Gaztetxeak bizirik jarraitzeko irrikaz

  • Lagunartea, gazteria, aniztasuna, okupazioa, hustea, bizimodu alternatiboa... gauza ugari datozkigu burura gaztetxe hitza entzuterakoan. Azken aldian, guztien artean husteak du protagonismoa. Iruñeko kasua ikusi besterik ez dago. Egoeraz jabeturik, Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanblada guztien artean gaztetxeen mahai nazionala eratzeko beharra ere aldarrikatu berri du gazteriak, Iruñean hain zuzen. Gaztetxeetan bizi den giroa eta bertako gazteen filosofia ezagutu asmoz, Euskal Herriko zenbait gaztetxetan izan gara. Egungo egoera, bertan burutzen dituzten ekimenak eta okupazio eta huste prozesuen nondik norakoak kontatu dizkigute. Hainbat esperientziarekin egin dugu topo, denak ere aberasgarriak.

2004ko irailaren 12an

Hierarkietatik at bizi nahi duten eta autogestioa aldarrikatzen duten gazteek osatutako lokalak dira gaztetxeak. Halaxe deskribatzen ditu Galdu arte nobelaren egile den Juan Luis Zabalak. Eleberri horretan, 1984tik 1993ra bitartean Azkoitian izan ziren hiru gaztetxeetan bizi izan zituen pasarteak kontatzen ditu Zabalak. Filosofia irekia dutela irizten dio idazleak. "Espiritu partehartzailea duten gazteak mugitzen dira gaztetxeetan. Erabakiak asanbladetan hartu ohi dituzte eta jarrera hori edukitzea ezinbestekoa da harmonia egon dadin", zehaztu digu Zabalak.

80ko hamarkadatik gaurdaino, mugimendu honek okupazioa izan du ardatz. Galdu arte nobelaren egileak kontatu digunez, okupazioaren hastapenetan antimilitaristak, langabetuak... biltzen ziren. "Garai hartan, gazte belaunaldien artean etsipena zen nagusi, balio berriak aldarrikatzeko beharra bizi genuen eta ‘Etorkizunik ez!’ zen gure lema". Zabalak dioenez gainera, egungo belaunaldiekin alderatuz, ezinegon handiagoa bizi izan omen zuten. Hain zuzen, bat-batekotasunik jada ez dagoela deritzo. Filosofia eraikitzailea eta jokabide arrazionala omen ditu egun gazteriak: "Orain gazteek gehiago pentsatzen dituzte gauzak. Dena den, orduko ideiak mantentzen dira: jarrera aldarrikatzailea, elkartasuna... Iruñeko gaztetxearen kasua dugu adibide berriena. Pozgarria da gaztetxeko kideek lortu duten babesa eta auzokideen erantzuna".

Oihartzun handia izan du Iruñeko Euskal Jai Gaztetxearen husteak azken asteotan. Abuztuaren 16an goizaldeko 6:30etan polizia operazio zabala hedatu zen pilotalekua izandako gaztetxean. Udalaren aginduz, inguruko karrika guztiak moztu zituen Espainiako Poliziak. Plazaren ate berria behartu, garabi batez baliatu eta plataforma igokarien bidez teilaturaino igo ziren polizia taldeak gazte andana gaztetxetik indarrez kanporatzeko. Eraiste lanak, berriz, gaztetxea hustu gabe hasi ziren. Tentsio uneak bizi izan zituzten bertan ziren gazteek, baita kanpoan babesa eta elkartasuna adierazteko bildu ziren senitarteko, bizilagun eta lagunek ere. Hondeamakinak eteteko saiakera guztiak ordea, alferrikakoak izan ziren. 8:30ak inguruan bi makina handi pilotalekuaren hormak botatzen hasi ziren.

Euskal Jairen hormak eraitsi arren, sustraiek bizirik zirauten eta abuztuaren 21ean, Jesus eta Maria eliza okupatu zuten gazteek. Bi egun beranduago, Udaltzaingoak eta Espainiako Poliziak eraikina hustu zuten. Jesus eta Maria eliza okupatu zuten asteburu horretan bertan, Mendillorriko Jauregia ere okupatu zuten. Hurrengo egunean, Nafarroako Gobernuak Foruzaingoa bidali zuen eraikina hustu zezan.

Ekainaren 21az geroztik, Euskal Jai Udalarena da eta Yolanda Barcina Iruñeko alkateak bertan kiroldegia eraikitzea du xede. Zentro hidrotermala sortzeko ideia ere aipatu da. Espainiako Kode Penalak jabetzari buruz dioena argudio hartuta, alkateak "zuzena eta neurrizkoa" dela esanez erantzun die ekintza arduragabekeriatzat salatu dutenei. Jabearen baimenik gabe etxe bat okupatzeagatik bete beharreko zigorra azpimarratu du Barcinak behin eta berriro.

Hamar urte

Gertatutakoak gertatu, hamar urtez hiriko gazteen gotorleku izan den eraikinak arrastoa utzi du iruindarren oroimenean. Gaztetxea bota badute ere, espazioak publiko izaten jarraitzen duela deritzo Oier Zuñiga Euskal Jaiko kideak. "Publiko hitza herriarena den zerbait bezala ulertzen dugu guk, ez instituzio batek kudeatutako zerbait bezala", azaldu digu Zuñigak.

Hustea gertatu baino bost hilabete lehenago, azken urteetako proiekturik potoloena aurkeztu zuten Euskal Jaiko gazteek, gaztetxeko frontoia plaza publiko bihurtzea, alegia. Auzolanean berritu eta auzoko beharrei egokitutako proiektua jarri zuten abian. Auzoak parte hartzeko espazio aske bat sortzea zen xedea. Kulunkak, erretegiak, bankuak, iturriak... sortzeko ideia biltzen zuen egitasmoak. Gaztetxea plazatik aparte egon zedin, bi ate jartzeko asmoa zuten. Zerbitzu ugari eskaintzeko plana ere bazen Euskal Jaiko gazteen artean, hain zuzen igandeetan zinema saioak doan eskaintzea, jantokia edukitzea, hitzaldiak ematea eta kultur eta musika ekimen ugari burutzea.

Isilpeko asmoak

"Nolabait esateko guk markatu dugu hustea. Udalak hustea isilpean burutzeko asmoa zuen. Zurrumurruei jarraituz, kontaktuak eginez eta ikerketa lanak burutuz guk geuk utzi genuen agerian Udalaren azpijokoa", azaldu digu Zuñigak. Euskal Jai orain arte enpresa pribatu baten esku egon da. Udalak eraikina erosi bezain laster, kirolerako gune bat sortzeko aurreproiektua aurkeztu du. "Proiektua ez du arkitekto batek sinatu, neurririk ez du zehazten eta ez du zutabe nagusirik. Hamar egunetan egindako zirriborroa besterik ez da", argitu digu.

Gaztetxea eraisteko lanen inguruan informazio osoa helarazi ez izanagatik salaketa ugari jarri dituzte Iruñeko Udalaren kontra agente sozial eta politiko ezberdinek. Gaztetxea eraistearen ondorioz galerak jasan dituzten inguruko auzokideek ere salaketak jarri dituzte. Lerrook idatzi bitartean hamaika ziren Iruñeko Udalaren aurka ezarritako salaketak.

Okupazioa, bide bakarra

Honelaxe deskribatu digu Zuñigak Udalaren jarrera: "Hamar urtetan Udala atzetik izan dugu gaztetxetik bota nahian. Beraiek eskaintzen duten hiri ereduan, hau da, hiri elitista eta kontsumista batean, hiri erdian dagoen zikinkeria besterik ez gara. Beti kendu nahi izan gaituzte gainetik eta ez dute sekula hitz egiteko edo akordio batetara heltzeko jarrerarik agertu. Guk nahi duguna gazteok aisialdirako lekua izateko eta pertsona gisa garatu ahal izateko espazio aske bat da. Instituzioek ez digute aukera hori eskaini eta gure alternatiba bakarra okupazioa da". Okupazioari dagokionez, berriz, horrela mintzatu zaigu Euskal Jaiko kidea: "Guk lokal bat okupatzen badugu ez da bertan bizitzeko. Gure aisialdirako lekua nahi dugu, inolako kanpoko eraginik gabe gure arazoak trukatu eta gure bizimodua kudeatzeko tokia, alegia".

Zuñigaren ustez, Barcinak gaztetxea botata mugimendu guztia deuseztuko zuela uste zuen. "Gazte mugimendua azken aldian itzalpean zegoen. Indarra bazegoen baina txinpartak saltatu gabe mantentzen zen. Gertatu denaren ostean, Iruñeko gazteriak indarrak bateratu ditu eta gazteok ditugun beharrak errealitate bihurtzen saiatu dira hainbat auzotan. Denbora gutxian lau lokal okupatu dira. Mendillorrin esaterako, gazte asanblada ere sortu dute", adierazi digu gaztetxeko kideak. Honen aburuz, Iruñeko alkateak bizitza ezagutzeko grina duten ehunka gazteren ilusioarekin jokatu du. Ilusio hori itzali beharrean, indartu eta piztu egin duela baieztatu digu. «Animoak apur bat jaitsi dira, batik bat lokalak ekartzen zizkigun oroitzapenengatik, baina jaso dugun babesa funtsezkoa izan da berrindartzeko. Euskal Herriko komunikabide, kolektibo eta gaztetxeetako kideek euren elkartasuna adierazi digute. Izan ere, gazteok gauza berak elkartzen gaitu".

Helburua: Negoziaketa

Barañaingo gazteek Iruñekoek baino zorte handiagoa izan dute, negoziaketetan bederen. Joan den apirilaren 20an, Guardia Zibilak Udalaren agindupean Barañaingo gaztetxea hustera behartu zituen herriko gazteak. Oztopoak oztopo, ekainaren 12an, gaztetxe itxi berria okupatu zuten, lokala berreskuratu eta jarduera autogestionatuak burutzeko xedez. Ehun bat lagunek euren aldarrikapenak biltzen zituen eskaera orria eman zioten Josu Senosiain alkateari. Negoziazioek egun osoan iraun ostean, herriko gazteei lokal berria esleitzea erabaki zuen Udalak. «Lokal autogestionatu bat nahi izatearen zergatia agertu genion alkateari, gure ideiak eta helburuak ezagutarazi genizkion eta elkarrizketaren bidez lortu genuen akordioa. Udalarentzat juridikoki errazagoa zen alokairuaren truke lokal bat esleitzea, baina guk lokal autogestionatu baten aldeko apustua egin genuen. Azkenik, gazteok lokal bat kudeatzeko gai garela onartuz sinatu zuen alkateak gaztetxe berriaren esleipena», dio gaztetxeko kide den Iker Martinezek.

Udalaren hasierako asmoa herriko gazteak Baragazte delako zentrora eramatea zen. Enpresa pribatu batek kudeatutako gunea denez, gazteek euren desadostasuna agertu zioten Udalari. Martinezek adierazi digunez, herriko gazteek hain zuzen horixe zen nahi ez zutena, enpresa pribatu edo instituzio publiko batek kudeatutako lokala. "Hasieran 40 metro koadroko lokal txiki bat eman nahi izan zigun Udalak baina eskaintza horri ere ezezkoa eman genion. Azkenik, herrian ekimen hainbat burutzearen truke, Udaletxe plazaren gainean dagoen 150 metro koadroko lokala esleitu zigun Udalak", azaldu digu gaztetxeko kideak. Ekimen horien artean, herriko haurrentzako ekitaldiak prestatu, festetarako jarduerak antolatu, akelarreak egin eta kultur nahiz bestelako ekintzak prestatu beharko dituzte Barañaingo gazteek.

Hamar urtetan Barañaingo gaztetxea izan dena ere Udalak bere garaian emandakoa zen. Lokal okupatua ez zen arren, orain artean Udalarekin harremanik ez dute izan gaztetxeko kideek. Lokal horrek eskalada murruak, musika taldeek entseatzeko intsonorizatutako aretoa, aisialdirako gunea eta argazkiak errebelatzeko gela zituen, besteak beste. Horrez gain, larunbatero haurrei zuzenduriko ikastaroak antolatu ohi zituzten. Gaztetxeko kideen esanetan, euren helburua beti gaztetxean ahalik eta herriko sektore gehien inplikatzea izan da.

Iruñeko gazteen kasuan ez bezala, Barañaingoek ez zuten gaztetxea husteko inolako jakinarazpenik jaso. Udalak bi arrazoirengatik salatzen zituen gaztetxeko kideak: bata, musika taldeek entseatzeko eginiko gela intsonorizatua legez kanpoko obra izatea, eta bestea, Baragazten autogestioaren alde eginiko pintaden arduradunak gaztetxeko jendea izatea. Ikerren aburuz, Udalak "zentzurik gabeko" argudioak izan ditu ardatz gaztetxea husteko. "Guk badakigu beraien kontrolpean ez zegoen lekua zelako bota gaituztela gaztetxetik eta horretarako aitzakiak behar zituzten", irizten dio gaztetxeko kideak.

Algorta: Zortzi okupazio lau urtetan

Algorta aldean okupazio mugimenduak ematen du zer esanik. Izan ere, azken lau urteotan zortzi okupazio egon dira. Urrutira joan gabe, azken asteotan bai Algortan eta baita Erromon ere okupazio mugimendua berpiztu dela adierazi digu gaztetxeetako kide den Mikelek. Duela aste batzuk Erromoko gazteriak lokal bat okupatu zuen eta Algortako gazteek ere Haize-Errota auzoko beste etxe bat okupatu zuten. Bost egun beranduago ordea, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak eraikina hustu zuten. Egun horretan bertan, Algortako kultur etxe zaharrean sartu ziren gazte asanbladan parte hartzen duten gazteak. Oraingoan ere, kanporatuak izan ziren. Geroztik, gaztetxe baten beharra aldarrikatzeko kanpaldiak ere egin dituzte Algortako gazteek. Mikelek jakinarazi digunez, gaztetxe batek Algortan gehien iraun duen denbora bost hilabete izan da, Sastraka izenekoa, alegia. Burdinola izenekoa da hurrengoa zerrendan, hiru hilabeteko iraupenarekin.

Algortako gazteek argi dute okupazio mugimenduarekin lortu nahi dutena eta halaxe adierazi digu Mikelek: "Udalak beti jabego pribatuaren aitzakia jarri izan du gaztetxeen kontrako erasoak egiteko. Guk okupazioa tresna gisa ulertzen dugu, alternatiba bakarra baita. Elkarrizketa eta negoziaketen bitartez autogestionatzeko lokal bat besterik ez dugu lortu nahi, baina ez da posible. Udalarekin harremanetan jartzeko ahalegin guztiak alferrikakoak izan dira". Azken asteotan Algortako gazteek manifestu bat aurkeztu dute gaztetxe baten beharra aldarrikatzeko. Talde horretako bozeramaileak azaldu digunez, inguruko sektoreen babesa eta inplikazioa sustatzea da manifestu horren helburu nagusia.

Udalaren hankazpian

Gasteizko gaztetxea ere okupazio mugimenduaren adibide garbia da. Duela hamasei urte, 300 gaztek Apezpikutzaren lorazainaren etxe bezala ezagutzen zen eraikina okupatu zuten. Hastapenetan Apezpikuaren kexak jasan behar izan bazituzten ere, zazpi urte beranduago Udalak hartu zuen lokala husteko eskatzeko eginkizuna. Gasteizko Udalak urte ugari daramatza eraikina botako duela esanez baina auzokideek Udalaren mehatxuak baretu dituztela irizten diote gaztetxeko kideek. Dena den, Udalak auzoa birmoldatzeko proiektua du, eta horretarako, hainbat etxe botatzeko asmoa du. Bere garaian negoziatzeko ahaleginak egin bazituzten ere, egun, gaztetxeko kideek ez dute inolako harremanik gobernuan dagoen taldearekin.

Sorgintxulo: Husteko arriskuan

Sorgintxulo gaztetxe izan aurretik ikastola, AEK euskaltegia, haurtzaindegia, zinema... izana da. Hamasei urtez itxita egon ostean, inguruko gazteek okupatu zuten duela bost urte eta erdi. Egun, berrogeita hamar talderen bilgune da Sorgintxulo, 300 gazte ingururen topalekua alegia. Elkarbizitza eta komunikaziorako gune horrek hainbat gela ditu: ludoteka, liburutegia, zinema aretoa eta musika, antzerki, informatika, ikastaro gela. Autogestionatzeko, barra zabaltzen dute ostiral eta larunbatetan. Horrez gain, kamisetak egin, kontzertuak antolatu eta festetan txosna zabaldu ohi dute.

Orain arte lokala ondoan bizi diren apaizena izan da, baina orain Udalaren esku gelditu da. Diotenez, Udalak Sorgintxulo zaharrentzako egoitza bilakatu nahi du. Husteko arriskuaren aurrean, auzuneko hainbat talderen artean Sorgintxulo Karmelon! Plataforma sortu dute. "Husteko mehatxuei erresistentziarekin erantzungo diegu. Hitz egiten eta negoziatzen saiatu gara baina ez dugu erantzunik jaso", adierazi digu Sorgintxuloko kide den Idoia Alonsok.

Udal ordezkariek ekainerako gaztetxea hustu beharko zutela jakinarazi zieten Santutxuko gazteei. Maiatzean bertan, eraikinaren neurriak hartu asmoz, udaltzain eta arkitektoak gaztetxera sartzeko ahalegin antzua egin zuten. Zenbait lagunek gaueko txanda egina zuten eta ateak itxita zituzten. Hurrengo bisita noiz iritsiko zain, gazteriak erne jarraitzen du.

Autogestiorako gai izan bai, baina aukerarik?

Euskal Herriko gazteek euren aisialdirako gunea kudeatzeko gai direla erakutsi dute. Horretarako ordea, oraindik orain baliabide bakarrenetakoa okupazioa dela berretsi ahal izan dugu. Gurasoengandik independizatzerakoan buru aski izaten ikasten omen da. Adibide berean oinarrituz, inoren laguntzarik gabe lokal bat autogestionatzeak ez al die gazteei garatzen eta heltzen erakusten?

Aurore Martin, Iparraldeko Gaztetxeen Kolektiboko kidea: «Iparraldean gazteriak okupazioari beldur dio»
Gaztetxeak lortzeko zailtasunaz jabetuta sortu zen orain bi urte Iparraldeko Gaztetxeen Kolektiboa. Besteak beste, okupazioa sustatzea du helburu kolektiboak, Iparraldean lokalak lortzeko alternatiba ohikoena ez baita okupazioa. Gaztetxeen artean esperientziak konpartitu eta elkar ezagutzeko bilkurak egin ohi dituzte. Esperientzia horietaz guztietaz aritu zaigu kolektibo horretako kide den Aurore Martin mauletarra.

Zenbat gaztetxe daude Zuberoan, Behe Nafarroan eta Lapurdin?
Orotara sei daude, zehazki Maulen, Itsasun, Saran, Makean, Hazparnen eta Donibane Lohizunen. Sei gaztetxe bakarrik dauden arren, Gazte Asanblada ugari daude. Azpimarratzekoa da beste hogeita bat herri gaztetxe eskaeran aurkitzen direla.

Noiz eta nola hasi zen gaztetxeen mugimendua Iparraldean?
Duela hamabost bat urte musika eta kulturan mugitzen ziren gazte talde batzuk hasi ziren lokalak okupatzen. Donibane Lohizuneko gaztetxea esaterako, horrela lortu zuten. Okupatu eta okupatu, Herriko Etxeak toki hori gaztetxearentzat utzi zuen. Saran eta Itsasun ere Herriko Etxeek gaztetxea izateko tokia ostatatzen die gazteei. Hirurak okupazioaren bitartez lortutako lokalak dira. Dena den, horiek kasu bereziak dira. Gehienetan, gazteek enpresa pribatuei alokatzen dizkiete lokalak.
Uztaritzen esaterako, urtero eskatu ohi dute gaztetxea eta ez diete sekula ematen. Hauteskundeak gerturatzen diren aldioro gauza anitz zin egiten dituzte baina ondoren ez dituzte betetzen. Garazin, berriz, gaztetxea itxi berri dute haren egoera txarra zela-eta. Teilatua erortzear zegoen, baita murruak ere. Hazparnekoa da hemengo gaztetxe handiena, garbiena eta biziena.

Okupazioa al da egun bide bakarra?
Hemen gaztetxeen inguruan okupazio hitza ez da ohikoa. Agian gune batzuk okupatu beharko lirateke herri askotan gaztetxe eskaeran daudelako, baina ez da hala gertatzen. Jendeak okupazioari beldur dio.


Autogestiorako zein baliabide erabiltzen dituzte gaztetxeek?
Kontzertuak, animazioak, euskararen aldeko ekimenak, antzerki saioak, zirko ikastaroak eta abar antolatzen dituzte. Kontzertuak izan ohi dira ohikoenak. Donibane Lohizuneko gaztetxeak esaterako, musika taldeentzako areto intsonorizatu bat du.

Zein uste duzu izan beharko lukeela gaztetxe baten dinamika?
Egoera ezberdina da kostaldean eta barnealdean, arazoak ez baitira berdinak. Orokorrean autonomoak izan beharko liratekeela esango nuke, autogestionatuak, alegia. Herriari dinamika bat ekarri behar dio gaztetxeak, hau da, herriak berak ez duena eman behar dio gaztetxeak gazteriari. Animazioak proposatu behar dizkio gaztetxeak herriari.

Hegoaldeko gaztetxeekin harremanik ba al duzue?
Bai, gaztetxe batzuek trukaketak dituzte beste gaztetxe batzuekin. Maulek, esaterako, Arrasaterekin eta Donibane Lohizunek Ibarrarekin. Trukaketa horien helburua elkar ezagutzea eta esperientziak konpartitzea da, gauzak ez direlako batere berdin egiten Iparraldean eta Hegoaldean. Orain, adibidez, Iruñeko kasua aztertuko dugu bilkuretan, sostengua eta babesa erakutsi nahi baitiegu.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude