Kalitatearen bidea

  • Euskara kalitatezkoa dela noiz esan daiteke? Galdera horri erantzuten saiatu da Joxerra Garzia segidako artikuluan. Hizkuntzak inorengan eragiteko balio duenean izango da kalitatezkoa Garziaren ustez, hau da, zirikatzeko, kontsolatzeko, amorrarazteko balio badu, bestela, inork erabiliko ez lukeen gurpil karratudun bizikletaren pareko litzateke.

2005eko urtarrilaren 16an

Euskararen Aholku Batzordearen aginduz Kike Amonarriz, Andoni Egaña eta hirurok euskararen kalitateari buruzko txostena lantzen hasi ginenean, ez genuen susmatu ere egiten zer nolako soka luzea ekarriko zigun zorioneko txosten horrek.

Azken hiru hilabeteotan, esaterako, hainbat hitzaldi eman ditugu han-hemen, nahiz eta tamalez ez garen iritsi eskatutako toki guztietara. Hitzaldi eta aurkezpenotan, lehendik bagenekiena berretsi dugu: kontzeptu bihurria dela, alegia, hizkuntzaren kalitatearena, nork bere erara ulertzen baitu. Eta, esanak esan, zaila da txosten eta hitzaldi bidez jendeak aurrez daukan ikuspegia aldatzen. Hori dela eta, gure ikuspegia ahalik argien azaltzeko baliatu nahi nuke ARGIAk eskaini digun aukera hau.

Euskararen kalitatea aipatzen denean ez baita beti gauza bera esan nahi izaten, esan nahi diren gauza desberdinak ordenatu eta sailkatzeko modu bat baino ez da, azken batean, Ibon Sarasolarengandik jaso-moldatu eta aspaldion dezente famatu den hirukote hori: zuzen/jator/egoki, alegia. Batzuek arauen araberako euskarari esaten diote euskara ona, eta guk "zuzentasuna" deitu diogu kalitate mota horri; beste batzuek, berriz, euskal senaren edo usadioaren araberako euskarari esaten diote euskara ona, eta guk "jatortasuna" bataiatu dugu kalitatearen ikuspegi hori. Bi horiek dira, gure ustez, "euskararen kalitatea" ulertzeko orain arteko ikuspegi nagusiak.

Zuzentasuna eta jatortasuna, biak neurtzen dira hizkuntzaren beraren irizpidez. Eta, gure ustez, hortxe dago koxka, hizkuntza baten kalitatea ez baita hizkuntzaren barnetik neurtzen ahal. Koldo Mitxelenak, esaterako, aizkorarekin alderatzen zuen hizkuntza. Nola neurtzen da, ordea, aizkora baten kalitatea? Ez noski aizkorari berari begiratuta, aizkora horrek egin dezakeenari erreparatuta baizik. Ondo ebakitzen badu, ona da aizkora; ebakitzen ez badu, berriz, alfer-alferrik izango da munduko aizkorarik politena.

Beste hainbeste gertatzen da hizkuntzarekin: inorengan eragiteko balio badu, ona da hizkuntza; ez badu, alfer-alferrik izango da dotore, jaso eta goi mailako. Guk "egokitasuna" deitu diogu kalitate mota horri, eta, txostenean diogun bezala, hori da oroz gainetik zaindu behar genukeen kalitatea.

Izan ere, berez balio behar lukeenerako balio ez duen tresna apenas inork erabiliko baitu. Inor txunditu, zirikatu, kontsolatu, amorrarazi edota limurtzeko balio ezean, ezer gutxirako balio du hizkuntzak, eta, gurpil karratudun bizikletaz ibiltzeko adina gogo izango du hiztunak hizkuntza hori erabiltzeko. Maite maiteko du agian, eta baita gurtu ere akaso. Erabili, ordea, balio dion neurri, alor eta egitekotan baino ez du erabiliko.

Azken aspaldion egin diren ikerketetan argi eta garbi ikus daitekeenez, euskararen erabilera ez da hazi ezagutza hazi den neurri berean, ezta hurrik eman ere. Hala, bada, ez dira gutxi euskaraz jakin arren egoera jakin batzuetan erdara erabiltzen duten hiztunak. Normala ere bada hori, neurri batean, hazten ari den hizkuntza baten kasuan, eta badira hor, hizkuntzaren kalitateaz gain, beste eragozpen batzuk ere. Baina, dudarik gabe, zenbat eta hizkuntza bat egokiago izan hiztunaren funtsezko premiak asetzeko, orduan eta joera handiagoa izango du hiztunak hizkuntza hori noiz eta nonahi erabiltzeko.

Erabilia izatea, horixe da hizkuntza batek kalitate gorena iristeko bide bakarra. Euskaraz, gaur egun, edozer gauza esan daiteke. Gauzarik bihurriena galdetuta ere, asmatuko genuke nola esan daitekeen. Ez, ordea, nola esaten den. Eta horrexek ematen die esapideei indarra: ez hizkuntza irizpidez zuzen edo jator izateak, hiztunen ahotan behin eta berriz erabiliak izateak baizik. Begira nola dabilen orain latina, garai batean orotariko hizkuntza bakarra zirudiena.

Hiztunei erabiltzean plazer emango dien euskara behar dugu, hiztunen komunikazio premiak asetzeko modukoa. Hori da oroz gain zaindu beharreko kalitatea, eta horri esaten diogu guk "euskara egokia". Jakina, egoki izateaz gain zuzen eta jator balitz, hobe. Hori litzateke, hain zuzen ere, "euskara ona": egoki ez ezik zuzen eta jatorra den euskara, alegia. Dudarik gabe, horrek behar du izan gure azken helburua.

Gertatzen dena da, ordea, gauden egoera sozio-linguistikoan gaudela, eta gauden egoeran elkarren kontrako lehian egoten direla sarri zuzentasun-jatortasunak eta egokitasuna. Eta horrelakoetan, gure ustez, egokitasunari eman behar genioke beti lehentasuna, egokitasunak bakarrik berma baitezake motibazioa, eta motibazioak erabilera.

Tamalez, ezin esan horretan oso txukun gabiltzanik. Familiaz gain hizkuntzaren transmisioa bermatzeko ditugun bi alor eraginkorrenetan, behintzat, ez dira asko egokitasunari lehentasuna ematen dioten kasuak. Aitzitik, eta salbuespenak salbu, nola hezkuntza sistema hala hedabideak ere, nagusiki zuzentasunari begira dauzkagu antolatuak. Eta horrek, alferlan ugariz gain, albo-kalte dezente eragiten ditu.

Eskolan, esaterako, mutu hezten ditugu ikasleak, eta gero harritu egiten gara, hizketan moldatzen ez direlako. Idatzian ere, ordea, paradigmei ematen zaie gehienetan lehentasuna, hizkuntza bizitzeko eta gozatzeko apenas balio duen metajardunari. Metaforaren definizioa eta adibide klasikoak irakasten dizkiegu ikasleei, esaterako, baina gutxitan azaltzen diegu txunditzeko, kontsolatzeko edo maitemintzeko tresna ezin egokiagoa dela metafora. Eta halaxe ateratzen dira ikasle asko eta asko D eredutik: erdaraz ikasteko gai ez direla, eta, okerragoa dena, euskaraz gozatzeko gauza ez direla.

Hedabideetan ere, ikusgarria da nola zabaltzen diren zuzentasunari dagozkion kontuak. "Partida" dela, "ohiko" dela, ez dago Euskaltzaindia kexatzeko moduan: esanekoak gaitu oso. Zuzentasun hutsa baino aintzat hartu ez izanak, ordea, ezgaitasun konplexu halako bat eragin die berez hiztun ezinago jator eta egoki diren asko eta askori, batez ere batutik urrutien dauden euskalkietako hiztunen artean.
Txikia ez ezik txikitua izan den gurea bezalako hizkuntza bat hazteak berez dakar kalitatearen galera. Hortik aurrerakoa, berriz, gure esku dago dena. Egoki jarduten asmatzen badugu, hutsaren hurrengoa izango da galera; egoki jokatzen asmatzen ez badugu, ordea, berez behar lukeen baino handiagoa egingo dugu galera hori.

Gure ustez, beraz, hemendik aurrerako ahalegin guztietan egokitasunaren ikuspegia erabili behar genuke, bai eskolan, bai hedabideetan, bai gainerako alorretan ere. Irizpide deserosoa da egokitasunarena, ez baitago behin-betiko zehazterik. Aitzitik, aldian aldiko egoeraren arabera erabaki behar da kasu bakoitzean zer den eta zer ez den euskara egokia.

Egokitasunaren irizpide hori, esan dezadan azkenik, ez dago goitik behera, dekretuz ezartzerik. Alorrean alorreko jendea ohartarazi, kontzientziatu eta persuaditu beharko da aurrena. Hurrena, jende hori hezi egin beharko da, eta horrek bere denbora behar du. Bide luzea geratzen zaigu, beraz, baina guztion ahalegina norabide berean baldin badoa, seguru nago bidea bera gozagarri gertatuko zaigula.

Eta hala hobe, inoiz amaitzen ez den bidea baita hizkuntzaren kalitatearena.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude