NIRE IRITZIZ...


2003ko maiatzaren 11n
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Noizean behin, artikuluren bat edo beste idazten dudanean beti zalantza bera datorkit burura: serio, hausnarkor eta sasi-orojakile moduan idatzi, ala pixka bat ziniko, erdi ironiko eta laurden luze batean umorean murgilduta aritu. Edozein modura ere iritzia iritzi da, eta apalegia izatea sarritan harroputzaren seinalea denez, nik nirea eman izan dut beti. Hori bai iritzi guztiak ez dute balio bera, eta badirudi mundu guztiak izan dezakeela iritzia orotan; delarik politikan, kulturan, gastronomian edo dinamika termonuklearrean, berdin du, -aizu, barkatu, nire eritzia da, eta guztiak bezalaxe errespetagarria-, kontxo, hori esan eta hamalaua baino lasaiago geratu ohi da asko eta asko. Horregatik kazetaritzan aritzen garen asko eta askok -eta zer esan tertuliaren batean egonez gero- denetik dakigu, eta gainera ikaragarri, eta beti daukagu azken zurrumurrua ezeztatzen duen zurrumurrua, eta behagune objektiboa, eta xakelari onak bezala, hurrengo jokaldiaren ondoren datorrenaren hurrengoa ikusteko eta hausnartzeko gaitasun paregabea. Bai zera! Pentsa bai guk hori horrela dela, baina behin baino gehiagotan pilota txapapera!, kale.

AUTOESTIMA ikaragarria izateaz gain geure buruaz eta lanbideaz barre egiteko, edo umore pixka batez hartzeko, gaitasun eskasa erakutsi ohi dugu gehienetan. Eta gizartea, jendea (orain modan dagoen ISO delakoaren terminoa erabiliz, gure «bezero jaun-andereak» horiek hartzen gaituzte umorez, eta sarritan barre ederrak bota gure kontura ere bai, edo alderantziz, gure «eritziak» direla eta, goizeko kafesne bedeinkatua kontrako eztarritik joanarazi, eta egun erdia bihotz-errearekin pasa behar izaten dute. Dena den, ekitatiboa izateko, eta lankide askorekin gaiztoegi joka ez dezadan, esan dezadan bestaldean ere, hau da, kalean, etxean «bezeroen artean» badela oso ezpezimen arriskutsu bat gurea bezain aspergarria, «tertuliano edo artikulista frustratua», une oro telefonoa edo luma hartu eta beti iritzia eman behar duena, eta noski beste guztiok baino gehiago dakiena, eta antroponimo soilaren anonimatoan gordeta -Barakaldotik Pepito edo Zegamatik Antoñita- «kristonak eta bi» botatzen dituena.

Beraz eta guzti honi lotura eman nahian, eritzi guztiek (parkatu baina ez naiz ohitzen hitz honetara, nire etxean beti eritzia edo eretxia esan baita) balio bera al dute? Bakarrik gai batzuetan? Eta balio bera ez badute ere, guztiak al dira errespetagarriak? Adibidez: Barakaldoko Pepitok (izen berdinarekin jarraitzeko) deitzen du tertulia batera, edo idazten du gutun bat periodikora esanaz «Ibarretxek gaizki gobernatzen duela herri hau». Konforme, bere iritzia da. Minutura badator Zegamako Antoñita (bis) eta dio «inoiz izan den Lehendakaririk onena dela eta inoiz baino hobeto ari dela». Konforme, beste iritzi bat. Puntu honetaraino badirudi ados gaudela bata zein bestea balio bereko bi iritzi direla, besteak beste oso orokorrak direlako. Baina demagun, Ogasun sailburua ari dela hitz egiten iruzur fiskalari aurre hartzeko neurriez, eta deitzen du Pepitok edo Antoñitak, eta dio bere iritziz beste bide batzuk direla egokiagoak eta administrazioak ez duela ezer egiten iruzurraren aurka. Oraingoan ere balio bera al dute Pepito edo Antoñitaren iritziek eta sailburuarenak? Iritzia gauza bat da, baina zientzialari ezagun batek zioen bezala, hegazkin bat nola gidatu behar den erabakitzeko pilotuak ez die iritzirik eskatzen bidaiariei (txarrena da eskatu ezkero, bateren batek eman egingo lukeela!). Beraz, non dago iritziaren muga, gai intangibleetan bakarrik, edota beste zabalagoetan ere bai? Nire irakasle batek esaten zuen ausardia ezagutza baino handiagoa denean sortzen direla arazoak, batez ere politikan (bada, kazetaritzan, are gehiago) eta gizartean eguneroko ogia dugu hori, zoritxarrez.

ETA azkenik errespetagarritasunaren kontua dator. Iritzi guztiak al dira errespetagarri, ados ez egon arren? Kasu honekin luzera joko genuke, eta demokraziaren mugak leudeke jokoan. Beraz kontu hau beste baterako utziko dugu. Ziurrenik Pepitok eta Antoñitak honi buruz ere badute beren iritzia, nola ez ba!


Azkenak
Eguneraketa berriak daude