Euskararen kalitatea: Nola landu euskara «ona» eskolan eta aisian?

  • Amezketako Zumadi eskolan ikasleek darabilten euskararekin harro daude irakasleak, beti euskaraz hitz egiten dute eta bertako hizkeran, bizi-bizi. Hala ere, euskara jator hori ez galtzeko eta hobetzeko lanean segitzen dute. Santurtziko Axular eskolan larriago dabiltza. Gaztelaniak inguratuta, ikasleek diote ez dutela lekeitiarrek bezala berba egiten, adibidez. Lea-Artibaiko gazteek herriko hizkeran ederki asko egiten dute, baina euskara jasoa egiterakoan freskotasuna galtzen dute, bizkaiera jasoa arrotza zaie. Urtxintxa Eskolako Jaime Altunak haur eta gaztetxoek jolas egiteko, haserretzeko, ligatzeko euskararekin dituzten arazoak azaldu dizkigu.

2005eko urtarrilaren 16an

Jaime Altunak, Urtxintxa Eskolako arduradunak, euskararen kalitateari buruz hitz egiten dugunean, batez ere, gazteak aipatzen ditugula dio; gazteek ez omen dakite euskaraz ligatzen, haserretzen, adarra jotzen... Hondarribiko sei urteko neskatoa du gogoan Altunak. "Primero cagalero, segundo campeón, tercero marinero, cuarto ladrón" txantxa abestia kantatzen omen zuen. Euskaraz egiten zuen haurrak etxean, eskolan, jolasean eta gaztelaniaz nahiko lan. Adin horretako batzuek abesti hori ere ez zuten ondo ulertzen. Hondarribikoek euskaraz zekiten bakarra hau omen zen: "Pintto pintto pincho de tortilla, pincho de jamón y si no hay tortilla hay melocotón". Altunak argi du: "Euskarak horrelako gauzetarako ez duela balio, euskaraz jolasteko aukerarik ez dagoela esaera haurrekin betetzen da gazteekin baino lehenago". Adin guztietako haur eta gazteekin dute esperientzia Urtxintxa Eskolan, euskara eta aisia uztartuz, 0tik hasi eta 18 urte artekoekin aritzen baitira. Begirale, irakasle eta gurasoekin ere egiten dute lan.

Txiki-txikitatik euskaraz jolasteko gabeziak nabari badituzte ere, 13-14-15 urtekoekin lan egitea oso zaila dela aitortu digu Altunak: "Ez dakizu zein motatako programak erabili eta ez dakit ez ote den komeni gaztelaniaren alde egitea gazte hauen aurrean, alegia: 'el español es muy bonito, teneis que hablar en español...', euskarara salto egingo dute agian", dio barrez. Adinik txarrena da, beraz; gazteak baino haurrak motibatzea errazagoa omen da eta 17-18 urtekoak euskararen balioaz kontzienteago omen dira. Baina kontzientzia behar da euskaraz aritzeko, gozatzeko? Altunak dio beste hizkuntzekin ez dela hori gertatzen, bera ez da hizkuntza eta kontzientzia lotzearen aldekoa, gazteari euskarak ligatzeko balio behar dio, haserretzeko eta kito. Baina euskara aisiaren alorrean hankamotz nabari du Altunak. Modu informalean, lagunartean aritzeko baliabide gehiago ditu gaztelaniak adibidez. Telebistaz, zinearen bidez heltzen zaie gaztelania gazteei, euskaraz ez hainbeste.

Sortu, berreskuratu, itzuli

Baliabideak urri badira gazteentzat nonbaitetik atera behar. Hiru bide aipatu dizkigu Altunak, gazteek euskararekin gozatzeko aukera gehiago izan dezaten. Hizkuntzarekin jolasteko gaitasuna erabiltzea da lehenengo aukera. Gaitasun hori berreskuratu beharko dela dio Altunak: "Zuzentasunaren kontuarekin gazteek sortzeko, birsortzeko, jolasteko gaitasuna moztu dute, beldurra dute, ez dira ausartzen". Sortzeko ordea, gazteek hizkuntza menperatu behar dutela dio Altunak: "Hizkuntzarekin jolasteko oinarri handia izan behar duzu eta zein punturaino daukate gaurko haur eta gazteek oinarri sendoa?". Aurreko belaunaldiek erabilitako jolas baliabideak berreskuratzea da beste bidea, baina kontuan hartuta gazteen bizimodua desberdina dela, modak daudela eta beti lehengoek ez dutela balio. Jolas abestiak eta antzekoak itzultzea da hirugarren bidea, baina Altuna ez da oso ziur metodo honen baliagarritasunaz: "Batetik, guk itzultzerako eta politak egiterako modaz pasatzen dira batzuetan eta bestetik, haurrek jatorrizkoa entzun badute itzulpenak xarma galtzen du".

Dena dela, Altunak gazteak eta haurrak euskaraz aisian gozatzeko gai izango diren itxaropena ez du galdu, baikor izateko arrazoiak ba omen dira: "Orain dela zortzi-hamar urte euskaraz zekiten haurrek gaztelaniaz jolasten zuten, euskarazko gauza gutxi zuten. Oraingoek hainbat abesti, jolas badakizkite. Haur txikiek handienak entzuten dituzte eta horienak eskatzen dituzte. Amonarriz, Egaña eta Garziak prestatu duten hausnarketaren bidetik, zuzena/ez zuzena kontzeptuei beldurra kentzen badiegu haur eta gazteei, hizkuntza hankaz gora jartzen ikasten badute, aurrera egin dezakegu".

Lea-Artibaiko gazteen euskara bizia

Nerea Jaiok (Busturialdeko eta Lea-Artibaiko hizkuntza normalkuntzarako aholkulariak) ezagutzen ditu Bizkaiko kostako eskualde horretako haur eta gazteak eta haien gorabeherak kontatu dizkigu.

Lea-Artibain (Gernikaraino) gazteek egiten duten euskara bizia da eta nabarmen igartzen omen da gazteen artean indartsu dagoela. Ez da gauza bera gertatzen kostako Bermeo eta Mundaka herrietan. Azken datuen arabera, erabilerak behera egin du eta gaztelania nagusitu da. Lea-Artibain euskara da nagusi. Eskualde horretan gazteek darabilten euskarak ezaugarri hauek ditu:

- Herri hizkeran berba egiten dute euren artean, euskalkia erabiltzen dute, baina jasoa barik. Eskolan horrela hitz egiten dute, pasilloetan ere bai... baita idatziz sms-ak bidaltzerakoan ere.
- Euskara batua darabilte idazteko eta maila oso ona daukate.
- Ahozko era jasoan uste du Jaiok arazoa dagoela: "Ikasgelan gaiak aurkezteko esanda, ahoz jasoan aritzeko lanak dituzte. Herriko hizkerak bere doinua, azentua dauka eta hori dena euskara jasora pasatu eta doinuagatik, azentuagatik... galduta sentitzen dira. Hain ondo berba egiten duten gazteek ere jasoan hasten direnean, jarioa, etorria galtzen dute. Asko ahalegintzen badira lortzen dute, baina beti ere berena galduta". Salto handia dago nonbait ikasleek berba egiten dutenetik euskara jasora.

EGAko azterketan ikasle oso onek ere arazoak izan omen dituzte. Ahozkoa batuan egiteko eskatu eta euskararekin oso ondo moldatzen diren ikasle batzuek ezin asmatu.

- Gaztelaniaz ez dute oso ondo hitz egiten eta badute horren konplejua.

Nerea Jaiok Lea-Artibai eskualdeko gazteen gabeziak laburbildu dizkigu:

- Euskara jasoa erabiltzen ikasi behar dute, baina daukatena galdu gabe.
- Herriko hizkera eta hizkuntza akatsak bereizten jakin behar dute.
- Badira eskualdean berezko hainbat esamolde, berba, irain... baina galtzen ari dira. Hedabideetan, gazteentzat egindako programetan, ez dituzte horrelakoak entzuten. Gipuzkoa aldekoak bai: "neska katxarroa"... baina "neska peazoa" ez da entzuten. Ez dute entzuten eta ondorioz ez dute erabiltzen. Erabili gabe galtzen ari dira eta horregatik ari dira bertako esaera eta gainerakoen bildumak osatzen.
- Gaztelaniatik hartuta sortzen dituzte hitz edo esamoldeak. Gaztelaniazko "raya" "arraia" da beraientzat. Gaztelaniazkoak hartzen dituzte uste dutelako berenek ez dutela prestigiorik (ez direlako inon agertzen).

Amezketan arduratuta bai, baina kezkatuta ez

Zumadi eskolako Lurdes Larreta zuzendariak eta Agustin Amiano euskara normalkuntzarako arduradun teknikoak esan digute hori. Ikasle denak hitz egiten dute euskaraz »12 urte arteko 100 inguru», salbuespenik gabe. Euskara jatorra, bizi-bizia, sanoa, aberatsa, etxekoa darabilte. Eskolan, etxean, kalean erabiltzen dute. Euskara badakite eta dakitena ona da. Hala ere, zortzi urte daramatzate euskararen gaia lantzen. Larretak hitz gutxitan laburbildu digu helburua zein den: "Lehengoari eutsi, zaindu, baloratu eta gero, euskara jaso horren jabe egin". Amianok zera gehitu dio horri: "Dagoenetik ez dugu ezer kendu nahi". Helburua lortzeko ordea, bitartekoak jarri behar eta eskola orduetan egiten duten hainbat ariketa aipatu digute. Ipuinak zein antzerki lanak irakurri eta ikasten dituzte, euskara batuan denak ere. Ikasleek batuan irakurritakoa beren hizkerara moldatu beharko dute, hasieran irakaslearen laguntzarekin eta gero laguntzarik gabe. Alegia, "nik hau erosi dut" irakurri eta "nik hau eosiet" esaten ikasi behar dute. Batuan irakurritakoa etxeko hizkeran azalduko dute gelakideen aurrean, beste maila bateko ikaskideen aurrean edota gurasoen aurrean. Ahozkotasunari garrantzia handia eman diote Zumadi eskolan, jarioa landu behar da, jendaurrean hitz egiten jakin behar da. Amezketako eskolako bi irakasleek arantzatxoa ere aipatu digute: hitanoaren galera. Mutilek beraien artean txiki-txikitatik egiten dute hika, baina neskek ez beraien artean eta ezta mutilei ere. Mutilak hikako forma traketsak erabiltzen ere hasi dira, hala nola, esaldi subordinatuetan hika erabiltzen. Batua, jasoa, hitanoa, herriko hizkera... hizkeraren aldaera mordoaren artean nahasmena sortzeko arriskua dagoela badakite irakasleek eta duela gutxi hainbat erabaki hartu dute bakoitzaren erabilera esparruari dagokionez:

- Euskara jasoaren erabilera: egoera bereziak sortuko dituzte ikasleek ahozko euskara jasoa erabili dezaten. Ikasgaietako hainbat testu mota aukeratuko dute horretarako. Irakasleak euskara jasoan arituko dira azalpen orokorrak emateko eta egoera informaletan bat-batekotasunari lekua utziko diote.
- Hikako jasoa: idatzietan eta irakurgaietan erabiliko dute. Beraien artean hika erabiltzea bultzatuko da, baina irakasleei zuka egingo diote ikasleek. Irakasleek berriz, hika egin ahal izango diete hainbat egoeretan, beti ere, bi aldeak eroso sentitzen badira.

Santurtziko ikasle akonplejatuak

Axular institutuko gazteez ari gara, 12 eta 18 urte artekoez. 380 ikasle dira, denak D ereduan ari dira ikasten, baina Gotzon Bilbao eta Ramon Garate irakasleek aitortu dutenez, ikasleek barneratuta dute ez dutela hain ondo hitz egiten euskaraz. Esate baterako, lekeitiar gazteekin alderatzen dute euren burua eta ez omen dute berdin hitz egiten. Bilbao irakasleak esan digunez, euskara maila ona dute, beraiek uste baino hobea; hori bai, idatziz hobeto moldatzen dira ahozkoan baino. Batuan hitz egiten dute eskolan, irakasle guztiak ez dira bizkaitarrak eta bizkaiera batua landu gabe daukate.

Ikasleak euskara batuan aritzen direla esan dugu. Alabaina, zoritxarrez, erabileraren maiztasun kontuak aipatu behar hemen. Santurtzin euskara entzutea da arraroa. Axularko ikasleak ez dira bereziak eta hauek ere gaztelaniaz egiten dute kalean, etxean eta baita eskolan ere. Guraso batzuek gehiegi pentsatu gabe matrikulatzen dituzte D ereduan haurrak eta motibazio gutxi izaten omen dute ikasle horiek euskaraz aritzeko. Motibaziorik ez eta inguruak ere, motibatzeko laguntza handirik ez die ematen. Ikasle zaharrenak ohartzen omen dira euskaraz egiteak duen garrantziaz. Ikasle ohiek kalean topatutako irakasleari euskaraz egiten diote.

Urtxintxa Eskolaren izenean hitz egin digun Jaime Altunak aipatu du lehenxeago kontzientzia eta hizkuntzaren erabileraren arteko loturaren zalantza. Haurrak, gazteak euskararen balioaz jabetu behar du hizkuntza hori erabiltzeko? Daukan euskara maila daukala ere, ezin gozatu euskararekin?

Ibon Sarasola, euskaltzain osoa: «Nahiago dut gazteek egin dezatela euskara infamea erdarara pasatzea baino»
Oraintsu aurkeztu du Euskararen Aholku Batzordeak euskararen kalitateari buruzko hausnarketa. Hausnarketa horren gunean zuri harturiko eta moldaturiko hiru kontzeptu daude: euskara zuzena, jatorra eta egokia. Zer lehenetsi behar da? Euskara akademikoa ala euskara komunikatiboa? Noiz erabili bakoitza?
Komunikatiboaren kontrakoa ez da akademikoa. Zer da euskara akademikoa? Badu zera peioratiboa. Ez da, ordea, euskara akademikoa txarra, baizik eta txarra denean ez da, generalean, komunikatiboa izaten. Hemen antagonikoak euskara ona eta txarra dira. Adibidez: hiru kasu eman dira, hiru kasu gertatu dira esan beharrean. Komunikatiboagoa edo akademikoagoa da bat ala bestea? Bat euskara ona da eta bestea txarra, traketsa, inoiz gure artean erabili ez dena. Hala ere, dudarik gabe, lehenetsi behar dena da euskara komunikatiboa, euskara zuzenaren eta jatorraren aurretik.

Euskararen kalitatearen gaia atera orduko, askoren ahotan kezka eta beldurra azaldu da: besterik gabe euskaraz hitz egiteko lanak dituztenek, euskaldun berriek... ez dute atzera egingo? ez dira akonplejatuko kalitateaz hitz egiten hasten bagara?
Ikuspuntu horretatik, euskararik okerrena erdara da. Okerren hitz egiten duenak ere ez luke konpleju hori izan behar. Problema da euskaldun berriak edo zaharrak izanda ere, sasi maisu bihurtzen direnean. Baina batek aitortzen badu: «Nik ahal dudana egiten dut». Horrek ez du aitzakiarik. Laudagarria, txalogarria da. Guztiok egiten duguna egin beharko luke, ahalik eta ondoen hizketan jardun. Euskaldun berriei egundoko meritua aitortzen diet.

Kalitateaz ari gara, ordea, orain.
Kalitatea ez da azken helburua. Badaude gauza urgenteagoak: zenbat eta gehiago hitz egin hobe. Zenbat eta euskaldun berri gehiago egon hobe eta zenbat eta gehiago hitz egin hobe. Hori da lehentasuna. Gero eta hobeto egiten badute, are hobeago. Hasten bazaizkie: «hau horrela esaten da..» esango du: «erdaraz egingo dut». Eta hori da gerta dakiguken azkena.

Luis Mari Larringan eta Itziar Idiazabalek diote euskararen kalitateari buruz hitz egiteko kalitateak zer esan nahi duen zehaztu behar dela, euskara "ona" edo "txarra" esatea ez dela nahikoa. Zuretzako zer da kalitatezko euskara?
Nik argi xamar dut, baina problema da horrek praktikan zer esan nahi duen. Euskara ona da betiko ildoari jarraitzen diona. Guk ezin dugu hitz egin gure gurasoek, eta are gutxiago, gure aiton-amonek bezala, baina ildo berean segitu beharko genuke, ez ildoz aldatu. Aldatu aldatu behar dena, baina hizkuntzaren barrutik, nolabait. Euskara ona hori da, betidanikoa gaurko premietara egokitua. Euskara txarra da ildo horretatik atera eta horren ordez, ez osatzeko, horren ordez baizik, erdarazko esapideak, (hitzak... hor konpon) esaldiak egiteko sistemak-eta erabiltzen dituena.

Euskararen kalitatea aipatzen dugunean ia beti haurrei eta gazteei buruz ari gara. Hauek "izorratu" dute euskara? Aurreko belaunaldiak diferenteak izan al gara?
Mundua asko aldatu da azken urteotan. Telebistarena ikaragarria izan da hizkuntza guztiak aldatze horretan. Oraingo gazte jendea beste mundu batean bizi da, iraultza handia izan da. Betiko problema. Inork ez du hitz egiten gurasoek bezala eta inoren semeek ez dute hitz egiten norberak bezala. Kultura baserritarretik kultura hiritarrera pasatzerakoan gertatu da hori. Askotan dituzu baserritar giroko gurasoak erabat hiritar diren semeekin. Bi aldaketa horiek medio -munduarena eta gero guregan izan duen eragina- oraingo gazteak ataka batean aurkitzen dira. Jasotako euskara ez zaie egokia egiten egoera guztietarako.
Hortik aparte dago erdararen presioa. Umeei interesatzen zaien guztia ikastolatik kanpokoa da: jokoak, pelikulak eta horiek gehienbat erdaraz etorri zaizkie. Interesatzen zaiena erdaraz datorkie eta hala moduan interesatzen zaiena euskaraz. Behin baino gehiagotan pentsatzen dut: «Hezkuntza izan dadila gaztelaniaz, baina bideojokoak eta horrelako denak euskaraz». Ez dakit ez ote ginatekeen irabazian aterako. Dena dela, euskara oso hizkuntza bihurria da eta nahiko lan egin beharko genuke euskara esparru horietara egokitzeko. Baina, hala ere, joan zaitez Azpeitira taberna batera eta Donostiako euskaldunen taberna batera. Bi mundu dira. Problema da ezin dela Azpeitikoa besterik gabe txertatu Donostian. Baina nahiago dut gazteek egin dezatela euskara infame bat erdarara pasatzea baino.

Hizkuntzaren kalitateaz kezkatzen garen bakarrak al gara? Gaztelaniarekin, frantsesarekin, ingelesarekin antzeko arazoak izango dituzte ezta?
Bide engainagarria da horrela pentsatzea. Egin ezazu edozein liburu tekniko euskaraz. Hain hizkuntza txikia izanik eta hain gutxi izanda, liburu horrek hizkuntzan duen pisua ezin da konparatu ingelesez, frantsesez edo gaztelaniaz liburu txar batek (edo joera txar batek) duen eraginarekin. Gaztelaniak, ingelesak eta frantsesak lujo hori izan dezakete; hainbat hiztun, sektore, ghetto erdara txarrez aritzekoa. Gure artean berriz, liburu batek egundoko kaltea egin dezake. Batez ere, idatzizko edo nolabaiteko ofizialtasuna duten kontuetan kontuz! Esan ohi da: «Erdaraz ere gaizki hitz egiten dute alor horretan...» Bai baina, asko dira aizu! Eta bata bestearekin konpentsatzen dute eta hori dena irensteko nahiko indar badaukate eta guk ez. Gutxi gara.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude