Arturo Campion: Nafarroako lehenbiziko euskal idazlea

  • Iruñean 1854ko maiatzaren 7an jaioa, aurten 150 urte betetzen dira Arturo Campion Jaimebon kultur gizon ezaguna Nafarroako hiriburuan sortu zela. Asko izan dira poligrafoaz esan eta idatzi direnak, nahiz 1937an Donostian hil zenetik arras gutxi izan diren instituzionalki egin zaizkion omenaldiak zein aitortu zaion garrantzia. Bestaldetik, eta gauza nabarmena izan arren, Nafarroako euskal literaturarako suposatu zuena da gutxien baloratu eta ikertu den Campionen ekarpena, neurri batean eta maila historiko-sinbolikoan bada ere, egun dugun harrobi aberats eta interesgarriaren aurrekari zuzena izanda.

2004ko otsailaren 15an
Campionen ekarpena Nafarroako euskal letretan itzela izan zen, eta neurri batean XVII. mendean Axularrek Lapurdin, XVIII.ean Larramendik Gipuzkoan, edota XIX.ean Mogel-Astarloatarrek Bizkaian bezala, XIX. eta XX. mendeen arteko tarte hartan Campionek Nafarroan burutu lana garai berri baten hasiera izan zen, hala nola, komunzki deitzen den berpizkundea, herri literatura guztietan noiz edo noiz gertatzen den hura. Campionen kasuan, eta garai bertsuan Nafarroan ere ibili zen Bonaparte printzearekin gertatu ez zen bezala, poligrafoa Iruñeko gizartean gorki erroturiko pertsona genuen, hainbat dendaren jabea, bertako prentsan maiz kolaboratzen zuen idazlea, eguneroko politikan eskua sartzen zuenetakoa, eta finean, Nafarroako giro kulturaletan mardoki sarturik, bere aitagoitasuna ezin ukatuzkoa genuen.

Nafarroan egin zen euskal literaturaz denez bezanbatean, berau izan zen aro berri baten hasmenta, orakulo eta maisua. Gazterik ikasi zuen euskara, geroagoko euskaldun berrien eredu bilakatu zela. Hizkuntzaren ikerkuntzan nabarmendu zen arnas handiko lanak idatzi zituela, euskara bera defendatu eta bultzatu zuten zenbait elkarteren sorreran egon zen, euskararen inguruko hainbat eztabaidetan parte hartu zuen, baita eredu literarioaren zein batasunaren hika-mika garrantzitsuetan ere, eta gutxi bazen ere, asmo literarioko zenbait lan utzi zizkigun.

Euskarazko lehen lan literarioa

Campionen lehen lan literarioa euskaraz 1877ko abenduan tajuturiko Orreaga balada epikoa izan zen, Garay Monglavek mende erdi bat lehenago egin zuen Altabizkarko kantua-ren aldaera pertsonaltzat har litekeena. Institut Historique erakunde frantziarraren idazkaria zen Eugène Garay de Monglave kazetari baionarrak artikulu luze bat eman zuen argitara 1834an non Orreagako gatazkaren garaitik beretik, ahoz aho belaunaldiz belaunaldi gorde zen euskal eresi zaharraren berri ematen zuen. Halaber, kanta hura jasotzen zuen papera Garat kontearen etxean ikusi zuela zioen: «J'ai vu autrefois une copie du chant d'Altabiscar chez M. Garat, ancien ministre, ancien sénateur et membre de l'Institut. Il la tenait du fameux La Tour d'Auvergne, le premier grenadier de France, lequel, pendant les guerres de la République, se délassait de ses fatigues en travaillant à un glossaire en quarante-cinq langues». Errealitatea, ordea, bestelakoa izan zen. Monglavek euskaldunen bilkura batean parte hartzen zuen Parisen, eta bertan kantatzeko Orreagarena sortu zuen erdaraz. Ezpeletako Luis Duhalde tertuliakidea izan zen jatorrizko frantsesa euskaratu zuena. Iruzurra agerian utzi zuen lehenbizikoa Saran zegoen Wentworth Webster artzain protestantea izan zen, Madrilgo Boletín de la Real Academia de la Historia aldizkarian 1883an publikatu zuen artikulu batean hain zuzen. Ez da Monglaverena euskal letretan dugun faltsifikazio kasu bakarra. Hortxe ditugu, esate baterako, Xahoren Anibalen kantua, Arakistainen Alosko kantua, Hiribarrenen Heren-suge eta Beltzuntzeren kantua, Michelen Abarkaren kantua, edota Otaegiren Beotibarko kantua, guztiak Macpherson eskoziarraren eraginpean, berak sorturiko Ossian bardoaren Fingal lanaren bidetik.

