Euskal Herria. Estatuko arma ekoizle nagusia


2004ko maiatzaren 30an
Euskal Herriak elkartasuna esportatzen du GKE, mediku, erizain, profesional, hezitzaile, boluntario, erlijio gizon eta emakume, eta misiolarien bidez. Enpresetako produktu ez militar asko ere esportatzen ditu. Baina armak ere egin eta esportatzen ditu, Hegoaldeak Iparraldeak baino gehiago. Ez ehizarako armak bakarrik (horrelakoak gutxi dira eta gainbeheran daude), baita munduko gerra eta gatazka latzenetan erabiltzen direnak ere. Ekoizpen militarraren zati handi bat euskal lurraldean gauzatzen da. Oso zaila da erabat militarra den ekoizpenaren benetako datuak eskuratzea, baina nahiko datu daude errealitate hori badela inork zalantzan ez jartzeko.

Existitzen diren hainbat gerra tramankuluren artean, besteak beste ondorengo hauek ekoizten dira Euskal Herrian: armamentua, munizioak, minak, kanoi antiairekoak, gerra-gurdiak, obusak, traktore anfibioak, misilen osagaiak eta borrokarako hegazkinen zatiak. Hain zuzen ere, arrazoi horrengatik esleitu izan dizkie azken urteetan Espainiako Defentsa Ministerioak lehiaketak euskal enpresei. Esate baterako, 1990-2001 aldian 25 euskal enpresek lehen aipatutako ministerio militarrak egindako lehiaketetako 569 esleipen lortu zituzten guztira. Horrek 111.478 milioi pezetako kopurua osatzen du. Lehen adierazitako produktu militarrei, gainera, Sestaoko La Naval ontziolak eraikitako fragatak eta ontzi militarrak gehitu behar zaizkie.

Batere susmagarria ez den "Asociación Independiente de la Guardia Civil" delakoak 2003ko uztailaren 28an Vasco Press agentziak zabaldutako informazioaren bidez adierazi zuen 2002. urtean Espainian egindako armen %99 Euskal Herrian egin zirela. Euskal Autonomia Erkidegoan egin omen ziren 309.822 arma luze eta beste 18.255 arma labur.

Armagintzaren tradizioa

Euskal Herriko historian zehar, batez ere Gipuzkoan eta Gipuzkoa eta Bizkaiaren arteko mugan izan du tradizioa armagintzak. Gurean, ez ditugu mundu osoan ezagunak diren ehizarako armak bakarrik egin. Euskal Herria punta-puntakoa izan da eta oraindik ere da munduko hainbat gerratan erabiltzen diren armamentua eta munizioa egiten. Bi adibide historiko jartzearren, Markinan zegoen Esperanza y Cia (ECIA) zen morteroak egiten zituen munduko enpresarik garrantzitsuenetakoa. Garai bateko Banco Vizcayak jarri zuen hasierako kapitala, eta orain dela zenbait urte utzi zion morteroak egiteko enpresa gisa funtzionatzeari. Orain izen berria dauka, Nueva Ecia, eta besteak beste, osagai militarrak egiten ditu. Bigarren enpresa Sociedad Anónima Placencia de Armas (SAPA) dugu, euskal gremio-industriaren oinordekoa den ehun urtetik gorako enpresa, "kanoi fabrika" izenez ezaguna dena. Ehungintzan ere aritzen da, eta kanoiak konpontzen eta gerra-gurdi eta obusak bezalako tramankulu modernoagoak ere eraikitzen jarraitzen du. Eibar-Elgoibar-Zaldibar ingurua, bestalde, armagintzan jardun izan diren enpresa txiki eta ertain ugariren gunea izan da.

Ekoizkin militarren areagotzea

Irakeko gerra hasi zenetik hamalau hilabete besterik ez dira pasatu, eta arlo zibilean ere jardun diren armagintzako gure fabriken ekoizpen militarrak gora egin du ARGIAk eskuratu ahal izan dituen datuen arabera. Bizkaiko ITPk (Industria de Turbo Propulsores), bere programa nagusiarekin jarraitzeaz gain -Eurofighter borrokarako hegazkin europarra- kontratuak sinatu ditu Tigre borrokarako helikopteroaren eta A-400M garraio militarrerako hegazkin europarraren programetan parte hartzeko -Tigreren programan Gipuzkoako SAPAk eta Arabako GAMESA eta EXPALek ere parte hartuko dute-. Horrez gain, Joint Strike Fighter (JSF) ehiza-hegazkin estatubatuar berriaren programan parte hartu ahal izateko negoziatzen ere aritu da.

Bizkaiko SENERek ia ITP osoa bereganatu du eta, horrez gain, Espainiako Zientzia eta Teknologia Ministerioarekin akordio batera iritsi da Iris-T -Infra Red Imagery Sidewinder Tall- izeneko irismen laburreko aire-aire misila teknologikoki garatzeko, aireko ejertzitoak F-18 eta Eurofighter-etan mota horretako 1.000 misil jartzeko asmoa baitauka. Defentsa Ministerioak EXPAL arabarra hautatu du datozen urteetarako daukan programa nagusietako bat garatu eta eraiki dezan: BPG-2000, laser bidez gidatzen den lehergailu zulatzailea, Espainiako industriak inoiz sortu duen lehergailurik indartsuena. Horretarako, joan den udaberrian Bardeetako tiro-eremuan aritu zen asmakuntza berria probatzen eta lehengo azaroan lehenengo 14 milioi euroak eman zizkion Ministerioak -zenbaitek argitaratu duenez, EXPAL-EDB taldeko Burgoseko enpresa bat eta Galdakaoko UEE dira martxoaren 11n Madrilen izandako atentatuan erabili ziren lehergailuak eta detonagailuak egiten dituztenak-. Azken orduko albisteek diotenez, EXPALek Araban duen produkzio zentroa itxi egin daiteke segurtasun arazoak direla medio. Iturri horien arabera, Espainiako Estatuko bere beste zentro batzuetan burutuko du EXPALek produkzio lana.

Gipuzkoako SAPAk eta Espainiako beste bost enpresak eraikitzen dute Espainiako Lurreko Ejertzitoaren Leopard izeneko 235 gerra-gurdien (tankeen) osagai bat: trakzio sistema. Espainiako Gobernuak 1.872 milioi euroko (318.000 milioi pezeta) inbertsio erraldoia egin zuen horretarako.

Gainera, lehiaketetan lortutako esleipenen bidez, euskal enpresek 2002an baino %146,5 material militar gehiago eman zioten 2003an Espainiako Defentsa Ministerioari (120 milioi euro inguru balio du dirutan material horrek). Bestalde, Euskal Herriak azken bi urteetan %30 arma eta munizio gehiago esportatu ditu (58 milioi euro). Arma laburrei dagokienez, 90eko hamarkadan krisialdi larria izan zen, eta jarduera horretan aritzen ziren bi enpresa garrantzitsuenetakoak itxi behar izan zituzten: Bizkaiko Astra Unceta eta Gipuzkoako Star-Bonifacio Echeverria. Arabako Fabrinor (garai bateko Llama-Gabilondoren oinordekoa) eta Beretta-Benelli Iberica ere azkenetan geratu ziren. Hala ere, azken bi enpresa horiek krisialdia gainditu dute eta urtez urte fakturazioa handituz joan dira.

Esportazioaren areagotzea

EAEko Kanpo Merkataritzako Estatistiken arabera, muga-zergen 19. ataleko esportazioak -armak eta munizioak, horien zatiak eta osagarriak- etengabe eta asko egin du gora 1996az geroztik -ia bikoiztu egin da-, sektoreko krisiaren eraginez jaitsi beharrean. Aipatutako iturri ofizial horren arabera, 31,11 milioi euro lortu ziren 1996an esportaziotik; 40,83 milioi 1999an; eta 57,26 milioi 2002an.

Ondorengo hauxe dugu armen negozio handiaren beste datu adierazgarri eta osagarri bat: Espainiako Merkataritzako Estatu Idazkaritzaren datu ofizialen arabera, enpresa euskaldun eta espainiarrek, 2000. urtean; 1.300 milioi euroko balioa zuten material militarrak esportatu zituzten -defentsarako eta erabilera bikoitzeko materiala-. Gai honen inguruko informazio ofiziala oso iluna da eta, nazioartean prestigio eta ospe handia duen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Unescoren Bakearen Katedrak dio defentsa-gaien benetako esportazioa Espainiako Gobernuak adierazten duen kopuru ofizial horren bikoitza izan daitekeela -2.600 milioi inguru eurokoa, beraz-. Arma horiek jasotzen dituztenen artean daude Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak, India, Indonesia, Israel, Jordania, Pakistan, Sri Lanka eta Turkia.

Azken kontratuak,4.000 milioitik gorakoak

Horri guztiari azken orduko datu bat erantsi behar zaio. Aurtengo martxoan aditzera eman da eta armagintzan diharduten zenbait euskal enpresei ere "mesede" egin diezaieke: PSOEren Gobernu berria agintzen hasi bitartean lanean aritu zen Espainiako Defentsa Ministerioak 4.176 milioi euroko balioa duen armamentua eskuratzeko kontratuak sinatu zituen. Martxoaren 24an IZAR taldearekin -Sestaoko La Naval ere talde horretakoa da- sinatu zuen 1.756 milioi euroko balioa duten lau S-80 urpekontzi eta 360 milioi balio dituen proiekzio estrategikoko ontzi bat eraikitzeko kontratua. Martxoaren 31n Santa Barbara Sistemas-ekin sinatu zuen borrokarako 212 Pizarro ibilgailuren erosketa (707 milioi euro). 1.353 milioi euro balio duten 24 Tigre helikoptero eskuratzeko jarraibideak ere eman zituen.

Hori guztia Espainiako gobernu aldaketa egin baino egun gutxi lehenago egin zen. Programa horiek 20 urteren buruan ordaindu beharrak eta hartutako beste konpromisoek (Leopard gerra-gurdia, F-100 fragata eta Eurofighter eta A-400M ehiza-hegazkin bonbaketariak) ezinezko egingo dute PSOEk hauteskunde kanpainan agindutakoa betetzea: Defentsako aurrekontuak izoztuko zituela, alegia.

Testuinguru horretan, ez dugu ahaztu behar Espainiako Gobernuaren gastu militarrak hezkuntza eta osasun arlokoak baino hiru aldiz handiagoak direla. Ikerketa eta Garapenerako (I+G) gastu publiko osoaren %54 industria militarraren ikerketarako erabili da azken urteetan. 2003. urtean inbertsio hori Barne Produktu Gordinaren (BPG) %1,2koa izan zen.

Defentsa ministerioak milioi askoko 569 esleipen egin zizkien 25 euskal enpresei
1990-2001 aldian 111.478 milioi pezetako zenbatekoa osatzen duten 569 esleipen lortu zituzten Hegoaldeko nahiz Iparraldeko 25 euskal enpresek Espainiako Defentsa Ministerioak egindako lehiaketetan, eskuragarri dauden azken datu ofizialen arabera. Hala ere, badago eskuragarria ez den "isilpeko materiala" ere. Zenbatekoa lehengo txanpon zaharrean eman dugu, aipatutako esleipenak ofizialki pezetatan egin baitziren. Horrek batez beste urteko ia 10.000 milioi pezetako kopurua ematen du. Kopuru horrek bi mutur ditu: alde batetik, 1990ean 2.304 milioikoa izan zen kopurua -garai hartako pezetatan kontatuta, hau da, pezetak garai hartan zeukan balioarekin- eta bestetik, 19.924 milioi pezetakoa 1992an.
Zenbateko osoa (111.478 milioi pezeta) ez zen proportzionalki banatu 25 euskal enpresa esleipendunen artean. Bost enpresa esleipendun garrantzitsuenen artean banatu zen kopuru osoaren %85,8a (95.465 milioi pezeta). Bestalde, Espainiako Defentsa Ministerioak egindako lehiaketen %70 (397 lehiaketa) euskal enpresek irabazi zituzten. Garrantzi berezia daukate sektore militar industrialeko bost euskal enpresa nagusiek. Aipagarria da ITP (Industria de Turbo Propulsores): 44.009 milioi pezeta jaso zituen, hegazkin militarren mantenu eta piezak egiteko, 91 esleipenen artean banatuta. Bere atzetik dago EXPAL -Explosivos Alaveses-: honek 18.078 milioi pezeta jaso zituen 134 esleipenetan. Esleipen horietako gehienak lehergai eta munizioak egin edo garatu eta ikertzeko ziren -Defentsa Ministerioaren esleipen gehien jasotzen duen euskal enpresa da-. SAPA (Sociedad Anónima Placencia de Armas) da hirugarren lekuan dagoena: 15.052 milioi pezeta jaso zituen 79 lehiaketatan. Irabazi zituen lehiaketa gehienak kanoi, gerra-gurdi eta obusak hobetu eta garatzekoak ziren.
GAMESA (Grupo Auxiliar Metalúrgico SA) da laugarrena: 9.776 milioitik gora pezeta lortu zituen ibilgailu korazatu eta garraiorako gurpildunen ordezko pieza eta egokitzapenak egiteko 63 esleipenetan. Bosgarren lekuan dago DASSAULT Iparraldeko enpresa aeronautikoa: 8.750 milioi pezeta jaso zituen esleitu zizkioten 31 lehiaketetan. Bigarren maila apalago batean daude SAFT Ibérica, 22 esleipenetako 3.393 milioi pezetarekin (esleipen gehienak torpedoetarako bateriak egiteko ziren); Iparraldeko TURBOMECA, aeronautika militarrarekin lotutako 7 lehiaketatako 2.722 milioi pezetarekin; eta SENER, sistemen ingeniaritzari dagozkien 20 esleipenetako 2.500 milioi pezetekin.
Sektoreka, aeronautika da nagusi, ITP, DASSAULT eta TURBOMECAren artean zenbateko osoaren erdia hartzen baitzuten 146 esleipenen artean (55.991 milioi pezeta). Bigarren lekuan, ibilgailu, korazatu, kanoi eta gerra gurdien sektorea dago (SAPA, GAMESA, Talleres Iruña eta CAF), 163 lehiaketatako 26.349 milioi pezetarekin. Horren atzetik dago arma, munizio eta lehergaien sektorea. Sektore horretakoa da EXPAL -baina baita beste enpresa batzuk ere: UEE, Nueva Ecia, Pirotecnia Lecea, Star eta Benelli-. Sektore horrek 18.468 milioi pezeta lortu zituen 151 esleipenetan. Aipatutako hiru sektoreen artean 100.608 milioi pezeta eskuratu zituzten, hau da, kopuru osoaren %90,41.

La Naval ontziola militar bilaka liteke
Euskal Herrian orain arte ekoizpen zibilean soilik aritu izan den beste sektore bat, ontzigintza, baliteke ekoizpen militarrean ere hastea. Ontzigintzako krisia euskal ontzioletan eragina izaten ari da, eta Espainiako IZAR talde publikoko goi-agintariak (Sestaoko La Naval talde horretan sartuta dago) aukera hori kontuan hartzen ari dira Ezkerraldeko euskal ontziolaren etorkizunari begira. Aldizkari honek jadanik orain dela urtebete eman zuen aukera horren berri. Azken hilabeteetan, ontzigintzari eragiten dion krisialdiari aurre egiteko, CCOOko eta UGTko buruzagiak aukera horren alde azaldu dira publikoki.
Astilleros Españoles AESAk eta Bazánek 2000. urtean IZARekin bat egin zutenean, ontzigintzako talde handi bat osatzea pentsatu zen: Europako bigarren ontziolarik handiena, 11.000 pertsonakoa, eta militarra baino gehiago zibila izango zena. Errealitateak, ordea, kontrakoa adierazten du, eskaeren %50 baino gehiago ontzigintza militarretik jasotzen dira-eta. Kontratazio zibilen zorroa gaizki dabil, militarrena, aldiz, oso ondo. Ferrolen eta Cartagenan jadanik gauzatzen ari diren bi kontratazioez gain (zortzi fragata, bi mina-ehiztari eta lau urpekontzi), beste bi proiektu handi egiteko aukerak daude: proiekzio estrategikoko ontzia deitutako 30.000 tonako L-L hegazkinontzi bat -400 milioi euro balio du- eta Taiwanerako zortzi urpekontzi arrunt. Hain zuzen ere, joan den martxoan sinatu zuen Espainiako Defentsa Ministerioak proiekzio estrategikoko ontzia eraikitzeko kontratua.
Ontzigintza militarraren ekoizpena izaten ari den goraldiaren testuinguru honetan, aztertu da euskal ontziola ontzigintza militarrean jarduteko moldatu eta egokitzeko aukera, gaur egun lan-karga handiagoa izateko aukerak eskaintzen baititu.

Zein dago armen negozioaren atzean?
Armen ekoizpena negozio bikaina da ezbairik gabe, bai munduan eta bai Euskal Herrian. Negozio horrek gora egin du 2001eko irailaren 11ko gertakariez geroztik. Estatu Batuetan bakarrik, industria militarra %17 hazi zen 2002. urtean. Ikusi dugun bezala, Euskal Herrian ere igo egin da ekoizpen eta esportazio militarra. Zein dago negozio horren atzean? Oro har, mundu mailako ekoizpenari dagokionez, multinazional handiak, banka handia, pentsio funts pribatu handiak eta abar.
Gure euskal esparruari begiratzen badiogu, negozio handi hori finantzatu eta sostengatzen dutenak hauexek dira, besteak beste: Gamesa, ITP, Iberdrola, Corporación IBV, Sener, CAF, Rolls Royce eta tankerako enpresa handiak. Etekin handiak lortzen dituzte horiek. Enpresa horien atzean finantza etxe indartsuak daude: BBVA, BBK eta KUTXA. Akzio pakete handiak kontrolatzen dituzte. Esate baterako, Iberdrolaren kasuan, BBKrena da kapitalaren %7,50 eta BBVArena %5,31. CAFek euskal aurrezki kutxak dauzka atzean. Enpresa bakoitzaren atzean finantza etxe handiak daude. Negozioan Eusko Jaurlaritzak ere parte hartzen du, izan ere, une honetan Euskadiko Garatze Kapitalaren Baltzuaren (SOCADE) bidez ITPren %5,3 kontrolatzen baitu -horretarako, 13,2 milioi euro ordaindu zuen-. ITP ekoizpen zibilean jardun bada ere, bere negozioaren zati handi bat militarra da.

Armak eta enplegua eztabaidatu beharreko gaia
Armak, kanoiak, obusak, gerra-gurdiak, ehiza-hegazkin bonbaketariak, fragatak, urpekontziak eta horientzako munizioak ekoiztu eta munduko edozein lekutako ejertzitoei saltzea -gatazka belikoak dauden eremuetakoei, batez ere-, onartu nahi edo nahi ez badugu ere, diktaduren eta ustez demokratikoak diren bestelako erregimenen errepresioari eta mundua suntsitzen duten gerrei laguntzea da. Euskal Herrian sektore horrek 8.000 pertsona ingururi ematen die zuzenean lana -sektoreko enpresa guztiak ez dira ekoizpen militarrera mugatzen-. Euskal aeronautikaren alorrean, lau mila pertsona baino gehiago ari dira lanean. Aeronautikakoak ez diren baina arlo militarrean ere lan egiten duten enpresetako langileak gehitu behar zaizkio sektore horri. Beraz, esan dezakegu Hego eta Ipar Euskal Herri osoan 8.000 enplegu inguru daudela armagintzaren sektorean.
Gizarte demokratiko batek hori onar al dezake enpleguaren defentsaren izenean? Zer diote Afganistan edo Irakeko gerrak salatzeko asmoz azkenaldian kalera irteten diren sindikatuek, ekoizpen militarraren aurrean isildu eta Sestaoko La Naval ontzigintza militarrean jardutearen alde dauden horiek? Gure gizartean eztabaidatu beharreko gaia ote dugu esku artean?


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude