Zementua auzotik itsasora


2005eko urtarrilaren 16an

Bat nazionala errepideak alderik alde gurutzatzen du Donostiako Añorga auzoa, aspaldi honetan iskanbila dezente sortu da errepide honekin gainera, auzoa bitan zatitzen baitu. Añorgara ailegatzen den edonork ikusiko duen lehen gauza errepidearen alde batean dagoen fabrika handia da, Cementos Rezola lantegia, bere produktuaren marketing ezin hobea eginez, fabrika guztia zementuz eraikia baitago. Baina lantegia bakarrik ez, honen ondoan jaso diren beste eraikinak ere zementuzkoak dira: etxeak, eliza, kirol zelaia... Badirudi zementuzko elurra egin duela leku honetan.

Dena den, honek badu bere azalpena, beste leku askotan bezala, enpresari batek lantegi txiki bat eraiki zuen, negozioak gora egin eta lantegi txikia erraldoi bihurtu zen, langileentzako etxeak, eskolak, eliza, kirol elkartea, ile-apaindegia... eraiki ziren orduan eta enpresaria auzoko mezenas bilakatu zen. Hori dugu Añorga eta hori dugu Rezola. Nolanahi ere, bertako gazte eta bizilagunen aldarrikapenengatik eta sortu ziren ekimen sozialengatik ezaguna da auzoa, dena ez da grisa Añorgan.

Hormigoizko museoa

Museum Cementos Rezola-ra hurbildu garenean ez gaitu harritu hormigoiz egina dagoela ikusteak. Lehengo eskola zaharrak zeuden eraikina birmoldatu eta abangoardia itxurako museoa sortu zuen Rezola enpresak bertan. Jarduera honekin, bertako industriaren ezagutza handitu eta memoria historikoa berreskuratu nahi izan da, eraikina horretara dago bideraturik eta zementuaren historiak ere leku nagusia izan ohi du bertako erakusketetan.

Museoa ez da handia, baina leku murritza izanik ere, probetxu handia atera diotela dirudi. Albo batera geratzen den gela txikian auditorio txukuna aurki dezakegu, proiekzioak edo hitzaldiak egiteko espresuki egina. Barrurago sartu garenean, areto zabalarekin egin dugu topo, zementuari buruzko behin betiko erakusketa jasotzen da bertan: zementuzko industriaren historia, lantzeko prozesua, ingurumena, arkitektura... Horretaz gain Rezola familiari buruzko atala ere badago, enpresak izan dituen gorabeherak kontatuz. Jose Maria Rezolak 1850ean, Añorga Txikin zegoen irina egiteko errota harria txikitzeko moldatu zuen, Arteagakobizkarra izeneko harrobian zegoen harriaz baliatu zen horretarako, kalitate handikoa. Enpresaren fundatzailea hil zenean bere semeek hartu zuten honen gidaritza, XX. mendean porlana egiten hasi ziren labe bertikalen bidez eta hortik aurrera estatu mailako "kartel" handi batean parte hartu zuten, sekulako dirutza irabaziz. Fabrikan 600 langiletik gora aritu izan ziren lanean eta datu bitxi bat ere aurkitu dugu: hauetako langile bakoitzak 1919an 6 pezetako jornala irabazten zuen.

Zementua itsasoan zehar

Baina gure arreta, aretoaren erdialdean dagoen biribil formako beste aretoak erakarri du, bertan erakusketa bitxia aurkezten da, Rezola enpresak itsasoarekin izan zituen erlazioak azalduz. Gezurra badirudi ere, zementua oso loturik dago itsasoarekin. Produktu merkea izanik, garraiobideek asko baldintzatzen zuten azken prezioa eta itsaso bidezkoa zen egokiena, zementua merke eta ugari garraiatzeko. Ez da kasualitatea, lantokia itsasotik hain hurbil kokatu izana, Antiguo auzoan ere bazuen eraikin bat eta bertatik trenbidea egin zuten Donostiako porturaino.

Izan ere, 1953ra arte, Donostiako portutik zementua eta ikatza itsasoratu zitezkeen eta Rezolak bertara eramaten zuen bere produktua, idi gurdiz eta lurrun kamioien bidez, 1905ean trenbidea egin zen arte. Zentzu honetan, paneletan aurkitzen ditugun argazkiak ikusgarriak dira, Donostiako portu guztia zementua zeramaten barrilez beteta aurki dezakegu »barril hauek berreskuratu egin behar izaten zituzten, garestiegiak baitziren». Donostian inoiz itsasoratu den itsasontzi handiena Añorga izenekoa da, enpresak 1916an erosi zuen eta sekulako ikusmira sortzen zen itsasontzia portura sartzeko garaian, itsasgora aprobetxatuz egin behar izaten zuten maniobra hau. Flota propioa sortzeko bidean, urte batzuk beranduago beste bi itsasontzi erosi zituzten, pakebote bat eta Nuestra Señora del Carmen izeneko goleta, baina azken hau itsasoak irentsi zuen, Gijon parean hondoratu egin zen bi tripulatzaile berarekin eramanez. Itsasoaren beste aurpegia ikusi ahal izan zen orduan.

Erakusketa pausoz pauso ikusteko antolaturik dagoen arren, begiak beste norabait joan zaizkigu momentu batean, izan ere, ezin izan dugu saihestu itsasontzi handi baten maketari arreta berezia jartzea; Donostiako portuan nola demontre sartuko ote zen galdetzen diogu gure buruari, baina erantzuna laster aurkitu dugu. Itsasontziak Cementos Rezola Galicia izena zuen eta Pasaiako portuan itsasoratzen zen, ez Donostiakoan. Ahizpa bikia ere bazuen Cementos Rezola Tres izenekoa, biak 1960an egin zituzten, estatu mailan solteko gaiak garraiatzeko lehen itsasontziak izan ziren eta Pasaian leku bat erosi behar izan zuten Donostian sartzen ez zirelako.

1970etik aurrera Cementos Rezolak ez zuen itsasontzi gehiago erosiko, zituen ontziak saldu eta zementua ontzi handiagoak pleitatuz esportatzen hasi zen. Garai baten bukaera izan zen, itsasoa bigarren mailako bihurtu zen orduan, baina enpresaren nortasunaren parte izaten jarraitu zuen hala ere, bere anagramak daraman aingura da horren lekuko. Gu museotik irten gara, egun argia da, baina euria ari du eta zementuaren kolore gris artean ilun ikusten dugu zerua. Nork esango luke hormigoizko pareta horien atzean itsaso urdinaren kolorea aurki zitekeenik?

Exiliatuen garraio
1936ko gerrak arlo guztietan eragin zuen, gerra totala izan zen eta horrek errekurtso guztiak erabiltzera behartu zituen bi bandoak. Rezola enpresa ez zen eragin honetatik kanpo geratu, tropa frankistak Donostian sartzear zirela, bataiatu berri zituen bere bi ontziak Cementos Rezola I eta Cementos Rezola II -lehen Añorga eta Añorga Txiki izenez ezagunak-, enpresaren baimenik gabe bereganatu eta erbestera zihoan jendez bete zituzten. Norako bidean zihoazen jakin gabe itsasoratu ziren ehunka lagun bi ontzi hauetan, frankisten errepresiotik ihesi. Gestio diplomatiko zenbaiten ondoren enpresak hauetako ontzi bat berreskuratu ahal izan zuen, baina bestea La Rochelletik Ingalaterrara bidali zuten eta 1939an gerra amaitu zen arte ezin izan zuten Donostiara ekarri.

Gaur, bi ontzi horien argazkia ikusterakoan, ezin dugu imajinatu nolako sufrimendua pasatu behar izan zuten hauetan sarturik erbestera joan ziren horiek. Argazkian bi bandera espainiar ikus daitezke Cementos Rezola ontzien brankan eta txopan, Bigarren Mundu Gerra zela eta, herrialde neutral batekoak zirela adierazteko ipini zituzten hor, baina paradoxa dirudienik ezin ukatu, urte batzuk lehenago zertarako erabili ziren jakinda behinik behin.


ASTEKARIA
2005eko urtarrilaren 16a
Azoka
Azkenak
Maiatzaren 2an hasiko da Ziburuko Azokaren Azokaldia

Ziburuko 5. Liburu eta Disko Azoka ekainaren 1ean egingo da, baina aurrez, maiatzean, beste lau hitzordu mamitsu eskainiko dituzte Lapurdiko lau txokotan.


2024-04-16 | ARGIA
Gizon bat atxilotu dute Ziburun, emakume bat hotel bateko bosgarren solairutik jausi ondoren

Emakumea oso larri dago erietxean, Sud Ouest egunkariak jakinarazi duenez. Haren bikotekidea izan daitekeen gizona fidantzarik gabeko atxiloaldian sartu dute, aurrekariak dituelako.


Kokaina gaindosiaz heriotza, Donostiako Tabarin kabaretan

Kabaretak, parrandak, emakume biluziak dantzan, kokaina, heroina eta morfina salgai farmazietan... Pelikula bateko eszena dirudi, baina Donostiaz ari gara. Orain 100 urte baino gehiago, aristokratentzat eta burgesentzat festa latzak izaten ziren hiriko kabaretetan. 1917an,... [+]


Eguneraketa berriak daude