Bada, Websterrek Altabizkarko kantua-ren marroa salatu aitzin agertu zen Campionen Orreaga, geroantzean askotan berrargitaratu den testua, duen balio linguistikoarengatik zein ideologikoarengatik. 1955ean Iruñean burutu Coloquios de Roncesvalles izeneko mintzaldietan, Menéndez Pidal eta Ramón Abadal espainiar historialariek Moreten tesi klasikoa zapuztu zutenean, «Diario de Navarra»k Campionen testua berreskuratu eta karrikaratu zuen erantzun gisa. Zenbat aldatu diren bakoitzaren asmoak ordudanik! Diogun honen adibide ezin argiago Orreagako gatazkaren 1200 urteurrenaren inguruko ospakizun ezberdinak dira. Ospakizun ofizialak oturuntza pribatu zein elizkizun handi-mandietara mugatu ziren bitartean, Ibañeta Batzordeak Arbasoen Eguna antolatu zuen, Germanen hilketaren itzalpean. Honekin batera, hainbat liburu agertu ziren, besteak beste, Pierre Narbaitzen Orria ou la bataille de Roncevaux edo Bernardo Estornesen El Cantar de Roncesvalles. Eta Monglaverena profitatuz, Benito Lertxundik atera zuen bere diskografiaren ezagunenetariko bat.

Orreagaren 22 bertsioak

Campionen testua, gaztelerara eginiko itzulpenarekin batera, «Euskara» aldizkariaren lehenbiziko zenbakian agertu zen 1878an. Ondoren, Mariano Mendigatxa Bidankozeko nekazariak erronkarierara aldatu zuen. Eta aldizkari berean agertu zen, hutsune zenbaitekin baina, ondorengo zenbakietan Bonaparte printzeak zehaztasunez zuzendu zuena. Honek guztiak animatu zuen Campion bere Orreagaren testua ikerketa dialektologiko zabalago baten abiapuntu hartzeko. Horrela, eta jatorriz gipuzkeraz tajutu zuen testuarekin batera, gainontzeko euskalki literarioen aldaerak bilatu zituen. Hau da, Duvoisinek egin lapurterarena, Intxauspek zubererarena, eta Iza Agirrek bizkaierarena. Jarraian Nafarroa Garaiko hemezortzi hizkeretara eginiko aldaerak erdietsi zituen: Olazti, Dorrau, Arbizu, Betelu, Osinaga, Auza, Saldias, Eratsun, Legasa, Bera, Urdazubi, Arizkun, Luzaide, Biskarreta-Gerendiain, Orotz-Betelu, Aria, Otsagi eta Bidankoze. Hiru arrazoi eman zituen Campionek honako lana egiteko: alde batetik, berau ere nafarra zelako; bestalde, Nafarroa Garaiko dialektoak ez zuelako berezko literaturarik, eta hortaz, beste euskalkiak baino ezezagunagoa zen; eta azkenik, penintsulako Nafarroan egiten zen euskararen lekuko zehatza jaso nahi zuen, izan ere, noizbait hango euskararen ikerketa historikoa egin nahi bazen, xumea izanik ere, ikerlariek dokumentu bat gutxienez eduki zezaten. Campionek jakin bazekien zeinen ezberdinak ziren Nafarroako hizkerak, orobat Nafarroa Garaian ez zela euskalki bakarra egiten. Azkenik, Orreagaren 22 euskal aldaera eta erdarara eginiko itzulpena, ohar gramatikal eta lexikoak zituen sarrerarekin Iruñean karrikaratu zuen 1880an liburu formatoan, Joatxin Lordak moldizkaratua, eta Duvoisin lankideari eskainia.

Ez zizkigun Campionek kolaboratzaile guztien izenak eman, eta eman zizkigunez ezer gutxi dakigu. Ezagunak dira Mendigatxarekin batera Saldiasko Jose Eratsun eta Arizkungo Damaso Legatz apaizen izenak, Euskara Elkartearen inguruan euskaraz idatzi zuten idazle bakanetakoak. Orotz-Beteluko aldaera idatzi zuen German Garmendia Nafarroako EAJren agintari zenbaiten senitarteko eta Pedro Garmendia marrazkilari saratarraren aita genuen. Bestalde, interesgarria zatekeen egun desagerturik dauden hizkeran idatzi zuten egileen inguruko zerbait gehiago jakitea zein lan gehiago edukitzea, besteak beste, Osinagako Bernardo Etxeberria, Bizkarreta-Gerendiaingo F.U., eta Otsagabiako Jose Urrutiaz.

Gramatikari ekarpena

Guztiarekin, Campionen ekarpenik garrantzitsuena 1884ko Gramática de los cuatro dialectos literarios de la lengua euskara dugu, Tolosan Eusebio López lodosarrak inprimatu zuena. Aurretik ere, euskararen inguruko beste lanen bat publikatua zuen Campionek. «Euskara» aldizkariaren bigarren alean, 1879an beraz, Gramática vasca entsegua hasi zen argitaratzen atalka, bere ustez Larramendi zein Lardizabalen gramatikak zaharkituegiak zeudelako. Gramatika honen azken zatia, zortzigarrena, 1882ko zenbakian atera zen, eta osotara 60 orrialde betetzen zituen. Aldizkari berean Geografía lingüística del euskara agertu zuen 1881ean, eta bi urte beranduago, Donostiako Barojarenean Ensayo acerca de las leyes fonéticas de la lengua euskara izenburukoa inprimarazi zuen. Alabaina, lan hauek guztiak txiki geratu ziren bere gramatika erraldoiaren parean, 800 orrialdeko liburutzarra, atalka banatu zena harpideen artean, azken faszikulua 1886ko Donibane egunean moldizkiratu bitartean.

Lehenbiziko orrialdeetan bi eskaintza agertzen dira, bata Bonaparte printzeari eta bestea "Euskal-Erriko seme on prestuai": «Zuen lege zar beneragarriyak saldu ziñituzten atzo. Zorigaitz aundi bat da galtze au. Ez itzatzu, arren, saldu orain zuen izkuntz paregabea, lotzez beteko zaituzte galtze orrek Jaungoikoaren eta kondairaren aurrean». Campionek bi sarrera idatzi zituen bere libururako. Lehenbizikoan ikerketa linguistikoen garrantziaz zein euskararen balioaz ikerketa historikorako jardukitzen zuen, eta halaber, bertako egile eta kanpoko euskalarien berri zabala eman zuen. Bigarren sarreran hizkuntzen sailkapena ekartzen zuen, euskararen lurraldetasuna eta euskalkien berri maratza, eta amaitzen zuen geure hizkuntzaren apologia eginez. Liburuaren gaian sarturik, lehenbiziko atalean sufijazioaz aritu zen hamar kapitulotan: fonetika, fonologia, artikulua, izena, izenordea, deklinabidea, aditzondoa, konjuntzioa eta interjekzioa. Bigarren atalean lau euskalki literarioen aditza aztertzen zuen hamazazpi kapitulotan. Amaieran, hiru gehigarritan, Lardizabal, Axular, Intxauspe eta Mogelen testuez osaturiko krestomatia, eta aditzen taulak jasotzen zituen bibliografiarekin batera.

Beste lan askorekin gertatzen den bezala, Campionen gramatika da ia ezagutu gabe askotan aipatzen den liburu horietakoa. Euskal idazle eta literaturarekin horren zekena den Jon Juaristik, bere El linaje de Aitor klasikoan, «obra cimera de la vascología decimonónica» deitzen zuen Campionen liburua. Urte batzuk lehenago, 1984ko irailaren 25etik 29ra bitartean, Euskaltzaindiak Gramática de los cuatro dialectos literarios de la lengua euskara honen mendeurrena ospatu nahi izan zuen Iruñean, berariazko jardunaldiak antolatuz. Orduan Nafarroako lehendakaria zen Urralburu jaunaren hasierako mintzaldiaren ostean, komunikazio interesgarriagoak egin ziren, besteak beste, Granja Pascualen "La Gramática de Campión y Luis Luciano Bonaparte" edo Mitxelenaren "Campionen Gramatica eta beste". Guztiarekin, Campionen liburuak edizio bi baizik ez ditu izan, 1884ko lehenengoa eta 1977an La Gran Enciclopedia Vasca-koek egin zuten faksimila, eta hortaz, liburua nahikoa kontsultagaitza daukagu egun.

Aipaturiko lan filologiko hauez landara, Orreaga testuaren lehenbiziko asmo literarioei jarraikitzen zioten beste lan batzuk ere idatzi zituen Campionek. Elizondon 1879an ospatu ziren Lore Jokoetan Agintza izenburuko lana aurkeztu zuen Iputza ezizenaren azpian, eta L.L.I. hasmenta hizkiez sinatu zuen beste egile nafar ezezagun batekin ohorezko aipamena jaso zuen. Elizondoko hauek, bestalde, Hegoaldean eginiko lehenbiziko Lore Jokoak izan ziren, eta sariketa literarioan gailendu zen poeta Arrese Beitia bizkaitarra izan zen. Ezin oharkabean utzi Orreaga-rekin dituen antzekotasunak. Hura bezala, Agintza testu laburra da, bata zortzi puntutan banatuta eta bestea bederatzitan. Orreaga-ren hasiera honakoa da: «Gaberdia da. Karlomano Errege Auritz-berrin dago bere ekerzito guziarekin...»; Agintza-rena ordea, «Gaba da. Aitor ingurutua dago bere illobatxo maitetaz...». Bestalde, Aitor pertsonaiak garrantzi berezia du Agintza-n; Xahoren sorkuntza Navarro Villosladaren bitartez iritsi zen Campionenganaino. Kantabriako dukea zen Pelayo, arabiarren aurka Guadaleten galtzetik ihesean Euskal Herrira iritsi zenean abegi onez hartu zuen Aitorrek bere etxean; eskerdun, berera joan aitzin Pelayok hitza ematen zuen bere menekoek beti errespetatu eta maitatuko zituztela euskaldunak. Kanpotarrak alde egin ondoren, Aitorrek erne jartzen zituen bilobak honakoa esanez: «Erdaldunaren agintzak gezurrak dire».

Sariak Lore Jokoetan

Denbora antxiñakoen ondo-esanak 1881ean Donostian egin ziren Lore Jokoetako lehiaketa literariora igorri zuen Campionek, Aldundiak eskaintzen zuen idazmahaiarekin saritu ziotela. Oso originala ez zen beste «Gaba zan» batez hasten bada ere, luzeagoa den testu hau interesgarriago dateke ikuspuntu literario batetik. Lehenbiziko pertsonan idatzia, narratzailearen negar kontsolaezinak eraginda, antzinako denboretako aingeruak aurrekoen bizitza ikustera eramaten du egilea, eta Oktabiano enperadorearen mezulariek kantabriarrei Erromako indarraren aurrean makurtzeko gomendatzen zietenean ematen dio akabera bidaiari. Kantabriarren herriak, hau da, euskaldunen aitzindariek, ez dute amore ematen, banaturik daude baina, eta Utxin-Tamaiok negar egiten du horregatik. Gerrak, ordea, Lekobide eta Zararen arteko bakea ahalbidetzen du azkenean, eta euskaldunek baturik, erromatarrei aurre egiten diete borroka irabazi arte. Campionen testua Aitorren alabaren kantuarekin bukatzen da.

Okendoren eriotza Donostiako Lore Jokoetan ere aurkeztu zuen Campionek, 1883an hain zuzen, eta zilarrezko koroa batekin sariztatu zioten. Aurreko biak bezala, honakoa ere lehenbiziko Euskariana-n argitaratu zuen 1896an. Hiru zatitan banatua, holandarren aurka borrokatu ostean Antonio Okendoren La Capitana ontzia Donostiara arribatu zenekoa jasotzen da. Hurrengo egunean, eta larriki zauriturik egon arren, Okendo A Coruñara abiatzen da erregearen agindua beteaz, bere heriotza ziurra dena. Galiziako hirian sartutakoan Okendo hiltzen da besta-berri egunean Gabriel Henao historialari jesuita ondoan duela.

«Euskara» aldizkariaren azken alekian, 1883an beraz, Sartu aurrean poesia agertu zen, Ivan Tourgueneff idazle errusiarraren lan baten itzulpena dena. Campionek berak itzulpen honen zergatia azaldu zuen: «Hay tanta analogía entre la situación expresada y la que sufren los íntegros y bien intencionados patricios que aquí pretenden despertar al pueblo vasco-navarro del vergonzoso letargo en que yace sumido, que me he visto impulsado a trasladar a nuestra primitiva lengua ese grito del corazón atribulado del insigne escritor ruso. La composición adquiere carta de naturaleza euskara nada más que con tachar algunas cuantas palabras y cambiar otras que en la traducción castellana tendré cuidado de subrayar»; jatorrizkoaren eite pollitak barka bekigu itzuli ez izana. Campionen azken euskal lana ere itzulpena genuen, Tolstoiren Malaxka ta Akuliña hain zuzen, eta Euskal Esnalearen 1910eko egutegian agertu zen.

Agintza, Denbora antxiñakoen ondo-esanak eta Okendoren eriotza erdal aldaerekin argitaratu ziren lehenbiziko «Euskariana»n. Denbora antxiñakoen ondo-esanak frantsesez ere bada irakurgai, Fuché-Delbascek egina eta bere Contes espagnoles antologian sartua. Bestalde, Campionen hainbat erdarazko idazki euskaratuta daude. Lehenbizikoa Larraldeko lorea izan zen, Txomin Agirrek egina. Justo Mokoroa gazte batek Erraondoko azken danbolinteroa itzuli zuen gerra aurretik Iruñean zegoela. Jose Zinkunegik Erraondo, Yan-Pier, Santxo Garzes eta Pedro Mari prestatu zituen. Yon Etxaidek, berriz, Itzaltzuko bardoa, Villalba koronela, Gamio anaiak, Yan-Pier eta Erraondo itzuli zituen gerra baino lehen, alabaina lan hauek ez ziren argitaratu Ereinek 1993an atera arte. Azkenik, Asisko Urmenetak eta Marko Armspachek 1995ean eginiko komikiak aipatu behar dira, lehenbizikoa Erraondo eta bigarrena Pedro Mari.

Kontatzailea eta historialaria
Campion historia eta fikziozko literatura uztartzen saiatu zen. Kontakizunak zituen gogoko, egia historikoa adierazteko, bere garaiko gizartearen kezken trasunto bihurtzen zituela.

Lege zaharraren garaian, historiazko froga legezko indarra hartzen zuen eta beraz diskurtsu historikoa erakundetze sozio-politiko-ekonomikoaren lejitimaziorako oinarri. Erromantikoen garaian Erdi Aroa goratu zen eta Nafar Erresuma ikur erakargarria bihurtu zuen.

Iparraldean, euskaldunen historia orokorren kontakizunak eta ikuspegiak zabaltzen hasi ziren, XVII. mendez geroztik (Oihenart, Bela, Hegiategi, Xaho). Bestalde, J. Moret historialari nafarraren ikuspegia hartu zuen.

Baina bere garaian, jabetu zen, bereiztu behar zituela mito-leienden edukia eta historiazko benetako gertakizunen iradokizuna. Eta bi eremuak bereiztuz, diskurtso historiko berria asmatu zuen: euskaltzalea zenez gero, Euskalerria zen bere ikusmira, Nafarroa erdigune eta abiapuntu zuela. Nafarzaletasuna, euskaltzaletasuna, izate bereko nortasunean uztartu zituen. Bere euskal abertzaletasuna euskal hizkuntza eta kulturazkoa zen eta ohizko tradizioko fuerismoan kokaturik, Gaztelaren aurkakoa bazen, ez da agiri espainiarren aurkako ikusmoldean berpentsaturik.

A.Txahok Baionan, A. Campionek Iruñean eta S. Aranak Bilbon, euskaltzaletasunaren ildoan, euskal abertzaletasunerako diskurtso historiko desberdinak asmatu zituzten.

Bere diskurtso historikoan, jatortasunaren idea indartsua ageri da eta azken mendeetako Euskal Herrian garai bateko jatortasunaren hondamendiaren historia balitz bezala aztertu zuen. Jatortasun hau, euskal hizkuntza eta foru erakundeetan legoke giharturik. Horregatik, iragana aztertu behar zen, etorkizuna lantzeko.

Mitoak badu egiaren zatia adierazteko gaitasuna bere ustez eta azken batean gizakion patua eta grinak ezagutzeko, literaturaren bidea zen zuzenena. Historia arte ederretako edo literaturaren atala bihurtzen zuen. Ideia bera bere memorietan, Pio Barojak idatzi zuen. Gai zehatz batzuk aztertzerakoan, adibidez karlismoa, ikuspegi sikologista landu zuen, fenomenoaren zergatiak ulertzeko.

Azkenik, "Euskara" elkartekoek, tokian tokiko ikuspegia eta diskurtsoa sendotu nahi zuten, elkarren arteko harremanetan, nortasunaren jite komuna iraun arazteko, etorkizunaren jabe izateko. Azken batean, Euskalerritasun historikoaren eta literarioaren ikurra bihurtu zen bere bizitzan eta bere produkzio historikoa, zentzu zabalean, horren isla dugu.

Campionen konpromiso politikoa
Zaila da XXI. mendean Arturo Campion politikari gisa definitzea, bereziki bere idearioa ez zelako garaile irten eta euskal nazionalismotik azkenean gailendu zen hartara egokitu behar izan zuelako. Euskadi anitzaren txikitasunak eskubide nazionalen errebindikazioa soilik proiektu jakin batetik bideragarria izatea ekarri zuen, eta nagusitu zena Bizkaitik defendatutako proiektua, Sabino Arana buru zuena, izan zen, aurretik Nafarroan edo Iparraldean sortutako beste interpretazio euskaltzaleak bazter batera utziaz.

Arturo Campionek, Iruñean 1854an jaioa, foruen indargabetzea nozitu zuen, Aranak ez bezala, Nafarroatik eta foruzaletasun liberaletik. 1878an Nafarroako Euskarazko Elkargoaren (Asociación Euskara de Navarra) sortzaileetako bat izan zen, elkarte foruzale, katoliko, nafarzale eta euskaltzalea, zazpi lurralde anaiez osatutako Euskal Herria defendatzen zuena »"Zazpiak Bat"». Baina elkarte hau azkenean esparru kulturalean gehiago nabarmendu zen politikoan baino, Campion bera bezala agian, Bilbon sortutako Eusko Alderdi Jeltzalea ez bezala.

Politikoki Campion independentea izan zen beti, bere irizpide propioa izan zuen, eta horrek bere jarduna baldintzatu zuen alderdi antolatuetan. Hasieran Ramon Nocedalen «Partido Integrista»n kolaboratu bazuen ere, Gamazadaren ondoren honekiko harremana hautsi zuen. XIX. mende amaieran bere euskal kontzientzia nazionala indartu egin zen, Euskal Herriaren biziraupenarekiko kezkarekin batera. Horreg atik, eta Sabino Aranarekiko desadostasunak izan arren, azkenean EAJn sartu zen.
Bere jarduera politikoa, testuinguru honetan, bigarren mailan geratu zen, historiagile eta idazle bezala egindako lan oparoago eta azpimarragarriagoa gailenduz. 1937an bere bizitza amaitu zenean, ez zuen bere Herria desagertzen ikusi, Erraondoko azken danbolinjoleak bezala, baina Euskal Herria beste modu batera ulertzeko erreferente garrantzitsua galdu zen.

Herriak euskararik gabe ez zuela izaterik zioen
Arturo Campion bere garaian kokatu behar da, bere garaian hizkuntzarekiko izan zituen ardura eta interesa. XIX. mendean hizkuntzak beherakada nabarmena izan zuen Nafarroan. Berak hizkuntza bizia nahi zuen eta horregatik euskara ikasten saiatu zen. Kezka hori kitatu zuen nolabait eta ahalegindu zen herrikideei begira. Horren lekuko da bere gramatika. Hutsune bat bete nahi izan zuen horrela. Gaztelaniaz idatzita dago, jendea euskararen ingurura hurbiltzeko xedez, euskararekin interesatuek euskara ezagutu zezaten. Gramatikaren bitartez euskara ikasi egiten dela frogatu zuen. Zentzu honetan aitzindaria izan zen, herriarekiko bere sentimenduak erakutsi zituen, herriak euskararik gabe ez zuela izaterik zioen; hizkuntza galtzen denean herriaren arimaren puska bat galtzen dela zioen. Kontzientzia hori oso sartua zeukan eta hizkuntzaren balio historikoak eta bere esanahiak lotu zituen.

Arturo Campion Nafarroako lehendabiziko euskaltzaina izan zen. Kezkati agertu zen euskara batzearen auziarekin. Harreman franko izan zituen Bonaparte printzearekin eta Pierre Broussinekin. Bigarren honek, kostata zenbaitetan, Campionen teoria onartu zuen eta bien artean euskararen batze beharra defendatu zuen txosten bat prestatu zuten. Euskaltzaindia sortu eta bi urtera, 1920an, Campionek berak biltzar batean defendatu zuena. Horregatik, lehendabiziko euskaltzaina izateaz gain, euskara batuaren aldeko jarrera argi eta garbi azaldu zuen.

Hitzarmen forala, konfederakuntza eta ondoren, agian, independentzia
Arturo Campionen ideologia jauzkorra izan zen: liberala lehenik, Nafarroako Euskarazko Elkargoan aritu zen gero, Alderdi Integristarekin joan zen ondoren, eta azkenik, Sabino Aranarekin elkartu zen; ika-mika asko tarteko, hala ere. Campionek euskal kultura sustatu nahi izan zuen oroz gain. Politika etorkizuneko jardueratzat jotzen zuen, berarentzat Euskal Herria izakari kulturala zen, eta kulturan arlo linguistikoa hobetsi zuen. Gure arbasoen izakari kulturala biziki aberatsa zela zioen. Euskal nortasunaz kezkatia izaki, bultzatu zuen euskara. Independentzia eta subiranotasuna ontzat jotzen zituen, baina independentzia lortzeagatik ez zuen kultura salbu ikusten. Independentzia lortze bidean ere nortasuna gal zitekeela zioen; Irlandaren kasua aipatu ohi zuen. Euskal Herria federala hobetsi zuen hartara. Euskal Herria ez zen bakarra berarentzat, hainbat euskal herri ikusten zituen. Euskadi asmakizun bat zen berarentzat, hortik Sabino Aranarekin izandako ika-mikak. Euskal Herria izena eta izana naturaltzat jotzen zituen eta arbasoekiko leial izaki, euskaldun guztion arteko oniritzia lehenesten zuen.

Harreman estuak izan zituen Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdirekin, Antoine Abadiaren eta Intxausperen bitartez. Baita Kataluniarekin ere. Kultur elkarte katalanekin ere harremanak izan zituen. Juan Iturralde y Suiterekin eta Kataluniako Jusep Torras y Bages artzapezpikuarekin La tradició catalana idatzi zuen, Biblia moduko bat izan zena haientzat. Finean, independentzia politikoa kulturan aurreratu ahala egin beharreko aldarrikapen bezala ikusten zuen. Euskal Herria Suitza txiki bat irudikatu zuen eta ez Polonia moduko bat, zatituta alegia.

Historia, katolizismoa eta hizkuntza izan ziren bere zutabeak: hitzarmen forala, konfederakuntza eta ondoren, agian, independentzia.

«Euzko Gogoa»k Campion gogoan
Aurten 150 urte beteko dira Arturo Campion jaio zela. Baina bere jaiotzaren mendeurrenean, 1954an, nafarraren garrantziaz gogoratu zenik ere izan zen. Gerra osteko urteetan hainbatetan bezala, omenalditxoa ozeanoaz bestaldetik etorri zen: ondorengo testua Jokin Zaitegik zuzentzen zuen «Euzko-Gogoa» aldizkariaren sarrera gisa argitaratu zen Guatemalan, Aspaldiko izenburupean:

"Aurten gertatzen da euskaltzale aundi onen jaiotzaren eungarren urteurrena. Urtemuga hau ez dugu pasatzen utzi bear aren oroitzapen agurgarria munduko euskaldun guzien artean aizatu ta goratu gabe.

Oraingo Euskalerri menderatuan isilune estuan bizi gera euskaltzaleak. Gu erbestetik, Amerika zabal ontatik urratu bear dugu eriotz-isiltasun ikaragarri ori, eta gure oiu zorrotz, gure deadar ozen eta irrintzi maite-mindua Arturo Campion zanaren omenez bialdu nai dugu mundu guzira.

Ez jaioterri zun Iruñe'k, ez Naparroa'k, ez Euskalerriak ez dio merezi dun aintza ta gorasarrea eskeñi. Guk, ordañez, sorterritik urrun biziagatik Campion'en ikasle ta jarraitzalletzat gure burua dugunok esker-onez zor ori ordaindu nai dugu.

Bestek esan eta esango dutenaz gañera, nik nere aldetik Campion euskaltzale bezela ederretsi nai dut.

Berak egiña digu euskeraz ikasteko dan liburu ederrenetako bat: "Gramática de los cuatro dialectos literarios". Asieratik agertzen du bere biotzaren ai erri-maitasuna. "Orreaga" kantu famatua euskera mota guzietara itzuli zun. Eta naiz Campion'en liburu geienak erderaz izan, bere idaz-lan eta itzaldi guzietan sakon eta kementsu beti euskeraren alde jokatu zun.

Orregatik, ez da arritzekoa Euskaltzaindi edo Akademia euskalduna irasi zanean Campion Jauna lenengotako euskaltzain izendatua izatea.

Jakituri edatuko gizona: lege-gizon, historigille, musikazale, abar eta abar zentzu aundiko idazle ta kristau zuzena euskaldungoa ohoratu zun bizi guzian.

Guk beraz, omendu zagun Campion eredutzat arturik. Biderik onena aren liburuak irakurri ta irakurraztea da. Nun-nai gaudela Euskal-Erria ezagutzen eta maitatzen ikasiko dugu segurki.

Campion'en gaztaroan gerta zan otsaundiko "Gamazada" auzia. Gero etorri ziran 1936-1939'ko gudate negargarrizko urte beltzak... aztutzekoak obeak? Orain beste burruka bat sartu da Naparroa'ko Diputazio ta Madrid'eko Gobernuaren artean. Betiko leloa! Gu zapaldu naia.

Aldizkari ontan ez genuke politika kontuan sartu nai baiñan ezin ukatu dugu ordea gure odola ta nai ta ez ateratzen al gera gure erriaren bizia ta eskubidearen alde.

Campion'ek erakutsi zigun nola jardun. Jarrai zagun arek erakutsitako bidetik".


ASTEKARIA
2004ko otsailaren 15a
Azoka
Azkenak
Nafarroan egunean sexu-transmisioko hiru infekzio detektatzen dira

Iaz 1.343 infekzio erregistratu ziren, duela zazpi urteko zifrak laukoiztu dira. Adituen arabera "arriskuaren pertzepzioa galtzen ari da" eta hartara prebentzio neurri gutxiago hartzen dira.


Zortzigarren polizia infiltratua: bi urte pasatu ditu Madrilgo hainbat mugimendu sozialetan

"Juancar" izenaren pean infiltratuta egon da Carlos P.M. agentea Madrilgo hainbat mugimendutan. 2020an sartu zen Espainiako Polizian, hain justu ere infiltrazio kasu gehiagoren jatorrian dagoen zentro berean egon ondoren. El Salto-k argitaratu du informazioa.


2024-05-14 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Hanlonen printzipioa Spratly uharteetan

Hanlonen printzipioaren juzgu egin beharko da, agian: “Inoiz ez iezaiozu gaiztakeriari egotzi ergelkeriak ederki esplika dezakeena”. Protagonista nagusiek biziro hobesten dute aukera hori.


2024-05-14 | Garazi Zabaleta
Ja(ki)tea
Betiko eta bertako sukaldaritza sustatzeko elkartea

2009an sortu zen Ja(ki)tea elkartea zenbait jatetxe, sukaldari eta gastronomia kritikariren arteko elkarlanetik. “Hasiera hartan, Gipuzkoako 14 bat jatetxe elkartu ginen, baina pixkanaka hazten joan da proiektua, eta gaur egun 37 gara”, azaldu du Xabier Zabaletak,... [+]


2024-05-14 | Jakoba Errekondo
Ezti ihintzez egindako ihintz eztia

Zein da zuretzat zuhaitzik gozoena? Janari gozoenak ematen dituena? Erleentzako eztigai, lore gehien eskaintzen duena? Ez ba! Ezkur jendearen artekoak dira zuhaitzik gozoenak.


Eguneraketa berriak daude