Nafar artea bistan

  • Arreta eta ardura eske datoz artista nafarrak, erakundeei eta gizarteari, hor daudela eta zer esana badutela gogoraraziz. Hain sinplea eta oinarrizkoa dirudien aldarrikapen hau izan da Nafarroako 18 artista garaikide Iruñeko Moisés Pérez de Albéniz galerian biltzera eraman dituena. 25 urtetan zehar (1978 eta 2004 artean), hiru belaunalditako artistek egindako artelanak biltzen dira bertan, baina Patxi Ezquieta margolari eta erakusketako partaideak dioen bezala, "25 urtetako laburpen bat izan arren, erakusketa ez da atzera begirakoa. Aitzitik, aurkezten diren lan hauek, gaur egun sortzen ari denaren eta etorkizunean egingo denaren oinarria osatzen dute, partaide guztiak lanean dihardugun artistak baikara". Gerturatu nahi duen ororentzat zabalik egongo da erakusketa martxoaren 20ra arte.

2004ko martxoaren 14an

Izenburutik hasita, aldarrikapen edo ohartarazpen kutsua du erakusketak. Desde un lugar 1978-2004 esatean, jatorri edo abiapuntuaz ari zaizkigu antolatzaileak, baina baita helburu edo norabideaz ere; nonbait sortzen dena nonbaiterako eta norbaitentzat sortzen baita. Artelanek, sortzen diren momentutik, beharrezko dute ibilbide bat, ikuslearenganaino eramango dituena. Sarriegi, ordea, luzea eta neketsua suertatzen da bide hori, oztopo gehiegi eta laguntza gutxi baitaude tartean. Erakundeen partetik babesik, proiektu berririk eta arretarik apenas dagoen lekuan, are gogorragoa da artistek egin beharreko ahalegina beraien lana ikustarazteko. Moisés Pérez de Albéniz galeriak Nafarroan kalitatezko arte garaikidea badela gogorarazi nahi izan digu erakusketa honen bidez, ilunpean, argi keinuak bidaliz lurra han dela adierazten digun itsasargiak bezala.

Euskarri tradizionalak nagusi

Nagusiki margolanek eta eskulturek osatzen dute erakusketa, nahiz eta baden argazki lanen bat ere. Margolariei dagokienez, aniztasuna da aipagarri. Azken urte hauetako artelanetan, ez dugu joera homogeneo edo bateraturik topatuko, korronte ezberdinen inguruan egindako esperimentazio saioak baino. Abstrakzioa eta figurazioaren artean, lehenengo joera da nagusi. Adibide batzuk aipatzearren, Fernando Pagolak espresionismo abstraktuarekin lan egiten du, baita Javier Baldak ere, nahiz eta, bakoitzak bere ikerketa bidea jarraitzearen ondorioz, bien arteko tartea handia izan. Fernando Iriarteren kasuan, berriz, materiaren lanketa nabarmendu beharko genuke eta Asunción Goikoetxearenean berriz, heliografiak, argiak eta denborak, margo edo pigmenturik erabili gabe, sortutako koadro bitxiak.

Figuraziotik abiatzen diren margolarien artean ere bide ezberdinak jorratu dituztenak topatuko ditugu. Pedro Osések, adibidez, pop joeretara gerturatzen gaitu, Pedro Salaberrik kolore lauak eta forma sinpleak erabiltzen ditu bere errealitatea islatzeko eta Juan Jose Akerretak berriz, figurazio intimista eta poetikoagoa darabil bere lanetan.

Eskulturaren kasuan ere bi joera nagusi bereizten dira. Batetik, eskulturaren ikuspegi klasikoa jarraitzen dutenak ditugu, bai kontzeptu eta bai material aldetik. Hor dugu, esate baterako, Faustino Aizkorberen lana, euskal eskultura deitu izan denarekin lotura estua duena. Bestalde, ikuspegi berritzaileago batetik abiatzen diren artistak ere aurkituko ditugu, hala nola, Dick Rekalde, Angel Bados edo Dora Salazar. Kontzeptu tradizionalak alde batera utzi eta baliabide, gai eta ikuspuntu berriak erabiliz sortutako lanek gaurkotasuna eman diote erakusketari.

Azkenik, argazkigintzarentzat aipamentxo bat. Tamalez, 25 urtetan sortu denaren adibide bakarra baino ez dugu ikusiko: Paco Polánen argazki serie bat. Harrigarria da azken urteetan Nafarroan sortu den arteari begirada luzatzean, arreta handiagoa jarri ez izana argazkigintzan. Beste hainbeste esan behar dugu bideoz edo teknologia berriekin egindako artelanei buruz, adibide bakar bat ere ez baitugu topatuko erakusketan. Dudarik gabe, euskarri "berriek" honelako erakusketa batean merezi dute toki bat, arte garaikideaz ari garela ezinbestekoak baitira.

Arreta eta ardura eske

Erakusketa honen bidez erakundeak, artistak eta ikusleak gogoeta egitera bultzatzea da antolatzaileen helburua. Moisés Pérez de Albénizek galdera bat bezala planteatzen du erakusketa: "Zer gertatzen da hemen, hain kalitate handiko artistak egonda, kanpoan ezezagunak izateko?". Dudarik gabe, zuzenean erakunde publikoei eragiten dien galdera da hau. Katalogoen argitalpenerako laguntzarik eza, arte azokak ez bultzatzea, arte garaikidearekiko inolako ardurarik ez izatea eta orokorrean, erabateko babes falta da erakusketaren antolatzaileek salatzen dutena. Eta noski, horrekin guztiarekin bat datoz, egoera zuzenkien pairatzen duten artistak. Ezinbesteko ikusten dute Nafarroako Gobernuak arte garaikidearekiko duen jarrera aldatzea: hartu beharreko ardurak hartzea, alegia. Egoera ez da samurra eta guztien lana beharko da arte garaikide osasuntsu bat nahi baldin badugu. Lehenengo pausoa erakusketa hau ikustera joatea izan liteke.

Desde un lugar 1978-2004
NON: Moisés Pérez de Albéniz galeria.
Larrabide, 21. Iruñea.
NOIZ ARTE: Martxoak 20.
ARTISTAK: Jose Ramón Anda, Faustino Aizkorbe, Juan Jose Akerreta, Pello Azketa, Angel Bados, Javier Balda, Patxi Ezquieta, Asunción Goikoetxea, Fernando Iriarte, Xabier Morrás, Pedro Osés, Fernando Pagola, Paco Polán, Dick Rekalde, Mariano Royo, Alfredo Sada, Pedro Salaberri, Dora Salazar.

Paco Polán, artista: «Behar duguna arte zentro bat da, lan egiteko lekua eta benetako mugimendua sortuko duena»
Hogeita bost urtetan zehar sortutako artea biltzen duen erakusketan, argazki lan bakarra dago, El país de la mala suerte izeneko zure lana, hain zuzen.

Ni ere argazkirik ez jartzekotan egon nintzen eta orduan, batere argazkirik gabe geratuko ginen. Galeriako arduraduna bera izan da artelanak aukeratu dituena artista askoren artean, gutaz gain beste asko ere bai baitaude. Asko eta onak dira erakusketatik kanpo geratu direnak.

Argazki lan bakarra nirea izatea kasualitatea izan da, azken urte hauetan egin dudan lanaren erdia argazkia baita. Aukeratutako lana, argazki berezi samarra da, ez oso narratiboa. Eskulturarekin lotura handia du, beirak erabiliz, paisaia arraroak sortu baititut.

Desde un lugar 1978 - 2004 erakusketak aldarrikapen kutsu nabarmena du. Zer deritzozu Nafarroako arte garaikidea ikustarazteko horrelako erakusketak egin beharrari?
Kalitateko artista garaikide asko dago eta edozein lekutan, zaila dena nabarmentzea da. Galeriako arduradunak erakusketari aldarrikapen kutsua ematea erabaki du, baina egiten duguna egiten dugula, Nafarroako Gobernuak ez dio sosik ematen arte garaikideari. Eusko Jaurlaritzak diru pixka bat gehiago gastatzen du arte garaikidean, baina ez uste han ere artistak pozez txoratzen daudenik.

Zein irtenbide izan dezake arteari eskainitako azpiegitura eta diru laguntza eskasiak?
Egin behar dena egungo artea bultzatzea da, guk egindakoa »eta nire ustez gure erakusketa nahiko kontserbadorea da» eta hortik aurrerakoa. Adibidez, Gaztelu Plazan entzierroei buruzko eskultura bat jartzekotan omen dabiltza, eta hori, nire ustez, dirua botatzea da. Arte garaikidea da zuzenean babestu eta lagundu behar dena.
Azken finean, gu ezin gara erakundeen kontura bizi. Niri bekatxo bat emanda ez didate bizitza konponduko, zaharregia naiz horretarako. Behar duguna arte zentro bat da, lan egiteko lekua eta benetako mugimendua sortuko duena. Badirudi arte garaikideari dirua ematea alferrik botatzea dela, baina benetan txorakeriatan gastatzea dena, dirua botatzea, familiari monumentu bat egitea da, esate baterako. Erakundeek mota honetako arte kontserbadorea laguntzea arbuiagarria da.

Zer eskaintzen du arte garaikideak?
Egungo arteak duen gauzarik onena lehengoa baino merkeagoa dela da. Inork ez du arte garaikidea ulertzen, ez dakigu ziur indartu egingo den edo denborarekin zabor bihurtuko den, ez dakigu ona edo kaskarra den, baina gutxienez, arriskatu egingo gara.
Ezin gara hainbeste arduratu artearen izaera didaktikoaz. Publikoak ez du interesik arte garaikidean, bizkarra ematen dio etengabe. Horrela da, eta kito. XX. mendeko arteak gudu hori galdu du, ez du herritarra izatea lortu. Gaur egun sortzen ari dena, ordea, herritarragoa da, arte politikoa, soziala eta abar lantzen baitira, eta horixe da lagundu behar dena. Tartean txorakeriak ere azaltzen dira, baina gutxienez, publikoa zirikatzen dute.


Azkenak
Mutil-dantzak indartu eta babesteko deia luzatu du Plazara Dantzara elkarteak

Baztango lehen festak hastearekin batera, mutil-dantzak dantzatzera bultzatu nahi dituzte baztandarrak; hala adierazi dute Plazara Dantzara elkarteko kideek publikatu berri duten prentsa-oharrean. Aurreko urtea Baztanen bazterketarik gabeko lehenengo urtea izan zen eta horri... [+]


Gazako osasun zentroan %80 zerbitzuz kanpo dago

Gazako osasun sistema kolapsatzeko zorian dagoela jakinarazi du Osasun Ministerioak, erregai faltaren eta erasoen ondorioz. Urriaren 7tik 500 mediku eta 138 erizain hil ditu Israelek, eta 33 ospitale suntsitu. Rafah-tik 300.000 pertsonak egin behar izan dute ihes azken egunetan,... [+]


Heziketa perfektuaren sindromea: nekeak jotako gurasoak eta presioak itotako haurrak

Heziketa perfektua jasoko duen seme-alaba perfektua izateko nahiak eta espektatiba eta lorpenetan oinarritutako kulturak estresa, antsietatea eta jarrera arazoak sortzen dituzte, eta zabalduta dagoen fenomenoa da gainera. Hala dio ikerketa berri batek.


Ezinbesteko egoera

Apirilaren 2 eta 3an Parisen iragan zen epaiketa, dudarik gabe, judizialki memento historikoa izan zen. Lehen aldikotz euskal afera judizialetan, defentsa eta estatuaren ordezkariak aho batez mintzatu ziren.


Hil egin da Lizarrako langile bat, gidatzen zuen kamioian istripua izan ostean

51 urteko garraiolariaren kamioia irauli egin da Ejea de los Caballerosen (Aragoi). 2024an hiltzen den 23. langilea da.


Eguneraketa berriak daude