SOZIALISTA ABERTZALEAK ETA BATASUNA


2003ko maiatzaren 18an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Batasunaren ilegalizazioaren ondoren, ez dira gutxi Espainiako Auzitegi Gorenak bideratu dituen neurriak, besteak beste herriko taberna eta beste ondasun batzuen aurka eta Batasunaren izenean hautatuak izan ziren hautetsi taldeen aurka. Horrez gain, Ameriketako Estatu Batuek Batasuna bere terrorista zerrenda ospetsuan sartzea lortu du Jose Maria Aznar Espainiako gobernuburuak.

Baltasar Garzon epaileak, ustez Batasunaren ondasunak liratekeenen aurkako hirugarren auto bat eman zuen argitara joan den astean, bertan dioenez Haikak egindako kale borroka ekintzen ondorioz sortutako kalteordainei aurre egiteko. Orain arte Garzonek 109 kontu korronte, lau auto, hiru garaje, lau egoitza, industri areto bat, 75 herriko taberna eta 209 bat etxebitza eta areto bahitu dizkie ezker abertzaleko erakunde desberdinei. Laster, beraz, herriko tabernen itxiera has daiteke eta horrek ere tentsio ugari sortuko du, ezker abertzaleko kideek egoitza eta tabernak defendatuko dituztelako eta seguruenik zeregin hori Ertzaintzaren bizkar utziko delako. Dena den, ondasun hauen bahitura gabe ere, agian administrazio judiziala ere ezar diezaieke, nahiz eta formula hori korapilotsuagoa den, eskatuko lukeen administrari kopuru handiagatik.

Sozialista Abertzaleei lotuta, hauteskunde kanpainan egon daitekeen auzirik entzutetsuena Eusko Legebiltzarrekoa da. Desegingo ote da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Sozialista Abertzaleen taldea? Taldea bere horretan mantentzen bada, beteko al ditu Madrilgo Gobernuak bere mehatxuak gatazka juridiko-politikoa piztuz? Esperpentoraino ere irits gaitezke gai honekin: kartzelaratuko ote dute Juan Mari Atutxa Legebiltzarreko lehendakaria desakatoagatik? Espainiako Auzitegi Gorenak gaia aztertzen jarraituko duela iragarri du, baina oraingoz HB, EH eta Batasunaren taldeak desegin behar direla dio, Sozialista Abertzaleen taldea aipatu gabe. Apirilean, ostera, Sozialista Abertzaleen (SA) taldeko kideak lehenago aipatutako alderdi horien izenean hautatuak izan diren edo ez ikertuko zuela jakitera eman zuen, eta hala balitz taldea desegin beharko litzatekeela adierazi du.

2002ko irailean, Garzon epaileak Batasunaren jarduera eten ondoren, hautetsi taldeak ere talde gisa desegin behar zirela agindu zuen, baina erabakia erakunde desberdinen esku utzi zuen. Eusko Legebiltzarrak Baltasar Garzonek halakorik ezin zuela egin erantzun zuen, Eusko Legebiltzarra bere erabakietan burujabea dela eta bere araudia erabiliz bakarrik desegin zezakeela talde parlamentario bat. Gutxi gora behera orain Legebiltzarreko Mahaiak erantzun berri diona Espainiako Auzitegi Gorenari, gaineratuz botere judizialak Konstituzioak defendatzen duen botere banaketa urratuko lukeela Eusko Legebiltzarrari Sozialista Abertzaleen taldea desegitea aginduko balio. Laburbilduz, ez duela halakorik onartuko.

2002ko udazkenera itzuliz, Baltasar Garzonek Estatuko fiskal nagusi Jesus Cardenalen esku utzi zuen Eusko Legebiltzarreko Mahaiak taldea desegiteari buruz emandako ezetza, delitu aztarnarik balego neurriak hartzeko. 2002ko azaroan emandako jakinarazpenean, Cardenalek Eusko Legebiltzarreko agintarien aurkako neurririk hartzea baztertu zuen. Honako argudio nagusiak erabiltzen zituen horretarako: talde parlamentarioak eta alderdiak, Alderdien Legeak berak onartzen duenez, ez dute lotura juridikorik (hautatu dituztenen ordezkariak dira, ez alderdiarenak); juridikoki, ez da alderdia talde parlamentarioa sortzen duena, parlamentarioek erabakitzen dute taldea eratzea, parlamentario gisa duten eskubideetako bat erabiliz; taldearen desegitea erabaki beharko balitz, Legebiltzarrak berak erabaki beharko luke horretarako duen araudia erabiliz. Bere ustez, beraz, ez zegoen deliturik, eta orain Legebiltzarreko Mahaiak Estatuko fiskal nagusiak bere garaian zer zioen gororarazi dio Auzitegi Gorenari.

PPren Gobernuak argi du taldea desegiteko agindu judizialak egon badaudela eta hauek bete ezean neurriak hartuko dituela. Legebiltzarreko Mahaiak, aldiz, orain arteko jarrera berretsi zuen hilaren 7an. Bide horretatik jarraituz, Euskal Herriko aditu ugarik botereen arteko talka iragartzen dute, demokrazia batean botere gatazkaren aurrean legegileak judizialaren aurrean duen lehentasuna azpimarratuz, lehena herritarren burujabetzaren ordezkari zuzena delako. Batasunaren ustez, Madrildik presio handia egiten bada, Legebiltzarrak azkenean amore emango du. Hala ere, Batasunan pentsatzen da PPren Gobernuak topatuko duela moduren bat EAJ gehiegi ez presionatzeko eta talka hori benetan eman ez dadin.

Jose Manuel Castells: "Parlamentua herriaren erreferentea da, epaileek beren burua baino ez dute ordezkatzen"
Nola baloratzen duzu Espainiako Auzitegi Gorenak AuBren eta herri plataformak baliogabetzeko hartutako erabakia?
Batetik legalitatea dago, Alderdien Lege berrian oinarritua. Legeak alderdi baten desegitea azaltzen du, baina kasu honetan modu irregularrean erabili dute. Legearen II. Xedapen Gehigarriak Batasuna beste alderdi berri politiko bat bihurtuko ote zen edo berau ordezkatuko zukeen beste bat antolatzea aurreikusten zuen. AuB edota herri plataformak, kasu.

Espainiako Gobernuak Batasuna alderdi modura berrantolatzea espero zuen, nik uste. Xedapen Gehigarriak plataforma hauen egituran eta funtzionamenduan Batasunaren antzekotasunik baldin badago edo lehenago Batasunarekin harreman izan duten pertsonak baldin badaude desegin behar dela dio. Batasuna desegin duen Auzitegi Gorenak berak, AuB eta herri plataformak 24 orduko epean desegin behar izatean irregulartasuna burutu du. Izan ere, epe honetan ezin izan dute 241 herri plataforma taxuz aztertu eta horretarako poliziaren txostena besterik ez dute baloratu. Legeak egituretan izan daitezkeen antzekotasunak aipatzen ditu: pertsonen antolakuntza eta funtzionamendua, finantzazioa... Baina, kasu honetan, Barne Ministerioaren ordenagailuetatik ateratako txosten polizialak dioena baino ez da kontuan hartu.

Bestalde, zer iritzi duzu Eusko Legebiltzarrean Sozialista Abertzaleak taldea desegiteko Auzitegi Gorenak emandako aginduaz?
Batetik, alderdi bat eta talde parlamentarioa bereizi egin behar dira, ezin dira biak parekatu. Bestetik, Auzitegi Gorenak ezin du parlamentuaren arduretan sartu. Parlamentua herriaren ordezkoa da, epaileen gainetik dago. Demagun Gorteetako diputatu batek bere emaztea hiltzen duela, sumario bat ireki beharko litzaioke bide penaletik, baina prozesatzeko erreguzko eskaera bat egin behar litzaieke Gorteei. Diputatuen Kongresuak ez badizu baimen hau ematen pertsona hau etxera doa lasai asko. Espainiako Parlamentuaren bortxaezintasuna, independentzia eta subiranotasuna agerikoak dira. Eusko Legebiltzarrak berdin izan beharko luke.

Nola defendatu dezake Eusko Legebiltzarrak eskuduntza hau?
Juridikoki ez dago formularik. Botere eragilea eta legegilearen arteko gatazka bat ebazteko legeak badaude, baita epaile eta ministroen arteko tirabirak edo administrazioen artekoak ebazteko ere, baina parlamentuaren eta epaileen arteko tirabirak daudenean ez dago aurreikusia.

Zein izan behar du Eusko Legebiltzarraren jarrerak?
Ageri denez, zuzenbidearen bidetik interpretazio ezberdinak dira legea aplikatzerakoan. Baina Konstituzioak berak dioenez, parlamentua herriaren erreferentea da, epaileek beren burua baino ez dute ordezkatzen, epaileek botere eragilea kontrolatu behar dute. Zer egin dezakete, parlamentua desegin?

Juan Mari Atutxa Numantziako defentsan bezala ari da, eutsi egingo duela ematen du. Jesus Cardenal fiskal buruak berak, heterodoxo ez dena, arrazoia ematen dio gainera.

Juan Mari Atutxa: «Gure herritarren eskubideen kontrako eraso baten aurrean gaude»
Batasuna legez kanpo gelditu ostean eskaera berezia jaso du Eusko Legebiltzarrak. Zein da Legebiltzarreko mahaiaren jarrera?

Garzonek joan den urrian bidalitako auto biren aurrean mahaiak agertu zuen jarrera bera. Jarrera hau mahaiaren gehiengoak onartuta izan zen. Gure zerbitzu juridikoek horri buruzko txosten bat idatzi zuten. Akordio hori onartu bezain laster Madrilgo Gobernuaren ordezkari gorenek eta hedabideek gu prozesatzea eskatu zuten. Hori dela eta, Garzonek Cardenal fiskalari erabaki honi buruzko txosten bat eskatu zion. Cardenal gure ikuspuntuarekin ados zegoen eta Garzonen eskaerari erantzun zion guri arrazoia ematen. Antza, Garzoni ez zitzaion txostena gustatu. Irakurri bezain laster txostena Cardenali bueltatu zion, baina ezin izan zuen erabaki honengatik inor prozesatu.

Auzitegi Gorenak Sozialista Abertzaleak taldearen inguruko informazioa eskatu dizu. Zer deritzozu?

Guk legeak betetzen ditugu beti. Auzitegi Gorenak erabat publikoak diren datu batzuk eskatu dizkigu eta bidaliko dizkiogu.

Auzitegi Gorenak Eusko Legebiltzarraren aurka jarduera judizialak ireki litzake. Zer jarrera hartuko zenukete?

Gure erakundeak defendatuko ditugu beti. Gure subiranotasunaren aurrean eta herritarren eskubideen kontrako eraso baten aurrean gaude. Legearekin bat, gure eskubideak eta duintasuna defendatuko ditugu.


Eusko Legebiltzarra subiranoa izaki, printzipioz epaileek errespetatu beharko lukete bere erabakia.

Guk botere banaketan sinesten dugu. Printzipio horren kontrako eraso baten aurrean gaude. Zuzenbide Estatuan epaileen ardura legeak aplikatzea da. Arlo horretan nagusiak dira. Legebiltzarrek legeak egiten dituzte. Epaileak arlo horretan ezin dira sartu. Hori da eztabaidaren funtsa. Gure kasuan Legebiltzarreko talde baten bat disolbatzeko Eusko Legebiltzarreko lege bat, bere araudia dena gainera, aldatu behar dugu. Aldaketa hori onartzeko legebiltzarkideen erabateko gehiengoa behar da. Epaileek ezin dute agindu lege bat egiteko ala bestea aldatzeko. Hori da muga. Eta ez dago horretan sartu daitekeen epailerik.


Azkenak
Hernaniko Txosna Batzordea: “Faxismoari eta arrazakeriari bidea itxiko diegu”

Hernaniko San Joan jaietan magrebtarren kontrako eraso gehiagoren berri eman dute Hernaniko Txosna Batzordeak eta Amher SOS Arrazakeriak. Salatu dute herrian asteak daramatzatela "jarrera, gezur eta ekintza antolatu arrazistak" bizitzen, eta ohartarazi dute: "Hau... [+]


Fermin Leizaolaren mundu interesgarriak

Donostia, 1960. Fermin Leizaola 16 urteko gazteak San Telmo Museoan zegoen Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkaritzara jo zuen, bertako Espeleologia Sailean aritzeko prest.  

Ez zen San Telmora egiten zuen lehen bisita izan; 1975eko ekainean Zeruko Argia-rekin... [+]


Lurra eta konpromisoa ardatz, Bizkaiko hamar emakume baserritarren historia kaleratu dute

Maribi Ugarteburuk, EHNE Bizkaiaren enkarguz, herrialdeko hamar emakume baserritarren bizi historiak batu ditu Erein, Borrokatu, Bizi liburuan. Azken mende erdian Hego Euskal Herrian nekazaritzan eta abeltzaintzan izandako gertaerak bizi izan dituzten emakumeak dira protagonista.


2025-06-27 | Hala Bedi
Agurain eta Legasako ArcelorMittal enpresako langileek greba mugagabeari ekingo diote uztailaren lehenetik aurrera

Zuzendaritzak aurkeztutako Enplegu-erregulazioko espedientea (EEE) atzera bota eta "irtenbide bat bilatzeko negoziaketak hasteko helburuz", Agurain eta Legasako ArcelorMittal enpresako langileek greba mugagabeari ekingo diote.


LGTBIQ+ Komunitatearen Nazioarteko Egunaren bezperan, “sexu askapena eta harrotasuna” aldarrikatu ditu EHGAMek

Argitaratutako oharrean, EHGAM Euskal Herriko Sexu Askapen Mugimenduak ohartarazi du "faxismoa eta ideia faxistak" zabaltzen ari direla mundu mailan, eta "erresistitzeko prest" daudela: "Beldurra baino askoz handiagoa da sentitzen dugun amorrua". 


EHUn kitxuaz, komunitate indigenen erresistentzia aldarrikatzeko

María del Cielo Galindo Puyalek EHUn Master Amaierako Lana aurkeztu du ostegunean, ekainaren 26an. Galindok kitxuaz hitz egin du epaimahaiaren aurrean, Boliviako emakume indigena meatzarien parte-hartze politikoaz. Lana kitxuaz eta gaztelaniaz idatzi du, eta bere anaiak... [+]


'Missa Solemnis'
Bihotzetik zeruraino

Beethovenen 'Missa Solemnis'

  • Taldeak: Bilbao Orkestra Sinfonikoa (zuzendaria: Nuno Coelho), Bilbao Koral Elkartea (Enrique Azurza) eta Iruñeko Orfeoia (Igor Ijurra).
  • Bakarlariak: Mira Alkhovik (sopranoa), Nerea Berraondo (mezzoa), Michael Porter (tenorea)... [+]

Baztango Udalak “euskal errepublikaren parte” dela erabaki du

Aurrez, Plentziak, Alkizak eta Gernikak euskal errepublikaren parte izatea erabaki zuten. Baztanekin, dagoeneko Euskal Herriko lau herriek hartu dute erabakia.


'Artxibo biluzia'
Memoria indibiduala, memoria kolektiboa eraikitzeko

Artxibo biluzia
Nor: Intza Alkain eta Javi Barandiaran (Metrokoadroka).
Non: Lemoako Kotxepin aretoan.
Noiz: ekainaren 2an.

-------------------------------------------------------

Lemoan independentzia eguna ospatzen ari dira. Kotxepin kultur etxearen alboan,... [+]


Adin txikikoak dituzten Gasteizko bi familia kale egoeran geratzeko arriskuan daude

Duela urtebetetik duen aldi baterako harrera proiektua eten diote familia bati, eta bestea joan den astean etxegabetu zuten, inolako jakinarazpenik jaso gabe. Auzoan Bizi etxebizitza sareak agerraldia egin du ostegunean Txagoko Komunitate Sarearekin eta Federico Baraibar... [+]


2025-06-27 | Xuban Zubiria
Bretoiera eta Bretainiako kultura sustatzen zuen Breizh kooperatiba itxi dute

Bretainiako adierazpide musikal zein literarioen sustatzaile eta banatzaile nagusia izan da Breizh kooperatiba. Ia zazpi hamarkadetako ibilbidean ehunka egile bretainiarren lanak editatu eta ekoitzi ditu, horietako hainbat bretoieraz.


Frantziako Estatuak EEPn 100.000 euro gehiago inbertituko ditu, baina helburuetatik urrun

Maider Behotegi Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) lehendakariak inbertsio handitze guztiak berri onak direla adierazi zuen iaz. Hala ere, erakunde bakoitzak gutxienez 300.000 euro gehiago ipintzea "beharrezkoa" dela nabarmendu zuen, helburua 2050ean hiztun kopurua... [+]


Ed Rojas
“Trans legea onartu dute, baina zer gertatzen da identitate ez-bitarrekin?”

Tramite burokratikoetan murgilduta dago Ed Rojas. Kolonbian jaio eta bizi, 2022an Ikasketa Feministak eta Generokoak Masterra egin zuen EHUn. Baina titulua amaitu eta hiru urtera, ez du lortu bere izenean jasotzea. Arrazoia? 2022an ez-bitar markagailua jarri zuen bere... [+]


Azken hamar urteetan %21 jaitsi dira iktus kasuak Nafarroan

2009tik 2023ra izandako iktus intzidentziak jaso ditu Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuak. Iktusa izan duten nafarren %84k arrisku faktoreren bat zuen.


Eguneraketa berriak daude