Mikel Zarrabeitia: «Beti izan ditut oinak lurrean»

  • izango da.
Hamasei urterekin hasi zinen bizikletan. Eta bizikletan hasterako eskuak altxatzen ikasi zenuen.
Gaztetan hasi nintzen bizikletan. Mutikotan, denak bezala, futbolean, pilotan eta sokatiran ibili nintzen, baina txarra nintzenez krosera jo nuen. Korrika ongi egiten nuen, baina anaia afizionatuaren karrerak ikusiz txirrindura animatu nintzen. Krosa utzi eta ziklokrosean hasi nintzen, eta gero errepidean, jubeniletan. Lehenengo karreran hamaikagarren egin nuen, eta bigarrena jada Gernikan irabazi egin nuen. Lehen urte hartan jubeniletako Euskadiko Txapelketa irabazi nuen, eta beste zazpi karrera.

Afizionatuetan ere azkar nabarmendu zinen, eta Javier Minguezek begiz jo zintuen.
Bi urte egin nituen Zornotzako taldean, eta gero handik Kaikura pasa nintzen. Kaikun Udaberriko sari nagusia irabazi nuen, eta bigarren postua lortu nuen Bizkaiko Biran. Azken egunera arte lider joan nintzen, baina azkenean Laisekak kendu zidan. Minguez, Amayako zuzendaria, Birako etapa bat ikustera etorri zen, eta han esan zidan berarekin joateko.

Pentsatuko zenuen orduan handik hiru urtera Espainiako Itzuliko podiumean egongo zinenik?
Ez. Baina 1993an lehen itzuli handia korritu nuenean, Espainiako Itzulia, eta hamabigarren egin nuenean, ikusi nuen itzuli luzeetan polito ibiliko nintzela. Baina jada laugarren urtean Espainiako Itzulian bigarren egiten duzunean, hasieran ez duzu sinesten. Gero egun batzuk pasa ondoren, ilusioak pizten zaizkizu; hogeita lau urterekin bigarren egitea Espainiako Itzulian seinale ona da, eta ikusten da zer edo zer badagoela txirrindulari horretan, eta oraindik denbora aurretik. Jendeak esaten dizu itzuli luzeetan zerbait egin zenezakeela, eta zu ere sinesten hasten zara.

Agian gehiegi sinestera ere iristen zara?
Ez. Nik beti izan ditut oinak lurrean.
Indurainen lagun, oinak lurrean zenituela joan zinen urte hartan berean Tourrera, eta ez zenuen aukerarik izan oinak bizikleta gainean jartzeko ere.
Ikastera nindoan ni, eta Miguelekin Tourra lortzen saiatzera. Berarekin nengoen gelan. Baina bi egun lehenago min handiarekin altxa nintzen ohetik, bizkarrezurra oso minduta. Esan zidaten nerbioak izango zirela eta irteteko bizikletan. Irten nintzen eta ezinezkoa zen. Ziatika zela esan zidaten, baina hernia diskala zen.

Sendagileak hori esan zizunean zer aurpegi geratu zitzaizun?
Indurainekin Tourra irabaztera zoazenean eta esaten dizutenean hernia diskala duzula... Gainera esaten dizutenean ez dela normala gazte batek horrelako lesioa edukitzea, eta zuk horrelakoa duzula, bada moralki oso izorratua gelditzen zara. Bizikleta utzi beharko nuela pentsatzeraino iritsi nintzen. Hain gazte eta horrela, oso gaizki. Hasieran pentsatzen duzu ea bizitza normala egiteko beste aurrera aterako zaren. Gero operatuta egon diren beste txirrindulari batzuen erreferentzia hartzen duzu, adibidez Fondriest, Baffi, Casartelli zena, eta ikusten duzu jendea operazioaren ondoren ere maila onean ibili dela. Horrek ematen zidan morala eta esperantza.

Geldi egon zinen urte eta erdi hartan non gelditu ziren lehen zerura igo zintuztenak? Kazetariak, taldea...
Kazetariek oso ondo tratatu naute beti, eta momentu txarretan ere hor egon ziren. Taldetik, berriz, nahiko aparte zaude. Nik eduki ditudan zuzendari batzuk, Minguez eta, pixka bat arduratu ziren nire bilakaeraz, baina besteak, Tourrean eta beste istorio batzuetan zeuden, ahaztuta ez, baina... Urte eta erdi oso gogorra izan zen.

Pantanirena ere gertatu berria denez, horrelako uneei aurre egiteko, ez zaizu iruditzen kirolariak psikologikoki ere prestatu behar liratekeela?
Nik uste dut baietz. Ez horregatik bakarrik, nire kasuan behintzat ez nengoen psikologikoki preparatuta Espainiako Itzulian izan nuen presioa jasotzeko. Batez ere prentsaren presioa. Beti izan naiz txirrindulari oso lotsatia, eta orduan hainbeste jendek eta hainbeste prentsak gainditu egin ninduten. Ez nengoen ohituta nire atzetik hainbeste itzal edukitzera eta komunikabideetan hitz egitera, eta gaizki pasa nuen. Beraz, nik uste dut baietz, psikologikoki gehiago prestatu behar liratekeela txirrindulariak.

Zu, psikologikoki prestatuta ez bazeunden ere, pixkanaka lesioa gainditzen joan zinen. Nondik atera zenuen berriz entrenatzen hasteko indarra?
Ez dakizu beste gauzarik egiten, hori da zure lanbidea. Orduan, suabe-suabe ibiltzen hasi nintzen, paseoak ematen, astiro-astiro, behartu gabe, kilometroak egiten. Lehen karrera Murtzian izan zen eta nahiko ondo sentitu nintzen. Horrek konfiantza pixka bat eman zidan. Hala ere muskulu gutxiago nuen, kilometro gutxiago, indar gutxiago hanketan. Sentsazio horiek nituen. Eta beldurra. Beldurra minekin, beldurra jausten zarenean. "Ea, ea, nola nagoen?", galdetzen nion neure buruari. Beti beldurrez.

Berriz hutsetik hastea bezala izan zen.
Bai. Ez dakizu zein den zure lekua; lehen txirrindulari irabazlea izan zinen, edo asmo horretakoa behintzat, baina orain taldean ez daukazu postu finkorik. Berriz zure lekua egiten hasi behar zara, taldeko lanak egiten, eta momentu hartan txirrindulari oso onak baziren taldean, Melchor Mauri, Jalabert, Zulle, eta ni beti beharrean horientzat. Azkenean, pixkanaka-pixkanaka zure lekua bilatzen zoaz berriro, baina ez lehengo lekua, ezin izan zen lehengora itzuli.

Lider izatera zetorren batek nola bizi du bere burua gregario lanetan ikustea?
Ni makal hasi nintzen, bizkarrean kilometro gutxirekin eta muga askorekin, eta orduan lana egitea izaten zen kontua, eta gainera pozik horrekin. Txirrindulari batek ezin badu irabazi, egin behar duena lana da, beste batzuek irabaz dezaten. Okerrena da ohitzen joaten zarela eta gero presiorik gabe korritzen duzula.

Zer sentitzen da zu liderrarentzat lanean ari zarenean, eta bera zu baino pattalago doalako berari laguntzen atzera gelditu behar duzunean?
Nik garbi daukat. Liderra, liderra da, eta momentu horretan zuzendariak uste du zu baino hobeto dagoela, beraz, gelditu egin behar zara. Zure lanbidea zuzendariak esaten duenari jaramon egitea da.

Eta orduan gregarioak noiz izango du irabazteko aukera?
Karrera guztietan ez daude liderrak topera. Momentu honetan ziklismoan karrera batzuk prestatzen dira eta besteetan badaukazu aukera zerbait egiteko. ONCE, lehen, talde gogorra bazen, nik uste orain orekatua dagoela, lider gutxiago ditu, orduan gregarioek askatasun gehiago dute. Baina hori bai, aukerak aprobetxatu behar dira, edo bestela, badakizu zein den zure lekua. Konturatu behar duzu lana egiteko txirrindularia bazara lana egin behar duzula. Ez baduzu irabazteko balio, lan egin behar duzu.

Zuk askotan egin behar izan diozu uko irabazteko aukerari besteentzat lan egiteagatik?
Ez dakit, batzutan egin izan dut lana eta oso indartsu aurkitu izan naiz. Baina hori ez da jakingo zeren gero ez baitakizu irabazteko moduan egongo ote zinen, indartsu egon zarela bai, baina. Ez jakitea hobe gainera.
Baina indartsu joan hutsagatik ez da karrera bat irabazten, egoera irakurtzen asmatu behar duzu. Balantza batean jarrita, zerk balio du gehiago, hankek edo buruak?
Indar asko behar da, baina karreran ez baduzu burua erabiltzen, indarra alferrik galtzen duzu eta akabo. Batzuk indartsuagoak dira, baina beste batzuk azeriagoak, eta besteen ihesaldietan sartzen dira. Azkenean biak behar dira.

Eta ez hanka eta ez buru zoazenean, txiki-txiki eginda, eta oraindik 15 kilometro falta direnean mendate gaineko helmugara iristeko?
Jaiki bizikletatik, erretiratu eta sartu autora. Abandonatzeko gogoa, sarritan izaten duzu. Etapetan askotan, eta klasiketan gehiagotan. Ez baduzu liderrik lan egiteko, eta gaizki bazabiltza, motibaziorik gabe, oraindik eta gehiagotan. Baina badakizu zure lanbidea dela. Ni sarri etorri naiz Urkiolako igoerara, eta hemen zaudelako besterik ez bada ere amaitu behar duzu. Zaletuak zu ikustera etorri dira eta hori merezi dute.

Hala ere, sufritu ez ezik gozatu ere egin liteke bizikletan. Bi lesioak ahaztu, eta lider edo gregario, noiz hasi zinen berriz bizikletaren gainean disfrutatzen?
Egia esan azkeneko urteetan oso lasai hartu dut. Lehen urteak oso onak izan ondoren, urte txarrak joan zaizkit. Lesioak, eroriko asko, istripu asko, eta beti sufritzen. 97an ere hiru karrera irabazi nituen eta ongi nengoen. Baina Tourrera joan nintzen, erorketa asko eduki nituen eta tendinitis batekin itzuli nintzen etxera. Denborarekin, berriz burua altxa eta belauneko tendinitis hori erabat ahaztuta, 2000n, 2001ean, eta 2002an, nahiko ondo ibili naiz, bizikletan disfrutatzen. Ardura gutxiago nuen, eta lasaiago hartu dut. Ondo irteten bazen, ondo, eta bestela, bada saiatu zara eta kito.

Eta sasoiz ongiena aurkitzen zinen garaian utzi behar izan duzu.
Nire urte onena 2002a izan zen. Orain ere fisikoki nahiko ondo nengoen, eta motor aldetik ere bai. Segitzeko eskaintzak banituen, eta gogoa ere bai, baina lesio bat atera da bizkarrezurrean, medikuek esan didate zer daukadan, umea ere hemen, urte asko profesionaletan, eta jada hainbeste lesiorekin, bada bukatu da.

Zuk zure osasunerako arriskutsua izan zitekeelako utzi duzu. Txirrindulariak ez al du askotan osasuna arriskuan jartzen?
Bai. Eliteko kirolean osasuna ipintzen da arriskuan, ez hiltzeko zorian, baina arriskuan. Futbolean ari denak belaunak txikituta amaitzen du, pilotariek eskuak, eta ziklistek erorketengatik gauza asko apurtzen dituzte, desgasteak... Eliteko kirolean hain muturrean ibiltzera behartuta gaude, lesioekin lehiatzen segitzera, gaixorik zaudenean segitzera, horrek osasuna izorratzen duela. Kirola osasuna da, baina limiteak gainditzen badituzu zure kontra itzultzen da.

Zuk sentitu duzu osasuna behartzen ari zinela?
Bai sarritan.
Ni lesioez baino gehiago dopinaz ari nintzen.
Dopinaz askotan errazegi hitz egiten da. Eskandalu batzuk gertatu izan dira, Festinarena-eta »Jesus Manzanorena ateratzeko zegoen elkarrizketa egin genionean», eta ziklismoaren izena zikindu da. Tropelean oso gaizki bizi izan dugu hori, asko idatzi da, eta berba egin da horren inguruan, baina horrela ere ez da.

Ezin dena ukatu da kasu batzuetan dopina badagoela. Azken urtean bat baino gehiago hil da lo zegoela. Pentsatu hotzean, horien larrutik, eta arrisku hori hartzeko, hainbeste merezi du txirrindularitzak?
Ez dakit, enpresari bat joaten bada Taiwanera eta han autoak hemen baino merkeago erosteko aukera baldin badu, han erosten ditu, azken batean berari inporta zaion bakarra aterako dion etekina delako. Azkenean diru kontua baita dena, eta ikusten bada hau horrela eginda etekina handiagoa izango dela bada aurrera. Bakoitzak jakiten du noraino heldu behar den. Guk zorte handia daukagu antidopin kontrol asko dauzkagulako eta momentu oro gaudelako kontrolatuak, bai taldeko medikuekin bai beste medikuekin. Baina batzuk ez dute edukiko mugarik.

Horrek tropel barruko giroa ere nahasiko zuen. Gainontzean tropel barruan nolako harremanak izaten dira txirrindularien artean?
Karreran denak muturtuta joaten garen arren, momentu batzuk egoten dira distentsiokoak, berba egitekoak. Batzuk isilak izaten dira, eta beste batzuk hiztunak. Cipollini, showmana da. Pantanik ez zuen asko hitz egiten. Gazteleraz ere gutxi egiten zuen. Galdetzen zenion: "Zer Pantani, ondo?". Eta berak erantzun: "Bai, ondo nago, la gamba va bien". Horrelako gauzak, gutxi. Nahiko itxia zen, eta azken urteetan bere arazoekin oraindik gehiago bakartu zen. Beste batzuk berriz ez ziren isiltzen. Bramati moduan, beti berba egiten, momentu txarretan edo momentu onetan, beti hitz egiten. Eta horrek nekatu egiten du. Nekatzen du bera, eta beste denak. Burua jartzen zizun bonbo bat bezala.

Taldeaz gaindiko lagunek, entrenatzeko elkartzen zaretenek-eta, zenbat balio dute tropel barruan aliantzak osatzerakoan?
Zu beti taldearen zerbitzura zaude. Gertatzen dena da ez badiozu kalterik egiten zure taldeari, bada batzutan egiten diozu zuk fabore bat bati eta beste batek egingo dizu gero zuri. Adibidez, ni Euskal Bizikletan lider moduan egon nintzen, eta orduan hemengoek atakatzen bazuten, esaten nien taldekideei: "Eh, horri utzi", eta ez badator zure taldearen kontra, libre da hori.
David Etxeberriarekin ongi moldatzen naiz ni, taldean elkarri lagundu izan diogu, eta taldearen ostean ere bera Euskaltelen eta ni ONCEn nengoenean, nik karrera batzuk irabazten lagundu nion, eta berak niri berdin. Lagundu, lagun moduan. Baina Manolok esaten bazidan aurrera egin behar nuela, bada aurrera. Eta esaten bazidan: "Tira David harrapatzeko!", tiratzen duzu eta kito.

Aurikularretatik jasoko zenituzten horrelako aginduak. Aginduak jaso eta jaso, inoiz pentsatu izan duzu: "Manolo isil hadi, eta nik nahi dudana egingo diat!"
Okerrenak bronkak dira, eta hitz txarrak. Bronka asko jasotzen dira, tentsio asko egoten da batzutan, batez ere karrera inportantetan, eta gainera zuzendariak tentsio hori transmititzen die txirrindulariei. Eta zu sufritzen zoazenean, hitz txarrak entzutea ez da oso goxoa. Gainera Manolok presio asko sartzen du, larregi. Zuzendariaren eta txirrindulariaren harreman asko gaiztotu ditu horrek. Eta batzuk ez ziren ongi moldatzen presioarekin, Jackshe bezala. Lehen urteetan txirrindulari asko jaisten ziren autobuseko Manoloren hizketalditatik dardarka, blokeatuta. Okerrena zen karreran aurikularretik denbora oro entzuten zeniola: "Hemen abanikoa, hemen abanikoa, hemen ez dakit zer".

ONCEn egonda nola bizi izan duzue azken urtetako Euskaltelen booma. Zalea ez da ahaztu kanpoko taldeetan dauden euskaldunez?
Ez dut arazo hori eduki, hemen jendeak eta egunkariek ondo tratatu naute. Baina bai, pizten duzu telebista eta beste txirrindulari batzuk ikusten dira karreran, hemengoak, euskaldunak, eta ondoan Euskalteleko bat baldin badago, jendeak "Euskaltel, Euskaltel!" dio. Txirrindulari horiek sentitzen dira, ez diskriminatuak, baina ez hain ondo zainduak.

Zure karrera bukatu da. Atzera begiratu eta zer zapore gelditzen zaizu? Zer gozotik eta zer gazitik?
Euskal Herriko Itzulia irabaztea nahi nuen, edo etapa bat, eta ezin izan dut. Espainiako Itzulian ere irabaztea nahi nuen, baina azkenean ez. Eta arantza bat ere gelditzen zait, Tourra bukatu gabe utzi izana. Baina orokorrean oso zapore ona gelditzen zait. Ez nuen uste bigarren partea hain ona izango zenik.

Orain telebistatik ikusi beharko dituzu lasterketak. Aurtengo Tourra nola ikusten duzu?
Armstrongek garaiezina dirudi, baina Zubeldia eta Mayo gazteak dira eta egunen batean eroriko da. Orduan aukerak izango dituzte. Itzuli handi bat irabaz ote lezaketen? Ez dakit. Aurtengoa polita da berentzako, horrelako perfilarekin egin dezakete zerbait, baina irabaztea zaila da. Ea Mayok nola funtzionatzen duen presioarekin, nik uste dut ondo egingo duela.

Curriculuma
jaio: Abadiñon, 1970ean.
bizi: Igorren.
Txirrindulari ohia

Ibilbidea
1991-1993 Seguros Amayan.
1994-1995 Baneston.
1996-2003 ONCEn.

Palmaresa
1992 - Errioxako Itzulia.
1994 - Espainiako Itzulian bigarren.
1997 - Udaberriko sari nagusia, Nafarroako sari nagusia.
2001 - Euskal Bizikletako etapa bat.
2002 - Euskal Bizikleta, Euskal Bizikletako erlojupekoa, Ordiziako lasterketa.
2003 - Paris-Nizan bigarren.
Suerte txarra: Lesioek, erorikoek, trafiko istripuek... suerte txarrak oztopatu du Mikel Zarrabeitiaren bidea. Azkenean bizkarrezurreko lesio batengatik utzi du txirrindularitza.

Andrea bisitan
»Trafiko istripu bat eduki nuen eta ospitalean nengoen. ‘Zure andrea dator’, esan zidaten. ‘Nire andrea? Nik ez daukat andrerik »pentsatu nuen», baina esan pasatzeko’. Sartu zen andre bat eta han egon zen niri begira, begira-begira, ni horrelako maskararekin, eta bera han begira, harrituta. Nik nirekiko: ‘Zein ote da hau? Ez dit ezer esaten, ez dit ezer esaten’; eta derrepente andreak esan zuen: ‘Hau ez da nire gizona!’. Eta medikuak: ‘Bada hau da Mikel Zarrabeitia’; eta berak: ‘Ez, hau ez da Mikel Zarrabeitia!’. Berak irratian entzun zuen Mikel Zarrabeitiak istripu bat eduki zuela eta ospitalean zegoela. Zuzenean ospitalera etorri zen, baina beste Mikel Zarrabeitia bat zen bere senarra. Momentu latz hartan irribarre bat ateratzeko balio izan zidan gutxienez.»

Hurrengo urtean superliga
«Ziklismoan sortu behar duten Superliga horrekin ez nago ondo informatuta, baina nik uste dut talde handientzat nahiko ona izango dela, eta aurrekontu txikiko taldeentzat oso txarra. Esaterako, Euskal Bizikleta oso karrera polita da, baina Ligak esaten du beste bi karrera daudela une berean, Dauphinè eta beste bat, eta lehenengo mailako taldeak haietara joan behar dira. Orduan, hona talde apalagoak etorriko dira. Eta jendeak txirrindulari onak ikusi nahi ditu, beraz, horientzat txarra izango da».

Bertsoa

Doinua: goiz eder batek ninduen

«Kirola osasuna da»,
betiko hitzak finean,
baina osasunik ez da
mugak jarri ezinean.
Hitz hoiei buelta emanez gero
kirol berak azkenean
izateari uzten al dio
osasuna ez denean?

Herioren bisitak
«Jende asko hil zait taldekideetatik. Amayan nengoela, Antonio Martin taldeko laguna eta kidea hil zen kamioi batek jota. Mariano Rojas ere berdin, kotxe istripuan. Jende asko jausi da jada. Chava Jimenez ere gertutik ezagutu nuen. Umoretsua zen, txistosoa, lantzatua pixka bat, eta karreran oso txirrindulari ona, oso eskalatzaile ona. Erlojupekoan berak nahi bazuen hobetuko zen, baina berak aldapako etapak bakarrik nahi zituen. Nik uste horregatik ez zituela gauza gehiago lortu itzuli handietan. Eta bukaera oso tristea izan du. Pantani hil zenean ere Uriartek deitu zidan, eta harrituta gelditu nintzen».


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude