Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa: Azken puntuen puntan

  • Zortzi aizkorarik zorrotzenak zuhur ageri dira, baina egurrerako gogoz. Plazaz plaza eta txapelketetan esperientzia aberatsekoak dira batzuk. Toki baten bila burua atera dutenak besteak. Mendiluzeri, 1995eko Gipuzkoako txapelketako finala datorkio gogora: «Ziurrenik aurten atera den belaunaldi berria guk orduan bizi genuenaren antzerako egoeran dago. Guk geneukan ilusio bera du». Jon Martin, behintzat, desiratzen dago: «Uste dut atzetik gatozen gazteek lotsagabe jokatu behar dugula eta aurreko gazteei egurra ematen saiatu».Jon Maiak, horrela azaltzen ditu bakoitzaren ezaugarriak: «Ikusten da gazteak teknikoki oso prestatuak daudela. Nik uste guk beste alde batzuetan marka dezakegula diferentzia: gaiak lantzeko moduetan, planteamenduetan, ikuspuntuetan... Hainbeste urtetan sortu dugun estilo edo nortasun hori adieraziz».Finalak goi mailakoa izateko osagai guztiak ditu.

Juanjo Uriak jantziko dio txapela ideiak borobildu eta hitzak gehien zorrozten dituenari. Bertsozale Elkartearen sorreran pertsona klabeetako bat izan zen, eta bertako Zuzendaritza kidea sorreratik (1985) 1991ra bitarte. Elkartean bere lankide izandakoek azpimarratzen dutenez «Apala eta jendearekin harremanetan maisua da. Badaki inor mindu gabe berea defendatzen». Dohain horiekin, Bertsozale Elkarteak beste erakundeekin zituen harremanak bideratzen jardun zuen.

Txapelketa bat zer den ederki daki txapela eskuetan hartuko duenak. Besteak beste, 1986, 1989 eta 1993ko Txapelketa Nagusietan antolatzaile arduradun izan baitzen. Baita Gipuzkoako Txapelketan ere, 1991 eta 1995ean.

Hernanin, bere herrian, bertso eskola sortu zuen, eta besteen artean ikasle izan zituen aurtengo Txapelketan parte hartu duten Aitor Mendiluze, Agirre anaiak, Iker Osa, Jon Iraola, eta Gorka Tolosa.

Bertsolaritza indartzen eta oholtzak jartzen ibili dena oholtza gainera igoz, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak ezkutukoa eta ezinbestekoa den lana omendu nahi du.

Txapelketak eman duena

Bertsolaritzari gauza ederrik ekarri dio aurtengo txapelketak. Hasteko, parte hartu duten 71 bertsolariak motibatu egin ditu. Jon Martinek kontatzen duenez: «2001eko Euskal Herriko Txapelketan ikusi nuen lana fin eginda Amets Arzallus, Sustrai Colina eta Arkaitz Goikoetxea noraino iristsi ziren. Gipuzkoakoan izena ematean erabaki nuen aurten merezi zuela apostu gogor hori egitea, eta ondo atera da».

Gehienak asko landuta eta oso ondo prestatuta joan dira Txapelketara. Ekaitz Goikoetxeak kontatzen duenez: «Astean bi-hirutan lagun ezberdinekin elkartuz prestatu naiz. Etxean ere liburu asko irakurri ditut: poesia, prosa eta bereziki saiakera. Ariketa gisa, egunkarietatik berriak hartu eta bakoitzari zer bertso botako nizkiokeen pentsatzen jardun dut, bide ezberdinak jorratuz... Errimak ere landu egin ditut. Eta horretan asko lagundu dit urtetan bertso paperak landu izanak». Jon Maiak dioenez, paperaren gainean ez hainbeste, baina buruari bueltak emanaz saiatu da Txapelketa honi zentzu propioa ematen: «Finalean bertsotan hasten naizenerako zenbait gauza garbi eduki nahi ditut. Esaterako, gaia entzun ahala pentsatu nahi dut nola planteatuko ditudan hiru bertsoak, saioari osotasuna emateko. Eta bertso bakoitza nola egituratu ere, kontziente izan nahi dut. Puntuz puntu eta hitzez hitz ahalik eta probetxu gehien atera nahi diot bertsoari. Neurriak eta errimak ere buruan darabilzkit bueltaka. Baina ez errima familia osoak, esan nahi ditudan hitz konkretu batzuk baizik, bertsoari neuretik emateko.»

Saiakera horien ondorio izan da, aurtengo Txapelketaren maila. Felix Irazustabarrena epailearen hitzetan: «Maila oso ona izan da, hasieratik gainera».

Eta zaleek ere gertutik jarraitu dute Txapelketa. Areto eta kiroldegiak gainezka egon dira. Bertsozaleen iritziak, analisiak eta kritikak trukatzeko lehenengo aldiz foro bat jarri da martxan www.bertsozale.com webgunean. Bertako eztabaida oso bizia izan ez bada ere, gauza interesgarriak jorratu dira, esaterako, Txapelketako bertso moldea, errimak, gaiak, umorea... Tolosan entzule gehiegi biltzeak ekarriko zuen arazoari ere foro horretan eman zion mezu batek irtenbidea, pantailaz zuzenean ematea, alegia.

Bertsoaren sarea

Bertsolaritzaren egoerak sare itxura du Gipuzkoan. Bertsozale Elkartearen datuen arabera, 35 bertso eskola daude, baina gehiago ere izango dira erregistratu gabe daudenak. Herri bakoitzean nortasun propioa du bertsolaritzak, bertso eskolek eta pertsona klabeek bakoitzak bere herrian egiten duten lanari esker. Xenpelar Dokumentazio Zentruko Haitzondo datu basearen arabera, 600dik gora dira Gipuzkoako eragileak (bertsolari, irakasle, gai-jartzaile, epaile, antolatzaileak...). Horren erakusgarri izan zen, besteak beste, 1999ko Herri Arteko Txapelketa. Aurtengo txapelketak ere, tokian tokiko bertsolaritza indartzeko logikari eutsi nahi izan dio eta horregatik, hasierako fasea bailaraka jokatu zen.

Itxura osasuntsua

Bertsolaritzak Gipuzkoan osasun ona ageri du. Bapatean liburuak agertzen duenez, 2001ean 608 saio egin ziren. Baina kontatu ezin izan ziren askoz saio gehiago ere egin ziren. Bertso saioak bezain konta ezinak dira bertsolariak. Txapelketan 71 bertsolarik hartu dute parte. Beste asko dira Txapelketaz kanpo kantatzen dutenak, edo Txapelketan kantatzeko adinaren zain daudenak. Bertso eskoletan 376 ikasle daude, datuen arabera. Baina datuetatik kanpo gehiago ere badira. Eta bertsozaleak ere ugari dira Gipuzkoan. Bertsozale Elkarteko bazkideak 843 dira, eta Txapelketan 1.000 entzule inguratu dira finalaurreetan.

Piztualdi baten beharra

Baina oraingo osasun ona ez da genetikoa edo misterioz sortua. Kontzienteki egindako lan baten emaitza baizik. Aurtengo Txapelketak horregatik omendu nahi du bertsolaritza indarberritu zutenen lana.

Aurrera begira bertsolaritzaren mugimendua itzaliko ez bada, orain ere lanean jarraitu beharra dago. Horretan dihardu Gipuzkoan ere hainbeste jendek, borondatez. Eta lan horrek etengabe berritzea eskatzen du. Gizartea gero eta konplexuagoa da, eta gaurko gizarteari erantzuteko lana ere gehitzen doa. Horri aurre egiteko modu bat litzateke pertsona batzuk dedikazio osoz edo esklusiboki bertsolaritzan lanean hastea. Antolakuntzan aldaketa kualitatibo bat emateko garaia da. Euskal Herriko beste herrialdeetan, ikusi da sistema horrek bere fruituak eman dituela. Eta aldi berean, lanerako sugar hori transmititzea ere beharrezkoa da. Oparotasun honekin itsutu eta makaldu gabe.

Gipuzkoako Elkarteak bide horretan hasi du besteak beste irakaskuntzako lana. Ikastetxeetan bertsozaletasuna zabaltzeko, eta horrela bertso eskoletarako jende berria erakartzeko.

Zortzi finalistak

EKAITZ GOIKOETXEA ASURABARRENA

80eko abuztuaren 28an jaio zen beasaindar hau, Euskal Filologian lizentziatua da eta euskara irakasle eta itzultzaile lanetan ari da. Hainbat bertsopaper sariketaz gain bat-batean Euskal Herriko Eskolarteko bi txapel irabazi ditu.

Galderak:

Zer izan da txapelketa hau zuretzat?

Probaleku bat izan da. Gazte asko gaude maila izugarri onekoak, saio gutxi dauzkagunak urtean zehar. Saioetara salto emateko txapelketa izaten da tokia. Entrenatzen gustora aurkitzen nintzen, ondo ikusten nuen neure burua. Nahi nuena zen entrenamenduetan ematen ari nintzen maila txapelketan ematea. Uste dut hiru saioetan lortu dudala hori.

Zer alde dago bertso eskolatik plazara?

Urtean behin edo bitan bakarrik igota oholtzara, ni behintzat oso urduri sentitzen naiz, eta txapelketan hare gehiago. Tabladuarekin harremana hestutzea falta zait. Nire helburua da urtean 20-30 saio izatea, sufritzetik gozatzen hastera pasatzeko. Urduritasun punttu hori gustatzen zait eta beharrezkoa da, baina bada garaia gozatzen hasteko.

Bakarkakoan utzi duzu jendea zur eta lur. Nola prestatzen duzu?

Astean bi-hirutan lagun ezberdinekin elkartuz prestatu nahiz. Tolosan Bixente Gorostidi, Alfontso Jimenez eta Amaia Agirrerekin, eta Goierrin Iker Zubeldia eta Iban Urdangarinekin. Baina bereziki etxean liburu asko irakurri ditut: poesia, prosa eta bereziki asaiakera. Egunkarietatik berriak hartu eta hiru bertso berri bakoitzari nola botako nizkiokeen bide ezberdinak jorratu...
Nik uste asko lagundu didala urtetan bertso paperak landu izanak. Errimategia aberasteko. Hasieratik garbi neukan doinu luze bat aukeratu behar nuela, eta bederatzi puntukoaren aukera egin nuen. Horretarako errima dexente behar dira, eta errimak landu egin ditut.

Finalerako zer asmo?

Beste zazpi finalistekin batera saio on bat egitea. Eta helburu gisa, gustatuko litzaidake lehenengo bien horietan sartzeko borroka egitea behintzat. Badakit oso zaila izango dela, ia ezinezkoa, baina borroka behintzat egin nahiko nuke.

Nola ikusi aurreko eta belaunaldi berria?

Oso egonkortuta dago, eta izugarrizko maila ematen ari da joaten den edozein tokitan. Hainbesteko urteren alderik ez dago haiengandik geurera, baina ikusten da bi belaunaldi garela. Belaunaldi berri honetatik 4 sartu gara, baina oso maila orekatua dugu, eta beste edozein sartu zitekeen.

MAIALEN LUJANBIO ZUGASTI

Hernanin jaioa 76ko azaroaren 26an. Arte Ederretan lizentziatua da. Sariketaz sariketa ibili luzea du egina irabazle moduan eta eskarmentu handiko bertsolaria da. 1997an eta 2001ean Txapelketa Nagusiko finalista izandakoa, bere maila erakustera dator txapelketa honetara.

Galderak:

Zuen belaunaldia izan da aurten beterano. Nola ikusi duzu belaunaldi berria? Nola sentitu zara haiekin oholtzan?

Ez da berri izatearen kontua. Kantatzen ohituta ez nagoen jendearekin kantatzea beti da zerbait berezia, berria. Ezberdina da, elkar ezagutzen dugunen artean beti sortzen da ikusten ez den konplizitatea, elkar ulertzea. Elkarrekin aritu gabeko jendearekin bai dela bapatekotasun puru purua. Lehen aldiz norbaitekin hitz egiten dugunean bezala da.

Zer alde dago Euskal Herrikotik Gipuzkoako txapelketara?

Txapelketan zerikusi handia du bertsolariaren momentu pertsonalak, eta bertsogintzako momentuak. Alegia, bertso munduan non zauden, nola zauden, nola ari zaren bertsotan, zer asmorekin... Txapelketak bizitzako une batean harrapatzen gaitu. Txapelketak eskatzen du grina izatea, gogoa eta kemena lehiarako eta lan egiteko. Eta hori ez da beti berdin izaten. Ni ez naiz berdin sentitzen. Bi urte pasatu dira, derrigor da momentu ezberdina. Hura pasatu zen, eta esperientzia pilatu bat da, eta era berean izan liteke neke bat.

Finalerako zer helburu?

Nire buruarekikoak egin nahi ditut, behintzat. Nire buruarekin zintzoa izaten, nire ideiekin, nire ikuspuntuak lantzen saiatu nahi dut. Benetan sentitzen ditudan ideiak kantatzen.

Zer eman du txapelketa honek?

Plazan hainbeste ez dabilen jendeak sekulako maila eman du. Txapelketa honetan agerian geratu dena maila teknikoa da. Aurrera begira pentsatu beharko dena da teknika eta mamiaren arteko balantza. Ikuspuntu, gaia jorratzeko era, iritzia... Zer entzun den, zenbateko balioa ematen zaion horri, hori nola puntuatzen den... Hori ezinezkoa da puntuatzen. Alde teknikoa oso brilantea izan da.

Bertsotako zer momentutan zaude?

Ez daukat oso garbi zer egin nahi dudan. Indefinizio hori da nere arazo nagusia. Txapelketan ez da zertan ezer berririk proposatu behar, zure bertso ibilbideko momentu horretan alderik onena emateko lekua da. Gure bertsokera lantzeko lekua plaza da. Plazan egiten da ahaleginen bilakaera, eta txapelketa da ahalegin horren eskaparate bat.

AITOR MENDILUZE GONZALEZ

Andoaindarra, 75eko azaroaren 11ean jaio zen. Batxilergo ikasketak burutu ditu eta Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko kudeatzailea da. Eskolarteko bi txapel ditu, eta bera da banaka jokatutako azken Gipuzkoako Txapelketako txapelduna 95-az geroztik. Ariketa guztietan aritzen da gustura, eta bere burua probatzera dator txapelketa honetara.

Galderak:
Txapeldun egin zinen txapelketaren eta aurtengoaren artean zer alde?

Partehartzaileentzat zortzi urte pasatu direla, eta ez alperrik. Garai hartan finalera sartu ginen batzuk gaztetxo batzuk ginen, eta orain elitean gabiltza. Elitera saltoa nik txapelketa hartan eman nuen. Eta garai hartan elitean zebiltzan batzuek, oraingo txapelketan ez daude. Ziurrenik aurten atera den belaunaldi berria gu garai hartan geunden egoera berdintsua bizitzen ari da. Guk elitera salto egiteko ilusioa, asmoa eta intentzioa geneukan. Tira, elitera salto egiteko baino, norbait gehiago izateko eta egiteko, ez konkretuan hainbeste plaza... Uste dut aurten jende horrek ilusio bera izango duela. Maila aldetik, agian guk geneukan maila baino hobea dute, orokorrean.

Txapela defendatzera aterako zara?

Nire txapela ez da defendatzekoa, jada urte asko pasatu baitira. Orain, irabazi behar duenari ez diodala merke utziko, ziur. Joatekotan, ez irabazteko helburuarekin, baina bai irabaztera joan behar dela. Txapelketara ezin da galtzera joan.

Zure bakarkako eta puntukako saioak jendearen oroimenean geratu dira. Zein da sekretua?

Bakarkako gaitan saiatu naiz gaian barrurago sartzen. Nire estiloan ukitu pertsonalago bat ematen saiatzea. Bertsoak neureago egiten, neure izakera ematen.
Puntuka egiteko, ahaztu bertsotan egiteko beste modu guztiak, eta puntu bati beste puntu bat erantsi behar zaio, eta kito. Eskema ezberdina du. Batek puntua jartzen duenean, bigarrenak zer erantzungo dion ez du jakiten, beraz, hirugarren puntua pentsatuta edukitzeak ez du balio. Puntu bakarra pentsatu behar da, eta bestearen erantzunaren ondotik pentsatu haren erantzuna. Baina noski, hiru segundutan pentsatu behar da, hori da duen zailtasuna. Puntutik puntura esateko erreflexuak behar dira. Baina sarri hasten gara estrategiak montatu nahian, eta errima batzuk geroko gordetzen, eta hor galtzen gara.

Zer eman du txapelketa honek?

Maila orokorrean oso altua dagoela ikusi du askok, eta beste askok deskubritu, ez baizuten espero. Finalisten artean zortzitik 4 dira lehen aldiz kantatuko dutenak, eta aukera polita da haientzat ere. Publikoaren erantzuna ere nabarmena izan da, erantzuna izugarria izan da, saioetan jende asko ibili da.

IÑAKI GURRUTXAGA ZUBIMENDI.

Euskal Filologiako ikasle oriotar hau 81eko ekainaren 1ean jaio zen. Lizardi sariaren irabazlea izandakoa, ez dauka gustuko ariketa berezirik, agian ofizioka aritzea gehiago gustatzen zaion arren.

Galderak:
Zer izan da aurtengo txapelketa zuretzat?

Aldez aurretik ikusten nuen belaunaldi baten konfirmazioa izan behar zuen txapelketa dela hau. Nire ustez konfirmazio hori bete da, neurri handi batean. 23 urtez beheko 3 sartu gara finalean, eta ordezkaritza gisa ez dago gaizki. Niretzat izan da gazte sariketetan topo egiten ez genuen beste jende batekin lehiatzeko aukera, eta horien ondoan norbait garela erakustekoa.

Zein da zure armarik onena aurtengo txapelketan?

Ilusioa. Haize berriak ekartzea. Belaunaldi berri batekin batera entzule berri bat dago, eta entzule berri horri zerbait eskaini behar zaio. Alternatiba. Eta nik uste publiko berri horri errazagoa zaiola identifikatzen bertsolari berriekin, lehendik dauden bertsolari esterotipatuekin.

Finalerako zer helburu? Zer jarrera?

Oso bertsolari zentratuak ikusten ditut, eta nik kontrapuntua jarri nahi nuke. Freskotasun gehiago eman, eta esperimentatu. Finalean gauza berriak egin daitezke, baina gehiegi ere ez. Bestela, jendea deskolokatu daiteke.

Originala, ideia berriak... Propio hartutako jarrera?

Itsura bat eman nahi izanda ere, publikoak nahi duen bezala interpretatzen du. Beraz, onena norbera nahi duen bezala agertzea da.

AMAIA AGIRRE ARRASTOA.

77ko abuztuaren 27an jaio zen villabonatar hau, eta Euskal Filologian lizentziatua da. Hitzetik Hortzera programako erredaktore bezala lan egiten du. Xenpelar saria irabazi zuen 98an, eta Osinaldeko txapeldunorde ere izana da. Puntuari erantzutea du ariketarik kuttunena.

Galderak:
Finalerako zer helburu?

Ez dut postu batekin amets egiten. Hainbeste jenderen aurrean neure buruarekin gustura geratzea eta jendeak nire bertso bat buruan eramango balu, gustura geratuko nintzateke. Jendeak irudi on bat hartu dezala, eta eraman dezala bertso edo saio bat buruan.

Zer jarrerarekin joan nahi duzu?

Tentsio punttu batekin joan nahi dut, baina lasai. Disfrutatzeko aukera gisa hartu nahi dut finala. Zure buruarengan konfidantza edukitzea ezinbestekoa da. Autoestima aspaldian baju xamar neukan bertsotan, eta autoestima igotzea lortu dut, eta konfidantza pixka bat hartu ere bai.

Nola prestatu duzu txapelketa?

Aurten ez dut plaza gehiegirik egin, eta entrenatu ere oso gutxi egin dut. Bertso eskoletan klaseak emanez eta Hitzetik Hortzeran lan eginda, zaila da entrenatzeko gogoa mantentzen. Saturatu egiten naiz bertsoekin. Baina sinisten ari naiz, Hitzetik Hortzeran besteen saioak entzunaz asko ikasten dela. Subkoszienteki, beti geratzen da zerbait.

Bertsotan nola sentitu Maialen eta Mendiluzerekin?

Bertsotarako lagun onak dira. Sekula ez diote ondokoari biderik isten. Hori esperientziak ematen duen zerbait da, bertsotan jakin behar delako ondokoa arrazoitan hautsi arren, bidea itxi gabe bertsotan egiten. Plazan esperientzia duten bertsolariek hori oso ondo egiten dute, eta beti uzten diote ondokoari zirrikitu bat luzitzeko. Gero luzitzen asmatu behar da!

JON MARTIN ETXEBESTE.

Oiartzuarra, 81eko urriaren 16an jaio zen. Publizitatea eta harreman publikoko ikaslea, kazetaritza ikasketak burutu ditu, eta eskolarteko zenbait txapelketa eta Abra sari irabazi ditu. Bakarkako gaiei erantzutea gustatzen zaio.

Galderak:
Nola prestatu zara? Bakarkakoa...

Maiz bildu gara. Bakarkakoa lantzeko sparring berezia izan dut, Egoitz Zelaia. Horretarako bakarrik elkartzen ginen biok, gaiak jartzen zizkidan eta bide ezberdinak proposatu. Astean hirutan bildu gara Karrika bertso eskolan, batzuetan Karlos Aizpuruari ere bixitak egin dizkiogu... Prestaketa izan da hona iristeko sekretua.

Hainbeste prestatzeko, bertsolari izateko apustu hori egin beharra.

2001eko Euskal Herriko txapelketak izan du horretan eragina. Bertso eskolan biltzen ginen Amets Arzallus, Sustrai Colina eta Arkaitz Goikoetxearekin eta ikusi nuen bertso eskolan egin zuten lana eta jaso zituzten emaitzak. Ikusi nuen lana gogor eginez gero, noraino iristeko aukera zegoen. Planteatu nuen merezi zuela apostu gogor hori egitea, eta ondo atera da.

Aurten ateratako bertsolari berriek belaunaldi bat osatzen dute?

Nik uste belaunaldi bat badela. Eskolartekoan eta gazte sariketetan elkarrekin lehian ibilitakoak gara, baina horrek ez digu giro txarrik utzi. Koadrila giroa dugu. Bertsolari bakoitzak du bere ezaugarria. Baina denok dugu maila dexente plazarako saltoa ematen hasteko. Arazo handi bat da bertsolari asko dagoela eta guretzat plaza gutxi. Ea jendea txapelketa honetakoa ikusita aukera bat emateko prest dagoen!

Aurtengo beteranoak zer dira?

Maialen, Mendiluze, Iturriaga...ren belaunaldian ere jende asko da plazarako saltoa eman ez zuena. Pentsatzen dut guri ere berdina gertatuko zaigula.
Oraindik gazte etiketarekin dabiltza, eta egitan gazteak dira. Baina oraindik gazteagoak bagaude, eta uste dut hori baliatu behar dugula. Lotsagabe jokatu eta gazte horiei gazteagoek egurra ematen saiatzea nahi genuke.

JEXUX MARI IRAZU MUÑOA.

Larraulen jaioa 72ko irailaren 27an. Filosofian lizentziatua da eta Hernaniko Kronikan lan egiten du erredakzio taldean. Gipuzkoako Txapelketan bigarren egin zuen 1995ean. Txapelketa Nagusian finalera iritsi zen 1997 eta 2001ekoan, eta dena ematera dator txapelketa honetara ere.

JON MAIA SORIA.

Zumaiarra, 72ko ekainaren 25ean jaioa. Euskal Filologian lizentziatua da eta itzultzailea ogibidez. Xenpelar saria irabazi zuen 1989an eta 1990ean, eta Euskal Herriko Eskolarteko txapelduna izan zen 1990ean. Txapelketa Nagusian finaleko zortzikotean sartu zen 1997an eta 2001ean. Ez dio ezeri uko egiten txapelketa honetan.

Bertsotako zer momentutan zaude?

Ni sekula baino hobeto sentitzen naiz. Plazetan azken urteotan gorakada bat sentitzen dut, bertsokeran, askoz gehiagotan gozatzen dut, eskarmentua badut eta oso eroso nabil. Tolosan sentitu nuen alperrik galdu ote nuen gorputzaldi on hori.
Etengabe garatzen ari naizela sentitzen dut, eta hori polita da. Ez dut sekula nabaritu tope bat. Nirea oso karrera luzea da, euskaraz gaizki hitz egitetik hasi, bertsotan ikasi, bertsotan hobeto egin, eta honaino iritsi arte. Oraindik sentitzen dut ez dudala bukatu, eta hori gustatzen zait. Aurrera egin dezakedala eta hobetu dezakedala nire bertsokera sentitzea.
Nik uste nire bertsokera dela landua somatzen dena. Ez da hain intuitiboa. Estilo bat ere lortu dut, eta hortik jo behar dut.

Nola lantzen duzu zure estiloa?

Askotan kontzentrazioa joan egiten zait, eta bertsotan hasten naizenerako zenbait gauza garbi edukitzea nahi dut. Bertsoa nola planteatu nahi dudan pentsatzea gaia entzun ahala, ahal dela, orokorrean ikusi bakarka edo ofizioka hiru bertsotan zer egin dezakedan. Zaila da, baina behintzat gogoratu hori egin dezakedala, eta saiatu. Lortzen ez badut, bada betikoa, bertsoz bertso joan eta kito. Bertso pieza bera nola egituratu ere, kontziente izan nahi dut bertsoari ahalik eta zuku gehien ateratzeko. Plazaz plaza hartzen den inertziarekin, erraztasunetik jotzen da maiz, azkar eta arinaren bila, eta badirudi bertsoaren puntuen gainetik pasatzen garela hegan. Orain puntuz puntu eta hitzez hitz ahalik eta probetxu gehien atera nahi diot bertsoari. Horretarako kontzentrazioa oso da inportantea. Saiatzen naiz zenbait gauza buruan sartzen, gauzak nola egin nahi ditudan presente edukitzen, ez dut hainbeste papereko lanik egiten.
Neurriak ere buruan darabilzkit bueltaka, eta errimak ere bai. Baina errima konkretu batzuk, ez familia osoak, esan nahi dituzun hitz batzuk baizik, zeuretik jotzeko bertsoak.

Zer erronka finalerako?

Gogo handia dut finalerako, aukera bat delako norberaren onena erakusteko. Behingoz aukera hori aprobetxatu nahi dut. Ez zait hainbeste axola irabazi edo galdu, lehenengo edo boskarren. 2001eko Euskal Herriko txapelketan geratu nintzen sentsazioarekin, ez nuela aprobetxatu plaza, ez nuela utzi ezer jendearentzat gogoangarririk, edo neure burua gustura utziko zuenik. Laugarren gelditu nintzen, baina horrek ez dit ezer esaten niri. Gehiago esaten dit zortzigarren gelditu, baina hiru bertso uzteak betirako.
Finalean nahiko nukeena da, neure onenetik kantatzea. Gogoa dut txapelketako saio batean behingoz parez pare jotzeko. Orain arte ez dut lortu.

Nola ikusi duzu Gipuzkoako txapelketa?

Ikusten da gazteak teknikoki oso prestatuak daudela, eta gainera anbizio handiz, leku bat hartzeko gogoz. Hori da ikusi dudan gauzarik nabarmenena. Pena eman dit gure belaunaldiko zenbait jende atzean gelditzeak. Gu ere belaunaldi gazte garelako eta asko dugulako egiteko.

Nola entrenatu/kontzientziatu zara?

Nik zail ikusten dut zenbait jenderekin konparatuta teknikoki haiek adina egitea. Nik uste guk beste alde batzuetan markatu dezakegula diferentzia. Gaiei heltzeko modutan, planteamendutan, gaiak lantzeko moduak, ikuspuntuak... Teknikatik harago dauden zenbait aldetan. Sentimentuak transmititzen, irudiak sortzen... Nik uste hainbeste urtetan sortu dugun norberaren inpronta edo estilo hori adieraztea, nortasunean diferentzia markatzea.

Sailkapena
71 bertsolarik hartu du parte eta batez besteko adina 25 urtekoa da. Lehen fasea bailaraka jokatu, eta ondoren etorri ziren kanporaketak, final laurdenak eta finalaurreak.


Finalistak

Maialen Lujanbio Zugasti. 511 pt.
Jexux Mari Irazu Muñoa. 497,5 pt.
Ekaitz Goikoetxea A. 486 pt.
Aitor Mendiluze Gonzalez. 508,5 pt.
Jon Maia Soria. 494,5 pt.
Jon Martin Etxebeste. 489 pt.
Amaia Agirre Arrastoa. 487,5 pt.
Iñaki Gurrutxaga Zubimendi. 480 pt.


Finalaurreak

Iñaki Zelaia Irazusta. 474 pt.
Arkaitz Goikoetxea Arriola. 474 pt.
Jokin Uranga Isuskiza. 470,5 pt.
Estitxu Eizagirre Kerejeta. 470 pt.
Aitor Sarriegi Galparsoro. 469,5 pt.
Iker Zubeldia Katarain. 466,5 pt.
Bixente Gorostidi Loidi. 464,5 pt.
Nahikari Gabilondo M. 459 pt.
Iñigo Manzisidor Larrañaga. 449,5 pt.
Iñigo Izagirre Urteaga. 435 pt.


Kanporaketak

Nerea Elustondo Plazaola. 383 pt.
Ainhoa Agirreazaldegi R. 381,5 pt.
Joxe Luis Urdangarin Goñi. 373 pt.
Unai Agirre Goya. 371,5 pt.
Aritz Zerain Miner. 371,5 pt.
Alfontso Jimenez Grandes. 370 pt.
Iker Osa Zelaia. 368 pt.
Mikel Arrillaga Bereziartua. 367 pt.
Andoni Otamendi Arsuaga. 362,5 pt.
Leire Ostolaza Arrillaga. 361 pt.
Alaitz Sarasola Olano. 361 pt.
Xabier Sukia Etxeberria. 360,5 pt.
Xabier Astigarraga Pagoaga. 359 pt.
Unai Muñoa Amundarain. 359 pt.
Agin Rezola Laburu. 358,5 pt.
Felix Zubia Olaskoaga. 354,5 pt.
Iban Urdangarin Lardizabal. 337 pt.



Lehen fasea

Leintz-Urola bailaran
Beñat Lizaso Alberdi. 253, 5 pt.
Oskar Alberdi Etxabe. 252,5 pt.
Jokin Labayen Iraeta. 251,5 pt.
Joseba Barandiaran A. 247 pt.
Ojanguren Torres, Gorka. 243 pt.
Asier Iriondo Eguren. 241 pt.
Migel Angel Aierza Etxabe. 234,5 pt.
Enaitz Alustiza Lamarain. 231 pt.
Ander Lizarralde Lizarralde. 231 pt.

Hernanialdean
Manex Mujika Amunarriz. 260 pt.
Joxe Anjel Aranburu Jalon. 254 pt.
Aitor Albistur Pulido. 251,5 pt.
Ion Ansa Mendizabal. 251,5 pt.
Ander Lizarralde Jimeno. 247 pt.
Ibon Miner Santa Kruz. 246,5 pt.
Juanito Mitxelena A. 245,5 pt.
Josu Oiartzabal Zapirain. 242 pt.
Jon Iraola Martinez. 238,5 pt.
Arkaitz Oiartzabal Agirre. 236,5 pt.
Iker Alustiza Lasa. 233,5 pt.
Gorka Etxeberria Kaskeiro. 203 pt.

Goierrin
Joxe Munduate Apalategi. 264 pt.
Iñaki Apalategi Astigarraga. 257 pt.
Antton Fernandez Lasa. 229,5 pt.
Gorka Azkarate Torner. 228,5 pt.
Uxue Fernandez Lasa. 217,5 pt.

Kostan
Ibai Esoain Arruti. 262,5 pt.
Aritz Aranburu Lasa. 259,5 pt.
Urko Egaña Calderon. 252 pt.
Aitor Usandizaga Izagirre. 247,5 pt.
Julen Zulaika Alkorta. 246,5 pt.
Egoitz Eizagirre. 244,5 pt.
Zigor Iriondo Yarza. 241,5 pt.
Gorka Iribar Arroiabe. 240 pt.
Iñaki Petxarroman Gutierrez. 234 pt.
Imanol Lizarazu Illarramendi. 232 pt.

Felix Irazustabarrena Arsuaga, Txapelketako epailea: «Gehienak dira gai teknikoki kasik perfekto egiteko. Beste gauza batzuk epaitu behar dira»
Alegian jaioa, 42 urte ditu. Hitzetik Hortzerako erredaktorea da. Txapelketa Nagusiko epaimahaikidea izan da 1993an, 1997an eta 2001ean, eta Gipuzkoakoa 95ean, eta 1999ko Herri Artekoan.


Talde bat bildu zarete. Noiz hasi prestatzen?
Txapelketa aurreko lau-bost hilabeteetan bildu gara. Hasieran bilerak egin genituen, eta bukaera aldera entrenamenduak. Guztira 15 epaile bildu gara, eta faseetan banatu ditugu epaileak. Lehen fasean zeuden arazo larrienak, lau saio egiten zirelako aldi berean, eta saioko hiru epaile zirenez, hamabi epailek aritu behar izan genuelako aldi berean.

Lehen fasean bailarako epaileek epaitu dituzte bailarako bertsolariak. Kritikatu da. Epailearen ikuspegitik, badu eraginik?

Bakarren batzuek nahi izan zuten beste bailara bat neurtu, bere oso gertukoak ez epaitzeagatik. Eta nahi izan zutenek, aukera izan dute beste bailara bat epaitzeko.
Baina saiestu ezina da ingurukoak epaitzea. Gipuzkoa txikia da, eta Txapelketa aurrera joan ahala, beti tokatuko zaizu zure laguna ez bada bertso eskolakoa epaitzea, edo lehengusua. Nik gehiago nahastea ere ondo ikusiko nuke, baina gehiegi ere ezin da nahastu.

Nola entrenatzen duzue?

Bertso saio bat ekartzen dugu bilerara zintan grabatuta, eta entzun ahala bakoitzak bere puntuazioa ematen dio, eta gero denon artean eztabaidatzen dugu: zer gustatu zaigun bertso bakoitzean, zer akats bilatu diogun... Epaileek irizpide txosten bat argitaratuta dugu, eta beraz, epaile denak badaki irizpide horien arabera zein den errima zuzena.
Aipatzen diren elementu horiek denak kuantifikatzen, alegia, numero bihurtzen saiatzen gara. Zenbat eta entrenamendu gehiago, hobe. Hori da klabea.
Entrenamenduen helburua ez da denok ados jartzea bertso batekin, edo elkar komentzitzea. Baizik ulertzea bakoitzak zergatik eman dion puntuazio jakin bat.

Epaileak ateratzeko erraztasuna?

Hamabost epaile asko dira. Gipuzkoako aurreko txapelketa herri artekoa izan zen, eta horrek herrietako bertsolari, gai-jartzaile, antolatzaile eta epaileak martxan jarri zituen. Txapelketa horretan atera ziren epaileengana jo dugu oraingoan. Hala ere kosta egin zaigu 15 horietara iristen. Txapelketetan bakarrik dago epaile beharra, eta horregatik zaila da epaile talde iraunkor bat mantentzen. Buruan daukagun ideia bat da bertso eskolatan epaileen lana erakusteko klase motz bat ematea.

Epaileak entzuleak bezala entzuten du?

Berdintsu jasotzen dugu. Baina aditu baten ikuspegiarekin, zorrotzago edo kritikoago. Bakoitzak du bertsoa aztertzeko bere metodoa. Gehientsuenek, ez denek, errimak idazten dituzte. Ez oinak epaitzeko, baizik errimak begiratuz, bertso osoa nondik nora eramanduen jarraitzeko.
Irizpideak oso sailkatuta daude: errima ona hau da... eta gero horiek denak batera hartu behar dira, bertsoan bat egiten dute. Osotasun hori hartu behar da kontuan.

Zer da zailena epaitzen?

Zailena da bertsoak sortzen duen emozioa arrazoitzen. Emozioa sortu badu, edukiko du bere azalpena. Askotan beldurra ematen du sortutako emozioa kuantifikatzen, arrazoia bilatzen saiatzen gara. Publikoari sortzen diona ere kontuan hartzen da, maiz esan da epaileak isolatuta egon behar lukeela, baina publikoarengana iritsi bada bertsoa, zerbaitengatik izango da.

Emozioari arrazoirik aurkitzen ez bazaio, zer epaitzen da?

Nik uste gehiago jo behar genukeela sortu duen horretara.

Txapelketa askotan izan zara epaile. Aurtengoaren maila nolakoa izan da?

Maila oso ona izan da, gainera hasiera hasieratik. Hasieratik dago lehia ikaragarria, eta ez da erraza aurrera joaten. Horregatik, uste dut epaileek zirraretara jo behar dutela. Gaur egun, bertsotan aritzen den edozein da gai teknikoki bertso bat perfekto osatzeko kasi. Beste gauza batzuk juzgatu behar dira: sinisgarritasuna, kontatzen ari zaizuna... Nik uste beste txapelketetan teknikoki alde handiagoa zegoela batzuetatik besteetara. Gaur denek egiten dute hori ondo.

Saroi Jauregi Aiestaran, Txapelketako gai-jartzailea «Bakarkako gai irekiagoak jartzera jo dugu»

Finaleko aurkezlea Zaldibian jaioa da eta 23 urte ditu. Euskal Filologian lizentziatua da eta Elhuyar-en ari da zuzentzaile.

10 gai-jartzaile zarete taldean. Gero eta gehiago zaudete? Gai-jartzaile figura zabaltzen ari da?

Iaz ikastaro bat antolatu genuen gai-jartzaile berriak sortzeko, eta ikastaro horretan parte hartu zuten hiru ari dira txapelketa honetan gaiak jartzen. Eman zuen bere frutua ikastaro hark.

Noiz hasi gaiak jartzen?

Maiatzaren hasieran bildu ginen lehen aldiz, taldean parte hartzeko prest nor zegoen ikusteko. Gai mordo bat biltzen hasi ginen, eta irailetik orain arteko lana izan da bildutako gai horiek sailkatzea: zer gai ziren lehen kanporaketa eta final laurdenetarako, eta zer gai ziren final erdi eta finalerako. Hori egiten da, bukaera aldera gairik gabe ez gelditzeko. Lehenengo finaleko gaiak jartzen ditugu. Bestela, hainbeste denbora ibili gaiak jartzen eta arriskua dago finalera iritsi eta gairik gabe geratzeko. Beraz, finaleko gaiak gordeta dauzkagu hasieratik. Baina askotan gertatzen da, onentsuenak azkenerako gorde, eta txar itsura hartzen dute. Txapelketan bertsoen gero eta maila hobea ikusten delako, eta beti gai onak nahi ditugulako.
Eskerrak e-mailez funtzionatzen dugun. Gai denak e-mailez jasotzen ditugu, eta bileretako zuzenketak ere e-mailez pasatzen dizkiogu elkarri. Horrek lana erruz arintzen du.

Gaurkotasuna emateko aldatzen dituzue gaiak?

Beti biltzen gara saioa jokatzen den aste horretan bertan, nahiz eta saio horretako gaiak osatuta egon. Gaiak aldatzen ditugu, gai batek gaurkotasuna galdu duelako edo garrantzitsua den zerbait gertatu dela ikusten dugunean.

Txapelketa batetik bestera aldatzen ari da gai moldea?

Bakarkako gaietan, batipat, gai irekiagoak jartzera jo dugula da nire inpresioa. Agian izan liteke "Bertsolamintza" jardunaldietan ateratako ondorioengatik. Bertsolarien komentarioak ere entzuten ditugu, eta guzti horrek badu eragina.
Gaiak jartzerakoan baita ere kontuan hartzen dugu bertsolari denak gazteak direla.

Nolakoa izan behar du txapelketarako gaiak? Bereziak dira?

Uste dut orokorrean txapelketako gaiak gehiago zaintzen direla plazakoak baino. Bakarkako gaiak normalean sakonxeagoak izaten dira, mañontziko ariketarako ere ezin da edozein gai jarri, ze berez ariketa konplikatua da, eta bertsolariari ezin diegu lana zaildu. Baina bestela, gaia edozein dela ere kantatzeko aukera ematen badu, txapelketan ere lekua izan dezake.
Juanjo Uriari elkarrizketa
BERTSO MUNDUAREKIN LEHEN HARREMANAK:

Nola hartu zenuen txapela emateko albistea?
Hasieran konbentzituta nengoen broma bat zela. Gero esan didate benetan dela.
Niretzako ohore handia izango da.

Final horretan kantatzen duten bertsolari batzuk txikitatik ezagutzen dituzu. Zer esan nahi du horrek zuretzat?

Denak bertso eskoletatik atereak dira, eta horien artean pertsonalki oso gertu sumatu ditudan gazte batzuk badira. Niretzat oso ederra eta hunkigarria ere bada.

Nondik datorkizu bertsotarako zaletasuna?

Aterpe baserriko Juan Joxe aitonarengandik. Etxean altxor txiki hori nuen, aitona Txirrita zenaren lagun mina izan baizen. Aitona ere hargina nuen, Txirritarekin lanean aritutakoa. Txirritaren bizitza ondo ezagutzen zuen, haren bertsoak, xelebrekeriak eta pasadizoak... Aitonarekin umetan pasatu nituen une on haietan sortu zitzaidan zaletasuna, ez kantatzeko, mundu hori zitzaidan erakargarri.
Umetan hasi nintzen Txirritaren gorabeherak jakiten. Antonio Zabalak ateratzen zituen Txirritaren liburuak berehala erosi eta irakurtzen nituen. Aitonari ere irakurtzen nizkion, eta aitonak zuzenketak egiten zizkidan.

Bertsolaria ez duzue aitona bakarrik izan zuen etxean...

Ez, gure osaba Julian Aterpe ere bertsolari da. Afizioa betidanik izan du, baina bertsotan nahiko berandu hasi zen. Kurioso egiten du bertsotan, eta bertso jarri hunkigarriak idazten ditu.
Bertsotan aritu al zara inoiz?

Bat-batean sekula ez naiz aritu, ezta saiatu ere. Beti pentsatu izan dut bertsotan ondo egiten oso zaila dela. Eta ez nuen neure burua ikusten bertsotan ondo egiteko. Umetatik baztertu nuen aukera hori.
Bertsoak irakurtzea asko gustatu zait beti, bertso saioetara joatea ere bai, eta baita bertsoak jartzea ere. Hor ibilia naiz pixka bat, eta sari batzuek ere irabazita dauzkat. Azken urteetan ez dut bertsorik idatzi, horretarako denbora behar da eta.

Gai-jartzen ere asko aritu zara.

Hernanin hasi nintzen, Zikuñaga auzoko festetan. Bertsotan aritu ziren: Lasarte, Lazkao Txiki, Azpilaga, Lopategi... urtean behin egiten genuen festetako saio hori.
Gero sartu nintzen Mendigain elkartean. Oraindik Franco garaia zen, eta mendi elkartea zen arren, batez ere ekintza kulturalak egiten genituen. Beste gauzen artean, bertso saioak. Eta saio horietan gaiak jartzen nituen. Saio bat baino gehiago izaten ziren: Urtero San Inaziotan bi bertso saio antolatzen genituen. Aitor zineman egiten genuen lehen saioa, San Inazio bezperan. Eta zineman kantatu zuten bertsolari berek kantatzen zuten berriro hurrengo egunean Santa Barbaran egiten zen saioan. Eta San Jose inguruan ere Txirritaren omenaldi gisa bertso saio bat antolatzen genuen. 6 bertsolari on ekartzen genituen.
Gipuzkoako lurraldetik dei dezente jasotzen hasi nintzen, eta bi edo hiru urtetan saio askotan ibili nintzen. Lan dena militantziaz egiten zen, eta oso gustura aritu nintzen.

Gai-jartzaile lana nolakoa da?

Oso desberdina da oraingoa eta ordukoa. Oraingoa irudimen gehiagorekin egiten da. Orduan oso formatu klasikoa zegoen. Orain, berriz, alternatiba gehiago dago. Niri ez zitzaidan ez zaila ez neketsua egin. Astebete lehenago prestatzen nituen gaiak eta gero jendaurrean bota.

BERTSOZALE ELKARTEKO LANA:


Ordura arte Euskaltzaindiak antolatzen zituen bertsolari txapelketa antolatzeko bildu zineten talde bat 1985ean Loiolan. Gogorra izan zen hasiera?

Ez. Antolakuntzari ez genion beldurrik. Hobeto edo okerrago aterako ziren gauzak, baina ziur geunden gai baginela. Bildu ginen koadrila esperientzia handiduna zelako. Lehenago beste kultur taldetan edo ekintzak antolatzen ibilitakoak. Batzorde bakoitzean jende espezializatua sartu zen.
Baliabide aldetik ere, esperientziaz ezagutzen genuen Jaurlaritza, Foru Aldundia eta horrelako erakundeetan diru laguntzak emateko dinamika nolakoa zen. Erakundeetatik oso erantzun jatorra jaso genuen. Udaletxe denek erantzuten zuten ondo, Foru Aldundiak ere beti oso ondo erantzun izan du, ni egon naizen urteetan behintzat, eta Jaurlaritzak ere bai, nahiz batzuetan bere baldintzak jarri. Froga nagusia da lehen txapelketaren emaitza ekonomikoa: 11 milioiko irabaziak atera ziren.

1986ko txapelketa izan zen Bertsolari Elkarteak antolatu zuen lehena. Nola gogoratzen duzu?

Finala Karmelo Baldatik Belodromora eramateko saltoa eman genuen. Alde izugarria izan zen. Alegia, 3.000 entzuletik 10.000 ingurura. Apustu handia zen, horrelako leku bat betetzeko jendeak erantzungo ote zuen. Baina ikusten zen giroak eskatzen zuela toki handiago bat. Gainera Elkartea sortu berri zen, eta hainbeste jende elkarlanean biltzea oso positiboa zen, eta ondo atereaz gero diru pixka bat pilatzea ere bai. Ondo atera behar zuen. Bere arriskua izan zuen.
Publizitate asko egin genuen ezer ordaindu gabe.
Bestetik Belodromoa egokitu behar zen bertsotan egiteko areto gisa. Lau hilabete lehenagotik egun handira arte, egunero joaten nintzen Belodromora. Sekulako bolumena dauka, eta mila arazo zeuden: ez zela ondo entzungo, ez zela ondo ikusten...
Belodromoko arduradunarekin bildu, eta esan zidan lehenengo gauza belodromoko espazioa itxi egin behar zela. "Ados", erantzun nion "eta sekula egin al duzue?". Ezetz erantzun zidan. Oihal luzeak eskegiz itxi genuen Belodromoaren espazioaren erdia. Milioi eta erdi edo bi milioi pezeta kosta zitzaigun garai hartan tela hura.
Ondo entzuten zen ziurtatzeko ere hainbat froga egin genituen aurreko egunetan. Ez geneukan Belodromoko esperientziarik, eta bi etxe kontratatu genituen. Bi etxeek zituzten aparailu denak ekarri zituzten.
Orain gauza hauek denak oso sinpleak dira, eta badakigu nola egiten diren. Baina lehen aldi hartan asmatu egin beharra izan genuen dena. Arriskutsua izan zen, baina ongi atera zen dena.

Jaurlaritzak diru laguntzaren truk nahi izan zuen txapela lehendakariak ematea.

Bertsolari elkarteak erabakita zeukan txapela on Manuel Lekuonak jarri behar zuela. Lan handia egina zuelako, eta jada bere urteak ere bazituelako. Eztabaida txiki bat izan genuen Jaurlaritzarekin, baina konpondu genuen auzia. Lekuonak jarri zuen txapela, eta handik gutxira hil zen. Pentsatzen dut asmatu genuela erabakian.

Jendearen erantzuna ikaragarria izan zen. Garai hartan, horrelako bertso ekitaldiek zer esan nahi zuten?

Bertsolari ekitaldiek ez zuten orain duten zentzu berdina, eta beraz, txapelketa hark ere ez. Jarduera politikoak zentzu berdina ez duena bezala. Garai hartan sumatzen zen ilusio bat, zer edo zer bilatzen zen. Orain ilusioa badago, baina ez da zerbait bilatzen saioetan.
Bertsolaritza ekitaldi konkretu bat zen, baina euskararen aldeko eta herriaren aldeko ekitaldia ere bai. Ilusio handia piztu zuen. Geroztik ohitu egin dira, asko egiten dira, eta ez du zentzu bera.

Txapelketa antolatzeko bildu zineten. Txapelketa pasatzean nola erabaki zenuten biltzen eta lanean jarraitzea?

Hasieratik ikusi zen elkartearen premia. Behin txapelketa bat antolatu, eta bestea bazetorrela ikustean, bereizi egin ziren lanak. Txapelketa ekitaldi oso konkretua zen, eta besteak iraunkortasuna behar zuen, eta edukiz betea.
Oraindik ere lantzen ari diren gaiak planteatu genituen hasiera hasera hartan: bertso eskoletako harremanak, bertso saioen egitura, erakundeekin harremanak izatea, dokumentazio zentro baten beharra, telebista saioa nola egin...
Sorrerak beti sortzen du oso grina interesgarria. Barrutik ateratzen zaizu indar hori, eta ia inork ez zaitu bultzatu behar. Behin abiada hartuta, gauzak berez ateratzen hasten dira.
Konbentzituta geunden bertsolaritza egituratzen eta gorpuzten hasi behar genuela, antolakuntzaren bidez etorkizuna indartu eta ziurtatzeko. Iruditzen zait arazo asko izango zirela, baina iparra argi izan duela, eta Bertsozale Elkartea izan dela bizkar hezurra.

Zu aritu zinen beste erakundeekin harremanetan. Legegintzaldi batetik bestera asko aldatzen dira kultur elkarte baten baldintzak?

Nabaritzen da aldea. Ni ibili nintzen 6-8 urtean, erakundeetan ez zen aldaketa handirik izan. Bertsozale Elkarteak izan ditu urteak diru iturri batzuk moztu zaizkionak, eta horri buelta eman arte oso garai estuak paseak ditu.
Alde batetik, erakundeak behartuta edo obligatuta daude Euskal Herrian gure hizkuntzarekin eta gure kulturarekin lotutako bertsolaritza hau bultzatzen. Eta elkartearen aldetik ere gauzak taxuz, seriotasunez egin behar dira, eta instituzioekin harreman onak izatea komeni da. Bi aldetik behar du jarrera ona.

Pasadizo polit bat ere baduzue, 1986ko txapelketa antolatzeko diru laguntza eske joanda gertatutakoa...

Sebastian Lizaso, Imanol Lazkano eta hirurok joan ginen Donostiako udaletxera. Garai hartan alkate Ramon Labaien zen, eta aspalditik ezagutzen genuen elkar.
Diru eskaera karpetan generaman. Txostenean bi milioi pezeta eskatzen genizkion Donostiako udalari txapelketa antolatzeko.
Udaletxean kirolarien harrera bat zegoen, eta kirolari ezagunez beteta zegoen luncha. Kirolariak agurtu ostean, etorri zen gugana Ramon Labaien. Diru eskaeraren karpeta eman genion, eta hasierako agurren ostean, Ramonek bat-batean bota zigun: "bai, zer, hiru milioi?. Guk "bueno, bai, bale, hiru milioirekin konforme izango ginateke..." erantzun genion guk. Ramonek hitz eman zuen: "ados, bihar goizean esango diot idazkariari...". Nik karpeta errekuperatu nahi nuen, eskarian jarritako kopurua aldatzeko, eta zeharka esan nion: "bai, utzidazu karpeta, zu hemen jendez inguratuta baitzaude, eta bihar utziko diot zure idazkariari...". Ramonek ezetz, berdin zuela, eta guk baietz, karpetari tiraka egin genituen hamar minutu. Eta ez zidan eman azkenean!
Hurrengo egunean, idazkariak deitu zidan: "Juanjo, karpeta hemen daukat. Ramonek zer esan zizuen, hiru kilo, ezta?", "bai", nik. Idazkariak: "baina txostenean bi eskatzen dituzue". Eta umil, erantzun nion: "bada bai, horrela da". Oso jarrera onean, esan zidan txapelketak zuloa uzten bazuen hiru milioi pezeta emango zizkigula, eta zulorik uzten ez bazuen, bi milioi. Baina zulorik ez zuen utzi.

Telebistan programa bat hasteko garaian zu aritu zinen ETBrekin harremanetan. Nolakoa izan zen tratua?

Proiektua bururatu, eta hasteko aukerak zeudenean, sumatu genuen telebistak ez zuela gure programa duintasunez tratatzen. "Ahotik ahora" izena zuen programak, eta arduradun nagusia Joxemari Iriondo zen.
Beste programa arinagoetarako sekulako aurrekontua zeukan ETBk, eta bertsolaritza lantzeko huskeri bat eskaintzen ziguten. Eskatzen genuen ETB-k benetan euskararen alde eta kulturaren alde jo nahi bazuen, erakutsi beharra zeukala. Datuak ere bagenituen, kiroletan zenbat diru gastatzen zuten, eta bertsolaritzan zenbat. Eta koska handia zen. Hasieran tirabira serioak izan genituen, eta gero pixkanaka joan da telebista programaren proiektua gorpuzten.

HERNANI, HERRIAN ERE BERTSOLARITZAREN ERAGILE:


Nola zabaldu zen bertsolaritza irakatsi zitekeenaren ideia Hernanin?

1980 urte inguruan, ni udaletxean nengoela antolatu zuen udaletxeak Amurizaren ikastaroa. Bere teoriak ezagututa oso egokia iruditu zitzaigun esperientzia hori Hernanira ekartzea, ea hortik zer ateratzen zen probatzeko. Talde eder bat aritu zen Amuriza gidari hartuta, eta hortik sortu zen oraindik eten ez den soka hori. Bertso munduko batzuk pixka bat kritiko agertu izan dira, baina uste dut gaur egun erabat demostratuta dagoela bertso eskolako bertsolariak erabat bertsolari direla. Orain bertsolari on gehiago dago, baina oso onak oso gutxi, orduan bezala. Bertsotan ondo egitea oso konplikatua baita. Amurizaren lanak eta teoriak oso ondorio positiboak izan ditu.

Hernaniko Langile ikastolako bertso eskola zuk sortu zenuen. Nolako esperientzia izan zen?

Guraso eta irakasle talde batek egin zidan proposamena. Niri beldur pixka bat ematen zidan. Baina banekien egiten zena ez zela kaltetarako izango, eta onartu egin nuen.
Eskoletan ikusteko zegoen Amurizaren teoriak funtzionatuko ote zuen. Egia esateko, ni neroni oso eszeptikoa nintzen. Agian nire harremanak bertsolaritza klasikoarekin izan zirelako ordura arte. Gurasoei ere esan nien euskararentzat mesede izango zela, umeei ez ziela kalterik egingo, kultura ere bazela bertsolaritza, kantuan aritzea ona zela... Baina hortik bertsolaririk ez zela aterako, ziur aski. Hasiera haietan ez nuen espero lortu diren emaitza horiek lortuko zirenik. Gaur dakigunarekin, berriro bertso eskolak emateari ekingo banio, garbi daukat helburuak oso desberdinak izango liratekeela.
Bertso eskolak ematen hasi eta bi edo hiru urtean jabetzen hasi nintzen baietz, Amurizaren teoriaren kontrakoak oker zeudela. Bertsolaria jaio egiten zela zioen mitoa desagertu zen.
Garai hartan ez zegoen bertso eskola irakasteko materialik ere. Gure eskola oso material oinarrizkoarekin hasi genuen. Ikastolen Elkartetik lortutakoa eta bakoitzak bere kasa prestatzen genuena zen. Zaletasuna ez zegoen batere zabalduta.
Esperientzi ikaragarri ederra eta goxoa izan zen niretzat.

Bertsolaritzak Hernanin zer bilakaera izan du?

Bertsolaritzak orokorrean eman duena. Hernanin ez da desberdina izan. Hernanik izan duena da bertsolari asko. Hasi Txabalategi eta Txirritaren garaietatik, gero Paulo Txikia eta ospetsua izan ez arren bertsotan egiten zuen jende asko ere bai... Frankismoaren ondorioz hutsune bat izan zen. Eta gero, indar handiz bertso eskolak sortu ziren eta bertso eskoletako umeak.
Lehengo eta oraingo bertsolaritzaren artean dago desberdintasuna. Lehengoak ez ziren eskolatuak, oraingoak badira. Lehen gutxiago ziren, orain gehiago...

ONDORIOA:


Hainbeste urtetako esperientziatik, zer da jaso duzuna?

Aitonari Txirritaren kontuak entzuten nizkionetik gaur arte, harremana izan dudala oso ekintza ezberdinekin, maila ezberdinetan, toki ezberdinetan eta jende ezberdin askorekin. Oso oroitzapen gozoak ditut. Kontrakorik ez. Bakoitzak bere apurra jarrita egin behako du bidea gure herriak. Sail ezberdinetako eta jende askoren aportazioarekin.


Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Eguneraketa berriak daude