Razmik Panossian: «Diasporako askok ez du armeniar iraun nahi, asimilatuta bizi dira»

  • Razmik Panossian (Beirut, 1964) armeniarra da, Libanon jaio arren. Diasporako semea. Hamabi urte zituela Kanadara jo zuen haren familiak eta Londresen eta Toronton jardun du ikasten lehenengo eta unibertsitate irakasle gero. Armeniar diasporak egun duen ikertzailerik handiena da.

2003ko uztailaren 27an

Euskal Gizataldeen III. Mundu Batzarra egin zen Gasteizen uztailaren 14tik 18ra. 150 lagun bildu ziren bertan, 19 herrialderen ordezkari. Aurreko lau urtean egindako lanaren balantze egin zuten bertan diasporako arduradunek eta hurrengo lau urteetarako egitasmoak bideratu. Bide horretan argi emaile, beste zenbait diasporaren berri eman zuten hiru adituk: Irlandako diasporaz ari izan zen Patrick O'Sullivan; juduaz, Alberto Spektorowski, eta armeniarrez Razmik Panossian, hitzaldi argigarria egin zuen aditua.



Zenbat armeniar dira herrialdetik kanpora?
Bost bat milioi gutxi gorabehera. Egia esan, ez dago zehatz jakiterik. Armenian, berriz, bi edo bi milioi eta erdi. Orain dela hamar urte, hiru milioi eta erdi ziren Armenian, eta beste hiru milioi eta erdi atzerrian. Baina azken hamar urtean jende gehiagok aldegin du Armeniatik, ekonomiaren egoera eskasagatik. Sobietarren trantsizio osteko kontuak dira. Ekonomiak erreka jo zuen eta armeniarrek erbestera jo zuten, Errusiara batik bat. Baina diasporaren hasiera mende batzuk atzerago dago.



Horietarik zenbat dira armeniar komunitatearen partaide?
Ez dago jakiterik. Armeniarrek ez dute elkarterik osatzen, ez ditu inork zerrenda ofizialean ezartzen, ez dute erregistro-agiririk. Ezin, beraz, jakin zenbat diren. Diote, 800.000 eta milioi bat artean daudela Ameriketako Estatu Batuetan, horietarik 400.000 Los Angelesetan. Horiek bai, eskolak dituzte, komunitate-etxeak, lobby ekintzak... baina, zenbatek eman duen izena jakin nahi izanez gero, ez dago erantzunik, armeniarrak libre duelako sarrera bertan. Nahikoa du bertara joan eta esan: "Zer edo zertan lagundu nahi nuke". Ezin zenbakirik eman, hortaz. Euskaldunek ez bezala. Gu gutxi gorabehera ari gara, kopuruetan bederen. Atzera AEBetara joz, seguru da 100.000 armeniar gogotik saiatzen direla, oso dira aktibo; beste berrehun-hirurehun mila, berriz, erdipurdi: noiz edo noiz diru-laguntzak ematen dituzte, funtzioetara joaten dira, eskutitzak idatzi eta egunkari eta aldizkarietara bidaltzen dituzte...



Zein da armeniar diasporarik handiena?
Kopuruz, Errusian dago: bi milioi armeniar dira bertan. Baina, erakundetzeari dagokionez, eta diruz, AEBetakoa.



Diasporako armeniarren gainean ari gara eta, zein dituzte identitateari eusteko arrazoiak?
Zail da erantzuten. "Zergatik iraun nahi dute armeniar?". Egia esan, askok ez du armeniar iraun nahi, ez du identitateari eusteko asmorik. Asimilatu egiten dituzte eta kitto. Gurasoak armeniarrak zituztela esango dute, baina ez dituzte bere buruak armeniartzat jotzen. Iragana ahantzi nahi lukete. Baina mundua mundu denetik, beti izan da talde bat identitateari eutsi diona. Askotan, errekonozimendu modua da. Badakite galduak direla ezagutzen ez badituzte. Gizarte txikia osatzen baduzu, euskaldunak eta armeniarrak bezala, askoz ere gogorrago eusten diozu zure identitateari. Gizarte handiko partaide baldin bazara, ehunka milioi baldin badira zure identitate bereko, askoz lasaiago biziko zara, identitatea galduko duzun beldurrik gabe. Horixe da arrazoiaren parte bat: "Eusten ez badiogu, desagertu egingo gara. Gure kulturari eta historiari eutsi beharra daukagu". Horixe da lehen arrazoia.



Kulturari begiratzen ez diotenek, zertan egiten dute indar?
Politikan, dudarik gabe. Identitateari eusteko bigarren arrazoia. Zenbaiten arabera, armeniar identitatearen atalik garrantzizkoena ez da kultura, baina politika: injustizia nozitu duelako konbentzimendua du zenbait jendek, genozidioa jasan duen jendea, Ama Lurretik erbestera bidalitakoa... eta, oraindik, ez da ezer egin kalte handi hori konpontzeko. Horien ustez, oraindik inork ez dio armeniar herriari barkazioa eskatu, inork ez du ezagutu nahi genozidioan lagundu zuela, are gehiago, ukatu egin dute. Turkiako gobernuari buruz ari dira, jakina. Kulturaren aztarnak galdu dituenak, hizkuntza galdu duenak, elizara joateko ohiturarik ez dutenak... politikara jotzen dute identitateari eustearren, armeniar izaten irauteko.

Zenbateraino da garrantzizko armeniar eliza identitateari eusteko?
Erabatekoa. Izan ere, bakarra da armeniar eliza. Are, eliza nazionala da, independentea, burujabe; kulturaren zein historiaren ikuspegitik nazio-eliza da. Armeniarrei dagokienez, identitate etnikoa, nazio-identitatea eta erlijio-identitatea erabat loturik daude. Armeniarren %90 armeniar eliza apostolikoko kide dira; eliza ortodoxokoak, alegia. Azpiegitura globala du elizak, eta bi oinarri: bata Libanon eta bestea Armenian. Eta sare globalean loturik daude, erlijiotik haratago. Armeniarrak non, hantxe eliza, kultur-etxe baita, biltoki... Komunitate txikira jota ere, hantxe ikusiko duzu armeniar eliza... XVII, XVIII, XIX. mendeetan, berriz, diaspora globalik ez zen garaian ere, noranahi joanda ere eliza jasotzen zuten armeniarrek, eta huraxe zuten babes eta bilgune. Bertara jotzen zuten armeniarrek. Identitatearen oinarri-oinarri izan da eliza.



Kultura, politika eta eliza, diasporako armeniarren identitatearen hiru zutabe...
Badago laugarren bat ere: Ama Lurraren egoera, hau da, Armeniak laguntza behar duela. Independente den arren, ekonomi-egoera larrian dago Armenia, sobietarren osteko prolemak ditu batetik, Adzerbajan-eko gerra, nazionalisten arteko kalapitak... horiek denek diasporari eragin diote. Diasporako armeniarrek ardura ez bazuten ere, Armeniara begira bizi beste erremediorik ez dute izan, lurrikara izan delako, edo nazionalisten mugimendua, edo sobietarren osteko trantsizioa, ekonomiaren egoera... Diasporakoek Armeniari lagundu behar diotela sentitzen dute.

Hizkuntzari eusten saiatu dira diasporako armeniarrak?
Galdera horrek korapilo asko ditu. Hizkuntza bakarra da, alfabetoa ere berezia. Eta, zinez, alfabetoaren sinbolismoa handia da. Dena dela, diasporan, askok galdu egin du hizkuntza, gazteek bereziki. Ez dute armeniera hitz egiten, besterik baizik: Frantzian, frantsesa; AEBetan eta Ingalaterran, ingelesa... Eztabaida amaiezina da: zenbateraino da inportante armenieraz jakitea? Badakit AEBetako euskaldun askok ez duela euskaraz batere hitz egiten, ezta gaztelaniaz ere, ingelesez hitz egiten dute baina, hala ere, bere burua euskalduntzat baldin badaukate komunitateak onartu egiten ditu. Jakina, beti esaten da: "Hizkuntza baldin badakizu, hobeto, literatura irakurri ahal izango duzu eta zeure historia ere hobeto ezagutuko duzu". Eztabaida ez da amaitu. Duela 30-40 urte jendeak esango zuen baietz, diasporakoek ere armenieraz jakin behar zutela. Baina soziologiak dio hizkuntza diasporaren ezinbesteko ezaugarri jartzeak diasporarik gabe utziko gintuzkeela. Beraz, bihurria da kontua.



Armeniera estandaraziturik dago?
Armeniera klasikoa bat da denentzat. Armeniera modernoak bi dialekto ditu, mendebaldekoa eta ekialdekoa. Armeniako armeniarrek ekialdeko dialektoa hitz egiten dute batik bat; diasporakoek, mendebaldekoa. Elkarri ulertzen diote, baina arraro egiten du. Ezberdina dute ortografia eta ahoskera, baina bat bera dute alfabetoa, eta hizkuntzaren muina ere bera da. Sinboloaren indarra du hizkuntzak. Are indar handiago du, sinbolo den aldetik, alfabetoak. Eguneroko hizkuntza izateari dagokionez, diasporan ez da hain garrantzizko. Armenian, jakina baietz, armenieraz hitz egiten dute denek, eta errusieraz.



Ezagutzen dudanaren arabera, antzeko da AEBetan. Euskara eguneroko hizkuntza izan zuten lehen belaunaldiek, baina aspaldi galdu zuen gure hizkuntzak estatus hori...
Guri dagokigunez, posta elektronikoa gure hizkuntza desegiten ari da. Ez dago armeniar teklatu bat bakarra -teklatu estandarrik esan nahi dut-, eta, ondorioz, jendea idazten hasten denean zoratu egiten da, eta ingelesera pasatzen da, edo frantsesera. Edo armenieraz idazten du, ingeles alfabetoaren arabera...



Mundu Batzarrean gazteriaz jardun dute bereziki. Zertan dira gazteak armeniar diasporan?
Gazteak gazte dira nonahi. Komunitate guztiek dute gazte erakundea, eta gazteentzako egitasmo bereziak. Helburua da, gazteak komunitatearen parte izan daitezen, ideia hori haien buruan sartzea. Jakina dagoela zatiketa gazte eta zaharren artean, ezin du bestela izan. Era ezberdinean lan egiten dute. Zenbait gaztek ez du ardura eta asimilatu egiten dituzte. Zera ere gertatzen da gazteetan: nerabe direnean, ez dute ezberdin izan nahi eta, aldiz, hogei urteko direnean, erroetara itzultzen dira, komunitatera: gizarte lanetan parte hartzen dute, dantzetan... Bestalde, armeniarrak bata bestearekin ezkontzeko bideak bultzatzen dira, kultura eta hizkuntza ondorengoetara dezaten... baina ezkontza mistoak dira gehienak. Dena dela, eslogana dute komunitateetan: "Gazteak ekarri behar ditugu". "Gazteak dira etorkizuna". Torontoko Unibertsitatean, adibidez, armeniar ikasleen taldea eraturik dago... Baina zein bere kasa ari da tokian tokian.



Armeniar ikasketak bultzatzen dituen instituziorik bada inon?
Zenbait unibertsitatetan bai, badira zenbait sail armeniar ikasketak lantzeko. AEBetan hamasei unibertsitatetan direla esango nuke. Armeniar ikasketak lantzen dituzte diasporan, hau da, kultura, historia, literatura, baina ez, zuzen, diasporari buruzko gaiak. Badira ikerketa institutuak diaspora aztertzea helburu dutenak, baina ez dute askorik egiten. Armeniarrak genozidioa burutik ezin kenduta bizi dira eta huraxe aztertzera jotzen dute. Diaspora ez da aztergai behinena. Londresen bada Armeniar Institutua izenekoa, sortu berria, eta horrek bai, diaspora ikertzea du helburu, bere baitan eta besteekin konparazioak egitea. Baina Renoko Euskal Ikerketen Zentroaren antzekorik ezer ez.

Zein dira armeniar eta euskal diasporaren arteko berdintasun eta ezberdintasunik handienak?
Ezberdintasun handiena, diru bilketa. Armeniarren kasuan, diasporak berak biltzen du dirua, borondatez, eta Ama Lurreko estatuari laguntzen dio. Euskal diasporan alderantziz da. Bestalde, euskal diasporak badaki non den Ama Lurra, Euskal Herria; armeniarrei dagokienez, hori ez da jakina, askoren Ama Lurra Turkia ekialdea baita egun eta hor ez dago armeniarrik gehiago, genozidioa izan baitzen eta diasporakoak ezin itzuli dira arbasoen etxera. Antolatzeari buruz, euskal diaspora egituratuago dago, izen-emateak eta beste. Armeniarretan, askoz dezentralizatuago, barreiatuago dago, eta positiboa iruditzen zait. Diaspora, bestalde, kultur sortzaile da Armeniaren kasuan: armenierazko lehen liburua diasporan argitaratu zuten; armenierazko lehen Biblia, diasporan; alderdi politikoak, diasporan lehenago, Armenian bertan baino -jakina, Armenia errusiar inperioaren mende zegoen, Armenia independenterik ez zen-. Gainerakoan, berdintasun asko dituzte bi diasporak: nola definitu identitatatea, gazteak komunitatera ekarri nahia, hizkuntzaren galera... Alde horretatik, kezka berdintsuak. Bi diasporetan borondatez egiten du lan jendeak. Gurean, lobby-ak indar handiago egiten du politikan. Halaxe izan zen euskaldunetan ere Francoren garaian, herria askatu nahi zuten. Gero, aldatu egin zen hori. Armeniarretan, ondoko Estatuek genozidioa aitor dezaten nahi dute, eta hori ez da gertatu oraindik.

III.Mundu Batzarra: ezti bidaiaren amaiera

Duela zortzi urte egin zuen euskal diasporak lehen biltzarra: Euskal Gizataldeen Mundu Batzarra. Gasteizen egin zen eta bertan egin dira harrezkeroko biak ere. Lehenengo, abiatzea izan zen. Elkar ezagutu, nork bere herrialdean euskaldun irauteko egiten zuenaren berri eman eta bata bestearen babesean bide berriak urratzen hastea. Eusko Jaurlaritzarekiko loturak bideratu ziren eta diasporako euskaldunen arteko harremanak ere bultzatu zituzten Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritzatik. Argitalpenak sustatu zituzten eta, teknologia berrien aroan, ordenagailuak bidali zituzten diasporako komunitateetara harremanak erraztearren. Euskal etxeen errolda ere jarri zuten martxan, diasporako komunitateetako euskaldunak nola-hala identifikatzeko, gazteekin lan egiteko...


II. Mundu Batzarrak -orain lau urte-, galdera utzi zuen airean. William A. Douglass irakasleak egin zuen kongresuaren atariko sarrera-hitzaldian: "Nora goaz?". Alegia, diasporaren etorkizunaz ari zen, diasporako euskaldunaren identitateaz globalizazioaren aroan, Jaurlaritza eta diasporaren arteko harremanez... Batzarrean inor ez zen haserre izan. Aurreko kongresuan agindutako harreman sarea indartu zuten hala Jaurlaritzak nola diasporako euskaldunek, aurrera egiteko lehen oinarria baitzuten.


2003ko III. Mundu Batzarrak heldutasuna ekarri du. Harreman sarea sendoturik da, solaskideak identifikaturik daude, izen eta aurpegi ezagunak dituzte eta lanean ari dira. Bestelako kezka eta galderak aztertzeko aldia izan dute borondatez lan egiten duten ordezkari diasporakoek. Kezka nagusi bi: batetik, nola ekarri gazteak euskal etxeetara? Bestetik, zein dira euskaldunaren identitate ezaugarriak? Galdera horien erantzuten laguntzeko asmotan, euskal diasporakoek gogaide izan dituzte armeniar, irlandar eta juduen diasporako aditu zenbait. Akademikoen aroa izan da, unibertsitate giroko gogoetak egiten ikusi du bere burua Euskal Herritik erbestera jo zuen emigranteak. Gazteria dela eta, bi diaspora indartsuenetako ordezkariek -AEBetakoek eta Argentinakoek- bidea zabaldu dute. Geroak esango du bi herrialdeetako ereduak beste 17etarako balio duen, baldin eta gazterik bada gainerako herrialde horietako euskal etxeen inguruan.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude