Zer da... Burtsako Crasha


2004ko martxoaren 7an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Burtsako crasha terminoarekin, Burtsan kotizatzen duten balore gehienen beherakada guztiz azkarra adierazten da. Kotizazioen beherakada bat-bateko hori, egun bakar batean gertatzen dena, merkatuaren beraren doitzeko mekanismo bat besterik ez da. Crashak burtsako euforia-aldi baten bukaera ekartzen du, eta, zenbaitetan, ekonomiaren atzeraldi baten atarikoa izan daiteke. Ekonomiako edo burtsako euforiazko egoerek, non eskariak erruz gainditzen baitu eskaintza, titulu kotizatuen prezioak gizenarazten dituzte, gainbaloratuak geratzeraino. Merkatua bera arduratzen da prezio horiek zuzentzeaz, bat-bateko beherakadaren bidez: horixe da crasha. Crash terminoa, 1929ko krisi ekonomikoan sortua, 1987an hartu zen berriro, azken hamarkadetako burtsako beherakadarik handiena definitzeko. 1987an Wall Streeten lortutako maximo historiko etengabeak eta operazio-aretoan bizi zuten giro euforikoa prezioen berebiziko beherakadan bukatu zuten. Urriaren 19ko astelehena, orduz geroztik "astelehen beltza" deitua, Dow Jones indizearen %22,6ko beherakadarekin itxi zen. Ez nazioarteko merkaturik indartsuenak, ez balore pisudunenak, ez ziren salbatu crash hartatik. Burtsako fantasma hori berriro agertu zen burtsa guztietan hiru urte geroago, Estatu Batuek Iraken egin zuten aurreko interbentzioaren ondoren (1990), nahiz eta beherakadaren intentsitatea ez zen izan 1987koarekin konparatzekoa.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.