Kutsidazu bidea


2004ko otsailaren 08an
Erabat galduta nago-eta. Bidegurutzean. Bide bati jarraituz gero antzokiak beteta topatuko ditut; jendez gainezka. Barrez lehertuko naizela ziurtatu didate. Antzoki batera inoiz sartu ez direnak ere ilaran zain jartzen direla zintzo-zintzo, ondoren hartuko duten gozatuak hainbeste sakrifizio mereziko duelakoan. Eta merezi duela sinetsita irteten direla, gainera. Antzerkia hain gauza graziosoa zenik ez zitzaiela inoiz burutik pasako esanez. Pareko bideari jarraituz gero, berriz, artea topatuko dudala esan didate. Benetakoa. Begi eta belarriak baino gehiago arima aberastuko didan artea. Pertsonago bihurtuko nauena. Zer pentsa utziko nauena. Ez dudala arazorik izango sartzeko ere abisatu didate. Ez dakitelako atarian jende ilara bat zer den. Ikusleak tantaka joaten direlako. Eta hori, aditu guztiak behingoagatik bat etorri diren arren, merezi duela esateko orduan. Isilik irteten omen da, ordea, jendea. Barruan pasatako ordubetea denbora galdua edo denbora irabazia ote den erabaki ezinik bezala.

Bidea erakusteko eskatu badizut, hala ere, ez da bi bide horietatik zein aukeratu erabaki ezinik nagoelako. Uneak eta tenpleak izaten dira. Eta uste dut erraz asmatuko nukeela nora jo: gorputzak aginduz gero batera, buruak aginduz gero, bestera. Eta uste dut biek merezi dituztela mimoak eta biak direla zaindu beharrekoak. Eta uste dut batek ez diola besteari kalterik egiten, ez bada behintzat bat bestearen gainetik gailentzen hoberik ez dagoela sinetsita, eta ez badu batak bestea gutxiesten, bakoitzak bere argumentu gutxiestzaileekin.

Ez. Bidea erakusteko eskatu badizut izan da jakin nahi nukeelako ez ote legokeen bidezidorrik bietatik bakarra aukeratu beharrean erdibide bat egiteko. Alegia, zerbait, ahoz aho bolo-boloka ibiliko dena, adituek ontzat emango dutena, ikuslea gustura utziko duena, barrea helburu duena, eta ahalegin estetiko eta intelektuala bere baitan dituena. Eta ahal bada, zerbait arriskatzen duena.

Begira. Ni kokoteraino nago. Komunikabide batean aritzen bainaiz, badakizu. Eta komunikabide batean aritzeak asko erakusten du. Batez ere erakusten du ezinezkoa dela hartzailearen gogoa asetzea, bere gustuak asmatzea, zure ilusioak betetzea eta denak kontentu geratzea. Konforme. Azkeneko hori ez da izango akaso helburu nagusia, baina norbera satisfetxo geratzea ere ez da oso helburu anbiziosoa (une zoriontsuenak berak ematen baditu ere, lanbide honetan urte batzuk eginez gero satisfetxo gehiegi ezagutzen da bazterretan). Komunikabide baten aritzeak erakusten du, azken batean, arrakasta kopurutan neurtzen dela. Zenbat eta entzule gehiago, hobe. Zenbat eta ikusle gehiago, hobe. Ez. Komunikabide batean aritu arren badakigu zenbat eta entzule gehiago, hobe horrek ez duela esan nahi hobeto ari zarenik, ez zuk egiten duzuna beste batzuek egiten dutena baino hobea denik. Ez du horrekin zerikusirik. Esan nahi du komunikabidea gidatzen duen enpresak etekin hobeak izango dituela. Eta horrek ondorio-soka luzea dakar. Eta komunikabide batean aritzeak erakusten du "ikus-entzuleari zer eman behar zaio? Nahi duena?" eguneroko galdera bihurtzen dela, eta erantzun posible asko eta denak oso zilegi izan arren, ikus-entzuleak nahi duena ikusten eta entzuten duela, eta normalean edozein eratara neurtuta ere ez onena. Eta erakusten du oso zaila dela ematen duenak eman nahi duena eta hartzen duenak hartu nahi duena bat eta bera izatea, mutur-banatan egoten direlako. Pixka bat, aurreko bidegurutzea bezala. Eta erakusten du, azkenik, batzuk apustu garbia egiten dutela hartzen duenak hartu nahi duenaren alde, eman nahi dutena zeharo ahaztuta. Beti ere, zenbat eta gehiago, hoberen alde.

Horregatik ba. Ea ba ikus-entzuleak behar dituzten beste ikuskizunetan erantzunik topatu ote duzuen. Horregatik eskatu dizut bidea erakusteko. Baina irudipena daukat ez zaudela zu ere oso talante onean erantzuteko. Eta gutxiago komunikabideena aipatu dizudan honetan (hau komeria!).

Beste irtenbidea zen antzerkikoei galdetu beharrean literatura mundukoei galdetzea. Horiek ere irakurle bila ibili behar izaten dute. Irakurlea da beraien ikus-entzulea, agrabante batekin: irakurleak joan egin behar izaten du irakurtzekoaren bila. Ahalegina eskatzen dio horrek. Apropos horretara jartzea. Antzerkikoaren antza badu horretan. Baina hor ere urak nahasi xamar datoz azkenaldi honetan. Eta bide banatako erantzunekin egingo nuke topo. Argigarririk ezer ez.

Igual hobe erantzunik ez jasotzea. Ze, basta zuk erantzun bat ematea, eskuak airean bat baino gehiago eskandalizatzeko. Antzerkira inoiz joaten ez direnak, gehienak. Edo liburu batekin gozatzea zer den ez dakitenak. Beraientzat kalte. Nik bidezidorraren bila jarraituko dut. Atertzen duenean, beti ere. Ez dira gozoak egongo-eta bide-bazterrak azkenaldian botatakoarekin.


ASTEKARIA
2004ko otsailaren 08a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
2024-04-30 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat erail du Poliziak AEBetan, belaunarekin lepoa estutu ostean

Istripu batetik ihes egin zuela aitzakiatzat hartuta, taberna batera sartu, lurrera bota eta buruz behera lotu zuten poliziek 53 urteko gizona. Zortzi minutuz izan zuten lurrean.


Nola landu desirak, aniztasun sexuala edota identitatea 12-18 urteko ikasleekin?

Gorputzak, identitateak, desirak, justizia soziala, ahalduntzea eta memoria: sei arlo horien bueltako unitate didaktikoak kaleratu dituzte, DBH eta Batxilergoko ikasleekin lantzeko. LGBT+ pertsonen testigantzak, diskriminazioa eta aldarrikapenak oinarri, “armairuan... [+]


Eguneraketa berriak daude