dituzte

Ez kobratzea, nagusiaren senideen etxeak garbitu behar izatea, lantokian lo egin behar izatea, irainak... Luxuzko jatetxeko esklabotza-baldintzen lekukotzak argitara ateratzen jarraitzen dute Urola Kostan.


Israelek Gaza hiria okupatzeari ekin dio, Hamasek azken su-eten proposamena onartuta ere

Erakunde palestinarrak astelehenean jakinarazi zuen ohar batean Egiptoko eta Qatarreko bitartekariek proposatutako su-eten akordioa ontzat jo duela. Israelgo armadak, ordea, dagoeneko inguratuta dauka Gaza hiria, eta han dauden palestinarrei urriaren 7ra arteko epea eman die... [+]


Eguneraketa berriak daude