URRETXU ETA ZUMARRAGA


2003ko apirilaren 13an
Bandoen gerraren garai latzetan, boterea, herriak eta lurralde gehiago eskuratzeko asmoz, Ahaide Nagusien borrokak nagusitzen zirelarik agertu ziren Urretxu eta Zumarraga historian. Zonalde hau Lazkaoko jaun oinaztarraren eta Gebarako jaun ganboatarraren arteko liskarren lekuko izan zen eta ondorioak pairatu zituen. Gauzak horrela eta Lazkaoko jaunaren fideltasuna irabazteko, Enrike erregegaiak Zumarragako monasterioa jaunari ematea deliberatu zuen 1366an. Zumarragako biztanleek Lazkaoko jaunaren kontrolpetik ateratzeko zenbait saiakera egin zuten eta horietako batean Gaztelako Juan I. erregeak Urretxuri emandako Hiribilduaren Karta lortu zen 1383an.

Geroxeago, bai Zumarraga eta bai Ezkio herriak Urretxuri gehitu zitzaizkion, Lazkaoko jaunaren kontrolpetik irteteko asmoz, hain zuzen ere. Hala ere, anexio hauengatik Urretxuk zenbait auzi izan zuen Segurako hiriarekin.

1658an Urretxuko sutea gertatu zen eta mende bat geroxeago ospetsuak bilakatu ziren Zubiberriaren eraikuntzagatik Urretxu eta Zumarragaren arteko liskarrak. XVIII. mendean Konbentzioko Gerra pairatu zuten eta baita Gerra Karlista ere, 1835eko urtarrilaren 1ean Zumalakarregik Urretxu hartu zuenean. XIX mendeak bi herri hauei ekarri zien trenak XX. mendean emango zen industrializazio prozesua hasi zuen. Gerra Zibilaren ondoren, industrializazioaren gorena ezagutu zuten, Esteban Orbegozo enpresarekin. Kanpotik hainbat langile erakarri zen eta bi herrietako biztanleria aldatu eta hazi egin zen.

Urretxu eta Zumarraga herriek badute pertsonaia ospetsu bana. Lehenak kapitulu berezia merezi duen Iparragirre abeslari eta bardoa; Zumarragan aldiz, XVI. mendean Filipinetako konkistatzailea izango zen Migel Lopez de Legazpi jaio zen. Filipinetara abiatu baino lehen, inkisidore eta idazkari gisa lan egin zuen Mexikon. Geroxeago Urdaneta ezagutu zuen, Amerikara Ozeano Pazifikotik itzultzen ahal zenaz konbentzitu zuena. Itzulerako bidean Filipinak kolonizatu zituen, Manila hiria fundatuz.


Herriak bisitatuz

Zumarragan sartu ondoren eta eskuinean Antiguarako bidea utzirik, 1576. urtetik aurrera zatika eraikitako Andra Maria Jasokundearen elizarekin topo egingo dugu. Barruan XVIII. mendeko erretaula aurkituko dugu. Piedad kaletik Zumarragako enparantza arkupedunera iritsiko gara, non gure zain izango dugun Migel Lopez de Legazpiren estatua, udaletxeari so dagoena. Euskadi enparantza da Zumarragako arkitektura zibilaren elementurik nabarmenetakoa. Trenbidea zeharkatuz berriz, Legazpi Etxea bisitatuko dugu orain, Enrike IV.ak jauntxo feudalen etxeak lehen solairutik gora mozteko agindutik kanpo gelditu zena, almenak galdu bazituen ere. Bertan, XIII. mendetik legazpiarren leinua bizi zen, bandoen gerretan gogotsu borrokatu zuena. Familia honetan Migel Lopez de Legazpi jaio zen XVI. mendean.

Kalebarrenetik Urola ibaia zeharkatuko dugu eta Urretxun sartuko gara. Hirigune historikora hurbilduz, baina bertatik kanpo, Areizaga jauregi etxea topatuko dugu, Baroikoa izenarekin ere ezagutzen dena. XVII. mendean eraiki zen eta familiako armarri dotoreak apaintzen du fatxada.

Iparragirre kaletik Urretxuko Erdi Aroko hiribilduan sartuko gara. Iparragirre bera jaio zen etxearen plaka ikusi ondoren, bi oinetxe aurkituko ditugu, Bikariokoa eta Faktorekoa. Iparragirre plazan Corral-Ipeñarrieta jauregi etxea, Iparragirreren estatua eta Tourseko San Martin eliza nabarmentzen dira. Gaur egun, XVII. mendeko Corral-Ipeñarrieta jauregi etxean udaletxea kokatzen da eta eraikin barruan hainbat mihise ikus daiteke. Tourseko San Martin eliza aldiz, hiribilduaren eraikinik zaharrena da, Erdi Aroan eraiki baitzen. Barrualdeko egurrezko ganga da nabarmentzekoa.

Iparragirre kaletik beste bi oinetxe aurkituko ditugu, Galdosenea eta Barrenetxea eta Jauregi kalean gaur egungo kultur etxeko beheko solairuan Mineralen eta Fosilen Museoa dago. Aguado-Goñi familiak Udalari utzitako bilduma erraldoi hau bi ataletan bereizten da. Lehenengoa mineralei buruzkoa da eta bertan mila pieza katalogaturik eta sailkatuta daude. Bigarrena fosilena da, kronologikoki ordenatuta daude eta bost kontinentetako pieza bitxiak erakusten dira. Urtean zehar museoak hainbat ekintza eta ekitaldi antolatzen du, horien artean, Mineralogia eta Paleontologiari buruzko astea.

Hiritik kanpo eta Irimo mendiaren magalean, 1605. urtean eraiki zen Ipeñarrietatarren jauregi etxea dago eta Santa Barbara ermita ere aurkituko dugu, atsedenerako eremu lasaiaren ondoan.

Asteko edozein egunetan nabarmen ikusten da bertako biztanleek ibiltzeko duten ohitura. Bai Antiorako (Antiguako) bidea hartuta edo Irimoko maldatik Santa Barbarara iristeko bidean, beti aurkituko duzue bidearen ertzetik erritmo bizian doan jendea. Zumarragatik Antiora igo diren batzuk Beloki mendia zeharkatuz, Izazpi aldera hurbiltzera animatuko dira, desnibel handiko mendi ibilbidea eginez. Urretxutik Santa Barbarako bidea hartu dutenek agian, Irimo mendiko igoera azkarra eta aldapatsua egingo dute, bertatik Urretxu eta Zumarraga aldeko ikusmira zoragarria gozatzeko asmoz.

Zumarragako Aginaga auzoak Iruarrieta-Izazpi mendilerroan zehar ibilbide luzeak eta interesgarriak egiteko aukera eskaintzen digu bere kokapenarengatik. Gainera, auzo hau Zumarragako baserri ingururik interesgarrienetakoa da eta bertan adibidez, egurrezko fatxada duen arnara ikus daiteke, Ezkioko Igartubeiti baserria gogorarazten diguna.

Aginagatik behin Oletako lepora igo garela, mendilerroa jarraituko duen ibilbide erraza besterik ez zaigu falta. Oletako lepo zabalean Trinitate igandeko erromeri animatua egiten da. Izazpi alderako gure ibilbidean egoera tamalgarrian mantentzen diren zenbait tumulu eta trikuharri aurkituko ditugu, batez ere ibilbidearen bigarren puntu gorena izango den Iruarrieta mendiaren inguruan. Ibilbideko zati gehienetan gas-hodiak sortutako bide zabala jarraituko dugu eta behin Pagotxetako lepoa iragan ondoren, Izazpirako igoerari ekingo diogu. Izazpi mendia Ezkiokoa bada ere, Zumarragako muga gailurretik hurbil geratzen da. Merezi du goraino heltzeak, bailara aldera izango dugun ikusmira ederra baita.

Mendi ibilaldiaren ondoren, Urretxuko Pagoeta inguruan dauden igerilekuek atsedenerako leku bikaina eskaintzen digute, lorategi eremua eta tabernaz horniturik.

ANTIGUAKO ERMITA ETA EZPATA DANTZA
Zumarragako Antiguako ermita, Loiolako San Inazioren Santutegiarekin eta Arantzazuko Andre Mariaren Santutegiarekin batera, Hiru Tenpluen Ibilbide ospetsuaren erregina, "euskal ermiten katedrala", Monumentu Historiko-Artistiko Nazionala izendatuta eta Gipuzkoako erromanikoaren adibide bakanetakoa, gure bisitaren puntu gorena izango da dudarik gabe. Beloki mendiaren magaleko kokapen zoragarriak eta ermita beraren ezaugarri aberatsek Urola Garaiko tokirik garrantzitsuenean gaudela adierazten digute. Antzina, inguruko herrietako biztanleentzat peregrinazio leku inportantea izan zen. Berau izan zen Zumarragako lehen parrokia, Gaztelako Enrike erregegaiak Lazkaoko jaunaren leialtasuna irabaztearren eskaini ziona. 1576. urtean Andre Mariaren Jasokundearen eliza herrian bertan eraiki bazen ere, ezerk ezin izan zion kendu mendetan zehar bertako biztanleek zioten debozioa.

Buruz behera jarritako itsasontzia ematen duen kanpoalde soilak harrituko bagaitu ere, ermitaren barnealdeak ahoa bete hortz utziko gaitu, barrualdean gordetzen baitu ikusgarritasun osoa.

Barne eremua hiru aldetan banatzen da eta harrizko sei zutabeek eusten dute liluratuko gaituen egurrezko sabai erraldoia. Ermitako zurezko lanean indoeuropar kutsuko tailak nabarmentzen dira, hala nola, biribilak, gamma gurutzeak, eguzkiaren eta suaren sinboloak... gure herriaren zeinu astrologikoak, azken finean.

Bestelako erliebe bitxiak ere ikusten dira; gizakiarenak, emakume zapidunenak eta dragoi batena, adibidez. Egurrezko bost irudik zaintzen dute ermita, XV., XVI. eta XVII. mendetako Andra Mariak nabarmentzen direlarik. Herrialde osoan izan zuten gurtza adierazten dute hauek.

Eszenategi paregabea da Euskal Herriko dantzarik zaharrenetako bat erakusteko. Halaxe gertatzen da urtero, ermitaren barruan uztailaren 2an, Zumarragako ezpata dantza egiten da. Jatorri ezezagunekoa da eta gaur egun, eliza barruan egiten den dantza bakarra da. Beraz, altxor etnografikotzat jo daiteke. Santa Isabel egun jendetsuan eta Ama Birjinaren ohorez, hamabi dantzarien taldeko lau kapitainek dantzatzen dute ermitaren barruan, honen ondoren, talde osoak aurreskua eskainiko duelarik kanpoaldean. Iluntze aldean, Antiguan bildutako lagun guztiek txistu eta trikitiaren soinuaz alaiturik "jaitsiera" famatua egingo dute.

Ermitaren inguruan hainbat ipuin eta legenda kontatzen da, jentilak protagonistak izanik eta leku zoragarri hau misterio eta magikotasun eder batez zipriztinduz.

IPARRAGIRRE, GURE BISITAREN LUXUZKO GIDA
Urretxun pertsonaia ospetsurik bada, hori Iparragirre bardoa da. Nork ez du bere kanturen bat abestu edo ahopean kantatu noizbait?

Joan den astean inauguratu zen berari buruzko ikus-entzunezko bat. Ikus-entzunezkoak ordu erdiz Iparragirreren bizipenak azaltzen ditu abestiak tartekatuz eta honen ondoren banatzen den esku orrian, kantautore urretxuarrak berak Erdi Aroko Urretxun barneratuko gaitu, gida lana eginez.

Joxe Mari Iparragirre koblakaria gaur egun bere izena daraman kaleko 8. zenbakian jaio zen, Alzola etxean, hain zuzen ere. Oso gaztea zela Madrilera eraman bazuten ere, handik ihes egin zuen sorlekura itzultzeko eta karlisten alde boluntario gisa sartzeko asmoz. Bergarako Besarkadaren ondoren, Londresera alde egin behar izan zuen, baina handik urte batzuetara Euskal Herrira eta baita Madrilera ere itzuli zen. Hiri honetan abestu zuen lehenengo aldiz Gernikako Arbola obra ospetsua, 1853. urtean, hain zuzen ere. Kanta euskal jendearen artean ospetsua bihurtu zen heinean, agintariek abesti subertsibotzat jo zuten eta horregatik abeslaria Hego Ameriketara kanporatu zuten. Argentinan eta Uruguaien ere kantuak konposatzen jarraitu zuen, 1878. urtean itzulerako bidea hartzea erabaki zuen arte. Ordurako Iparragirre hainbeste sufritu zuen herri honentzako sinbolo garrantzitsua bilakatu zen eta koblakariari merezi zuen begirunea eman zioten Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako Foru Aldundiek, 60 urterekin pentsioa eta diru laguntza emanez.

Iparragirreren bidez islatzen da mendeetan zehar herri honek izan duen espiritu askea, gaur egun, iragana eta oraina ulertzeko lagungarri suertatzen zaigularik.
Hilerrian dagoen "Askatasunaren egarria" izeneko mausoleoa Iparragirreren heriotzaren mendeurrenean eraiki zen, 1981. urtean.

INFORMAZIO PRAKTIKOA
NON LO EGIN:
Urretxu:
- Juana Elgarresta pentsioa
943 72 22 50
Zumarraga:
- Etxeberri hotela 943 72 12 11
- Balentiña pentsioa 943 72 50 41
- Pakita Zabaleta pentsioa
943 72 39 28

NON JAN:
Urretxu:
- Etxaburu 943 72 22 77
- Etxeazpi 943 72 51 56
- Jai-Alai 943 721465
- Navarro 943 72 18 67
- Palacio Oriental (txinatarra)
943 72 52 43
- Santa Barbara 943 72 33 87
Zumarraga:
- Alameda 943 72 29 03
- Aranzabal 943 72 18 98
- Aranzazu 943 72 06 83
- Balentiña 943 72 50 41
- Ezkiotarra 943 72 57 60
- Etxeberri 943 72 12 11
- Iburreta 943 72 72 08 19
- Kabia 943 72 62 74
- Meliton 943 72 11 19
- Rivero 943 72 30 04
- Zelaikoa Elkartea 943 72 46 26


TURISMO BULEGOA:
- Lenbur turismo bulegoa
(Mirandaola Parkea) 943 73 04 28


ASTEKARIA
2003ko apirilaren 13a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Azkenak
2024-04-23 | Euskal Irratiak
Indarrak biltzeko eguna antolatu du Erdiz Bizirik-ek Elizondon

Erdizko meategiaren kontrako plataforma herritarrak aldarrikapen eta besta eguna antolatu du joan den larunbatean Elizondon. Heldu diren asteetan epaiketa ukanen dute Magnesitas Navarra enpresaren kontra. Hain zuzen, auziak eraginen dituen gastuei buru egiteko sustengu... [+]


2024-04-23 | ARGIA
Instagram da EAEko gazteen sare sozial gustukoena

TikTok eta BeReal dira azken urteotan gehien hazi diren sare sozialak. Gazteen artean, %40ak esan du euskara ere erabiltzen duela. Gaztelania 97,9ak erabiltzen du, eta ingelesa %62,4ak. Datuok Gazteen Euskal Behatokiak egindako Gazteak eta sare sozialak. Euskadiko gazteen... [+]


Oskar Zapata (Topagunea)
"Euskarak aurrera egin dezan aliatu berriak behar ditugu"

Nafarroa Garaian euskararen aldeko jarrera gero eta handiagoa izan dadin ildo diskurtsibo berriak proposatu ditu Euskaltzaleon Topaguneak


2024-04-23 | Gedar
Berriz lortu dute Berangoko Otxantegi Herri Lurren hustea geratzea

Apirilaren 18rako zegoen ezarrita desalojoa, eta lurrak defendatzeko asmoz bertaratu ziren hainbat pertsona. Ertzaintza, baina, ez zen joan, eta auzitegiek jakinarazi dute atzeratu egin dutela huste saiakera. Desalojoa gelditzea lortzen duten bigarren aldia da.


Eguneraketa berriak daude