Eskutitza federik ezetik


Integrismo hitzaren demokratizazioaren aldekoa naiz. Zentzu batean baino gehiagotan: jende gehiagori aplikatu behar zaio, besteak beste, ustezko demokrata hainbati. Osama Bin Ladenek dioenean Jaungoikoaren izenean txikitu zituela New Yorkeko dorre bikiak, integrista hutsa dela esaten dugu. Ongi, hagitz ongi. Baina, orduan, George W. Bushek Irak ongiaren eta Jaungoikoaren izenean txikitzen ari dela dioenean, hitz bera erabili beharko dugu. Bush integrista dela esan beharko dugu. Irango Jamenei ayatolak dioenean Koranaren irakaskuntzen arabera gobernatu behar dela, integrista deitzen dugu. Bikain. Tuterako apezpiku eta Iruñeko artzapezpiku Fernando Sebastianek berriki "Jaungoikoaren argian oinarriturik ez dagoen demokraziak" ezin duela zutik iraun adierazi du. Gauzak horrela, integrista deitu beharko dugu. Eta, bide batez, lotsagabea, diktadore bat 40 urtez paliopean babesteagatik barkamenik eskatu ez duen Elizaren izenean demokraziaz hitz egiteko lotsa gutxi behar baita.

Sebastian ez da edozein apezpiku. Espainiako Apezpikuen Batzarreko lehendakariordea da. Eta bere adierazpenek ederki islatzen dute zer ideologia den nagusi Espainiako hierarkia eklesiastikoan. Erroman gailendu den berbera. Carol Wojtila aita saindu denetik Vatikanoan botere guztia bereganatu duten Comunione e Liberazione, Neocatechumenat, Legionarios de Cristo eta batez ere Opus Dei bezalako talde atzerakoi, integrista, fundamentalistena. Haiek izendatzen dituzte apezpikuak, eta apezpikuek haiek nahi dutena esaten dute. Jesusen Konpainia baztertu dute, Askatasunaren Teologia zanpatu.

Integrista eta fundamentalista bezalako hitz gogorrak errazegi erabiltzen ari naizela pentsa liteke. Hiztegiaren arabera, integrismoa tradizioen inmobilismoa defendatzen duen jarrera kontserbadorea da. Eta fundamentalismoa, dotrina baten oinarriak beren osotasunean edo eta irakurketarik itxienean defendatzen duen jarrera. Vatikanoak Elizaren dotrina berria biltzen duen liburukotea karrikaratu berri du. Horretan, besteak beste, gogor egiten da hiesaren hedapena geldi eta milioika lagunen bizitzak salba ditzaketen antisorgailuen kontra, milaka amen bizitzak salba ditzakeen abortuaren aurka. Eta hori egiten da dogma bategatik, bizitza Jaungoikoak eta soilik Jaungoikoak sortzen duen grazia dela dioen dogmarengatik. Hori integrismo fundamentalista da, gizateriaren erdia baino gehiago -emakumeak, homosexualak…- zapaldu nahi duen integrismo fundamentalista.

Nolanahi ere, Espainiako Gobernuaren eta Espainiako Apezpiku Batzarraren arteko liskarraren gibelean, ez dago bakarrik moral, dogma, integrismo, fundamentalismo arazo bat. Eliza Katolikoaren hierarkiari ez zaio gustatu PSOEren gobernuak homosexualen ezkontzak baimentzea, ezta Erlijioa balio akademikorik gabeko ikasgai bilakatzea ere. ZPk Elizarekin egin du topo. Baina, horretaz gain, Elizaren diru-zorroarekin egin du topo, eta hori are larriagoa da. PSOEko kiderik ezkertiarrenek eta IUk Elizaren finantzazioa berraztertzearen beharra jarri dute eztabaida politikoaren mahaiaren gainean. Eta hori ikusita, Elizak ukabilkada jo du mahaian. Apezpiku Batzarreko lehendakari Rouco Varelak lehenik eta behin Torquemadaren doinu kiskalgarriaz fededunak gurutzadara deitu ditu, eta, duen indarra argi utzi eta gero, bakearen aita sainduaren, Pio XII.aren ahots gozoaz Gobernuari esan dio mobilizazioak bazterrean utzirik lasaitasunez hitz egiteko prest dagoela.

Varelaren, Sebastianen eta haien kideen oldarraldia ez da harritzekoa, dirutza baitago jokoan. Espainiako Estatuaren izaera ez konfesionala guztiz zalantzazkoa da sos kontuei doakienez. Eliza Katolikoa da publikoa ez izanda Pertsona Fisikoen Gaineko Zerga aitorpenetik dirua zuzenean jaso dezakeen erakunde bakarra. Gainera, Estatuak diru hori aurreratu egiten dio. Gehienetan, aitorpenetan jasoko dena baino gehiago aurreratzen dio. Eta Elizak, jakina, ez du txakur txikirik bueltatzen. Mariano Sanchez Soler kazetari eta idazleak duela urte bete inguru Rebelion webgunean emandako datuen arabera, Elizak bide horretatik urtero 150 milioi euro jasotzen ditu, 25.000 milioi pezeta.

Zuzeneko finantzazioa aski ez bailitzan, zeharkakorik ere bada. Zerga aitorpenean herritarroi galdetzen digute dirurik eman nahi diogun Elizari edo diru hori beste gastu sozialetarako erabil dadin nahi dugun. Ixa bigarren aukera horretan paratzen dugunoi iruzur egiten digute. Izan ere, gastu sozial horiek Gobernuz Kanpoko Erakundeen bitartez gauzatzen dituzte. Eta Gobernuz Kanpoko Erakundeetako asko eta asko Eliza Katolikoarekin zuzenki loturikoak dira. Mirakulu harrigarri baten ondorioz, azken urteotan Eliza Katolikoaren kongregazio, fundazio, institutu andana GKE bilakatu da. GKE konfesionalek iaz 90 milioi euro jaso zituzten, 15.000 milioi pezeta.

Nolanahi ere, Eliza Katolikoak Hezkuntzaren bitartez jasotzen du dirutzarik handiena Estatuarengandik. Espainiako ikastetxeen ia erdia pribatua da. Eta ikastetxe pribatu ia guztiak Eliza Katolikoarenak dira. Irakaskuntza pribatu kontzertatuaren pagotxa da: ikastetxeen kudeaketa Elizaren esku, eta fakturen ordainketa Estatuaren bizkar. Zenbait iturrik diote Elizak bide horretatik urtero 2.500 milioi euro jasotzen dituela, 420.000 milioi pezeta.

Espainiako Estatuak eta Vatikanoak 1979an adostu zuten egun indarrean den finantzazio eredua. Akordioak, besteak beste, dio Elizak denbora pasa ahala Estatutik at bestelako finantzazio bideak zabaldu beharko dituela. Hogeita bost urte pasa dira. Bada garaia akordioa berraztertzekoa, Estatuaren izaera ez konfesionala errealitate bilakatzekoa, integrismo fundamentalistaren putzu ilunean gero eta sakonago murgiltzen ari direnei herritar guztion diruarekin finantzatzeari uztekoa. Ez dut uste, baina, ZP ausartuko denik.

Azken datu bat: Miguel Sanz diputazio-buruak batetik %60 murriztu behar dizkie diru laguntzak euskaltegiei, eta bestetik 15 milioi euro eman behar dizkio Opus Deik sorturiko CIMA ikerketa zentroari. Gora akonfesionaltasuna!


Azkenak
Euskara okupatu, marisolasteko

Urtez urte eta belaunaldiz belaunaldi hitzak aldatzen doaz, eta horiekin batera hitzen esanahia. Modu asko daude norbere burua izendatzeko: soropil, biziosa, marioker, ez-binario, maritxu, eta beste. Pertsona sexu-genero disidenteen beharrak asetzeko euskara zikintzeaz eta... [+]


Peio Ormazabal eta Beñat Aldalur
"Batasun estrategikoa lantzen ari gara Europako Alderdi Komunista sortzeko"

Joan den abenduan aurkeztu zuten Euskal Herriko Kontseilu Sozialista (EHKS), Euskal Herrian Mugimendu Sozialista egituratzea helburu duen alderdia. Europan Alderdi Komunista eratzea dute helburu eta iraultza sozialista gauzatzea. Peio Ormazabalek eta Beñat Aldalurrek EHKS... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Pertson(alismo)en politika

Sánchez Sánchez Sánchez Sánchez Sánchez. Bost egun errepikaren errepikaz. Enpatxura arte eztabaidatu da “hausnarketa” egun batzuk hartzeak zenbat duen zintzotik eta zenbat jokaldi politikotik. Baina deus ez bere egiteko... [+]


Alejandra Burgos eta Karla Guevara, El Salvadorko trans aktibistak:
"LGTBI komunitatea eta emakumeak beti egon gara salbuespen egoeran"

Pasa den otsailaren 24an Egia, Justizia eta Erreparaziorako ekitaldi bat antolatu zuten Bilbon, Mugarik Gabe erakundeak, Bizitu Elkarteak, Feministaldek, Mujeres del Mundok, Zehar Errefuxiatuekin elkarteak eta Colectiva Feminista Para el Desarrollok. Hiru indarkeriak ardaztu... [+]


Eguneraketa berriak daude