Tele-zaborra


2004ko azaroaren 28an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Espainiako Gobernua kezkatuta dabil, "tele-zaborra" esaten zaionari nola aurre egin asmatu ezinik. Telebista kateek eurek zer edo zer egiten ez badute, gobernuak berak hartuko omen ditu neurriak. Hasteko, telebista publikoa nola dagoen eta norantz joan daitekeen jakin nahi du Zapaterok, eta horretarako "Jakitunen Batzordea" osatu du. Bost aditu horietatik hiru etika eta filosofiako katedradunak dira, tartean Fernando Savater ezaguna. Filosofiaz ez ezik, telebistaz ere ba omen dakite. Batzuen oro jakintasunak ez dauka mugarik.

Batzordeko kide batek esan du audientzia baino, hobe dela programen harrera neurtzea, ikus-entzuleen aldetik duten onarpena ikustea, TVE kate bakarra zenean erabiltzen zuten metodoa berreskuratuz. Sasoi hartan, programa gustukoena Informe Semanal zen, inkesten arabera behintzat. Baina lehenengo audiometroak ipini zituztenean konturatu ziren ikusiena, alde handiarekin, El Precio Justo konkurtsoa zela. Lehen eta gaur, inork ez du gaizki geratu nahi inkestatzaileen aurrean. Frantzian, kate baloratuena ARTE da, baina gehien ikusten dena TF1eko programa bat da, pertsonaia famatu batzuek basetxe batean egiten dutena.

Ez pentsa, audientzia ezagutzea ez da lan erraza.

Telebistan lan eginda, gustatzen zait orduak ematea batzuek eta besteek eskaintzen dutena ikusten. Atsegina zaidana bale, eta besteari kasurik ez. Eta kito, ez dago besterik. Denontzako lekua ez dadila falta behintzat.

Erraza da kritika egitea, bai telebista kateei eta baita ikus-entzuleei ere, behin eta berriz kriteriorik gabeko artalde moduan azaltzen zaigunari. Errealitatea, ordea, gordin-gordina da.

Gran Hermano-Loft Story eta Operacion Triunfo-Star Academy programek sekulako arrakasta dute Euskal Herrian, Iparraldean eta Hegoaldean. Niri ez zaizkit batere gustatzen, baina ez ditut kritikatuko astero-astero saiook izaten dituzten milaka ikusleak. Lehen aipatutako Jakitunen Batzordeko kide batek handiak esan ditu bi programa horien kontra, "tele-zaborra»ren eredu omen direla eta. Beste toki batzuetan ere, kritika gogorrak izan dituzte. Herrialde arabiar batzuetan, Gran Hermano kendu egin behar izan dute islamiar erradikalen presioarengatik, eta Libanon antzekoa egin nahi izan dute Operacion Triunforekin. Ez zuten lortu, eta historiako programarik ikusiena izan da arabiar herrialdeetan, 300 milioi ikus-entzulerekin.

Honekin esan nahi dudana da oso arriskutsua iruditzen zaidala telebistako edukiak kontrolatu nahi izatea, gobernuak edo batzorderen batek erabakitzea hau bai eta hau ez. Ez zait penagarria iruditzen Gran Hermanok eta Operacion Triunfok horrenbesteko audientzia izatea. Askoz kezkagarriagoa da, nire ustez, alternatibarik ez egotea, eskaintza zabal eta interesgarririk ez izatea. Arrazoi guztia ematen diot Luis Maria Anson kazetariari zera dioenean: "Ez gaitezen tele-zaborraz kexatu, egin dezagun telebista hobea, beste horri aurre egin diezaiokeena. Baina, ez diezaiogun adierazpen askatasunari beldurrik izan".

Aukera aniztasuna beharrezkotzat hartuz gero, erantzukizun handiena telebista publikoena da, zer esanik ez, beraiei exijitu behar baitzaie pribatuei eskatu ezin zaiena. Ezin gaitezke, ordea, inuxenteak izan. Telebista publikoek ere gogor ekin beharra daukate audientzia lortzeko lehian. Merezi al du, bestela, audientziarik gabeko telebista publikoa izatea?

Mila buelta emanda ere, azkenean leku berdinera goaz. Nahitaez, aitzakiak aitzakia, merkatuan lehiatu beharra dago. Ideiak, teoriak, ederrak izan daitezke, baina beti ere errealitatean oinarrituta egonda.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude