Idoia Zenarruzabeitia: «Gure konpromisoa herri kontsulta egitea izan zen eta gaur egun ere halaxe da»


2004ko azaroaren 21ean
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnasa
Idoia Zenarrutzabeitia lehendakariordeari ez zaio gustatzen EAJren izenean berba egitea. Usansolo Herri Batzarreko EAJko kide soila baino ez ei da, eta batzarreko erabakiak berriz sekretuak. Bizitza pribatua zaintzen duen pertsona da, zolia bere azalpenetan. Ez du bere burua feministatzat jotzen, hala ere, emakumeen aukera-berdintasun eskubidea sendo defendatzen du. Emakume eta gizonen arteko «kuota» delakoa izan dugu hizpide abiapuntuan: «Emakume eta gizonen arteko aukera eskubidea lantzen ari gara Eusko Legebiltzarrean; aukera berdinak izateko eskubide legea egikaritu gura dugu. Hala ere, legean ez da kuotaz berba egiten, paritateaz baizik. Generoen artean desberdintasunak daude, baina aukera eskubidea ez dugu eremu politikorako bakarrik landu gura. Gaineratiko lan eremuetan ere paritate-aukera lortu behar da. Izan ere, eskuarki, hedabideek ez dute neurri berean azaltzen. Eztabaida landu beharra dago, baina eremu bakarra politikoa dela ematen du, erreferente eta aitzindaria izatea ondo da, baina ez da bakarra».

Amerikako Estatu Batuetako (AEB) hauteskundeetan George Bushen garaipena ezagutu ostean egin dugu berba EAEko Gobernuaren lehendakariordearekin. Demokraziaz »Bush bizpahiru punturen aldeaz garaitu da» iritzia ematean, espainiar demokrazia salatzen du ironiaz: «Demokraziaren kontzeptu garbia daukat. Demokrazian gehiengoz irabazten da, hiritarrek botoa ematen dute eta emaitzak errespetatu behar dira. AEBetako emaitza estuak, Espainiako demokraziaren esparrura ekarri eta kultura politiko demokratiko espainolean kokatzen baditugu, espainolek erabili ohi duten terminologia erabiliko bagenu, Bushek %51rekin AEBetako gizartearen aurka gobernatu beharko lukeela dirudi. Hau da, gehiengoz eta demokratikoki irabazi arren, irudi luke Bushek ezingo lukeela gobernu anitza osatu, eta bere politika adostu beharko lukeela alderdi guztiekin». Zenarrutzabeitiaren arabera Espainiako kultura politiko demokratiko horrek eragin zuzena du EAEko politikaren praktikan.

EAEko politikan Jaurlaritzaren aurrekontuak funtsezkoak dira. Zein dira 2005erako proiektuaren berezitasunak?
Aurrekontuen osatze teknikotik hasita, proiektuak berrikuntzak ditu. Finantzaketa moduak eta aurrekontu sektorialak hobetu dira. Aurrekontuen proiektua gobernu honen oinarrizko ekimen estrategikoa da. Hirukoaren oinarriak finkatuak, Jaurlaritzaren programa islatzen da berton. Aurrekontuak hirukoari konfiantza eman dion gizarte honekiko konpromiso sozial eta politikoa betetzeko eginak daude, orobat eta oro har, herri honekin duen konpromisoa betetzeko egin dira. Legebiltzarrean aurkeztutako aurrekontua legea da, hitz bitan esanda.

Estatutuaren transferentzia asko egin gabe direla kontuan izanik, nola moldatzen da Jaurlaritza?
Lehendakariak proposaturik, aurrekontuen gaia geure gehigarri batean lantzen ari gara 2002tik. Berean, transferitu izan ez zaizkigun eskumenen arloetan geure dirutik gastatzen duguna kontabilizatuta daukagu. Enplegu, ikerketa, garapen edota azpiegituretan ez digute zor zaiguna transferitu eta finantza baliabiderik gabe »zenbait alorretan giza baliabide barik» geratzen ari gara. Horrek ahalegin erantsia eskatzen dio Jaurlaritzari nahiz gizarteari, ekimen bera bi aldiz ordaintzen baitugu. Edonola ere, lehendakariak dioenez, gizarteak ezagutu behar du zer den bi bider ordaintzen ari garena eta hori egiten ari gara. Datorren urteko alor horietako gastuak 200,6 milioi eurokoak dira, eta horien segimendua egitea gure ekonomia bermatzeko ezinbestekoa da.

Aurrekontu hauen proiektua Madrilgo Gobernua PPtik PSOEra pasa osteko lehena da. Nolakoak dira Espainiako Gobernuarekin harremanak? Diferentziarik antzeman al duzue transferentzien eremuan?
Ez. Gobernu hori oso irribarretsu agertu ohi da, aldarte irekia eta elkarrizketarako dohainak omen ditu. Transferentzien gaiez berba egiteko hainbat harreman izan dugu Espainiako Gobernuaren ordezkariekin, baina berba politak baino ez ditugu entzun, harremanak harreman, aurrerapenik ez. Hainbat hedabidek egin ohi dituzten deklarazioak kontuan harturik ez dakigu nori kasu egin. PSEk gizarte-segurantzaren transferentzia bultzatuko duela dio, bien bitartean, Espainiako Gobernuaren presidente-ordeak dioenez, eskumen hori estatuarena da eta ez da inoiz transferitua izango. Gaia eztabaidatu barik ukatzen bazaigu, zer itxaron dezakegu? Zer itxaron dezakegu estatutuaren eskumenak zehazteari eta betetzeari jaramonik egiten ez diotenengandik? Gure ustez, benetako aldaketa izango bada, Madrilgo Gobernuak eskaintza berri bat egin behar du, eta Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrak hitzemandako proposamenen bidean betiere.

Hedabideak aipatu dituzu. Madrilen bataila politikoa hedabideen bidez irabazten dela dirudi. Euskal gizartea jabetzen al da aipatu dituzun eskubide demokratiko hauen ukapenaz?
Euskal gizartea jabetzen da ukapen hauetaz, jakina. Guk kontu handiz jokatzen dugu, ez dugu kea saltzen. Ez dugu lau haizetara Madrilera negoziatzera goazela zabaltzen, badakigulako esfortzua ikaragarria dela eta Madrilek ez digula ezer oparitzen. Aipatutako eskumenak behar-beharrezkoak zaizkigula errepikatzen diogu Madrilgo Gobernuari, baina beti esanez, ez dugula transferentzia bat bera ere azpitik negoziatuko. Gernikako Estatutuak berezitasunak ditu gure enplegu, gizarte segurantza, ikerketa eta garapena kudeatzeko, eta ez dugu guztientzako kafea delakoa onartuko. Guk hitzartu genuenaren alde borrokatzen dugu. Legebiltzarrak 1995. urtean berriz ere akordatu, azaldu eta onartu zuena edukiz betetzea gura dugu gizartearekin hartu genuen konpromisoa betetzeko.

Aurrekontuen izapideak lantzen ari dira uneon. Zer aukera dute aurrekontuek Legebiltzarrean onetsiak izateko?
Guk aurrekontuak aurrera ateratzeko eztabaida irekia eskaini diogu oposizioari, EAErentzako aurrekonturik egokienak direlakoan. Jaurlaritzak Legebiltzarrean gehiengoa dauka berauek onartzeko. Legealdi honetan »hiru urte eta erdi dagoeneko», Jaurlaritzak 30 lege proiektu inguru aurkeztu ditu Legebiltzarrean eta horietatik 23 tramitatuak, eztabaidatuak eta onartuak izan dira. Aurrekontuena lege ekimentzat joa dela kontuan hartuta, gehiengo nahikoa dugu lege proiektu modura onartuak izan daitezen.

Baina PPk, PSEk eta Batasunak ezetza ematen badiete ez dira aurrera aterako.
Hori suposizioa al da?

Bai. Aukera bat da.
Berriz diot, gobernu honek gehiengo nahikoa dauka. Onartuak izan diren beste lege proiektuak lekuko. Antza denez, aurrekontuen eztabaida salbuespena da. Baina, horretan ez dago suposiziorik egiterik. Guretzat, aurrekontu hauek ez ateratzeko eszenatoki bakarra akordio tazito eta ez ohikoa izatea da, Jaurlaritzari ezetz esateko PP, PSE eta Batasunaren arteko naturaz kanpoko akordioa. Legealdian zehar "hara, bat gatozen, besterik ez", esan ohi dute. Bada, nik ez dut uste bat datozenik. Hori gezurra da.

Demagun aurrekontuak atzera botatzen direla...
Nik ez dut balizko kasutan lan egiten, aukera errealen eremuan lan egiten dut, eta nire ustez, posible da aurrekontu hauek onartzea. Horretan ahalegintzen ari naiz. Gobernu honen borondatea oposizioko taldeekin elkarrizketatzea da, fase horretan ari gara, berba egiten ari gara, ni akordioetara iristeko gertu nago. Nik ez dut besterik erakutsi behar. Bide hau burutzea eragozten duen bakarra oposizioko taldeen ez ohiko akordioa da.

Orain arteko bidea ezagututa, zer jarrera aurkitu duzu oposizioko taldeen aldetik oraingoan?
Proposamen zehatza egin diet oposizioko taldeei. Agenda arazoak zirela eta, PPrekin bilera atzeratu behar izan genuen. Proposamena maitekiro begiratuko zutela esan zidaten, baina segidan osoko emendakina aurkeztu zuten. Proposamenean eszenatoki makro-ekonomikoa, aurrekontuen azpiegitura eta diru sarrerak eta irteerak zehaztuta daude. Batasunari nahiz PSEri dagokie orain erantzutea. Jaurlaritzaren borondatea elkarrizketa eta negoziazio bidea lantzea da. Sozialista Abertzaleak taldeari, aldez aurretik ETAren indarkeriatik desmarkatzeko baldintza ezarri diogu, hori baita lehendakariak 2001eko maiatzean hartu zuen konpromisoa. Batasunak ezagutzen du aurre-baldintza, bestelakoan gu prest gaude elkarrizketak lantzeko. Gizarteak ere badaki hori.

Horiek horrela Batasunarekin ez dago aurrekontuak onartzeko aukerarik. PSErekin ere berdin?
Batasunarekiko baldintza mahaiaren gainean ezarrita dago legealdiaren hasieratik. PSEri egindako eskaintza ere zabalik dago akordiorako. Duela hiru urte, akordio batera iristeko demokraten akordioa beharrezkoa zela zioen PSEk. Duela bi urte, aurrekontuez berba egiteko Gobernuaren Estatutu Berrirako Proposamenaren oinarriak kentzea eskatu ziguten. Iaz, lehenbizi, Legebiltzarrean eztabaidatzeko zegoen Proposamena kentzeko exijitu ziguten. Aurten, hor dabiltza zalantzati, gaiari itzuri eginez. Ez dut haien asmo zehatzen berri.


Lehendakaria Autonomia Erkidegoen presidenteen bilerara joan zen Madrilera Espainiako Gobernuarekin harremanak bideratu aldera. Zer ondorio atera du lehendakariordeak?
Nik lehendakariak publikoki esan duena baino ez dut berretsiko. Ibarretxek elkarrizketa eskaini du behin eta berriro. Madrilera joan izanaren zergatia azaldu du berak jada, baina maxima batekin: elkarrizketarako antolatzen diren mintegi guztiei zor zaien begirune berbera eskatzen duela beste esparru instituzional eta sozialetan garatzen ari diren beste elkarrizketentzako. Euskadin hartu daitezkeen erabakiekiko errespetua eskatu du. Dena dela ere, egiari zor, presidenteen konferentziek gai garrantzizkoak aztertzeko izan behar dutela onarturik, lehendakariaren ahalegina hutsean geratu zen, baina ez lehendakariaren ahalegina eskasa izan delako.


Etxera etorrita, horra Javier Madrazo sailburuak ARGIAn esana: "Ibarretxeri berdin zaio estatuaren eredu berria, estatutu berria badu". Hirukoan ikuspuntu desberdinak daude Estatutu Proposamenaren inguruan, antza.
Ez ditut deklarazio horien termino zehatzak ezagutzen. Edozein modutan, jeltzaleok beti esaten dugu prest gaudela estatuaren eredua eztabaidatzeko. Gure lehentasuna argi eta garbi agertu dugu honezkero: lehentasuna Euskadi estatuaren baitan egokitzeko eredua bilatzea da, bi aldeen harremanetarako eredua bilatzen ari gara. Euskadirentzat autogobernu eredu hoberenetik abiatuta estatuarekin harreman eredu egokiena aurkitu gura dugu. Eta bilatze horretan ez diogu uko egiten erkidegoetako presidenteen arteko foro anitzei. Guk estatutuan geure berezitasunak ditugu eta alde bikoari edo bilateraltasunari eutsi gura diogu. Espainiako Estatuarekin bizikidetasuna gauzatzeko ditugun arazoak konpontzeko Estatutu Proposamena aurkeztu dugu. Javier Madrazorekin eta gura duenarekin estatu ereduari buruz eztabaidatzeko prest nago. Baina, ez gaitezen berriz ere «kafe denontzat» lemarekin hasi.

Madrazoren ustez, hala ere, hiruko gobernua errepikatuko da hurrengo legealdian, gehiengo osoz gainera.
Hirukoa apustu estrategikoa da eta etorkizunari begira ere halaxe izango da. Jaurlaritzak formula ona dela berresten du egunetik egunera. Proiektu politiko ezberdinen artean adostasun batera iristeak, gizarte gaietan emaitza onak lortzeak, eta areago, Euskadirentzako Estatutu Berrirako Proposamena gauzatzen asmatzeak hirukoa formula ona dela erakusten dute. Aurrerantzean ere hirukoa aukera ona dela agertzeko lanean ari gara.

Hiruko gobernutik harago joanez, hainbat gizarte eragile kexu dira »zenbait sindikatu tarteko» ez dutelako behar bezalako parte-hartzerik izan Estatutu Proposamenean. Kritikoak dira.
Kritikoak izan daitezke beharbada. Ez zaiela gustatzen, ados, kritika ongi dago, osasungarria da. Baina planean parte hartzeko aukerarik ez dutela izan?

Batzuen ustez, Legebiltzarra da eztabaidatzeko gune bakarra.
Eta non gura dute hau bezalako proposamen bat eztabaidatzea? Lehenik, hasiera-hasieratik, Estatutu Berrirako Proposamenaren »lagunartean Ibarretxeren plana» oinarriak taxutu ostean, Legebiltzarreko Autogobernu Batzordeak agindua eman zuen Jaurlaritzak proposamen artikulatua landu zezan. Tamalez, testua ezin izan zen artikulatu ganberako taldeek ez zutelako lortu gutxieneko adostasuna aurrera egiteko. Legebiltzarreko talde politikoek testua garatu beharrean prozesua blokeatu zuten. Hala ere, lehendakariak proposamenaren oinarriak taxutu zituenetik eta Legebiltzarrean bideratu zirenetik, lehendakaria aldi berean gizarte eragile guztiekin bildu zen. Bigarrenik, Autogobernu Batzordetik 53 parte-hartzaileak pasa ziren, testuaren oinarriak aztertu zituzten eta euren ñabardurak eta xehetasunak ezarri ziren, sindikatuenak barne. Hirugarrenik, aurten, Proposamena Legebiltzarrean aurkeztu ostean, eta eztabaidarako txostena eratu ostean, testu artikulatu berri bat zegoenez, aldez aurretik Legebiltzarretik kanpo dauden foroetan proposamena berriz ere aurkeztua izan da gizarte eragile eta ekonomikoen artean. 30 inguru emendakin egin ziren talde parlamentarioen bidez. Eta horien artean eragile sindikalek ere bere ekarpenak egin zituzten. Beraz, nor geratu da plana ezagutzetik kanpo? Kritikatzea ondo dago, baina planetik kanpo inor geratu dela esatea ez da bidezkoa.

Erreferenduma legealdi honetan burutuko zela esan zuen lehendakariak, baina ez da horrela izango, antza.
Gure konpromisoa euskal gizarteari kontsulta egitea izan zen eta gaur egun ere halaxe da. Gaur egunera iristeko eta Legebiltzarrean berau eztabaidatu ahal izateko egin dugun bidea zein malkartsua eta arretatsua izan den aipatuko dizut eta are gehiago esango dizut: lehen fasean, lehendakariak aurkeztutako proposamena urte batez irekia izan zen alderdi guztiei. Legebiltzarreko oposizioko talde nagusiek ez zuten deus egin ordea, aitzitik, Espainiako Gobernuari proposamena oztopatzea eskatu zioten. Lehendakariak, hala ere, urte batean proposamen artikulatua aurkeztuko zuela iragarri zuen. Epea bete zen. Ondoren, Espainiako Gobernuak Auzitegi Konstituzionala aurka egin zezan bultzatu zuen eta sei hilabetez eztabaida gelditua izan zen Legebiltzarrean. Izan zitezkeen sei hilabete edo izan zitezkeen gehiago, edota eztabaida debekatu ere bai. Arrisku hori zegoen. Auzitegi Konstituzionalak ordea ez zuen PP eta PSE-EEren iruzur akusazioa onartu »konstituzionalistek diotenez, gure proposamena ez zen Gernikako Estatutua berritzeko proposamena, erreforma konstituzionala burutzeko baizik». Sei hilabete behar izan genuen diktamen bat jasotzeko eta orain beste fase batean gaude. Legebiltzarreko eztabaidak ez du Konstituzioan sartzea helmuga, helmuga proposamena Legebiltzarrean eztabaidatzea da eta ondoren gizarteari eskaintzea kontsultatua izan dadin. Hasiera-hasieratik hori izan da gure asmoa, baina trabak izan dira. Guk proposamena lehenago osatu gura genuen. Baina proposamena garatzeko denbora ondo kudeatu behar izan dugu, eta talde parlamentarioen menpekotasuna ere badugu, noski. Garrantzizkoena dena den helburu politikoak dira eta horiek tinko mantentzen ditugu.

Erreferenduma legealdi honetan burutu gabe, datozen hauteskundeak plebiszitu gisa iragartzen dira berriz ere.
Ez dut horrela denik uste. Proiektuak ez dira legealdi baten barruan bakarrik neurtzen ahal, proiektuak berauek garatzeko eta betetzeko konbikzio, seriotasun eta sinesgarritasunarengatik neurtu behar dira. Gobernu honek proposamen honetan sinesten du, mezu hori helarazi diogu gizarte eta herriari. Proposamen honek duen mamiarengatik berarengatik ez da legealdi bateko, biko edo hiruko zeregina eta kontua. Proposamena herri honen etorkizunerako proiektua da.

Amaitzeko, Batasunako Pablo Gorostiagak ARGIAn esana jarriko dizut hizpide: "EAJ ez da gauza Madrili demokratikoki planto egiteko".
Kide horri eta Batasunari berari esan diezaiokedan gauza bakarra hauxe da: haiek orain arte segitu duten estrategia politiko-militarra izan dela Madrilgo gobernuen aliatu objektiboena eztabaida politikoa eragozteko, are gehiago, herri kontsulta bera oztopatzeko.

Boterearen erotikaz
Benetan, maitekiro esana, ezezagutza handia dago politikari buruz, nik ez dakit hedabideak »eta jendea oro har» zertaz ari diren boterearen erotikaz ari direnean. Demokraziak daukan alde onena bere ordezkariak aukeratuak izatea da, horrek dinamika oso sanoa sorrarazten du. Nik ez dut ulertzen zer den boterearen balizko erakarpen hori.
Ni proiektu bat garatzen ari naiz, horretarako ari naiz lanean, ahalik eta modu hoberenean. Zeregin horretan zure lankideak zurekin bat egiten dutela, zure inguruak laguntzen dizula konturatzeak ilusio itzela ematen dizu. Baina, betebehar horretan ere oso une zailak eta latzak daude, erakunde kanpotik ikusten ez direnak. Baliteke, hainbatetan, bai hedabideek eta bai politikari batzuek »emakumeek nahiz gizonek» botereak erotika moduko zerbait baduela aditzera ematea. Baina hori itxura besterik ez da, itxurakeria. Nire kasuan Jaurlaritzan egotea konpromiso bati erantzutea da, nire alderdiari, lehendakariari, gobernu taldeari eta gizarteari orobat.

Kupoa
Eusko Jaurlaritzak Espainiako Estatuari Kupoko 32,2 milioi euro ordaintzeari uko egin dio. Halaber, 50 milioi euro eskatzen dio Espainiako Gobernuari zorra handitu delako.
Kupoaren auzian zaharrak berri. Espainiako Gobernuan aldatu dena forma izan da, bereziki hedabideetan azaltzerakoan formak aldatu dira Madrilen. Arazoaren funtsari heltzerakoan ezer ez, ordea. Madrilgo eta EAEko administrazioaren artean ez da ezer hobetu harreman instituzionalak bideratzeko eta arazoak konpontzeko unean. Kupoa dela edo transferentziak direla, arazoak PPrekin zeuden puntu berean daude. Espainiako Gobernuan, PPkoak edo PSOEkoak egon, funtsean politika berbera dago. Politika bere oinarrian hartuta, estatuko egituraren ereduari dagokionean »azpiegiturak, transferentziak, kupoa, heziketa edo osasuna» Espainiako Estatuarekiko auziak bere horretan jarraitzen du.

Estatutu Berrirako Proposamena edota Ibarretxeren plana
Lehendakariordearen berbetan hedabideetan geroz eta txartoago erabiltzen da terminologia politikoa, eta zenbaitetan, norberaren interesen arabera manipulatu ere bai. Hona jarraian, Eusko Jaurlaritzaren Estatutu Berrirako Proposamena edo Ibarretxeren plana deituaz emandako azalpena.
«Estatutu politiko berri baterako proposamena egin genuenean, alderdi konstituzionalistek Espainiako Konstituzioaren aurkako erreforma burutzen ari ginela leporatu ziguten, Konstituzioaren aurkako osagaiak sartzen ari garela diote gaur egun ere. Erabaki gaitasuna, esate baterako. Guk esaten dugu ezetz. Ez dela erreforma, proposamen bat baizik. Guk Gernikako Estatutuak autogobernu politikoa garatzeko ahalmenak dituela esaten dugu, autogobernua kudeatzeko nola transferentziak gauzatzeko. Autogobernurako osagai politikoak ditu Euskal Herria aipatzen duelako, Nafarroarekin harremana eta lotura barne. Xedapen Gehigarriak dioenez, estatutu horren onarpenak ez ditu baztertzen eskubide historikoak eskuratzea, herri honi historikoki dagozkion eskumenak berreskuratzea. Guk, funtsean, proposamen berri honen bitartez baliabide horiek garatu ditugu.

Horratx zergatik proposamena eta ez plana: Gernikako Estatutuaren 46. artikuluan zein dagoen proposamen bat aurkezteko legitimatua eta zein Estatutua erreformatzeko argi agertzen da. Legitimitatea legebiltzarkideen 75etik 20 izatean datza. Esate baterako, PSEk bere proposamena aurkeztuko duela dio, baina PSEk ez ditu 15 legebiltzarkide hori egiteko. Hala ere, malguak izan gara, eta Legebiltzarrean bere proposamena eztabaidatzeko prest gaudela azaldu diogu PSEri. Baina ezin dena, adibidez, proposamena Santurtziko Herriko Etxean eztabaidatzea da. Bien bitartean, PSEk proposamena hedabideetan dauka, baina zein da proposamena? Non eztabaidatzeko? Izan ere, nor da legitimatua? Bada, legebiltzarreko eserlekuen bosta duena eta Eusko Jaurlaritza bera. Horregatik proposamena eta ez plana. Estatutu terminoa, estatutu berri bat aurkezteko legitimitatea Gernikako Estatutuak berak ematen digu. Horregatik Estatutu Proposamena ez da alferrikako berben erabilpena. Ulertzen dugu lagun artean Ibarretxeren plana deitzea, baina Jaurlaritzak proposamena esaten dio, Jaurlaritza legitimatua baita bere erreforma prozesua abiatzeko, ditugun oinarriak berrinterpretatuz, egokituz eta gaurkotuz.


Azkenak
Nazioarteko martxako euskal herritarrak Kairotik
“Gu atxilotzen ari dira martxarekin fokua Palestinan jartzen ari zelako”

Kairoko hotel batetik hitz egin du ARGIArekin ostegun goizean Pili Revilla gasteiztarrak. “Edozein momentutan atxilotu gaitzakete”, adierazi du. Solasaldiaren unean Euskal Herritik joandako bost herritar daude atxilotuta, eta nazioarteko dozenaka. Arreta Palestinako... [+]


2025-06-12 | ARGIA
Gazarako Martxan parte hartu behar zuten herritarrak atxilotzen hasi da Polizia Kairon

Ekainaren 13an hasi behar duen Gazarako Martxako partaideak atxilotzen ari da Egiptoko Polizia, tartean hainbat euskaldun. Israel Gazan egiten ari den sarraskia salatu eta korridore humanitario bat ireki dadila eskatzeko abiatu dute ekimena mundu osoko 3.000 herritarrek. 


2025-06-12 | Sustatu
YouTubek isil-isilik aldatu ditu gorroto politikak eta genero identitateari babesa kendu

Urte hasieran gertatu zen, urtarril eta otsail artean, Donald Trumpen bigarren agintaldia hasi zenean eta DEI politiken kontrako gurutzada hasi zuenean hark. Baina ez zen izan prentsa-ohar edo iragarpenik. Erabilpen baldintzetan, norbaiten "genero identitatearen eta... [+]


2025-06-12 | Gedar
2022tik hona, gutxienez 68 preso izan dituzte uhalekin loturik EAEko espetxeetan

Eusko Jaurlaritzak 2022an eskuratu zuen Zaballako (Araba), Basauriko (Bizkaia) eta Martuteneko (Gipuzkoa) kartzelen gaineko eskumena, eta ordutik uhalen edo eskuburdinen bidez loturik izan dituzten pertsonen inguruko datu batzuk eman ditu Maria Jesus San Jose (PSE-EE) sailburuak... [+]


Inguma datu-base berritua aurkeztuta ekin die UEUk aurtengo ikastaroei

Udako Euskal Unibertsitateak hogei jardunaldi eta topaketa antolatu ditu ekainaren 11tik hasita hilabete batez, hausnarketarako bide emateko eta "arnasgune akademikoa" izateko helburuarekin. Inguma datu base berrituan unibertsitate mailako jakintza alor ugaritako ia... [+]


Lanbide Heziketa Dualaren “gezurra” salatu eta egoera aldatzeko eskatu du irakasle talde batek

Espainiako Lanbide Heziketaren legeak egoera larria ekarri duela iritzita, kezka nagusiekin manifestua idatzi du irakasle talde batek eta jasotako sinadurak aurkeztu dizkio Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzari. “Joan garen ikastetxe guztietan bat egin... [+]


“Lokalizatuta dauden epigrafeak leku batean biltzeko ahaleginik ez da egin”

Iragan udazkenekoa dugu liburua: Euskarazko izenak erromatar garaiko aldare eta hilarrietan (Nabarralde, 2024). Historiara jo du berriz Juan Martin Elexpuru idazle eta filologoak, eta argira ekarri euskarak epigrafian egina duen bidea, utzia duen aztarna, orain artean inork egin... [+]


Debako liburutegian haurrek jasaten duten diskriminazioa ezabatuko dute

6 urtez azpiko haurrek egunean ordubetez baino ezin zuten egon Debako liburutegian, eta egoera hori aldatzeko borrokan aritu da herriko ama talde bat. Udal gobernuak jarrera aldatu eta onartu du herritar guztiek, duten adina dutela, nahi dutenean egon ahal izatea liburutegian... [+]


Beste bi torturatu aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

Guillermo Garcia eta Ioseba Pagola “giza eskubideen urraketen biktima” izan zirela aitortu du gobernuak. Egiaren Garaia Da plataformak “positiboki” baloratu ditu beste bi aitortza hauek.


Naparrari buruzko ‘16.060 egun’ dokumentala ikusgai, desagertu zela 45 urte igaro direnean

Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren gorpua bilatzeko bigarren saiakera kontatzen duen dokumentala interneten ikusi daiteke asteazken honetatik aurrera. Igandean ekitaldia egingo dute, Batallon Vasco Españolek iruindarra duela 45 urte bahitu eta desagerrarazi zuela... [+]


92 urteko gizon bati kartzela zigorra ezarri diote, zaintzaileari sexu erasoak egiteagatik

Akusazioa onartu, eta eragindako kalteengatik, kalte ordainak ordaindu dizkio: zigorra jaitsi diote, eta, beraz, ez du kartzelara sartu beharko. Beste gizon batek aitortu du bost urtez bikotekideari sexu abusuak egin zizkiola: zigorra jaitsi diote hamahiru urtetik laura, eta... [+]


2025-06-11 | Roser Espelt Alba
Euskaraldia eta merkatua

Aurten, berriz ere, Euskaraldia izan dugu. Bi astez, gure hizkuntza-ohiturei erreparatu diegu, geure buruari galdetuta zenbat eta nola egiten dugun euskaraz. Baina ariketa horretatik harago, galdera handiago bat ere pizten da: zeren araberakoa da hizkuntza baten biziraupena?... [+]


Eguneraketa berriak daude