Enpleguaren lekualdatzea: Ihesa ekialderantz


2004ko otsailaren 08an
Globalizazio kapitalistaren garai honetan, negoziazio kolektiboko mehatxua ez ezik, errealitatea ere bada Europako zenbait enpresatan enpleguaren deslokalizazioa edo enpresak »edo haien produkzioak edo departamentu batzuk» munduko beste eremu batzuetara lekuz aldatzea. Helburua, berriz, beti bat: kostuak gutxitzea »ordainsarietan batik bat» eta mozkinetan gora egitea. Nazioarteko Deloitte aholkularitzako enpresak aztertu duenaren arabera, zerbitzuetako sektorean bakarrik bi milioi enplegu galduko dira datozen bost urteetan. Fenomeno hori Euskal Herrian ere hasi da erasaten, eta halaxe gertatuko da aurrerantzean.

Euskal Herriko hainbat enpresatako negoziazio kolektiboetan erabili dute enpleguaren lekualdatzea mehatxu gisa, hala nola Gasteizko Mercedes Benz multinazional alemanean, Gasteizko Pferd Rüggeberg multinazionalean, "Caballito" izenez ezagutzen den enpresan, Iruñeko Volkswagen multinazional alemanean eta beste batzuetan. Horren bistako adibidea da, esaterako, "Caballito" multinazional alemanak joan den abenduan langile bakoitzari helarazi zion gutuna. Agirian, multinazionalak ohartarazten ditu, Jundizko planta berrian egin dituen inbertsioak inbertsio, gatazkak etenik izan ezean, Asiako edo Europako ekialdeko enpresak kontratatzea aztertuko duela, disko urragarriak fabrikatzeko zenbait ekoizpen aurrera ateratzeko. Bestalde, enplegua benetan edo errealki lekuz aldatu edo deslokalizatu duten enpresak ere bat baino gehiago dira: Cabot, Ericsson eta Saint Gobain multinazionalak Bizkaian, Winkler enpresa Gipuzkoan, Chupa Chups Baionan eta abar. Horiek guztiek, beren mundu osoko produkzioak berriz antolatu eta gero, itxi egin dituzte Euskal Herriko lantegiak, eta Europako ekialdera edo Asiara aldatu dituzte instalazioak.

Euskal Herriko langileek eta sindikatuek hobe dute, hobe dutenez gero, Europan gertatzen ari diren prozesuei arretaz erreparatzea, batik bat Erresuma Batuko eta Alemaniako kasuei adi egotea, ez dakien gerta egoerak ezustean hartzea eta Euskal Herri osoko enplegua eta enpresak babesteko estrategia eraginkorrik gabe egokitzea. Kontuak horrela, euskal sindikatu nagusiei beren iritzia eskatu diegu gorabehera horren gainean, eta artikulu honen bigarren zatian jaso ditugu haien esanak.


Europa ekialdera eta Asiara begira, merke zurrean

Euskal Herrian, hastapenean dago oraindik enpleguaren lekualdatzea. Europan, ordea, larriagoa da kontua dagoeneko, eta are larriagoa izango da datozen urteetan. Afera ez da Europako enpresetako langileak Europako ekialdeko edo Asiako beste enpresa batzuetara aldatzea. Gorabehera, funtsean, lanpostuak edo enpleguak lekuz aldatzean datza, eta arrazoia errentagarritasuna da: ordainsariak apalagoak izatean, irabaziek gora egiten dute. Europan, lanpostuak urritzeko negoziazioa aski izan ez denean, langileak kaleratzea izan da irtenbidea orain arte, eta halaxe izango da aurrerantzean.

Nazioarteko Deloitte aholkularitza enpresak egindako azterketa baten arabera, mendebaldeko Europak bi milioi lanpostu lekualdatuko ditu zerbitzuetako sektorean, datozen bost urteetan. Amicus sindikatu britainiarrak dioenez, Erresuma Batuan 200.000 enplegu deuseztatuko dira zentro telefonikoetan eta zerbitzu finantzarioetan. Erresuma Batuko banku handiena eta munduko bigarrena da HSBC: bada, erakunde horrek 4.000 lanpostu aldatuko ditu Asiara. Erresuma Batuko zerbitzuetako beste enpresa handi batzuk ere ari dira garapen bidean dauden herrialdeetan lanlekuak zabaltzen, edota iragarria dute bide horri ekingo diotela, hala nola, Barclays bankuek (1.750 enplegatu), Lloyds TSBk (1.500), Abbey Nationalek eta Goldman Sachsek (250), Prudential aseguru-etxeak (850) eta telefoniako British Telecom (BT) enpresak (2.200).

Erresuma Batuaz ari garela, lanpostuak lekuz aldatzeko prozesuan, HSBC bankuaren kasua da nabarmenena. Hiru urteren buruan, 55.000 lanpostutatik 4.000 lekualdatuko ditu Indiara, Malasiara eta Txinara: 1.500 langile 2004an, 2.000 2005ean eta 500 2006an. Adituen iritziz, banku horrek plantillaren ia %15 hirugarren herrialdeetan izango du lanean, bere Britainiako bezeroen zerbitzura. Beraz, esan gabe doa, kontua ez da Erresuma Batuko langileak beste herrialdeetara lekuz aldatzea, baizik eta Erresuma Batuko lanpostuak murriztea (besterik ezean, kaleratze behartuaren bidez) eta Asian askoz lanpostu merkeagoak sortzea. Ildo horretan, Britainiako BT telefoniako enpresari, adibidez, 4,5 aldiz inbertsio txikiagoa ateratzen zaio Indian Erresuma Batuan baino, langile bakoitzeko. Zifra horiek berez erakusten dute enpresa britainiarrek zergatik egiten duten herrialde horietan ezartzeko apustua: leku horietan aski erraz aurkitzen dituzte ongi hezitako gazteak, ingeles maila egokikoak eta ordainsari apalen truk lan egingo dietenak.

Alemanian ere antzera ari da gertatzen. Siemens talde alemanak joan den abenduan bertan iragarri zuen datozen urteetan 10.000 enplegu aldatuko dituela Europako ekialdera: lanpostuak euskarri informatikoen edo softwarearen garapenaren ingurukoak dira. Alemaniako beste konpainia batzuek ere bide berari helduko diote, hala nola, Infineon (semikonduktoreak), Epcos (osagai elektronikoak) eta SAP (euskarri informatikoak) enpresek, adierazia baitute Alemanian baino dezentez soldata apalagoko herrialdeetara aldatuko dituztela lanpostuak.


Diferentzia izugarriak soldatetan

Alemaniako Siemens taldeak 30.000 aditu enplegatzen ditu euskarri informatikoen garapenean, eta erdiek baino gehiagok Alemanian egiten dute lan. Bada, Feldmayer taldeko aholkulari ordezkariak jakinarazi duenez, 30.000 lanpostu horien herena ekialdera aldatuko dute datozen urteetan. Arrazoi nagusia bat eta bakarra da: ordainsarien kostu apalagoa. Financial Timesen arabera, arlo horretako adituek 800 euro inguru kobratzen dute mendebaldeko Alemanian. Aurten bertan Europako Batasuneko kide egin diren ekialdeko herrialdeetan, aldiz, 350 eta 500 euroren artean jasoko lukete. Europako multinazionalak ezartzen ari diren Asiako herrialdeetako ordainsarietan ere antzeko diferentziak edo handiagoak dira lege. Euskal Herriko enpresa batzuk ere abiatu dira Asiara, Mondragón Corporación Cooperativa (MCC) taldea adibidez, baina oraingoz hemengo lanpostuak murriztu gabe egin dute operazioa.

Nafarroa eta Iparraldea erasangarrienak
Euskal Herriko lurralde guztietan dago enplegua deslokalizatzeko edo enpresak edo haien ekoizpenaren parte bat lekuz aldatzeko arriskua. Hain da hala, non dagoeneko Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bai baitira adibideak. Nolanahi ere, gerta daiteke zigorrik handiena Nafarroak eta Iparraldeak jasotzea, zeren, batean nahiz bestean, multinazional ugari baitago. Iparraldean, esate baterako, ekoizpen egitura multinazionaletan oinarritua dago neurri handi batean: 19 enpresa garrantzitsuenetan, 13 dira multinazionalak, industriako enpleguaren %32 hartzen dute eta sektore elektrikoan eta elektronikoan aritzen dira gehienbat. Bestalde, multinazionalen eraginpeko 240 enpresa lagungarri daude, eta 3.400 lanpostu biltzen dituzte guztira.
Euskal Herriko lurraldeetan, dena dela, multinazionalek Nafarroan dute pisu handiena. Horrez gainera, Nafarroa da, halaber, dibertsifikazio industrial gutxien duena: automobilaren sektorearen mende dago industriaren zati handiena, eta sektorea bera multinazionalen eskuetan: industriako enpleguaren %33 hartzen du (12.000 lanpostu gutxi gorabehera). Nafarroako sektore horretarako lanean aritzen diren enpresa lagungarriak, berriz, 240 bat dira, eta 10.000 lagun enplegatzen dituzte. Bestela esanda, Nafarroan 22.000 pertsona baino gehiago dira automobilaren sektoreko multinazionalen mende bizi direnak.

Sindikatuak mintzo
Europan gertatzen ari den fenomenoa da enpresak Europako ekialdera edo Asiara lekuz aldatzea. Kontuak horrela, ARGIAk galdera batzuk egin dizkie euskal industrian ordezkaritza handiena duten bost sindikatuei, CCOO, ESK, ELA eta LAB erakundeetako arduradunei, gertaera horrek Euskal Herrian izan dezakeen eraginaz. Ia guztiek izugarrizko arretaz erantzun dutenez gero, esandakoa laburtzera eta mamitsuena jasotzera jo behar izan dugu. Horregatik, barkamena eskatu beharrean gara, eta, aldi berean, prestutasuna eskertu beharrean ere bai.

Hona hemen galderak:
1. Europan gertatzen ari den legez, benetakoa al da Euskal Herrian ere enplegua Asiara edo Europako ekialdera deslokalizazizatzeko arriskua, hots, enpresak eremu horietara lekuz aldatzekoa, ala negoziazio kolektiboko mehatxu hutsa da?
2. Gure herriari begira, zer-nolako politika sindikalak erabaki beharko lirateke, fenomeno hori aurreikusteko, galgatzeko edo galarazteko?
3. Administrazioak ba al du erantzukizunik? Zer neurri hartu beharko lituzke, egoerari aurre egiteko?


Esk: «Xantaia moduan baliatzen da gehienbat»

1. Enpleguaren deslokalizazioa edo enpresa lekualdatzea enpresa orok duen eskumena da. Hortaz, langileek beti dute arrisku hori beren gainean. Dena dela, enpresa bat deslokalizatzea ez da merkea, eta erraza ere ez. Enpresaburuen borondate abstraktuaz haratagoko zailtasunak daude. Erraza, berez, xantaia moduan baliatzea da. Eta, egia esan, sarri ari da gertatzen, batik bat multinazionaletan (ez horrenbeste enpresa txiki eta ertainetan). Gasteizko Mercedes Benz enpresaren oraintsuko jokabideak ilustratzen du garbi nola, lan eskabideei trabak jartzeko mekanismo gisa, xantaia hori erabili duen.

2. Aski zaila da politika horri buruzko erantzun sindikal globalak artikulatzea, zeren, nahiz eta nahiko orokortua izan, forma eta arrisku propioez janzten baita erabiltzen den aldi bakoitzean. Arrisku horren aurrean, politika sindikalak, globalki »eta lehenik eta behin», ikusarazi egin behar die, erasandako pertsonei nahiz gizarteari, xantaia hutsa izaten dela ia beti, ez dadin gerta enplegua galtzeko beldurrak errebindikatzeko gaitasuna ahultzea. Hainbat alditan, zoritxarrez, enpresaburuek sindikatu batzuen eta enpresetan beretan ongien kokatutakoen jarrera kolaborazionista izaten dute lagun, praktika horretarako. Edonola ere, sindikalismoak ezin du onartu deslokalizatzeko arrisku posibletik enpleguaren kalitatearen edo soldaten galerak segitzea, ezen, horrela, etengabea izango litzateke mehatxua, eta enpresaburuek eskuak libre izango lituzkete beren planak, okerrak nahiz zuzenak izan, aurrera ateratzeko; deslokalizazioa barne, jakina, irizten badiote Euskal Herrian baino lanpostu errentagarriagoak izango dituztela.

3. Enpresen lekualdatzea galarazteko aukerei dagokienez, administrazioaren erantzukizuna hainbat parametrotan neurtzen da: enplegurako politika publikorik eza, sektore publikoaren pribatizazioa, enpresa pribatuentzako diru-laguntza etengabeen politika, etekinak ezinbestez inbertitzeari buruzko legedirik eza edota, lur publikoan instalatzeko edo administrazioarekin zerikusia duten lanak hartzeko, enpresen iraunkortasuna bermatzeko baldintza nahitaezkorik eza eta abar dira, besteak beste, botere publikoen erantzukizunaren adibide, baita deslokalizazioaren arriskuaren xantaia behin eta berrizkoa eragozteko hartu beharko lituzketen neurriena ere. Esan gabe doa, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak lan arloan eskumenik ez izatea bera ere koartada aproposa da Euskal Herriko botere horiek besoak antxumaturik gelditzeko.


LAB: «Enpresak lekuz aldatzeko arriskua benetakoa da»


1- Erreala da, bai, ekoizpena deslokalizatzeko edo lekuz aldatzeko arriskua. Adibideak asko dira (Mercedes Araban, Ericsson Bizkaian, Volkswagen Nafarroan, Ruwel Lapurdin...), eta, beste hamar estatu Europako Batasuneko kide eginda (datorren maiatzaren 1erako dago aurreikusia), ugaldu egingo dira multinazionalek diseinatutako deslokalizazio estrategietarako aukerak: ekialdeko herrialdeak harleku izango dira. Eta, nola arriskua benetakoa baita, enpresen boterea indartsuagoa da beren langileen eta haien eskabideen aurrean. Alde horretatik, Mercedes-Benz enpresaren kasua dugu azkena: enpresako zuzendaritzak lekualdatzearen mehatxua baliatu du negoziazio kolektiboan langileei xantaia egiteko.

2. Enpresaburuek erabakiak unilateralki har ditzaten galarazteko, funtsezkoa da tinko irautea eta xantaiari amore ez ematea. Lan eskubideak eta langileen eskubideak ez daude salgai. Xantaiari amore emanez gero, atea zabalik geratzen da erasoan jarraitzeko eta lan eskubideak murrizteko.
Lekualdatzearen mehatxua, aurrerantzean, behin eta berrizko argudioa izango da langile klasea borrokarako gaitasunik gabe uzteko. Nolanahi ere, langileen eskubideen defentsan amore emateak ez du uxatzen ekoizpena lekuz aldatzeko arriskua, zeren, deslokalizatzeko estrategia, berez, aldagai korapilotsuagoen umea da, nola baitira abantaila konparatiboak, ordainsarien kostuak, tratamendu fiskala, laguntzak, aukera logistikoak edo geografikoak eta beste batzuk. Ildo horretan, CCOO eta UGT sindikatuek Mercedes enpresan izenpetutako eraginkortasun mugatuko hitzarmenak berak ere ez du uxatu lekualdatzeen arriskua. Azkenik, kontuan hartu behar da ekialdeko herrialdeetako langileen kostua: gurea baino ia hiru bider merkeagoa da, eta ezin dugu lehiatu haien ordainsariekin. Eredu berriaren esleipenean, bestalde, lehiatzaile bakarrak ez dira Europako Batasuneko kide berriak izango, zeren Dusseldorf eta Ludwigsfeldeko plantak ere hasi baitira borrokatzen.

3. Deslokalizatzeko mehatxuaren kasuan, legeak egiteko boterea duten erakunde bakarrek (estatuek) sustatutako desarautze ekonomikoaren biktima otzanak dira administrazio autonomikoak eta foru administrazioak: oro har, samur, moldaerraz eta esaneko agertzen dira multinazionalen eta enpresaburuen interesen aurrean.
Egoera horri aurre egiteko, honako hauek dira neurri eraginkorrenetako batzuk: estatuaren (edo oro har botere publikoaren) esku-hartzeen norabidea zuzendu behar da, zeinek, gaur egun, ekonomia eta lan harremanak desarautzera jotzen baitu, kapitalaren interesen alde egiteko. Sektore publikoko enpresen pisua indartu behar da ekonomian, dinamizatzaile ekonomiko aktiboagoak izan daitezen. Giza kapitalaren prestakuntza sustatu behar da, garapenerako eta lehiarako tresna gisa: langileen prestakuntza, teknologia berriei egokitutako prestakuntza profesionalaren bidezkoa eta balio erantsi handia sortzen duten jarduera emankor berrien harikoa. Gehitu egin behar da ikerketarako eta garapenerako inbertsioa, atzerriko inbertsioen morrontzatik aldentzeko, oso atzera baikabiltza Europako Batasuneko batez bestekoaren ondoan.


CCOO: «Lan kostuak murriztea da enpresaburuen irizpide bakarra»

1. Gaur egungo errealitatean, eredu neoliberalaren ildoko harreman ekonomiko eta sozialen globalizazioa da nagusi, eta, bistan denez, ezberdintasunen handitzea eta lan eta gizarte eskubideen okertzea datorkigu fenomeno horretatik. Bilakaera hori dela kausa, gero eta sarriago gertatzen da enpresen erabaki-zentroak beren produkzio-zentroetatik urrun egotea eta, erabakiak hartzeko garaian, burtsako kotizazioetan eta akziodunen mozkinetan oinarritutako parametro zeharo ekonomizistak bakarrik kontuan hartzea. Jakina, Euskal Herria ere prozesu horren barruan dago. Batetik, hortxe ditugu multinazional handiak, lehen izendatu ditugun parametroen arabera hemendik desagertzeko batere gupidarik ez dutenak. Bestetik, euskal enpresetan ere badira hedatzeko inbertsioak Europako ekialdera, Hegoamerikara edo Afrikara bideratu dituztenak, hala nola, MCC, Sidenor, Tavex eta beste batzuk.

2. Lehiaren arloan, irizpide bakar-bakarra hartzen dute aintzat gure herriko enpresaburuek: lan kostuak murriztea. Beraz, alde batera uzten dituzte produktibitatea hobetzea eta beren produktuen balio erantsia handitzea, horiek enplegu egonkorragoaren, formazio handiagoaren eta hobearen, I+Gko inbertsio handiagoen eta abarren bidez lortzen baitira. Enpleguaren kalitatea eta egonkortasuna hobetzen diren neurrian, handiagoa izango da produktibitatea, eta, ondorioz, posible izango da produktibitate handiagoaren parte bat sortzen duenari iristea; langileari iristea, alegia.
Euskadiko CCOO sindikatuko arduradunon iritziz, guztiz ezinbestekoa da euskal sindikatuok gure herrian instalatuak dauden enpresa multinazionalen Europako enpresa-batzordeetan parte-hartze handiagoa izatea. Izan ere, bide horretatik lortuko dugu estrategia komunak finkatzea, dela enpleguaren galera eragozteko, dela sortutako produktibitatearen alde lehiatzeko.

3. Euskal administrazioak badu erantzukizuna Euskadin sortutako enpleguaren lekualdatzean, bai horixe. Zenbaitetan, enplegua sortzeko diru-laguntzak esleitu ondoren, ez du egiten enpresen segimendurik, eta, bestalde, behin baino gehiagotan baimentzen ditu enplegua erregulatzeko espedienteak, nahiz eta horretarako benetako arrazoi objektiborik ez izan. Caboten kasua da adibideetako bat. Administrazioak, beraz, arretaz begiratu beharko lituzke gure herrian ezar daitezen diruz laguntzen dituen enpresak, eta, horrez gainera, kalitatezko enplegua eta denboran iraungo duena eskatu beharko lieke. Bestalde, zorrotzago jokatu beharko luke enplegua erregulatzeko espedienteak ontzat emateko garaian. Azkenik, politika fiskal zigortzaileak ezarri beharko lituzke, enpleguaren deslokalizazioaren bidez lan kostuak merkatu nahian dabiltzan enpresentzat.


ELA: «Multinazionalen etengabeko mehatxua da lekualdatzearena»

1. Batik bat multinazionalek eta instituzioetan dagoen klase politikoak behin eta berriz helarazten diguten mehatxua da. Benetako arriskua ote den? Bada, multinazionalen eta legezkotasuna erabakitzeko zentro politikoen arteko erlazioa nola estrukturatzen ari den ikusita »zentro politikoak multinazionalei eskubideak esleitzeko tresna bilakatu dira», esan beharrik ere ez dago, lekualdatzeko erabakiek nahi bezalako legezko bultzagarri guztiak izango dituzte. Horrenbestez, ez da inolako eragozpenik izango politikaren eta legearen aldetik.
Enpresen erabaki-zentroek, teknologien, era guztietako azpiegituren, merkatuen, eskakizunen eta abarren arabera, aski aise hartuko dituzte erabakiak edota korapilo handiagoak askatu beharko dituzte, baina, nolanahi ere, ez da dudarik, oso tarte handia daukate maniobratzeko, eta egoera hori beti baliatuko dute edozein eratako ahalik eta higadura gutxienarekin hainbat eta etekin handiagoa lortzeko aukerak aurkitzeko.
Azalpen hori emanda, argi dezagun aipatu erabaki-guneak ez direla beren produkzioak instalatzen dituzten lekuko gizartearekin konprometitzen direnetakoak, baizik eta, oso bestela, beren interesera hobekien moldatzen diren estruktura politikoak, sozialak eta kulturalak ezartzea helburu dutenak: horretarako, klase politikoari ezartzen dizkioten erresorteak baliatzen dituzte, eta, interesatzen bazaie, iraun egiten dute; ez bazaie, ospa egiten dute.
Beraz, esan gabe doa, laneko baldintzetan ezarri nahi duten zeinahi erabaki »testuinguru konkretuko "ingurune kulturala" gorabehera», onartua ez bada, besterik gabe azaltzen dute lekualdatzearen mehatxua, eta berek bakarrik ebaluatzen dituzten komenientziazko irizpideen esanera ezartzen dute erabakia zentro honetan edo hartan. Ondorioz, arriskuaz hitz egitea baino egokiagoa da egitura politikoek multinazionalei ematen dizkieten aukerez mintzatzea, eta, hortaz, bata edo bestea egin, enpresen beren esku geratzen da irauteko edo lekuz aldatzeko erabakia.

2. Ikuspegi globaletik, ondoko lan-eremu hauek dauzka sindikalismoak: nazioarteko erakundeen bidez, presio internazionala eratu behar da legeak egiteko eskumena duten instituzioetan, deslokalizaziorako erraztasunak eragozteko eta deuseztatzeko. Bestalde, berdin-berdin jokatu behar da estatu eta nazioen egituretan. Presionatu egin behar da multinazionaletako zuzendaritza erabakitzaileetan, dela ekintza lokalizatuen bidez, dela eremu ezberdinetako sindikatuen ekintza koordinatuen bidez. Bestela esanda, ez da onartu behar multinazionalen xantaia soziala, zein, mehatxua tarteko, beren intereseko lan baldintzak eta bizimodua antolatzen parte harraraztea baita.

3. Aurreko galderen erantzunetan azaldu dugun moduan, administrazioak aktiboki sustatu behar ditu gizarte aurrerabiderako ekintzak eta lekualdatzea eragoztekoak edo deuseztatzekoak. Horretarako, lan baldintzak eta pertsonen bizimodua hobetzea helburu duten legeak aldarrikatu behar ditu, errealki mugatuz, betiere, bai enpresaburuen espekulazioa, bai biztanleen lepotik ahalik eta etekin handiena lortzeko interes erabatekoa. Bistan denez, nazioartekoak izan beharko lukete horrelako ekintzek, eta, bestalde, lotesleak ere izan beharko lukete erabakiak hartzen dituzten zentro politiko guztientzat.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude