Xabi Larralde eta Jakes Bortairurekin solasean: ezker abertzalea estrategia bateratu beharrean

  • Batasuneko Xabi Larralderen iritziz, Euskal Herria bidegurutzean dago berriro ere. ABko Jakes Bortairu ados dago, baina bidegurutzea bi urtero errepikatzen dela zehaztu du. Bidegurutzearena Euskal Herriarentzako gurutze astun bat dela ulertu dugu guk, eta ezker abertzaleak bidegurutze horretan estrategia bateratu beharra daukala. Iparraldeko ezker abertzalearen bi kideengandik jaso ditugu inpresio horiek, baita bertako egoera politikoari buruzko beren ikusmoldeak ere.

2004ko urriaren 03an
Zenbat ezker abertzale dauden Iparraldean galdetu diegu elkarrizketaren abiapuntuan. Honatx ABko Jakes Bortairuren arrapostua: «Galdera horrela planteatzea faltsua da, ezker abertzalea ez baita Iparraldekoa soilik, Euskal Herri osokoa baizik. Zatitua da Euskal Herri osoan, eta ez bereziki Iparraldean. Nik ezker abertzalea esparru sozio-politiko zabal gisa ikusten dut, hainbat tendentzia dituena. Historikoki enbor nagusi bat dago: ETA. Enbor hartatik sortu zen ezker abertzalea, geroago Herri Batasunan bildu zena Hegoaldean eta beste hainbat antolakundetan Iparraldean. Gaur egun ordea, ezker abertzalea zabalagoa da".
Batasuneko Xabi Larraldek honela dio: "Orokorrean ados naiz. Ezker abertzalearen esparru soziala zabala da. Begi-bistakoa da, Batasunak ez ditu biltzen ezkerreko espresio eta militante guztiak. Iparraldeko egoera hala ere, ez da oraingoa, aspaldiko hainbat ildo edo tendentzia daude».

Krisian al dago ezker abertzalea?
J. BORTAIRU. Bai, baina ez Iparraldean soilik. Krisia ez da kointurala, beraz ez da AB-Batasuna zatiketaren ondorioa. AB eta Batasunaren zatiketa ezker abertzalearen krisiaren isla bat da. Nik krisia perspektiba orokor batean kokatzen dut.

Baina zergatik dago krisia?
J. BORTAIRU. Estrategiari buruzko arazoak direlako alde batetik. Ezker abertzalearen estrategiak ez du ekarri duela hamabost urte espero genuena. Ezker abertzaleak birsortze biziki sakona behar du hartara. Beste aldetik, urteetan izan dituen erreferenteak, ohiturak, antolatze nahiz gidaritza politikorako moldeak berrikusi behar ditu. Ezkerrak birsortze prozesu bat bizi izan du eta bizi du, Europan eta munduan; bien bitartean »hemengo borroka dinamika gogorrarengatik» prozesu hori berant heldu zen Euskal Herriko ezkerrera. Desfase bat izan da. Ezker abertzaleak, oro har, ez ditu Europa eta munduko ezkerreko indarrek bizi izan dituzten krisiak bere egin, ez du bere burua birkokatu. Beraz, berant bada ere ezkerrak birkokapen prozesua landu behar du Euskal Herrian.

X. LARRALDE. Ezkerrak, metodoz, abertzalea izan edo ez, tokian tokiko krisi egoerari erantzun behar dio. Nik, alta, ezkerraren krisia, metodoaren diagnositik baino gizartearen diagnositik aipatu nahi dut. Hau da, ezker abertzalea krisian murgilduta badago, lehenik eta behin, Euskal Herria krisian dagoelako da. Azken hogei urteko perspektibatik ikusita, Euskal Herria bidegurutzean dago. Batetik, Hegoaldean, bi ezaugarri nagusitzen dira: bat, erakundetzearen eztabaida eta gatazka konpontzeko premia. Testuinguru horretan gatazkaren izaera politikoa ukaezina da. Bi, aldi berean, arazoaren irtenbidea Euskal Herriak erabakitzeko eta bere burua eraikitzeko eskubidean finkatzen da. Bi osagarri hauek funtsezkoak eta errotuak dira gizartean. Iparraldean, berriz, azken hamar urteotan, hainbat prozedura »«Euskal Herria 2010 Garapena eta Antolamendua» abiapuntuan eta Batera-ren aldarrikapenak egun» gizarteratu dira marko instituzional bat exijitzeko, oraindik ere erdietsi gabeak. Oso kontuan hartu behar da gisa berean, Europaren eraikuntza. Ezker abertzalearen krisia testuinguru horretan kokatu behar da, eta beti ere, beste eragileek ere »ezker edo eskuinekoak izan» bizi duten krisiaren parametroetan kokatuta. Testuinguru horretan gertatu zen AB eta Batasunaren arteko zatiketa, aipatutako egoerari erantzuna bilatzen ari ginenean eta proiektu politiko nazional baten ikuspegitik erantzuna eman nahi genionean.

Abertzaletasuna eta jendearen arteko harremanak hizpide orain. Nola ikusten duzue gizartea Batera plataformaren »ziklo bukatuaren» ondoren? Zertan da abertzaletasuna gizartearekiko?
J. BORTAIRU. Zikloa ez da bukatua, ziklo horretan ari gara. Iparraldeko jendarteak abertzaletasunarekiko urrats handiak eman ditu azken urteetan. Euskaldun eta abertzale kontzientzia izugarri zabaldu da. Abertzaleek, alabaina, ez dituzte oraino bere eraginaren emaitzak bildu hauteskundeetan, nahiz eta emaitza batzuek alderantziz esaten duten, Baionako kantonamenduetako bozen emaitzek, adibidez. Abertzaleak sektore berriak bereganatzeko gauza dira. Hiritar batzuentzat abertzaleak erreferenteak dira, nahiz hiritar horiek ez duten abertzaletasunarekin ez euskalduntasunarekin lotura zuzenik. Ezker abertzaleak lortu du sektore horiekin konektatzea eta haientzat ere erreferente politikoa bilakatzea. Prozesua ez doa nahiko genukeen bezain fite, baina aurrera doa, dudarik gabe. Testuinguru honetan, abertzaletasunak »batzuetan plataforma zabalagoen bidez» ez du emaitza sendoagoa lortu orainokoan, baina hemengo agenda politikoa berak markatzen du. Beste alderdi politikoek, neurri batean, abertzaletasunaren eskaerak bere egin dituzte. Abertzaletasuna, neurri batean ere, motorra bilakatu da, oraindik ere mugatua, ez aski indartsua bere aldarrikapenak beste alderdiek betearaz ditzaten. Baina ni maila horretan baikor naiz.

X. LARRALDE. Ados naiz Jakesekin oro har. Zikloa bukatua den edo ez eztabaidagarria da jakina, zikloen barnean ziklo ttipiagoak baitaude. Nik ez nuke Batera-ko zikloa deituko, hamar urtez garatutako eztabaiden zikloa baizik. Ziklo horretan hiru ezaugarri azpimarratuko nituzke: gizartearen kontzientzia politikoa aitzinatu da, sekulako pausoak eman dira. Zikloa «Euskal Herria 2010 Garapena eta Antolamendua» prospektibatik abiatu zen. Orduko egoera kontuan hartuta, begi-bistakoa da, oraindik ere euskara, euskal kultura, lurralde-etxebizitza eta ekonomia kinka larrian daude. Paradoxikoki, batetik, gizarteak kontzientzia hartu du, eta bestetik, gizarteak, neurri batean, atzera egin du. Adibidez, lurralde-etxebizitzaren arazoa oso larria da, denok ari gara eremu horren jabegoa galtzen, euskal mundu tradizionala krisian dago, arazo estrukturalak ditugu. Politikoki, berriz, paradoxikoki, Jakesek aipatu duen euskal nortasun eta kultur kontzientziaren azkartze bat eman da, departamenduari buruzko kontzientzia handitu eta herritarrak Frantziako Estatuak duen erantzukizunaz ohartu dira. Baina une honetan, ez aitzina ez gibelerako egoera batean gaude. Estatua nola mugitu da galdera.

Egoerari erantzuteko gauza al da abertzaletasuna? Ezker abertzaleak badu eskaintza politiko zehatzik? Ba al du indar eta bitartekorik aski?
J. BORTAIRU. Izan beharko genuke. Gure bitartekoak beti eskas dira, egin nahi dugunerako, baina hala edo nola moldatu behar dugu eta indarra bildu aurrera joateko. Batera plataformak indar eta ahul guneak ditu, plataforma zabala da, gorabeheratsua. Orain baina, Laborantza Ganbera proiektuak alimaleko dinamika piztu dezake. Ekimen zehatza baita, ez da aldarrikapen hutsa. Estatuari zerbait eskatzetik eraikitzera pasa gara. Horrelako proiektu bat, historikoki, Ikastolen sortzearekin pareka dezakegu. Proiektua konkretua da, energiak erakartzeko indarra du, ekintza guztien helburua egitura hori muntatzera zuzendua izanen baita. Alor horretan baikor naiz. Bestalde, ABren egitura ahulegi da, liberatu bat baino ez dugu, militantzia kopuru handia dugu baina arlo anitzetan ari da, ez bereziki politika alorrean. Beraz, ez ditugu eguneroko politikak eskatzen dituen erantzun guztiak ematen ahal. Halaber, AB bere sortzetik beretik politikoki franko heterogeneoa da, aberatsa da baina konplikatua ere aitzina egiteko.

X. LARRALDE. Ezker abertzaleak arlo politikoan aurrerapauso funtsezkoak eman ditu Euskal Herria osoan. Bat, Euskal Herriak bere geroaz erabakitzeko ahalmena eskatzen du. Bi, Euskal Herria definitzeko pausoak eman dira. Bigarren puntu honi buruzko ikuspegi anitz daude, baina aurreko puntua funtsezkoa da bigarrena gauzatzeko.
Iparraldeko erakundetze prozesuan, berriz, kontzientzia azkartu da gizartean. Abertzaletasuna finkatzeko aukeretan sinesten dut. Euskal Herriaren hitzaren artikulatzea konplikatua da, baina abertzaletasuna »bidean bide eta heldutasuna garatu ahala» hel daiteke nolabaiteko estatutu politiko bat planteatzera hemen ere, beste indar politikoekin adostuta. Bi behar hauek plazaratzeko gauza izan den indar batek badu zer eskainia gizarte honi. Izan ere, abertzaleen dinamikak planteatzen dituen problematikak beste alderdien agendan daude, edo behintzat beren zeregin politikoa baldintzatzen dute. Beraz, gizartea noraino eraman dugun ikusirik, oraindik asko dugu eskaintzeko eta lortzeko.

Kantonamenduetako azken bozen ondoren horrela erran zuen Xabi Larraldek ARGIAn: "Sozialistak ez dira alternatiba sinesgarria abertzaleen aldarrikapenak azkartzeko". Frantxua Maitia Garaziko kontseilari nagusi hautatua izan zen. Jakes, zuk zer balorazio egiten duzu horretaz?
J. BORTAIRU. Nik bat egiten dut esaldi horrekin. Abertzaleen aldarrikapenak azkartzeko abertzaleek eman behar dituzte beren pausoak. ABk ez zuen bigarren itzulian kontsignarik eman. Frantxua Maitiaren ibilbide politikoa ezagutzen dugu, hitza eman du sarritan, baina ez du usu bete. Bestalde, ordea, eskuina »Michel Intxauspe kontseilariaren ondorengoa» boteretik kanporatzeko aukera zegoen. Orduan, betiko kontseilaria betiko izan ez zedin eta Maitiari sostengua eman gabe, ABk eskuineko jauntxoa kanporatzeko aukera zabalik utzi zuen. Bi aukerak utzi zituen zabalik eta hautesle abertzale bakoitzak hautatu zuen.

X. LARRALDE. Abertzaletasuna indartsua den eskualdeetan eztabaida politikoa baldintzatzea lortu dugu, eta ez bakarrik salaketa mailan, alternatibak eskainiz ere bai. Garazin eta barnealdean orobat abertzaleek panorama politikoa aldarazi dugu. Frantxua Maitiak gure proposamenen kopia egin du hainbat esparrutan, berak eskuinaren alternatiba gisa aurkeztu dituen ideia franko abertzaleenak dira. Orduan, hainbeste lan egin dugularik, gizartea hainbeste aitzinatu delarik, guk geuk ordezkatu behar dugu gure alternatiba.

Hauteskundeak hizpide honatx Igor Ahedo irakasleak ARGIAn errana: "Abertzaleak politikan baztertuak izatetik pisu eta eragina izatera pasatzen ari zirenean zatitu zen ezker abertzalea Iparraldean".
X. LARRALDE. Irakurketa hori partziala eta itxia da. Agian, bozen emaitzen arabera ulertu daiteke, eta hala ere, ez da ere guztiz zuzena. Gainera, politikan eragin moldeak ez dira bakarrik hauteskundeen emaitzetan neurtzen ahal, ekimen politikoa anitzagoa da, eguneroko eta karrikako lanean txertatuta dago. Abertzaleok gutxiago eragiten dugula orain politikan duela hiru urte baino? Ez naiz batere ziur.

J. BORTAIRU. Ez nator guztiz bat esaldi horrekin, ezta aipatzen duen unearekin ere.


Batasunaren diskurtsoan, egoera politikoari buruz erabilitako hitzak dira hauek: "Bidegurutze batean gaude. Konpromisoa hartu beharra dago". Zer dira hitz horiek ABko kide batentzat?
J. BORTAIRU. Bidegurutzearenak hizkera politiko bati erantzuten dio, azken hamabi urte hauetan, bi urtetik bi urtera, bada bidegurutze bat. Alderdien hitz egiteko manera da »neurri batean ulertzekoa», motibatzeko eta egoeraren garrantzia azpimarratzeko, baina, errealitatean gure borrokan, bidegurutzetik bidegurutzera goaz. Askotan, bidegurutzea pasatakoan ohartzen gara bidegurutzearen garrantziaz, egindako hautu egoki edo okerra egin izanaz jabetu ere. Egungo bidegurutzea garrantzitsuagoa ote da duela bost urtekoa baino? Ez dut uste. Orduan ezker abertzaleak ez zuen bide egokia hartu nonbait. Konpromisoak hartu behar direla, noski, baina bakoitzak duen pisuaren araberakoak hartu behar ditu. Zeregin horretan, eta Euskal Herria hartzen dut bere osotasunean. Utz ditzagun bazter estatuak, utz ditzagun bazter bere babesean kokatzen diren PSOE, PP, RPR eta PS alderdiak, eta kontuan har ditzagun burujabetzaren prozesuan mugitzen diren indarrak. Horien artean, nagusiki EAJri eta ETAri konpromisoak hartzeko unea iritsi zaie. Besteok ere badugu erantzukizuna, baina ez maila eta ahal berdinekin.

X. LARRALDE. Ados. Izan ere, abertzale guztiok Euskal Herrirako estatu politikoa aldatzeko beharra ikusten dugu. Indar hori Ibarretxe Planaren inguruan biltzen ari da. Baina ez dezagun ahantz: plana, neurri batean, ezker abertzalearen borrokarengatik gauzatzen ari da. Guztion ahotan dagoen «Euskal Herriak hitza eta erabakia hartzeko printzipioa» ez zegoen horren errotua gizartean duela bost urte. Orain, berriz, guk sakoneko eta egiazko aldaketa bat eman dadin, gatazka gainditzeko balio behar duena, estatutu berri batez baino haratago joan behar dugula diogu. Batasuna gatazka gainditzeko ekarpena lantzen ari da, eta beste abertzaleekin adostasunean gauzatu nahi du. Bakoitzak bere printzipioetan oinarrituta eta guztion artean landua. Lantze eta moldatze prozesuan eragile guztiak bildu behar ditugu, irtenbideak integratzailea eta ez baztertzailea izan behar du. Eta edozer adosten dela ere, ondoren Euskal Herriak bere hitzaz onartu behar du. Gure ustez, egoera honetara heltzen bagara, sakoneko aldaketa eman liteke, edo gerta dadin baliagarria izan daiteke behintzat. Batasunan prest gaude prozesu horretan ausardiaz parte hartzeko.

X. Larralde: «Baliteke elkarrengandik hain urrun ez egotea»
Nik ez dut ABren kasuan deus kritikatzeko, errespetatu behar ditugu bakoitzaren bidea eta estrategia. Guri dagokigunean, berriz, Batasuna prozesua burutu zenean jende askok ulertu ez zuela eta kanpo geratu zenaren inpresioa dugu. Konstatazio bat da. Noski, konstatazio horren beste aldea da gauzak ez zirela behar bezain ongi egin. Gero, horren oinarrian, frankotan ez dugu lortzen estrategiaren inguruan dauden egiazko irakurketak eztabaidatzea. Maleruski, bide aski kalapitatsu horrek eragin du horretan. Batzuetan elkarri botatako mezu batzuk gaizki interpretatuak izan dira, oker eta nahas-mahas hartuak izan dira. Agian, sarrerako eztabaida bat burutu beharko genuke, asmo estrategikoetan zein neurrian gauden bereiziak edo zertan gauden ados jakiteko. Baliteke elkarrengandik hain urrun ez egotea.

J. Bortairu: «Ziur naiz geroan elkartuko garela»
Zatiketari buruz mintzatzea ez da garrantzizkoena gaur egun. Gauza batzuk gaizki egin dira bi aldetatik, baina, oro har, gauzak logika batekin egin ziren. Inportanteena orain »egoera ez dela samurra kontuan hartuta» indar berezia egitea da eztabaida politikoa bere tokian kokatzeko, hau da, ez gaitezen desbideratu irain eta deskalifikazioetan, ziur bainaiz geroan elkartuko garela. Burujabetza prozesua elkarrekin egin nahi badugu, indartu nahi badugu, elkarrekin aritu beharko dugu. Ez du deusetarako balio izan daitezkeen aldeak handitzea edota zauriak areago mintzea. Estrategiaren bidean desadostasun nabarmenak ditugu, eztabaida gogorrak, bakoitzak bere bidea urratu nahi baitu, baina, politikan gauza arrunta eta normala da. Beraz, entsea gaitezen gure arteko alde horiek ez sobera handitzen, egunen batean elkartuko garelakoan.

Batasunaren lurraldetasun ikuspegia Larralderen iritziz
Batasunari agian ez zaio ongi ulertu lurraldetasunaren gainean duen ikuspegia. Guk ez dugu hobesten estatuekiko konfrontazio ildoa, eraikuntza ildoa baizik. Frankotan, estatuen aurkako gure lanen eta borroken lehen irakurketan konfrontazio ildoa lehenesten dugula dirudi, abertzaletasunak eremuka dituen indar harremanen araberako irakurketa proiektatzen baita, nonbait. Alta, konfrontazio ildoa baztertu gabe, guk eraikuntza lehenesten dugu. Eraikuntza dinamika batean abiapuntua lurraldetasuna da, ez da emaitza. Nahitaez. Adibidez, ikastolen eremuan ikastolen federakuntza gauzatu da maila nazionalean, euskararen normalizazioan Euskaltzaindia beharrezkoa izan da. Guk ekimen molde hori eremu politikora eraman nahi dugu, baina, agian, gure estrategia politikoa ez da behar bezala ulertu.

Borroka armatua hizpide
Borroka armatua desagertzeak ekarriko al luke ezker abertzalearen batasuna Iparraldean?
J. BORTAIRU. AB eta Batasunaren arteko zatiketa ez zen borroka armatua dela-eta gertatu bereziki. 2000ko irailean, zatiketa gertatu aitzin eta su etena amaitua zelarik, borroka armatuari buruzko ABko jarrera gehiengo zabal batek onartu zuen. Arazoa orokorragoa izan zen eta da gaur egun ere. Zer-nolako estrategia erabili behar dugun burujabetzaren prozesuan, zein borroka molde diren egokienak eta zein aliantza politiko behar ditugun zehaztea da arazoa. Baina, egia da, une honetan borroka armatua jarraitzeak batasuna posible egin lezakeen estrategia gauzatzea oztopatu egiten du. Borroka armatuak egun bezala segitzen badu, baldintza eskasak izango dira ezker abertzalearen birbatzeko. ETAk beste su-eten bat emango balu, adibidez, aldeko baldintza bat gehiago litzateke. Hala ere, guk beharrezkoa ikusten dugun birsortze prozesua aurrera eramaiteko, beste hainbat kontu mahai gainean ezarri eta konponbidean jarri beharko dira. Prozesua gainera ez da Iparraldean soilik gauzatu behar, Euskal Herri osoan baizik.

X. LARRALDE. Euskal Herrian badago gatazka bat, baina ez da borroka armatuarengatik bakarrik islatzen. Gatazka dago bi estatu hauek herri honi bere nortasuna ukatzen diotelako. Horri begira historikoki ezker abertzaleak jarrera bat izan du, betikoa, bere printzipioetan dagoena: zapaldua dagoen herri batek oldartzeko eskubidea du. Gero, aldian aldiko egoeraren irakurketan jarrera horiek egokiak ote direnentz eztabaidagarriak dira, ezker abertzalearen ildo edota espresio bakoitzak bere iritzia dauka. Ohar bat, alta: Espainiako Estatuarekin gatazka gainditzeko hainbat klabe eskaini duen Batasuna legez kanpo dago Hegoaldean. Egoera horretan, bake justua bilatzen duen indar politiko batek ezin badu egoera normalizatu batean lanean segitzen ahal, herritar batzuei beste bidean jarraitzeko argudioak ematen ari zaizkie. Egoeraren arabera, printzipiozko jarrera hori edo beste bat hartu daitezke, baina, nago, ezker abertzalearen jarrera eta printzipio horren arabera izan diren eztabaidak benetakoak izan direla, gatazka gainditzeko egiazko pausoak ematea da gakoa.

Zatiketaren menturak Bortairuren ikuspegitik
Ez dut uste zatiketak berez eta beti txarrak direnik, batzuetan ezinbestekoak dira. Ezin bada elkarrekin aritu, bereizi behar da. Bizi izan duguna kaltegarria izan da. Zatiketarako ildoak behar bezala kokatuak ote ziren? Ezetz uste dut. Erritmo eta kokapen eskasarengatik jende askok ez zuen bere burua kokatu bere hautuz, inertziaz edota inguruko besteek behartu ohi dutelako baizik. Fenomeno soziologikoak eta psikologikoak dira. Historiak erranen du zatiketak zer ekarriko duen, baina horrek ez du kentzen funtsezko eztabaida: ezker abertzalean estrategia ezberdinak daude burujabetasunaren bidean. Estrategia zehatz bat eraman zen urte luzetan eta Lizarra-Garaziko Akordio garaian aldatu zen. Akordio hori mugarri izan zen. Beste fase batean sartu ginen, bere mugak eta arazo sakonak ere zituena bestalde. Gero, sektore batzuek akordio hura ez zela emankorra pentsatu zuten eta beste molde bateko akordio bat behar zela erabaki zuten. Eta hor bi bide daude, nekez uztartzekoak. Dena dela ere, ezker abertzalearen zatiketa Hegoaldean nahiz Iparraldean gertatu da, eta molde ezberdinetan.


Azkenak
Konponbiderik gabeko desoreka?

Ordizian orekara eramango gaituen interbentzio plan berezi bat behar dugu; urteroko matrikulazio lehia eta arriskutik atera, egonkortasuna eman eta herriko ikasleak modu orekatuan batzeko aukera emango digun plana.


Hauteskunde kanpainan isildutako makroproiektuei buruzko eztabaidak

Igande honetan egingo dira hauteskundeak Katalunian, maiatzaren 12an. Procésaren ondorenak eta Carles Puigdemonten balizko itzulerak estali ditu zenbait mintzagai. Baina abian dira bi proiektu erraldoi eta esanguratsu, biak ala biak turismoari estuki lotuak: Hard Rock... [+]


2024-05-07 | Euskal Irratiak
"Zenbat dugun kontatzeko!" Euskal Herriko mapa sortu dute

"Zenbat dugun kontatzeko!" mapa ilustratu bat sortu dute elkarlanean Ikas Bi, Biga Bai, Euskal Haziak, Seaska eta Euskal kultur Erakundeak.


Eguneraketa berriak daude