Ijitoen integrazioa: Gurditik jaitsi gabe gizartean leku bila


2004ko azaroaren 21an
Larruazal iluna, atzamarrean edo paparrean bitxiren bat eta odol beroa. Ijitoak deskribatzeko erabil daitezkeen ezaugarriak dira. Horietatik haratago, ordea, kultura bat, komunitate bat eta errealitate bat daude. Apenas ezagutzen diren kultura, komunitate eta errealitatea.

Gutxi dira. Hego Euskal Herrian, 20.000 inguru. Denek entzun dute, ordea, eurei buruzko zerbait. Gehienetan txarra, negatiboa.

20.000 kopuru handia izan ez arren, nahikoa da komunitatearen barruan oso egoera desberdinean dagoen jendea aurkitzeko.

Titok 50 urte inguru ditu. Bilbo Zaharretik berekin paseatzean, ezin dira hamabost metro egin, auzokideren batek hizketarako gelditu edo agurtu gabe. Auzokoek, bai payo, bai ijitoek, etxekotzat dute. Ijito gazteek osaba deitzen diote, hortik datorkio ezizena. Bizkaiko Diputazioan lan egiten du, adin txikikoen fiskaltzan. Iniciativa Gitana elkartearen zuzendaritzan ere, badago.

Auzo horretan bertan, Titorekin egondako plazatik ehun metro eskasera, beste ijito bat ikusi dugu. Gaztea, aurpegi ilun eta ile luzekoa. Semaforo batean zain dago, gorri noiz jarriko. Jarri orduko, autoen kristalak garbitzen hasi da. Lehenengo autoaren barrukoak geldi egoteko esan dio. Bera ez da gelditu. Semaforoa berde jarri orduko, autoek dirurik eman gabe alde egin dute. Gaztea, autoari kolpeka eta biraoka hasi da.

Komunitatea handia izan ez arren, errealitate benetan desberdinak daudenaren adierazle dira adibideok. Orain arte egin diren diagnostikoek, ordea, agerian uzten dute Tito bezalakoak baino, erdi-goi mailako lanpostu bat dutenak baino, gehiago direla gizarteko esferarik baxuenetan, muturreko behar egoeran bizi direnak.
Orain ia hamar mende joan ziren ihesi India ipar-mendebaldetik ijitoak. Ihesaldi hark euren izaeran inprimatuta utzi zuen nomadismoa. Europako lurraldeetan zehar barreiatu ziren, baina behin betiko inon errotu gabe. Euren bandera urdin eta berdearen erdian dagoen gurdi gurpilak, argi adierazten du hori.

Romania da euren hizkuntza, hemen inor gutxik hitz egiten duen arren. Familiari garrantzia handia ematen diote eta batez ere azpimarratzekoa da komunitateko helduenei dioten begirunea. Helduak dira gainera, euren ordenamenduan aginte nagusia dutenak. Komunitateak arazoren bat duenean, Helduen Kontseilua biltzen da. Herrialde batean arazotan badira, beste herrialdetako Helduen Kontseilua gerturatu ohi da, herrialde horretakoarekin batera irtenbideren bat bilatzera.

Kantuan egitea atsegin dute eta ondo kantatzen dutela ozen esaten dute. Kultura berezia dira eta harro daude direnaz.

Diskriminazioz beteriko historia

Direna izateko bide hori, ordea, ez da erraza. Euren kultura mantentzea ez zaie merke atera.

Arabako Gao Lancho Drom ijito elkarteko presidente Bartolome Jimenezek dioenez, "ijitoen historia diskriminazioz zipriztinduta egon da eta ia gaur egunera arte iritsi diren diskriminazio politikak aipa genitzake. Urte askotan gizarteko azken bagoian egon gara, erabat baztertuta".

Gezurti, lapur eta alferrak diren ustea zabalduta dago oso gizartean. Emakumeak baztertuta eta zanpatuta dituztela esan izan da, nahiz eta eurek ozen eta haserre ukatzen duten hori. Iniciativa Gitana elkarteko Titoren esanetan "auzo batera iristean, beste inork ez bezala, ijito batek frogatu egin behar du zintzoa dela".

Ijito elkarteetako kideek diotenez, urtetako bazterketaren arrazoi nagusia dira uste oker horiek guztiak.

Diren bezalakoak omen dira, eta hori horrela onartu behar dela dio Titok. "Gazte batek, lehen soldatarekin batera erosten du auto handi eta ikusgarria. Gustatu egiten zaizkigu ibilgailuak, nomadak garelako. Auto handi berri bat ezin dugu erosi, baina zazpi urte dituen auto handi bat bai. Hori erosten dugu, eta jendea segituan hasten da esamesetan".

Egunean bizi omen dira. Soldata kobratzen duten egunean etxeko guztientzat erosten dute agian alkandora berria eta segituan jantzi eta kalera irteten dira. "Bihurriak gara. Kobratzen dugun egunean, garagardoa edaten dugu tabernan eta bizilaguna zeharka begira hasten bada, hari ere garagardo bat ateratzeko esaten diogu tabernariari… Harroak gara!", dio Titok.

Gaur egun aldaketa garaia bizi dute. Ez da denbora luzea ijitoak asentatzen hasi zirela, etxebizitza finkotan sartzen hasi zirela, lanpostu egonkorrak bilatzen dituztela. «Baina oraindik ere gizarteko gainerako biztanleen parera iristeko, berdintasuna lortzeko, asko falta da", dio Bartolome Jimenek.

Etxebizitza; nahi eta ezin

Bazterketak ijito familia asko zulo beltzean sartu ditu eta hortik irtetea ez da egun batetik besterako kontua. Iniciativa Gitana elkarteko Titok dioenez, "gaur egun ijitook dugun arazo nagusia etxebizitza da eta gainerako arazo gehienen jatorria ere horixe da. Hondatutako auzo batean etxeak zaharrak dira eta egoera kaxkarrean daude. Gainera lau bizi daitezkeen tokian zortzi bizi badira, arazoa areagotu egiten da eta horrek ekartzen du elkarbizitza arazo gehien".

Etxebizitza duin batean sartzea inorentzat erraza ez bada, Jimenezen esanetan, ijitoentzat zailagoa da: «Gure familia gazteek etxebizitza bat erostea zaila da oso eta zer esanik ez alokatzea. Ijitoei izanda inork ez digu etxea alokatu nahi".

Kasu batzuetan, muturreko elkarbizitza arazoak bizi izan dira. Getxoko Tangora etxekoa izan da ospetsuena. Hiru etxebizitzako eraikin batean, bigarren pisuaren jabe den Erandioko enpresari batek »ez zen ijitoa», beheko solairua erosi nahi zuen. Ez zuen lortu eta erosi zuena gogaitu eta sal ziezaion, ijito batzuri alokatu zien bere etxebizitza. 30 lagun sartu ziren etxe berean, bizilagunei bizitzea ezinezko eginez. Bizilagunek salatu dute uholdeak eta txikizioak eragin dituztela eta mehatxatu egin dituztela behin baino gehiagotan. Azkenean epaile batek hartu behar izan zuen erabakia iragan abuztuan. Ijitoak etxetik bota dituzte eta bizilagunengandik aldenduta egoteko agindu die epaileak.

Gatazkak irakurketa desberdinak izan ditzakeen arren, kasu honek agerian uzten du etxebizitza arazoa norainokoa den eta arazo horretaz nola baliatu daitezkeen beste interes batzuk dituztenak.

Hezkuntza helburu

Etxebizitzarekin batera, gazteen hezkuntza da ijito elkarteak gehien kezkatzen dituen auzia.

Batetik, eskoletan haur ijitoak baztertuta sentitzen dira. Titok dioenez, "haurtzaindegitik hasi eta adin batera arte, haur denak adiskide izaten dira. Adin batetik aurrera, ordea, payo eta ijitoen artean bereizketa egoten da eta ijitoak baztertu egiten dituzte. Haurrena ez da errua. Errua, haur horiei ijitoak gaiztoak direla buruan sartu dietenena da".

Bartolome Jimenezi lotsagarriak iruditzen zaizkio hainbat eskoletan ijitoak ez onartzeko eskatuz egiten diren manifestaldiak, edota ijitoak matrikulatuta daudelako euren haurrak eskolatik ateratzen dituzten gurasoen jarrera. "Gizartearen gehiengoak gure komunitateari aitortzen dizkion aukera, berme eta eskubideen inguruan asko esaten dute jarrera horiek".

Eta eskola ezinbestekoa da ijito herriak aurrera egin dezan. Orain urte batzuk, familiei presio handia egin ondoren lortzen zen haurrak, kasu askotan hamar urte bete ondoren, eskolara sartzea. Gaur egun, txikitatik eta familia behartu gabe joaten dira, baina hori ez da aski. Eskola-porrot maila oso altua da. Iniciativa Gitana elkarteko Titoren esanetan "motibazioa ezinbestekoa da eta hori da falta zaiena. Ahalegin handia egin beharrean gara gazteak ikastera motibatzeko, ijito herriaren etorkizuna hortik etorriko baita".

Goi mailako ikasketak egitera oso ijito gutxi iristen dira eta horrek gero izaten dituzten lan aukeretan zuzenean eragiten du.

Hezkuntza sistemari ere egozten diote neurri batean ardura: "Ijito gazte batek gizartearen gehiengoan bere kulturaren erreferentziarik aurkitzen ez badu eta ez badu posible ikusten bere izaera mantenduz garatzea, bere komunitatean babesten da eta ez du aurrera egiten", onartzen du Bartolome Jimenezek.

Zentzu horretan azken urteetan eman dira hainbat urrats, Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza sailekin hainbat proiektu garatuz, batez ere, irakasleek ijitoen kultura ezagutu dezaten. Elkarteek, ordea, beharrezko ikusten dute ekimen eta proiektu gehiago aurrera eramatea.

Administrazioaren konpromisoa

Aldaketa prozesu honetan guztian, urrats handia eman da azken urtebetean. Gerorako oinarriak ezarriko dituen urratsa, gainera. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako sailak bultzatuta, Ijito Herriaren Erabateko Sustapenerako eta Partaidetza Sozialerako Euskal Kontseilua osatu da. Jaurlaritzako zazpi sail, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiak, udalak, ijito elkarte guztiak eta ijitoekin lan egiten duten elkarteak daude kontseilu honetan.

Xabier Zipitria, Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako saileko aholkulariaren esanetan, administrazioak egiten dituen hainbat gauza eta eskaintzen dituen hainbat zerbitzu ez dira ijitoengana iristen. "Agian administrazioak oso orokorrean egiten dituelako deialdiak eta urruti sentitzen dutenei, paper artean ibiltzeko ohitura gutxien dutenei ez zaizkie iristen", dio Zipitriak. Iristen ez diren bitarteko horiek iristaraztea, ijitoen kultura gizartean ezagutaraztea eta ijitoen aurkako bazterketarekin amaitzea dira kontseilu honen helburuak. Azken helburua, ijitoen bizi kalitatea hobetzea da baina baita gizartea euren kulturarekin aberas daitekeela ohartaraztea ere.

Lehen hilabeteetan hainbat batzorde sortu dira, lanean jardun dute eta lehen emaitza eman du jada kontseiluak: Ijito Herriaren Sustapenerako eta Partaidetza Sozialerako Euskal Plana.

Plan honetan ijito herriak bizi duen egoeraren diagnostiko bat biltzen da, ijitoek eurek egindakoa. Hortik abiatuta, lan ildo zehatzak planteatzen dira.

Ijitoei buruzko estereotipo eta aurreiritziak zalantzan jartzeko, esaterako, sentsibilizazio kanpainak egingo dira ondorengo urteetan. Komunikabideei ere eskatuko zaie euren mezuetan kontu handiagoa izateko, mezu horietako askok kalte egiten omen dutelako.

Hezkuntzaren alorrean, ijito haur eta gazteen eskolatzea hobetzeko plan bat diseinatuko da eta kurrikuluma berrikusiz, ijito herriari buruzko aipamenak gaineratuko dira.

Etxebizitzari dagokionez, ijitoei etxebizitza eskuratzea eragozten dieten arrazoiak aztertuko dira eta hortik aurrera, gizarte osoaren esku dauden laguntzen informazioa euren artean hedatuko dute. Txabola edo baldintza txarreko etxebizitzetan bizi direnek beste bizileku batzuk hartzeko programak ere egin nahi dira.
Osasun prestazioen esparruan, berriz, programa eta zerbitzuen egokitzapena egingo da, aprobetxamendua ahalik eta handiena izan dadin.

Aurreikusita dauden neurri zehatzetako batzuk besterik ez dira. Nola eta nork lan egin behar duen zehazten du planak eta epeak ere jartzen dira. Xabier Zipitriaren iritziz, "lehendik hasita dagoen aldaketa prozesu bat bultzatu eta indartu egingo du planak".

Ijito elkarteak ere gustura daude, orokorrean, bai Kontseiluarekin, bai planarekin.

Bartolome Jimenezen ustez, "iritsi da garaia ijitoen arazoak gizarte gaietarako sailetik soilik jorratu ez daitezen. Neurri politiko irmoak behar dira. Ekimen honetan itxaropen handia dugu, baina dena ongi joan dadin beharrezkoa da parte hartzen duten sail eta erakunde guztiek euren ardurak betetzea".

Tito eszeptikoago ageri da. "Okerrik ez du ekarriko eta saiatuko gara denon artean egoera hobetzen. Baina ez gara Gobernuaren zerbitzura egongo eta uneren batean ados ez bagaude, alde egingo dugu".

Jaurlaritzak gustura ikusten ditu, oro har, ijito elkarteak. Dena den, Angel Elias etxebizitza eta gizarte gaietarako sailburuordeak ulertzen du "zalantzak izatea, orain arte ez dutelako ordezkaritzarik izan administrazioan eta normala da mesfidati egotea".

IJITOAK HEGO EUSKAL HERRIAN
8.000 Bizkaian
6.000 Nafarroan
3.000 Araban
3.000 Gipuzkoan

Plan aitzindaria

Eusko Jaurlaritzak onartu berri duen Ijito Herriaren Erabateko Sustapenerako eta Partaidetza Sozialerako Euskal Plana, aitzindaria da Espainian. Aitzindaria, Angel Elias etxebizitza eta gizarte gaietarako sailburuordeak esan digunez, "lehen aldia delako eurak protagonista eta egile izanda sortzen dena. Nahiz eta erakunde desberdinek parte hartu, eurek egitea nahi izan dugu, euren plana senti dezaten".
Ijitoek ere badakite aitzindari direla eta horrexegatik nahi dute gauzak ondo egitea. "Ez dugu boterean dagoen gobernuaren tresna politiko bihurtzea nahi. Dauden arazoei erantzun onak eta azkarrak ematea beharrezkoa da eta horretarako ezinbestekoa da borondate politikoa", dio Jimenezek.
Estatu mailako ijitoekin harremana badute hemengo elkarteek. Eta denak hemengoari begira omen daude. Titoren esanetan, "hemengo erakundeek lana ongi egiten ez badute, estatu mailan jakingo da zer egin duten. Hobe dute emandako hitza betetzea, bestela oso ona izan zitekeen ekimena, eta beste toki batzutarako eredu izan zitekeena, pikutara bidaliko dute".
Inguruan aitzindaria izan arren, ondorengo hilabeteetan beste esparru batzuetatik plan gehiago iristea ez litzateke harritzekoa izango. Europako Batasunean Ekialdeko herrialdeak sartu direnetik, ijito kopurua asko igo da. Zazpi milioi ijito dira orain Batasunean, gutxiengo etnikorik handiena. Horrek, erakunde komunitarioak neurri politiko zehatzak hartzera behartuko ditu. Ez da gainera nahikoa izango, enplegu, etxebizitza edo hezkuntza alorrak ukituko dituzten neurri sozialekin. Euren berezitasun kulturalak bermatu eta bultzatzeko erabakiak hartu beharko dira.

Ez al dago gaizkile payorik?
Gaizkile eta lapurrak izatea leporatzen dio gizartearen zati handi batek ijito herriari. Fama hori da, gainera, neurri handi batean jasan duten bazterketaren arrazoia. Iniciativa Gitanako Titok, onartzen du jende gaiztoa badagoela ijitoen artean. Atzetik, ordea, galdera egiten du segituan: "Ez al dago gaizkile payorik?".
Elkarteetatik diote, bazterketa egoerak direla askotan delinkuentzia eta elkarbizitza arazoak sortzen dituztenak, muturreko egoeretan bizi delako hainbat jende eta egoera horrek egin behar ez direnak egitera bultzatzen dituelako. Dena den, Titok argi dio, "nik bizilagunen batekin arazoren bat izan dudanean, haren aurka esan ditut esan beharrekoak, ez payo guztien aurka. Ez da orokortu behar eta gizarteak hori egin ohi du".
Getxoko Tangora etxean gertatutakoaz gain, adibide moduan jarri daitezke Bilbo Zaharrean edota Sestaon gertatu direnak. Bilbo Zaharrean, "Joni" izeneko gazte batek eta bere lagun taldeak hilabeteak daramatzate auzo honetako bizilagunei lapurreta egin eta jipoiak ematen. Asko dira jo dituzten bizilagunak eta ospitalera ere eraman behar izan dute bat baino gehiago. Auzotarrak kalera irten berri dira erasoak salatzeko. Erasogileak ijitoak dira.
Ijito elkarteek ere eraso hauen aurka hitz egin dute, jarrera eta jokabide horiek ijito legeetatik at daudela argi eta garbi esanez.
Bilbo Zaharreko kasuan, ijito ugari dago eta urte askotakoa gainera. Ez dago elkarbizitza arazorik. Bizilagunek argi diote, badakitela oso pertsona jakinak direla erasogileak eta ez dute arrazakeriaz erantzun nahi. Baina komunikabide askoren mezu okerrak jende askoren amorrua pizten du, erasotzaileekiko ez ezik, ijito komunitate osoarekiko.
Sestaon ere ijito asko bizi da. Garai batean langileek utzi zituen etxebizitza hondatuetan bizi dira horietako asko eta furgonetetan beste batzuk. Azken hilabeteetan bizilagunak behin baino gehiagotan irten dira kalera familia horietako hainbatek sortzen dituzten arazoak salatzeko. Bizilagunen esanetan, eraso, lapurreta, txikizio eta intimidazio ekintzak egiten dituzte ijitoek. Udalari esku hartzeko eskatu eta honek agindu du familia horietako asko, hamabi behintzat bai, herritik kanporatzeko asmoa.


ASTEKARIA
2004ko azaroaren 21a
Azoka
Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude