Juan Celaya: «Ondoegi bizi gara, denok aberastu gara, eta horixe da problema handiena»

  • Cegasa, Tuboplast, Hidronor... Eusenor, Harluxet, Euskal Fundazioa... Juan Celaya, enpresaburu. Juan Celaya, euskal kulturaren laguntzaile eskuzabal. Arrazoi ezkuturik ez da. "Jaio egin nintzen ni horrela! Batzuek fraide joateko bokazioa dute. Nik gure herriari laguntzeko borondatea. Euskaldun naiz, euskaldun sentitzen naiz, euskaldun ikusten dut neure burua, eta pozik nago, oso pozik. Ez daukat aldatzeko asmorik". Aho bizarrik gabe mintzo den oñatiarra, enpresaburu handia Gasteizen.

2004ko apirilaren 25an
Gurean izen ona duen enpresaburua zara. Sariak ere jaso dituzu. Eusko Jaurlaritzaren Lan Onari saria, edo Gipuzkoako diputazioaren Abadia saria. Hala ere, hedabideetan gutxitxo ez ote zaren azaldu iruditzen zait...
Ez dakit izen ona dudan ere. Nahi bai, nahiko nuke izen ona eduki. Txarra ez da ona. Baina, bestela, agertu ez agertu, ez daukat zergatik agertu. Nire lana pilak egitea da, eta pilak eginez ahal den diru dena irabaztea. Irabazi eta gero, lagundu ahal badiot euskarari edo euskal kulturari, lagundu.

Ahal den diru gehiena irabazteko dago beraz, enpresaburua?
Nire ustez, bai. Horretan ez dut mugarik jartzen. Irabazten ez duzunean dator lotsa, porrot egiten duzunean. Baina irabazi egin behar da, eta zaila da irabazten. Izan liteke loteria edo tokatzea, baina osterantzean, zaila. Nire enpresaburu lana horretan da: irabazi ala galdu. Horixe da neurria.

Enpresaburuak obligaziorik ba al du gizartearekin?
Denok dugu zela-halako obligazioa gizartearekin. Hala ere, nire ustez, zeharo galduta gabiltza: enpresaburua ez da salbatzaile izateko jaio. Lantegia ireki eta ondo eraman, horixe da enpresaburuak egin behar duena. Hemen, hala ere, jendea ohituta dago enpresaburuen kontra hitz egiten, besteri kulpa botatzen. Askok dio: "Munduko futbolari onena naizela uste diat!". "Zergatik diok, ba?", "Uste dudalako!". Eta: "Baloia ibili duk sekula hankatan?", eta "Ez!". "Orduan isildu hadi, eta errespetu apur bat gehiago baloia jokatzen duenari". Hala da eta! Ala ez da?

Zergatik ez du, gurean, izen onik enpresaburuak. Bestela da AEBetan, arrakastaren pareko dira...
Enpresaburuak dependentzia handia du agintearekin, bai hemen eta bai Ameriketan. Eta hemen dagoen borrokarekin, ez dute gure lana ontzat hartzen. Iritziak ematen hasten bazara, berriz, jendeari ez zaio gustatzen. Gure aita biziko balitz ere esango luke. Ni neu ere, Francoren morroi bizi izan nintzen 40 urtean. Eta gaur egun ere... Ez dakit zer zen gogorragoa, Franco edo azken aldian izan dugun giroa. Lehen ez zen aitzakiarik behar bat edo hamar mila lagun hiltzeko. Bazekiten inork ez zuela protestarik egingo. Orain, horixe aldatu da.

"Nahi dutena esango dute, baina dirua da hemengo jainkoa". Ernani Txikiaren esana omen da, Txirritaren garaiko bertsolariak esana...
Jainkoa, jainkoa... asko esatea da. Baina, egia, mundu honen neurria da dirua. Edozer gauza egiteko behar duzu. Bertsolariak direla-eta, horiek ere dirua behar dute txapelketak egiteko. Nik ez dut dirua maite, baina horixe da neurria: dirua.

Interneten, Espainiako eskuin-muturrekoek zerrenda beltzean jarri zaituzte zu, eta zure enpresaren izena. Mingarria behar du horrek...
Mingarri eta beldurgarria. Horrek soka handia dakar atzetik. Hor dabiltzanek indar handia dute. Aukera dute, edo orain arte behintzat izan dute, nahi dutena esateko; ez da giro...

Sozialistak dira agintean Espainian. Gauzak nola izango diren ez dakigu.
Ni oso pozik nago gertatu dena gertatuta. Trankilago. Zoriontsuago nintzateke geure aldekoek gorago egin izan balute, baina poztu egin naiz, izugarri. Uste dut aldaketa dagoela. Garbi ikusten dut.

Esperantza, behintzat...
Esperantza bakarrik ez. Ez du balio "giroa aldatuko da" esateak: giroa aldatu dela ari naiz esaten. Ez guk nahi beste, beharbada, baina aldaketa izan da.

Ez duzu zalantza izpirik egiten. Zirt-zart esaten dituzu gogora datozkizunak. Enpresaburu zara, benetan.
Hori ez da enpresaburu kontua, norberaren kontua baizik. Enpresaburua ez da pertsona bat desberdina. Enpresaburuak lan bat hasi eta aurrera eramaten du. Horixe besterik ez. Zu zeu ere enpresaburu zara zeure lanean. Horretan ari zara oraintxe. Enpresaburu! Enpresaburu! Diferente al da bada enpresaburua jaiotzez edo?

Zerk aldatu du, bada, haren izatea?
Enpresaburu klase asko dago munduan, ustel askoak ere bai. Nik ez dut neure burua enpresaburu ikusten, gizon baizik. Lehenengo, pertsona naiz: Juan Celaya. Enpresa munduan lan egin dudala nire bizitza gehiena? Bai, baina besterik ez.

Enpresaburu eta enpresa-ikasle askori ikastaroak emateko moduan zaude.
Ez naiz horretara iritsi. Baserriko semea naiz. Ingenieritzan doktorea naiz baina. Nik neure unibertsitate aldia ere egina dut: zuk baino handiagoa. 83 urte ditut eta 84 egitera noa. Zu baino gehiago naiz unibertsitate-urtez. Mundua da unibertsitate handiena.

CEGASAra telefonoz hots egin eta "CEGASA, egunon, buenos días" esateko ohitura dute telefonozainek...
Nahi genuke. Ari gara, saiatzen ari gara.

Atarian ere euskara ageri da seinalizazioan: "Gordeta" dio, parkingaren alderdi batean. Eta, bistan, "Recepción, Harrera, Reception".
Hori da samurrena. Nik, CEGASAn, eta Tuboplasten berdin, euskaraz egiten dut hamarretik zortzi. Ez da nire lanaren ondorio. Gu Oñatitik gatoz eta handik etorri zen jende asko, fabrikarekin batera. Ahal izan dudanean, euskaraz egin dut neure bizitza osoan. Aurrean tokatzen denak ez dakienean, gaztelaniaz edo frantsesez egin behar. Baina, ahal dudanean, euskaraz beti.

Oñati aldeko euskara egiten da CEGASAn.
Oñati eta Arrasate inguruko jendea da nagusi, euskaldunen artean, behintzat. Zuzendaritzan, euskaraz dakien asko ari da lanean. Behean, kanpotar asko dago, eta zailago.

Zein da zure jatorriko baserria Oñatin?
Lehenago, Zañartu. Orain 220-300 urteko agiriek berriz, zera diote: "Casa de Zañartu, actualmente conocida por Upaingoa, la casa del cubero". Jakina, upelgina. Auzoak Zañartu izena du eta baserria ere Zañartu zen, baina, gaur egun, Upaingoa. Gure aitari ere, "Upaingoa" esaten zioten, ez "Zañartu".

Gerrak bete-betean jo zintuzten. Erbestera joan behar izan zuten gurasoek.
Aita Txilera joan zen, beste asko joan ziren bezala. Usterik eta astebeteko kontua izango zela, eta sei urte izan! Ondasun denak kendu zizkiguten. Arreba gazteenak lau urte izango zituen orduan. "Junta de encautaciones" esaten zen zera batean eduki zuten. "Badaezpada!", esaten zuten. Ama, Altsasun egon zen. Herritik bidali zuten. Hartu etxetik eta kanpora atera. Gu, bitartean, Upaingoan.

Latza, horregatik!
Eta egunero entzuten gure etxera nor etorriko zen bizi izatera! Hala ere, ez gintuzten baserritik bidali. Hantxe geratu ginen! Ondasun denak kendu zizkiguten! Ordurako, arreba zaharrenak, biak, Farmazia ikasten ari ziren, Madrilen.

Neska-mutilak bakarrik baserrian.
Bai, eta ez genuen sekula goserik pasa. Baserria gauza handia da: oiloak direla, arrautzak direla, untxiak direla, gari pilaren bat agertzen zen handik edo hemendik, patata batean, beste zer edo zer bestean... sekula ez genuen goserik pasa. Gu baserrian beti. Ez genuen handik irten. Beldurrez ikara! Esan egiten ziguten zein etorriko zen baserrira, zeinek zuen gogoa gurera bizitzera etortzeko. Baina, sei seme-alaba etxean eta gu bidaltzeraino ez ziren ailegatu.

Beldur handiko garaia, inondik ere.
Bai. Orduan, esaten bazizuten aita, ama eta anaia-arrebak hilak zirela, ez zegoen erantzuteko modurik. "Neu behintzat bizi nauk eta pozik". Beldur handiko garaia. Ezin zen hitzik egin, ezta ahorik ireki ere! Horrela izan zen giroa! Hori ezagutu ez duenak ez daki zer izan den herri hau.

Garai horretaz gutxitxo dakigula iruditzen zait. Ez dela behar beste hitz egin, kontatu, aztertu.
Gutxitxo ez, ezer ez dakigu! Espainian ez dakite hau zer izan den. Ez dakite orain berrehun urteko konturik, eta ezta orain hamar urte gertatutakorik ere. Espainiak ez du inork jakiterik nahi. Hemen beti gezurretan bizi izan gara. Negargarria da! Hemen hitz asko amerikarrek zineman indioak zelan hil zituzten, baina geurerik ez dakigu. Indioena bai, beraiek eman dutelako, idatziz eta zineman. Geureak zelan hil diren ez dakigu! Espainiakoek zer egin duten, hura inork ez daki.

Aranzadi Elkartea eta beste, lanean ari dira. Fusilatuak agertzen hasita daude... Oraintxe.
Oraintxe, oraintxe hasi! Agertzen ari dira. Munduan gauza asko gertatu dira, astakeriarik handienak ere bai, baina hemen, hilak inork ez ditu erreklamatu 65 urtean, isilik denok! Hori ez da leku askotan gertatu munduan. Neuk ezagutu dut jendea, Gernikan gertatu zena gertatu eta handik hogei-hogeita bost urtera esan "Gernika? Bai, nik ikusi nuen zelan bonbardatu zuten Francoren gudarosteek!". Eta norbera kartzelara! Horrela bizi gara! Hori da gure herria, eta ez beste! Hemen asko dakigu zer pasatzen den Afganistanen, Iraken, eta Jerusalemen. Asko dakigu! Baina gurean pasa denik ez, ez dakigu!

Gernikan bertan lan handia egin dute oroimen hori lantzen. Nik neuk, berriz, Nevadan entzun ditut Gernikako bonbardaketaren lekukotasunik bizienak.
Nik ez daukat inork kontatu beharrik. Neuk ikusi nuen. Oñatiko baserritik ikusi ere, zelan zihoazen aireplanoak. Ikusi, eta entzun ere bai, haien hotsa. Gernikan bizi zirenek ezagutu zuten hori eta, hala ere, askok ukatu egiten zuten. Ukatu egiten dute oraindik, "los rojos separatistas" esanda. Hogeita hamar, berrogei urtean ezin izan zen ezer esan!

Gerran ondasunak kendu zizkizueten, zerbait ere berreskuratu zenuten gero. Pila fabrikan hasi zinen ikasketak bukaturik.
Berez, ikasketak amaitu aurretik hasi nintzen. Bilbon ikasi nuen, eta 27 urterekin bukatu. Lehenengo, gerrara joan nintzen, soldadu. Francorekin! Aita erbestean, ama hortik zehar eta, ni, Francoren soldadu! Hemezortzi urte bete berri nituela eraman ninduten! "La quinta del biberón" ginen gu. Ikasten ari nintzela hil zen gure aita. Txiletik etorri eta urte bi edo egin zituen Oñatin. Osasun oneko zegoen baina urdaila zulatu zitzaion. Nik ingenieritzako azkeneko ikasturtea amaitu eta hil zen gure aita. Ordurako hasita nengoen fabrikan, eraikuntzan eta pila fabrikan. Gero, aita hil eta sei-zazpi urtera eraikuntza utzi genuen. Ezin genuen dena aurrera eraman.

Ordukoa al da Tximist izena?
Bai. Baina fabrikak oraingo izen bera zuen, CEGASA. Pilaren marka zen diferentea: Tximist zen orduan eta halaxe izan zen oso gero arte. Guk izen harekin jarraitu nahi genuen, baina marketing zuzendariak esan zigun Espainian ez zutela ontzat hartzen eta aldatu beharra zegoela. Ez genuen aldatu nahi ere, baina...

Tristea ere bada horrelako izen egokia galtzea.
Bai, baina... marketinga jarri zen modan orduan. "Jakintsu handiak" izan genituen inguruan, "espezialistak" denak, eta hamarretik hamarrek aldatzeko esaten ziguten. Ez genuen nahi, eta gogoz kontrako erabakia hartu genuen.

Gaitz erdi, betiko gelditu da, Everesteko espedizioari esker. Euskarazko izena, herrikoia, polita...
Politena niretzat. Baina badakizu, "jakintsuak"...

Zer iruditzen zaizu gaur egungo giroa?
Ondo bizi garela ematen du, ekonomia ondo, bizimodua ondo, herri eta hiriak txukun, desberdintasun sozialak asko txikitu dira... Hortaz, zein da herri honen eta gure problema?
Herri ederra da hau. Kontua ez da diru gehitxo edo gutxiago izatea. Kontua da herri hau geuk nahi dugun moduan zuzentzea. Bestela, ondoegi bizi garela iruditzen zait. Aberastu egin gara, denok, eta horixe dugu gaitza.

Gaitza da hori?
Bai, eta handia gainera. Txikia ez, handia. Oso aberatsa izatea gaitza izan da beti.

Zu zeu aberatsa zara.
Aberats izatea ez da ona, inorentzat ere ez. Ondoegi bizi gara, denok aberastu gara, eta horixe da problema handiena. Aberastasunak degradazioa dakar. Ez da ona. Erroma zergatik galdu zen? Aberastasuna larregian sartu zelako. Grezia ere berdin. Hemen ere igual. Herriaren zati bat aberastasunez ustelduta ikusten dut.

Jendeak ez du horretaz hitz egiten, aberastasunak dakarren degradazioaz, alegia. Hemen ez da biolentziaz eta terrorismoaz besterik hitz egiten.
Europa denean sarturik dago aberastasun larregia. Nik ez dut uste munduan gurean bezain ondo inon bizi denik. Eta, baldin badago, esan dezala. "Suedian!", esango du baten batek. Joan dadila! Suediarrak ondo bizi dira, bai, baina hemengo mozkorkeriarik, jan eta edanik ez dute han, e! Eta euskaldunak Suediara joan eta aspertu! Hemengo kantua eta tragoa eta saltsarik ez dago han!
(Isilik geratu da, eta atzera ekin dio)
Ez dut batere beldurrik esan dudana esateko: aberats izatea ez da ona, inorentzat ere ez. Badakit eta zer den! Hemen jendea gaixotuta dabil! Bi egun jai eta derrepente joaten da jendea, Lisboara, Brasilera, edo ez dakit nora! Gaixotuta, ordea! Ezberdintasun handiak daudela diote batzuek. Zoramenean bai! Joan Oñatira abuztuan eta inor ez kalean. Tabernak ere itxita! Oñati esan dut, baina beste edozein herri esan liteke. Eta ondo iruditzen zait, neuk ere egin dut. Baina oraingo hau zoramena da, gaixotasuna! Gaixo! Eritasun gogorra, oso gogorra! Ez daukat beldurrik aberatsa naizela esateko, inoren aurrean ere.

Ez dakit bada nik. Eman dezagun, euskaldunak izen ona du AEBetan, langile saiatuak direlako, zintzoak, hitzekoak... Hori diotenek, euskaldunaren kontura gizendu, askotan. Hori al da kontua?
Nik euskaldunak izen onari eutsi diezaion nahiko nuke, orain arte bezala. Harrotu egin gara euskalduna zintzoa eta saiatua izan delako. Orain, berriz, aldrebes gabiltza: "Hori duk eta miserablea, ez dik pentsatzen lana egitea besterik", entzuten da. Ibiltzea besterik ez daukagu buruan: "Non egon haiz hi?". Eta "Ni Madagaskarren!". Eta bestea Indian, eta bestea Kuban! Neuk gaizki ikusten dut Euskal Herria, eta Europa dena. Aberats bizi da Europa dena, eta beste batzuek ere aberats bizi nahi dute. Eta mundua dena harturik, Europa 300.000 milioi gara eta milaka milioi daude hobeto bizi nahi dutenak. Horixe besterik ez.

Jendeak hobeto nahi izatea ez da kaltegarria, ordea.
Ez, oso ona, beraientzat. Baina batzuk aberats izateko pobre izan behar dute beste batzuk. Europa beste herri batzuk baino gehiago da, eta ez dut uste horrela samur jarraituko duenik.

Zer iritzi duzu emigrazioari buruz?
Tristea da, eta negargarria, nork bere herrian bizipozik ez izatea. "Hi, guretik hamabost kilometrora elegante bizi dituk!", horixe ikusten dute eta hona datoz. Horrek zer ekarriko duen? Gauza onik ez. Kultura ezberdinak eta...

Horixe dago bada boladan, kulturaniztasuna...
Ni ez naiz modakoa. Modak piperrik ere ez dit ardura. Gaur egungo informazioa desinformazioa da zeharo, totala!

Nola hartu behar ditugu etorkinak?
Ikusiko dugu nola hartu behar diren. Horiek euren kultura dakarte eta guri, berriz, asko kosta zaigu, asko, ordea, kultura hau jasotzea. Hiru milioi, lau milioi urte behar izan ditugu herri hau egiteko.

Ez dut ulertzerik. Zeure familian ere etorkinak izan dituzu zuk...
Hamarretik zortzi. Nik ez nuke nahiko inork bere herritik derrigorrez irten beharra izatea. Hori lehenengo. Gurean, joan zirenak ez ziren jolasean joan, hemen beste zereginik ez zutelako joan ziren. Eta esan dizut: familian, hala aitaren aldetik nola amaren aldetik, hamarretik zortzi atzerrira joan ziren. Negarrez joan ziren denak. Inor ez barrezka. Joatea errazago da etortzea baino. Ez nuke nahi horrelakorik gertatzerik, inori. Bestalde, ez nuke nahi ere kanpotik jendea etorri eta gure kultura zeharo aldatzea. Ni ez naiz beltzen kontrako, baina haiek euren kultura dute, eta nik neureari eutsi nahi diot. Nik euskaldun jarraitu nahi dut, eta Euskal Herriak ere geure erara jarrai dezan nahiko nuke. Hor ez naiz sartzen "teologian", ez dut ezer sinesten eta! Aurreko batean esan zidatena, Gasteizen bertan ba omen dira hiru-lau kale inor sartzen ausartzen ez dena.

Ez dakit hori sinestekoa den...
Zuk nahi duzuna esan, ni ez nabil kontuekin. Horixe esan didate.

Ez dut sinesten. Etorkinak dabiltzan kaleak toki jakinak dira Gasteizen, eta ibilita nago bertan...
Gazteek esan didate niri hori. Zu kale horietan zabiltzala? Ibili, ibili... Ni ere gerran ibili naiz eta osorik nago! Ni ez naiz kontuekin bizi. Horrela dela esaten badidate, zer edo zergatik izango da.

Laguntzak
Asko edo gutxi, ahal dudana laguntzen dut. Asko… sekula ere ez da asko. Neurririk ez da horretan. Zuk mila izan eta erdia ematen baduzu, norberarentzat asko izango da, baina hartu behar duenarentzat ez jakin. Nahiago nuke denek ere nik baino gehiago lagunduko balute, baina nork bere ikuspegia du, nork bere bidea. Askok diote euskaldun direla eta, aldiz, izan, Euskal Herriaren etsai handienak dira. Eta "euskalduna naiz" esanez dabiltzan arren, gure herriaren kontra egiten dute, albait okerren egin ere! Beste muturrean beste batzuek bizia ematen dute. Askotako euskaldunak dituzu hemen. Bakoitzak ahal duena egin dezala. Ahaleginak egin. Hori lehenengo. Eta kontra ez egin, behintzat.

Erretiroa
Eta zer esan nahi du "erretiratzeak" 83 urte bete ditudanean. Eta zer egin behar dut? Fabrikara etortzeari utzi eta zer? Bizi guztian egin dudana egiten jarraitu nahiko nuke. Badakit honezkero ez dudala indarrik enpresa zuzentzeko. Ez CEGASA, ez Tuboplast eta ez besterik ere. Orduan, neure indarren arabera ari naiz, bidean besteri laguntzen... Ez dakit erretiratzeak zer esan nahi duen ere. Jendea gauza ez denean erretiratzen da, dela osasuna, dela ahultasuna... Bestela, utziaz joatea da kontua, utziaz, utziaz... Ez naiz gauza lanean garai batean bezala egiteko. Nik egunero ikusten dut neure burua: "Hi, bahoa behera!". Beste asko ere joan dira, gehienak. Eta, 83 urtez, pozik naiz, oraindik ere banaizelako. Ahal den artean aurrera egingo dut.

Baserritar
Oñatin da gure baserria. 500 urtean Celayatarrena izan da, geurea. Baserrian jaioa naiz baina ez naiz baserritik bizi. Badakit segan, eta sega pikatzen ere bai... baina hortik bizi ez. Eta, hala ere, baserritar ikusten dut neure burua. Ibili zale txikia naizela esan dizute, baina baserritarra ez da ibili zale izan behin ere. Gure aita zena ere, bizian behin edo behin joango zen Aizkorrira. Urbiara, urtean behin edo bitan, erromeriara. Baserritarrak ez dira ibili zale, nahiko ibili beharra izaten dute bestela ere. Oraingo kontua da baserriaren zera hori.

Bertsoa

Doinua: Aita zena

Sega pikako jarduna zer den,
pazientziz kaxka-kaxka,
lana presaka egin nahi bada,
hasten dena lanak dauzka.
Pasa, pikatu, zorroztu, pasa,
lan-zikloan arrakasta,
egin, zuzendu, prestatu eta
berriz egiteko kezka,
bizitza eta enpresarako
metafora ona, ezta?


ASTEKARIA
2004ko apirilaren 25a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude