Soka dantza


Gerra zibilaren inguruko urteetan, euskal dantzak abertzaletasun borrokalari eta garbizalearen agerpena ziren. Gure eredu plastikorik handiena, gure gazteriaren eskola, gure herri izaeraren ispilu gardena, gure… Urte haietan, euskal gazteak dantzari talde edo koru batetik pasa behar zuen, jatortasun seinale izateko.
Azken hamarkadetan, aldiz, pattalaldi nabarmena bizi izan dute eta ia bakarrik gureak direlako onartu edo jasan izan dira hainbatetan. Haurren alor kupidagarrian baztertu dira, oztopo egin ez dezaten.

Dantzari gazteak bilatzeko arazoak, saio gutxi, eginkizun protokolario errepikakorretarako »ezkontzak, omenaldiak…» ia beste deirik ez… Kaleko dantzari buruz, zer esanik ez. Noraezeko urte batzuk pasa ditu euskal dantzaren alorrak.

Baina euskaldunok badakigu dantzan. Historian jakin dugu. Eta balio ugari eta mardulak dituen dantza eskola sortu dugu. Azken garaietan krisian egon den arren.

* * *

Krisi honen eragileak zein diren aztertzea luze joango litzateke. Ezbairik gabe, aspalditik zetorren eredua gaurkoa ez den beste gazte euskaltzale tankera batekin lotzen zen »mendigoizalea, bulartsua…». Eredu hori bera dago krisian, ia beste muturrera joan dela esan liteke.

Euskal dantzarien artean ez da sortu lidergo guztiz onartu eta bateratzailea. Euskal Dantzarien Biltzarreak ez du itzal hori lortu. Ezta alor honetan dabiltzan bestelako talde eragileek ere. Batzuetan oso lan interesgarriak egin dituzten arren.

Beste arazo sakonagoa ere bada kontu honetan. Gure egunetako antropologo edo soziologoek "pertsona publikoaren gainbehera" deitzen dutena. Bizitzaren pribatizazioa, nor bere zulotxoan gorderik bizitzea, bere arazoetan bakarrik murgildua, gure garaietako ezaugarri kaskarra da. Bizi dugun aroan kalea, gune publikoa, arrisku gisan gehiago sentitzen da, guztion agertoki zabalaren itxuran baino. Eta gure herrian, politikaren eraginez, bizi dugun erreten sozialak arazo hau, noski, areagotu egin du.

* * *

Dantza eta bereziki euskal dantza maite dugunok kezkatuta bizi izan dugu denbora latz hau. Baina, zorionez, zerbait aldatzen ari dela esango nuke. Hobera.

Inoiz ez bezalako dantzari ederrak dauzkagu. Jon Maya edo Aiert Beobide bezalako dantzariak beren onenean ikusten direnean, zirrarak goitik behera astintzen du ikuslea. Emankizunek ere maila garrantzitsua gainditu dute: 1937 Gogoaren bidezidorretatik, Jon Mayaren azken emanaldia ikusi baduzue konturatuko zineten. Jada euskal dantzaren balioa ez da aldarrikatzen beste zerbaiten aitzakian: gureak direlako, halako mito zahar baten agerpena direlako… Alderantziz, euskal dantzak, berezkoa duten balio estetikoan oinarrituta, beste ideia artistikoen mesedetan erabiltzen dira »gerra garaian erbesteratutako haurren drama» eta laguntza paregabea ematen diote. Balio artistiko autonomoa du euskal dantzak. Bazen konturatzeko tenorea!

Bestetik, esandako egoeraren inguruan kezka zabaldu da eta alde askotan zerbait egin beharraz ari da jende dantzazalea hitz egiten eta han-hemenka ekitaldiak eratzen.

* * *

Garai egokia Soka dantza berriro zabal dezagun. Soka dantza modu asko daude gure herrian »Ingurutxoak, Larrain dantza, Ttun ttunak, oker deitutako Aurreskua…». Baina sakonean denek esanahi bera dute. Soziedade batek ongi mamitua bizitzeko, barne trabantza egokia izateko behar dituen baldintzak era plastiko, partehartzaile eta liturjikoan agertzen dituzte. Soziedade horretako pertsonek senti eta barnera ditzaten.

Atalka zehaztuta. Plaza leku publikoaren ordezkari nagusia da eta horrelakoen aldarrikapena egiten da aurreko ibilaldian. Bi muturretan sokatik tira egiten duten dantzariak »Gipuzkoa eta Bizkaian aurresku eta atzeskua», soziedade guztietan dauden indar kontrajarrien adibide dira. Eta beren arteko oreka beharrarena. Batera edo bestera antzezten diren zubiek, elkarrekin bizi ahal izateko, arau batzuei men egin beharraren agerpen ikusgarria osatzen dute. Sokatik kanpoko jende gehiago bertan integratu ahal izateak ere elkarbizitzarako ideia ederra gogorarazten du. Eskutik ibili beharraren sinbologia ezin garbiagoa da. Eta beste aldeko arrazoia: garai bateko Gizon dantza, Etxekoandre dantza, Neskatxa dantza, Mutil galaien dantza horiek etnologiarako utzita, gaur egun berez, era naturalean, Soka dantzak »edo Dantza sokak» jenero bereizketarik gabe zabaldu dira herri askotan. Hasieratik gizon-emakumeak dantzan eta sartzen direnak ere berdin. Tradizioan bada berrikuntzarako tartea, borondatea dagoenean.

Euskal dantzak, krisi latza pasa ondoren, abiatu duen olatu txiki hau aprobetxatu beharko genuke Soka dantza, dituen balio sozial eta metaforikoak ondo adieraziz, berriro gure herrietako plazetan sarri agertzeko. Botika garesti asko baino eragingarriagoa izan daitekeela iruditzen zait.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude