«Herria moduan jarduten eta erantzuten ikasi behar dugu»


2003ko uztailaren 06an
Azal iezazkiguzu, arren, Herria 2000 Eliza elkartearen jatorria eta bilakabidea
Herria 2000 Eliza kristau elkarte herritarrek eta Euskal Herriko Apaizen Koordinakundeak sortu zuten. Elkarte haiek ideologikoki eta espiritualki burututako hainbat saioren ondorioa gara. Ordutik hona gure elkartearen esparru soziala zabaldu egin da. Herria 2000 Eliza izen bereko aldizkaria, adibidez, ez da klerikala edo erlijioa praktikatzen dutenentzat egina. Ikuspegi askatzaile batetik egina den aldetik, edozein pertsonari eskainia da. Elkartea, halaber, Euskal Herriko gatazka politikoa konpontzeko bideak bilatzen konprometitua da.

Nola laburbilduko zenuke elkartearen izaera?
Gurea boluntarioen lana da, ez dugu enpresa egiturarik, 30 bat lagun gara. Sei ale edo zenbaki plazaratzen ditugu urtean, beren gaiak monografikoak izaki. Gure indarrak mugatuak dira eta ezin diogu egunerokotasunari jarraitu. Gizarteko gaiak sakonki jorratzen ahalegintzen gara hala ere, gatazkaz eta biolentziaz haratago doazen gaiak. 25 urteetan irauteko gaitasuna izan dugu, gure lana aintzat hartua izan da. Ez da gutxi, beraz.

Euskal gatazkari irtenbide bat aurkitzeko foro bat burutzen ari zarete aurten. 6 ekitaldietatik lau egin dituzue, beste biak uda ostean burutuko dira. Zergatik foro-ekitaldi andana hau?
25. urtemugaren ospakizunaren barnean beste ahalegin bat burutzea otu zitzaigun. Foro honen bidez, herrian dauden irizpide eta jarrera ezberdinak bildu nahi ditugu. Elkarrizketa eta komunikazioa erraztu nahi ditugu herri proiektuak artikulatzeko. Proiektu guztiak elkarrekin aztertu eta soluziobideak plazaratzen saiatzen ari gara.

Zer balantze egiten duzu egindakoaz?
Gu gustura gaude etorritako gonbidatuekin, partaidetza txukuna izan da, galdera-erantzun asko eta komunikazio zabala izan da. Interesa piztu dugu.
Ez dugu mundua aldatu jakina, ezta Euskal Herria ere. Baina, elkarri entzutea eta errespetatzea posiblea dela ikusi dugu. Jarrera hori erakutsi nahi dugu, guztien planteamenduak aintzat hartzea posiblea dela. Jakina, guk proposatu lanak gehiago landu eta zehaztu behar dira. Foroetan bildutakoa liburuetara eramanen dugu, lehenengoan lehen bi foroetakoa bilduko dugu.

Pertsonalki ondorioren bat atera al duzu?
Bai. Euskal Herria herri moduan funtzionatzen eta erantzuten ikasi beharko genukeela, baina badirudi horretatik oso urruti gaudela. Gure herrian, zoritxarrez, alde bakoitza bere bidetik doa eta oso zaila da gaiak elkarrekin lantzea. Zaila da bakoitzak besteari diferentziak agertzea eta bide berriak iradokitzea. Gu, hala ere, bide horiek urratzen saiatzen ari gara.

Ibarretxeren Normalizazio Politikorako eta Elkarbizitzarako proposamenaz eta honen alternatibei buruzko ekitaldiek zer inpresioa utzi zizuten?
Proposatu ziren galderak kontuan hartuta, hainbatek Ibarretxeren proposamena mesfidantzaz ikusi zuen. Hau da, proposamenaren aukerak alde batera utzita, proposamena bera burutuko ote den zalantza ageri zen. Esaterako, Ibarretxek berak baldintzak jarri ditu proposamena gauzatzeko. Batetik, adibidez, biolentziarik gabeko egoera. Hori nola lor dezake, ordea? Biolentziarik gabeko egoera nekez lortuko da alderdien arteko sukaldeko lana egiten ez bada. Bestalde, biolentziarik gabeko egoerak ETAren biolentziarik gabeko egoera esan nahi duela dirudi. Gainerako biolentziak ere badaude ordea.
Bestetik, Ibarretxek aipatu duen erreferenduma egiteko Madrilgo Kongresuak baimena eman behar du. Berak baimen hori izan ezean ere egingo dela esan zuen. Ezetza jasotzen badu, noraino joateko gauza izango ote den ikusteko dago. Proposamen honen alternatiben artean, berriz, denetarikoak daude. Erronka garaian gaude.

Lurraldetasuna eta lurraldeak Euskal Herrian izan da azken gaia. Zer azpimarratuko zenuke?
Tomas Urzainki, Joseba Agirreazkuenaga, Manex Gohienetxe eta Jose Luis Orella Unzue historialariak bildu ziren. Azken hirurek, historiak ez duela alferrik aurrera egin eta Euskal Herria lurralde ezberdinetan dagoela kontuan hartu gabe ezin dela funtzionatu esan zuten. Lehena ezberdindu zen besteengandik. Urzainkiren ustez, hori egia izan arren, egoera hori herri honen konkista eta okupazioaren ondorioa da. Hori kontuan hartu gabe, herri bezala nekez funtzionatu dezakegula gehitu zuen. Puntu honetan dira alderdi politikoen arteko diferentziak. Batasuneko Goirizelaiak Euskal Herriak bere osotasunean jardutea proposatu zuen, horretarako lurraldetasun proiektu politiko bat garatuz. Gainontzekoek herrialdeka aritzeko premia nabarmendu zuten. Batasunak ez du esaten herrialde bakoitzak bere nortasuna ez daukanik, baina ea proiektu komun bat garatu ote daitekeen eztabaidatu nahi du. Lurraldetasunaren gaiari dagokionean, puntu horrek bereizten ditu alderdi politiko abertzaleak.

"EAJ iaioa da legea betetzen"
EAJ iaioa da legea betetzen
»
Estatuko fiskalak kereila ezarri die Juan Mari Atutxa, Gorka Knörr eta Kontxi Bilbaori, Sozialista Abertzaleen (SA) Taldea ez desegiteagatik. Nola ikusten duzu auzia?

Jaurlaritzak bere burua defendatu behar du. Zer gutxiago, ezta? Jaurlaritzak bere funtzionamendua defendatzea onargarria eta txalogarria da. Baina noraino joateko prest dagoen ez dakigu. Sorpresa litzateke Jaurlaritzak jarrera hori bururaino eramatea. EAJ iaioa da legea betetzen, desobedientzia ez da bere ikurra, nahiz eta euskal herritarron borondatearen kontra izan. Orain jokoan du bere sinesgarritasuna, baina Estatuak ere bai. Nik susmoa dut auzia ez ote den hauteskundeak burutuz amaituko, horrela SA eliminatuko lukete eleganteki eta fiskaltzaren arazoa hutsean geldituko litzateke.

Nolako etorkizuna ikusten diozu ezker abertzaleari?
Batasuna legez kanpo ezarrita, klandestinitatea eta gerra espero zuten. Ezker abertzalearen aldetik ordea, parte-hartze publikoa hobetsi da. Betiko ezker abertzalea bere buruaren jabe da, ez du proposamen politikoak egiteko gaitasuna galdu. Alde horretatik begiraturik, AuB eta antzeko ekimenak ezinbestekoak dira, baina eurak diren bezala, bere ezaugarri propioekin, eta ez kanpotik nahi duten modura. Abertzale eremua hainbat esferetan zatituta dago, eta betiko ezker abertzaleari -Batasunaren ildoan joan denari- ezin diogu eskatu besteen modukoak izatea.
Herria 2000 Eliza gatazkaren irtenbidea autodeterminazioaren eskubidea onartzea dela konbentzituta dago, sasi-irtenbideek ez dutela balio. Betiko ezker abertzaleak hori proposatzen du. Arazoa da nola egituratuko den eta ea kapaz den instituzioetatik kanpo lan egiteko. Urteak eman zituen hainbat instituzioetatik kanpo eta besteek eskatu zioten instituzioetara joatea. Orain, instituzio guztietan ari zenean erasorik latzena etorri da, bere karguak leku guztietatik erauziak izaki. Bere karguek erantzuteko gaitasuna erakutsi dute ordea, besteek espero ez zuten moduan. Batasuna debekatu ostean kristorenak eta bi gertatuko zirela uste zuten, aldiz, proiektu politikoa eta parte-hartze publikoa lantzea hobetsi da. Itxaropentsua naiz eta sektore honen parte-hartzea funtsezkoa ikusten dut.


ASTEKARIA
2003ko uztailaren 06a
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude