Armeniar ikasketak bultzatzen dituen instituziorik bada inon?
Zenbait unibertsitatetan bai, badira zenbait sail armeniar ikasketak lantzeko. AEBetan hamasei unibertsitatetan direla esango nuke. Armeniar ikasketak lantzen dituzte diasporan, hau da, kultura, historia, literatura, baina ez, zuzen, diasporari buruzko gaiak. Badira ikerketa institutuak diaspora aztertzea helburu dutenak, baina ez dute askorik egiten. Armeniarrak genozidioa burutik ezin kenduta bizi dira eta huraxe aztertzera jotzen dute. Diaspora ez da aztergai behinena. Londresen bada Armeniar Institutua izenekoa, sortu berria, eta horrek bai, diaspora ikertzea du helburu, bere baitan eta besteekin konparazioak egitea. Baina Renoko Euskal Ikerketen Zentroaren antzekorik ezer ez.
Zein dira armeniar eta euskal diasporaren arteko berdintasun eta ezberdintasunik handienak?
Ezberdintasun handiena, diru bilketa. Armeniarren kasuan, diasporak berak biltzen du dirua, borondatez, eta Ama Lurreko estatuari laguntzen dio. Euskal diasporan alderantziz da. Bestalde, euskal diasporak badaki non den Ama Lurra, Euskal Herria; armeniarrei dagokienez, hori ez da jakina, askoren Ama Lurra Turkia ekialdea baita egun eta hor ez dago armeniarrik gehiago, genozidioa izan baitzen eta diasporakoak ezin itzuli dira arbasoen etxera. Antolatzeari buruz, euskal diaspora egituratuago dago, izen-emateak eta beste. Armeniarretan, askoz dezentralizatuago, barreiatuago dago, eta positiboa iruditzen zait. Diaspora, bestalde, kultur sortzaile da Armeniaren kasuan: armenierazko lehen liburua diasporan argitaratu zuten; armenierazko lehen Biblia, diasporan; alderdi politikoak, diasporan lehenago, Armenian bertan baino -jakina, Armenia errusiar inperioaren mende zegoen, Armenia independenterik ez zen-. Gainerakoan, berdintasun asko dituzte bi diasporak: nola definitu identitatatea, gazteak komunitatera ekarri nahia, hizkuntzaren galera... Alde horretatik, kezka berdintsuak. Bi diasporetan borondatez egiten du lan jendeak. Gurean, lobby-ak indar handiago egiten du politikan. Halaxe izan zen euskaldunetan ere Francoren garaian, herria askatu nahi zuten. Gero, aldatu egin zen hori. Armeniarretan, ondoko Estatuek genozidioa aitor dezaten nahi dute, eta hori ez da gertatu oraindik.