Carme Junyent: «Immigrazioak mesede egiten die katalana edo euskara bezalako hizkuntzei»


2005eko otsailaren 20an

Hizkuntza komunitate eleanitz berriak eta hizkuntza aniztasunaren etorkizuna. Zein mezu azaldu nahi izan duzu hitzaldian?


Kontuan izanda munduko hizkuntzen %95 mehatxatuta dagoela eta XXI. mendean zehar desager daitezkeela, eta horren arrazoi nagusietakoak migrazioak eta hizkuntzarenganako jarrera negatiboak direla, guztiok elkarrekin konpondu beharreko arazoaren aurrean gaude. Nekez salbatuko ditugu hizkuntzak bakarka. Euskadik edo Kataluniak bezala, menpeko hizkuntza -mehatxatutako hizkuntzatzat jo dezakeguna- daukaten erkidegoetan, migrazioek dakarten hizkuntza aniztasuna egoera aldatzeko giltza izan daiteke. Badirudi orain gizarte elebidunak osatzeko joera dugula, eta horiek hilgarriak dira menpeko hizkuntzarentzat. Oraingo aniztasunari etekina ateratzen badiogu, berriz, gizarte eleanitzak sortzeko joera sor dezakegu, eta horietan, agidanez, hobeto gordetzen da hizkuntza aniztasuna.

Migrazioak etorkinek beren hizkuntzarenganako duten jarrerari ere eragiten dio, antza


Konturatu gara Kataluniako etorkinen %70ak jatorrizko lurraldeetako egoerarekin parekotasunak bilatzen dituela. Batez ere katalanez egiten den eskualdeetan, euren hizkuntzari balio handiagoa ematen diote. Adibide argia berbereena da. Katalana normaltasunez erabiltzen dela ikusten dutenean, egoera biak parekatzen dituzte eta euren hizkuntzak ere balioa daukala pentsatzen dute. Beraz, gehiago erabiltzen hasten dira. Aldiz, gaztelania erabiltzen den lekuetan, mezu koloniala indartzen ari gara, "zure herrian jazotzen dena normala da, zilegia da", eta hori guztiz suntsigarria da hizkuntzarako. Gainera, bai euskarak, bai katalanak badaukate hiztun gutxi dauzkaten hizkuntzen abantaila bat: hitz egiteak taldean sartzea ahalbidetzen du. Leku egokian jaio ez dena ez da sekulan ingelesa izango, ingelesez primeran hitz egin arren, nortasunik ematen ez duen hizkuntza delako. Beste hizkuntza batzuek, aldiz, lortu egiten dute hori. Kasu horietan, bertoko hizkuntza bereganatzen dutenek naziotasuna eskuratzen dute paperik ez eduki arren. Integratzeko aukera da eurentzat. Eta jakina, horrek lagundu egiten die egoera zailean dauden hizkuntzei.
 
Euskal Herrian behintzat etorkin gutxik ikasten du euskara. Ez dakit Katalunian gehiagok ikasten ote duten katalanaà
Ez dira asko. Baina uste dut eredu hori zabalduz doala, beraiek ohartu egiten direlako katalanez hitz egiteak abantailak dakarzkiela. Gainera, umeen kasua dago. Ume batek ez dauka arazorik etorkina izanagatik; katalan egingo da hizkuntza bereganatuko duelako eskolan.

Hori orokorra da Katalunian?


Bai. Gainera badaude adibide politak. Oloten, katalanak oraindik indar handia daukan hirian, senegaldar asko dago, eta horien umeak katalanak dira, bertan jaioak dira eta. Eskola batean gertatu zen futbol partida antolatu zutela eta berez sortu zirela talde bi, bata ume beltzek osatua eta bestea ume zuriek, modurik argienean esatearren. Epaileari ez zitzaion hura gustatu eta nahastu egin nahi izan zituen, baina beltzek ezetz erantzun zioten, besteak "pijoak" zirelako eta gaztelaniaz egiten zutelako. Hizkuntzak identifikazioa ematen du, beraz.
 


Hala ere, gaztelania ez dakiten etorkinentzat, hizkuntza bi ikastea ez da, batzutan, gehiegizko ahalegina? Eta bakarra aukeratzekotan badakigu zein aukeratuko duten


Prozesu desberdinak daude. Emakume askok, esaterako, ez dute bakar bat bera ere ikasten. Beste batzuek landan egiten dute lan, eta han daudenak katalanak badira aski dute katalanez ikastearekin. Hori bai, agiriak egiteko garaian gaztelania jakin dezaten eskatzen zaie, antza. Baina gehienentzat ez da inongo arazoa hizkuntza bi ikastea. Hona datozen afrikar gehienek bospasei hizkuntza menderatzen dituzte. Haiei nahiko sinplea iruditzen zaie hemengo egoera, euren etxeetan dagoenarekin alderatuta.

Orduan, zure ustez katalana edo euskara bezalako hizkuntzei immigrazioak ez die kalterik egiten?


Une hauetan mesede egiten die. Katalanak, adibidez, argi eta garbi agertzen ditu ordezkapena jasaten ari den hizkuntzaren sintomak. Une erabakiorrean gaude, izan ere. Orain seme-alabak dauzkaten bikoteen %40k (gutxienez) ez badute katalana transmititzen, -eta ez dirudi joera hori denik- katalanari urte gutxi geratzen zaizkio. Baina, orain, Katalunia herri eleanitza dela aitortzen badugu, egoera berpizteko aukera daukagu, zein hizkuntzetan jardun behar dugun eztabaidatzeko unea hel daitekeelako.
 
Elebitasunaz ari garen artean badakigu norantz goazen: katalana desagertzerantz. Arazoa norbanakoaren eskubideen arabera aurkezten da beti. Ederto ba, denok ditugu eskubide berak. Orain eztabaida ez da hori, zein hizkuntzetan elkar ulertu behar dugun baizik. Eta orduan bai, erabakiak hartu beharko dira. Beraz, migrazioak katalanaren alde jokatzen du.
 
Bestalde, hizkuntza bat, gure kasuan katalana, zergatik ez den berreskuratzen aztertzen denean, hizkuntza gutxituen hiztunengan ohikoa den arazoa sumatzen da: ezezagunari beti hitz egiten diogu hizkuntza menperatzailean. Katalunian, orain urte gutxi arte, espainolez egiten bazenuen ia seguru zen besteak ulertuko zizula. Baina hori aldatu egin da orain. Etorri diren etorkinetatik, baliteke heren batek espainola izatea ama-hizkuntza, baina gainerakoek ez. Berbarako, Ekuadorretik eta Perutik etorritakoen artean ketxua eta aimara hiztun asko aurkitu ditugu. Beraiek ezkutuan gorde dute hizkuntza horiek dakizkitela. Jendeari ulertarazten badiogu pertsona horiek ez dutela zertan espainolez egin, ezezagunari beti gaztelaniaz hitz egiteko joera hori alda daiteke. Eta aldaketa horrek asko lagundu lezake hizkuntza, katalana kasu honetan, berpizten, baina horretarako besteen nortasuna ezagutu behar da.


Zelan eragin aldaketa hori, nolabait bortxatu beharko litzateke?


Hara, bortxatu, bortxatu. Egoera ezagutarazi behar da. Katalunian Generalitateak arabiera itzultzaileak ipini ditu eskoletan, ume marokoarrak direlako gehien. Guztiek ematen zuten ziurtzat ume marokoarrek arabieraz egiten dutela, baina batzuk berbereak dira, eta askotan euren ama berber hiztun elebakarra da. Tutoreak gurasoekin hitz egin behar izan duen askotan, ama baino ez da joan, eta orduan konturatu dira arabierako itzultzaileak eta amak ezin dutela elkar ulertu. Grup d'Estudi de Llengües Amenaçades erakusketa bat prestatzen dabil Katalunian hitz egiten diren hizkuntzez. 250 aurkitu dira eta gehiago direla uste da. Konparazio baterako, denok pentsatzen dugu Filipinetatik datozen guztiek tagaloz hitz egiten dutela, baina guk Filipinetako dozena bat hizkuntza topatu dugu.

Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Eguneraketa berriak daude