Gozo gutxi du azukretan ari diren laborarien bizitzak

  • Azukreak lehen munduko herritarron janari guztietanhartu du lekua. Hirugarren munduko nekazari askoren soroak berriz kanabera monolabore bihurtu du. Eta azukrearen gozo tranpatiak denok gaixotu gaitu.

2004ko martxoaren 07an
Azukrea kasik egunero dago albistegietan, gizarte aberatsetan ugaltzen ari den obesitatea dela eta nagusiki. Merkataritzaren mundu mailako liberalizazioa aipatzen denetan ere sarri ageri da azukrea, Mendebaldean bere produkzioak (erremolatxak) dituen subentzioengatik. Tarteka lortzen dute azukrearen inguruko beren mezua pasaraztea garapen bidean diren herrialdeetakoek ere, lehengai guztiena bezala horren prezioa ere gainbehera doalako. Azukrearen mendeko esklabo bizi dira herrialde aberatsetako gizaki lodiegi asko, eta azukrearekiko esklabotzak miseriara eraman ditu hirugarren munduko beste asko.

Esklabotzarekin lotuta dago azukrea munduan barrena hedatu zenetik. Arabiarrak izan ziren azukre kanabera landatzen lehenak, historialariek diotenez. Gero Mendebaldeko zaldunek gurutzadetan dastatu zuten lehenbiziko aldiz, eta pixkanaka gure bizitzako osagai beharrezko bihurtu zen. Baina mende batzuk beranduago Ameriketan aurkitu genuen hura ausarki landatzeko eremua labore horrekiko eragozpen erlijioso eta kulturazkoak zituzten kristauok eta musulmanek.

Colonek Indietara berekin eraman ondoren, XVI. mendetik XIX.era sekulako hedapena ezagutu zuen. Eta berarekin batera egin zuten Afrikako esklabo beltzek ere harantzako bidaia: mende horietan 10 milioi esklabo afrikarrez goiti eraman zuten Ameriketara. Geroztik, elkarri loturik egongo ziren azukrea, esklaboak... eta hauen erreboltak.

Historiaren kontakizunarekin hasi du The New Internationalist magazinak bere azken dosierra: «Azukrearen tranpa (eta bere irtenbidea)». Azukrearen inguruko jarduera ekonomikoaren informazio nagusi oso zehatzak eman ondoren, aipatu ditugun bi esklabotzak ongi deskribatu ditu. Batetik, azukrea kontsumitzen dugunon dependentzia fisikoaren eta honek gure osasunean izango dituen eraginen deskribapen zehatza (interesgarria, baina tamalez norbera gaixo erori arte kontuan edukiko ez duguna).

Beste aldetik, guretzako azukrea produzitzeko lan baldintza gogorretan eta zorpean sartuta ari diren laborariei buruzko erreportaia zorrotzak eskaintzen zaizkigu The New Internationalist gunean. Horietako batean Dionne Bunsha kazetari indiar gazteak Frontline aldizkarian argitaratutako artikulua bildu dute. Bere titulu esanguratsua: «Sugar Daddies». Euskaraz «Azukrearen kapoak» edo «Azukrearen jauntxoak» itzuliko genuke. Indiako estatu askotan ustelkeria azukre kanaberak elikatzen duela eta, beren larrutik ordaintzen duten baserritarren artean itzulia egin du Bunshak. Munduko azukre ekoizle handiena den India barruan, Maharashtra estatuko (Munbay inguruan) laborariengana jo du.

Ustelkeriarekin krisia

Azukrearen tranpan erorita, proletarizatze bidean sartu behar izan dute baserritar askok. XVIII. eta XIX. mendeko industrializazioa deskribatu zuen Karl Marx zaharrak gustura hitz egingo zuen Balasaheb Shinde-rekin. Lurjabe ttiki hau bere bi haur handitxoenak nori utzi bila dabil, horiek eskolan segi dezaten, bera bitartean emaztea eta haur txikienarekin urrutiko soro batzuetara kanabera moztera joateko. «Gure baserria utzi eta urrutira joan behar dudan lehen aldia da nire bizitza osoan »esan dio Bunsha kazetariari. Gure kanabera soroek ez digute aski diru ematen egin ditugun zorrak kitatzeko eta jornalari lanera joan beharra daukagu».

1950 inguruan bazter hauetan mirarizko landare moduan sartu zuten azukre kanaberak erreka horretara eraman ditu nekazari asko. Dirulaguntza onak izan ziren orduan, kooperatibetako pioneroak ere horretan sartu ziren buru-belarri, ureztatze sistema aurreratu zen... Eta denborarekin, aho biko krisiak harrapatu zituen erdian baserritarrak.

Lekuko politikari ustelen sarean erori ziren. Maharashtrako politikari nagusiak azukre lantegi eta kooperatibetako buruzagiak dira, eta gainerako lantegietako buruzagi beren familiarteko eta lagunak ipini dituzte. Kooperatiba askok beren banku txiki, esnetegi, ureztatze sistema eta irakaskuntza sare propioak dituzte. Enpresa handietan bezala txikietan, azukreari lotutako eskaileraren maila bakoitzean egiten du hozkada ustelkeriak eta horrek ekarri du krisia hainbat lantegitara: Maharashtrako 163 azukre lantokitatik 56 kiebra jota daude. Estatuak merke utzi dien dirurik ez dute itzultzen, eta langileei eta kanabera eramaten dieten nekazariei ez diete ordaintzen.

Kooperatiba horien jabeak teorian nekazariak berak dira, dirua eta urtetako lana daukate ipinita bertan. Zergatik ez dute ezer egiten? Ramgonda Patil izena duen kooperatibista bati galdetu dio Bunshak horretaz. «Egia da kooperatiba gurea dela. Eta guk hautatu ditugu zuzendariak. Baina hauteskunde garaian, dirua eta indarra, biak erabiltzen dituzte. Kooperatibako bilkura batean norbaitek asko galdetzen badu, zuzendariaren ‘gorilek’ eramango dute aparte. Zuzendariak beti dauka bere ‘goonda raj’ bat, gangster taldea».

Eta krisiaren beste ahoa: Indian ere liberalizazio orokorrak bere ondorioak ekarri dituela fite. Azukre kainaren prezioak %25ean egin du behera hamar urteotan nekazarientzako; eta alderantziz, produkzio kostuak bi herenetan igo dira. Elektrizitatea, ureztatzea, tresnak... Eta diru prestatzaileei ordaindu beharreko interesak: %35 eta %60 artean daude baserritarren interes tasak estatu honetan.
Ororen buru, urte batzuetan Maharashtrako laborari «mimatuak» zirenak (okerrago bizi ziren beste baserritarrek hala esaten omen zieten inbidiaz) orain besteren lurretan kanabera moztera joan behar dute; seme edo alaba baten ezkontzak, baserriko erosketek edo senide baten mediku gastuek eragindako zorrak ordaintzeko. Egindako zor berriak kitatzeko, familia osoarekin doaz kanaberatara.

Ibilbide berri honetan, beste bitartekari batekin egingo du topo proletario bidean den nekazariak. Kontratista batek aurretik pagatuko dio bere familiari kanpainaren ordaina... mozteko emango dion kanabera kopuru baten trukean. Tona horietara iristen ez dena, hurrengo urterako utziko du zorretan: %60ko interesarekin!
Zorretan itotako laborari horietako batek, Uttam Siserao-k, kanta zahar baten edo ipuin triste baten laburpena dirudiena kontatu dio: «Emaztea gaixorik nuen joan den urtean, eta ezin izan zuen nirekin etorri lanera. 10.000 rupia (217 dolar inguru) aurreratu zizkigun kontratistak. 5.000 rupiaren balioa adina kanabera moztu nuen, baina beste erdia utzi genion zorretan. Geroxeago, emaztea hil egin zen. Aurtengo lanarekin ordainduko dut haren erdia»

http://www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude