Begoña Vicario: «Etxekoandrea naiz. Arrunkeriatik ateratzen nauena sorkuntza da»


Caracasen jaioa zara. Urtebete zenuela itzuli zineten. Emigrazioak eragin al du zugan?
Familiaren zati handi batek Caracasera emigratu zuen lanera 50eko hamarkadan. Batez ere aitak oso garbi zeukan itzuliko ginela. Emigrazioak beti markatzen du familia. Emigrazioa da bizi daitekeen gauza gogorrenetariko bat, eta gurasoengandik jaso egiten duzu hori. Eurek sufritutako halako trauma baten ondorioak jaso egiten dituzu, kontziente izan gabe. Gainera hurrengo belaunaldira ere pasatzen dituzu. Beste sentsibilitate bat duzu hainbat gauzarekiko. Eta halako erro falta bat gelditu da neba-arreba guztiongan, baina zentzu positiboan. Oso moldakorrak gara.

Txikitatik gustatu zaizkizu animazioko filmak eta serieak. Baina marrazkiz egindako animazioa ez hainbeste. Zergatik?
Txikitan (eta garai frankista izanda nik ez dakit nola arraio, baina) animazio txekiarra ikus genezakeen TVEn gauero, 20:30etan. Objektuekin eginak ziren eta sinbolismo asko zeukaten. Kikarak, ezpain-zapiak mugitzen ikustea magikoa iruditzen zitzaidan.
Marrazki bizidunak ez zaizkit hainbeste interesatu sekula. Objektu errealekin sortzen duzunean animazioa, errealitatea da mugimenduan jarri duzuna, errealitatetik kanpo dagoen esparru batean. Marrazkiak, berriz, irrealak dira, eta beraz, animazioan bere medio naturalean mugitzen dira. Zinea trikimailua da, baina trikimailuaren barruan truku errealagoak egon daitezke, eta horiekin lotura interesgarriagoa lor dezakezu.

Arte Ederrak ikasi zenuen. Baina animazio munduan, modu anekdotikoan sartu zinen...
Bai, kasualitate itzela izan zen. Hizkuntzak betidanik gustatu zaizkit asko. Neuronak gazte nituen artean hizkuntza zail bat ikasi behar nuela pentsatu, eta errusiera ikasten hasi nintzen. Oso irakasle ona nuen. Nik behar nuena hitz egitea zela-eta Moskura bidali ninduen, bere lagunen etxera. Sergei Sramkofskirekin bizitzen egon nintzen sei hilabetean. Eta Sergei animazio zinegilea da, oso ona. Berak parte hartu du, esaterako, "The Simpsons" edo "Rugrats» marrazki bizidunetan. Eta hain justu, bere enpresan hasiberrientzat ikastaro bat antolatu zuten. Urte bat edo bitan egin zitekeen ikastaroa, baina nik itzuli beharra nuenez, buru-belarri sartu nintzen. Zerbait gaizki irteten bazitzaidan, kapaz nintzen gau osoa lanean emateko, ondo atera arte. Sei hilabetean amaitu nuen ikastaroa. Horrek ikasleen artean susmo txarrak suspertu zituela iruditzen zait. Oraindik sobietar mentalitatearekin zebiltzan eta, jakina, egun batean bai, baina hurrengoan ez ziren azaltzen lanera. Nik erritmo guztiz ezberdina neraman eta lana kendu nahi niela-edo pentsatuko zuten.

Zer irakatsi zizueten ikastaro horretan?
Oso ona zen, itzela. Urteak joanda ere, eta nire ikasleekiko esperientziarekin, konturatu naiz metodologia aldetik zer ondo dagoen pentsatuta. Konparatu dut Estatu Batuetako lagunekin, irakasle direnekin, eta sistema guztiz kontrakoa da.
Mendebaldean ikastaro guztiak pertsonaietatik abiatzen dira. Lehenengo pertsonaiak menperatu behar dira, garrantzia handia emanez marrazketari eta lineari. Gero pertsonaia horiek mugimenduan jarri behar dituzu, istorio bat osatuz. Aldiz, Errusian aurkitu nuen sisteman, garrantzitsuena mugimendua da, mugimenduaren fisika. Erreparatu behar duzu elementu bat zerez egina dagoen, zer pisu daukan, zer dentsitate daukan... eta horren arabera nola mugituko litzatekeen. Ateratzen dituzun etekinak ez daude erabat osatuta, ez dira istorio bat, ariketa soilak dira. Baina prozesu horretan zure neuronek ulertu dutena, gero nahi duzun kasura aplika dezakezu.

Zure filmetan prozesu osoa zuk egiten duzu, hasi sormenetik eta produkzioraino.
Sormen aldetik, artista lanarekin zerikusi gehiago daukate nire filmek, zinearekin baino. Egile bakarreko lanak dira. Ez daude marrazkiekin eginda; harearekin, fotokopiekin, edo jendea eskaneatuta eginda daude, eta prozesu osoa neuk kontrolatu behar dut.
Produkzioa ere zergatik hartu nire gain? Zuk pelikula bat egin eta beste batek produzitzen badu, gero pelikula berea delako. Pelikula beti da produktorearena, zinea industria baita.
Pozik nago, asko ikasten duzulako paper kontuez. Hasieran atzerakoa ematen du, batez ere letratakoak garenontzat. Ez zara batere ziur sentitzen, pentsatzen duzu gauzak gaizki egiten ari zarela, eta gainera halaxe da, hanka sartzen duzu askotan. Madrileko Kultura Ministeriotik bitan bidali didate gutuna esanaz diru-laguntza kenduko didatela, paper bat falta zelako. Gainera Ministerioan ez zuten sinesten nik egiten nuenik lan guztia. Pentsatzen zuten bateren bat kontratatuta edukiko nuela, deklaratu gabe. Hainbat buelta eman behar izaten ditut, ziurtagiriak-eta lortzeko.

Gogoeta batetik abiatzen zara beti. Zein dira kezkatzen zaituzten gaiak?
Gehien-gehien kezkatzen nauten gaiak, niretzat gairik gogorrenak direnak, ez dira nire filmetan agertzen ditudanak. Ez naiz kapaz horretarako. Artistak agertzen du, agertu ahal duena. Aukeratzen ditudan gaiak beti dira kezkatzen nautenak, amorrua ematen didatenak, baina ez gaixotzerainoko amorrua. Alegia, gai pertsonalik inoiz ez dudala landu (gainera ez dut uste inori interesatuko litzaizkiokeenik). Gizarte gaiak dira normalean, injustizia batez ere. Jakina, une bakoitzean aukeratzen duzun gaia bereziki ukitzen zaituelako da, alegia, zure bizitza pertsonaleko une horri lotuta dagoela.

Emakumezkoak dira zure pertsonaia guztiak.
Hori kontzienteki hartutako erabakia da. Konturatu nintzen, ikasleei istorio bat idazteko eskatuz gero, beti pertsonaia gizonezkoa hautatzen zutela. Horretan hankarik ez sartzeko, nire pertsonaiak beti emakumezkoak izango zirela erabaki nuen.
Gero konturatzen zara horrek beste joko bat ematen dizula. Publikoa ere ohituta dagoenez pertsonaia gizonezkoa izatera, zuk pertsonaian emakumea jartzen badiozu beste irakurketa bat ere egiten du, eta jada beste konnotazio edo paralelismo batzuk sortzen dira. "Pregunta por mi" pelikulan, esaterako, ez du garbi esaten, baina imajinatu daiteke pertsonaiari gorputz atal bat kendu diotela, bere baimenik gabe (organo trafikoari buruzko pelikula bat da). Pertsonaia emakumezkoa izanda, sortzen da bortxaketaren paralelismoa, abortuaren paralelismoa... Eta irakurketa horiek publikoak egiten ditu, nik ez nituen aipatu ere egin.
Egoera berean emakumezko pertsonaia jarrita asko aldatzen da istorioa; problematika bikoiztu egiten da. Esaterako, inmigrazioari buruzko filmetan beti kontatzen da gizonezko etorkinaren istorioa. Eta pentsatzen dut emakumezkoa izanda etorkinek askoz ere arazo anitzagoak izango dituztela: kale gorrian egin behar badute lo arrisku gehiago dute, lana topatzeko ere zailagoa da, umeak badituzte askoz ere gogorragoa da... Ariketa polita da imajinatzea, literaturako pertsonaia ezagunak (esaterako, Oliver Twist) emakumezkoak izango balira, zer ezberdinak izango liratekeen beren abenturak.

Hareazko teknika sarri erabili izan duzu. Azaldu ezazu nola egiten den.
Kristalezko mahai bat duzu; azpialdean argia jartzen zaio, eta gainaldean kamera. Argia alboetan ere jar daiteke. Eskukada bat hondar bota kristalezko mahai gainera, eta pintzelekin, zepilo txikitxoekin, zotzekin-eta hondarra apur bat mugitzen zoaz, eta aldiro argazkia ateratzen diozu. Lan egiteko oso modu interesgarria da, arreta osoa eskatzen baitizu. Kafe bat hartzera joaten bazara jada galdu egiten duzu erritmoa, ez dakizu non zindoazen. Lan saioek oso luzeak behar zuten izan, batzutan gau osokoak. Bestetik, hanka sartze bat eginez gero, berriz ere hasiera-hasieratik egin behar duzu plano osoa. Eta gainera, akatsetaz, errebelatu ostean konturatzen zara, eta faktura berdin-berdin ordaindu behar duzu. Lehenengo produkzioak teknika honekin egin nituen, eta hanka sartzeetan gasturik ez egiteko kontu handiz ibili behar nuen, filmeen aurrekontu oso merkeak aurkeztu bainituen Madrilen. Eta nik uste horregatik eman zidatela subentzioa. Hirugarren filma egin nuenean, "Haragia", Kultura Ministerioko batek halaxe esan zidan: "joño, jada ez dituzu hain pelikula merkeak egiten!".

Zein da hemen film laburren egoera?
Aluzinazio efektu bat gertatu da, basamortuan oasia ikusten denean bezala. Azken hamar urteotan boom bat egon da. Hainbat zine eskola sortu da eta unibertsitateetan ere zinea ikasteko aukerak sortu dira. Bestetik, Amenabarren kultura dago. Amenabar garrantzia handikoa izan da, jende askok esan baitio bere buruari: "nik hori egin nahi dut". Jarrera hori oso ona da. Lehen inork ez zuen amesten; gaur hurbilago daukagu. Teknologia berriek ere asko lagundu dute film laburrak jendeari eskurago jartzen. Bestetik, film laburrak egiten ari den jendea telebistaren belaunaldikoa da. Ikus-entzunezko lengoaia barneratuta daukate guztiz. Askoz errazagoa zaie gauzak irudi bidez kontatzea, hitzez baino (asko dira irakurtzeko ohiturarik ez duten zuzendarien kasuak).
Boom bat egon da, beraz. Laburmetraia oso onak egin dira gainera. Baina industria, industria da. Eta industriak kortsea dauka, hemen urteetan ez delako azpiegiturarik sortu. Are gehiago, azpiegituran atzera egin da. Belaunaldi berrian jende piloa dator, oso prestatua, baina hemen ez da egongo guztientzat lekurik, inor ez delako arduratu industriari astindu bat emateaz. Bestetik, egun indarrean dagoena entretenimenduko zinea da. Agur zine europarra, eta agur zine intelektuala, gogoetak egiteko moduko zinea.

Ez duzu zinemagintza lanbide bihurtu nahi izan. Zergatik?
Bost ume ditut. Ni etxekoandrea naiz. Eta petralkeria honetatik ateratzen nauena sorkuntza da. Bizitza petrala baita: umeei bazkaria eman, borrokan aritu, "jantzi anoraka"... bizimodu hori, amaren lana, oso gogorra da. Petralduta uzten zaitu, eta askotan pertsona moduan zalantza asko dituzu. Hortik ateratzeko nire leihoa sorkuntza da. Noiz edo behin zerbait idazten badut, edo sortu, edo pelikularen bat egin, jada salbatu nau. Nik uste berdin tontotzen zarela luzemetraiak bata bestearen atzetik eginda. Eta gehien gustatzen zaizuna jada lanarekin lotzen baduzu, zer gelditzen zaizu biziraupenerako?
Irakaslea naiz eta asko gustatzen zait klaseak ematea. Izugarri. Arrunkeriatik salbatzen nauen beste gauza bat da, hain justu, inoiz ikasleren bat oso ona irten eta disfrutatu egiten duzula bera hain liluratuta ikusita berak egindako lanarekin.

Aurrera begira zer proiektu dituzu?
Karpetan gauza asko ditut, hasita gainera. Baina seme txikienarekin orduak igaro behar ditut. Oso interesatuta nago CD interaktiboetan, eta programatzen ikasten nabil. Behar bereziak dituzten umeei irakurtzen irakasteko CD interaktibo bat sortu nahi dut. Irakurtzeko zailtasunak dituztenentzat metodo bat erabiltzen da, baina kartulinekin-eta egina da. Hori formatu egokiago batean jarri nahi dut, programa interaktibo batek askoz aukera gehiago zabaltzen baititu.
Programatzen ikasteak, maila pertsonalean beste aurkikuntza bat ekarri dit: matematikena. Txikitatik izan ditut arazoak matematikekin. Baina bestetik beti erakarri izan naute, beti iruditu zait matematikek badutela halako misterio bat, nik zabaldu ezin izan dudana. Programaziorako matematika aplikatua behar da. Eta konturatu naiz ona naizela horretan! Orain ulertzen ditut gauzak eta erabiltzen ditut. Niretzat aurkikuntza bat izan da.

Seme txikiarekin orduak igaro behar dituzula esan duzu. Helburu profesional handiak dituzten gizonek, sarri ez dute planteatzen familiagatik noraino eraman nahi duten arlo profesionala eta noraino ez...
Gizajoak, horrela hezi dituzte eta horrela eskatzen zaie. Euren bizimodua guztiz eskizofrenikoa da, nire ustez, banatu egiten dituztelako alor profesionala eta alor familiarra. Eta ezin dira banatu, elkar baldintzatzen dute. Baina kontuz ibili behar dugu emakumezkook, hori gerta ez dagigun. Horretan aurrera joan beharrean atzera joango garela iruditzen zait. Ez dut esaten bata bestearen aurretik jarri behar denik. Norberak ikusi behar du, baina kontuan hartu behar dira biak.

Curriculuma
Jaio: Caracasen, 1962an.
Bizi: Larrabetzun.
Animazio esperimentaleko zinegilea.

Ibilbidea
-Arte Ederrak ikasi zituen, ikus-entzunezko komunikabideetan espezializatuz.
-EHUko Arte Ederretako irakaslea da.
-Moskuko Piot Estudioan hasi zituen animazio ikasketak. Gasteizko Diseinu Zentroan animazio kurtsoak egin ditu.
-1995ean animazio zineko produkzio-etxea sortu zuen, «Begoña Vicario» izenekoa.
-Espainiako Zine Akademiako kide da.
-»Euskal animazio-zineari buruzko ikuspegi bat» liburua argitaratu du, Emilio de la Rosarekin batera.

Filmak, zinean
- »Geroztik ere» (1993).
- «Hara-Hona» (1994).
- »Zureganako grina» (1996).
- «Pregunta por mí» (1996).
- »Haragia» (1998).

Sariak
- Beste askoren artean (Bilboko edo Gasteizko Jaialdietakoak, kasu), 1997an jasotako Goya saria aipa daiteke, «Pregunta por mí» lanak jaso zuena, animazio laburmetraiarik onena izendatuta.

Intuizioa.
»Inondik espero ez nuela hil zen aita, jatetxe batean afaltzen ari zela. Gorpua ikusteko aukera eman ziguten. Ez nuen sekula usteko gorpua ikusi nahiko nuenik, baina instantean behar hori sentitu nuen. Ez nuen ulertzen zer gertatu zen, eta agurtzeko behar nuen ikusi. Une hartako erabaki hark asko lagundu dit gerora. Intuizioa «instanteko arrazionalizazioa» dela irakurri nuen behin. Ez dakizu zergatik, oraindik prozesu hori ez duzulako bizi izan, baina badakizu hori egin behar duzula, arrazionalizazioa egin duzu. Bizitza guztian mugitu naiz intuizioarekin, eta eskertu egin behar dizkiot neure buruari intuizioz egindako mugimenduak.

Lagunak eskaneatu zituenekoa
«Nire azken filma, ‘Haragia’, gorputz atalak eskaneatuta osatu dut. Horrela egin den beste filmarik ez dut ezagutzen. Propio aukeratu nuen eskanerra, zainak, poroak, ileak, dena ateratzen duelako. Oso haragizkoa da.

Lagunak ‘erre’ nituen! Nire etxean elkartu, biluztu, eta orduak eta orduak ematen zituzten eskanerraren gainean, posturaz milimetro bat mugitu eta irudiak ateratzen, sekuentzia osoa egin arte. Ni ere lagunekin batera biluzten nintzen, injustua iruditzen baitzitzaidan eurak orduetan hozten eduki eta ni jantzita egotea. Lagunak galtzeko bidea dirudi, baina harremana asko estutu zen. Arratsaldeak biluzik ematea, eskanerrarekin filma bat egiten, polita izan zen».

Bertsoa

Doinua: Xagutxo Batzuekin bizi naiz


Etxea da bizitza
baten alderdia
eta lana askotan
beste aurpegia
pentsatu arren dena
dela gehiegia
agian beharko du
hala, alegia:
ezin delako bizi
bizitza erdia.

Animazio zine esperimentala Euskal Herrian
«Fenomeno oso kuriosoa da hain herri txikian mota honetako hainbeste artista egotea. Euskal Herria erreferente garrantzitsua da animazio zine esperimentalean.
Antzeko zinemagintza egin duten artistak badira Valentzian, Bartzelonan, Galizian edo Andaluzian. Baina batetik, han oso gutxik egin du lan formatu handian. Horrek tontakeria dirudien arren, nork bere lanean konfiantza baduela erakusten du. Alegia, ez dela zerbait anekdotikoa, ‘probatzeko egina’, produkzio lan serioa baizik; arriskua dago eta nahita egin dira filmak, oso garbi edukita zer nahi genuen egin. Bestetik, hemen erabili izan diren teknikak izugarri anitzak dira».


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


2024-04-28 | Julen Azpitarte
Gangster maritxuen banda

“Gay azpitestuak beti hobetzen du film bat”
Quentin Tarantino

Juan Dos Ramos idazle eta Alex Tarazón ilustratzaile valentziarrek Gangsters Maricas: Extravagancia y Furia en el cine negro (Gangster maritxuak: nabarmenkeria eta indarkeria zine beltzean)... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude