KOMUNIKAZIOAREN SEI SARIAK ARGITUAK

Onintza Irureta Azkune @oirureta  |  Elisabeth Pombo
2003ko otsailaren 02a
Ordubiak alderako ehundik gora lagun elkartu ziren Lasarte-Oriako Txitxardin Beltxa jatetxearen aurrean. Eguraldi freskoak, baina eguzkitsuak, mokadutxoa hartuz, aspaldian agurtu gabekoekin berriketaldia egiteko aukera eman zuen.

Bazkaltzeko ordua helduta, ARGIA Sariak lehen aldiz aurkeztu zituen Xabier Letona astekariko zuzendari berriak. 2003. ekitaldi honetan Joxemi Zumalabe ARGIAko lankide ohiari egin zitzaion aipamen berezia, hamar urte baitira hil zela. Hitzak hitz, bazkaria berehalakoan hasi zen eta horrekin batera 2003ko ARGIA saridunak zein ziren jakiteko gogoa. Postreak ekarri zituen sei sariak: «Lauretan Babel», Euskadi Irratiko saioa (Irratia saria), «Euskal Herria lau haizetara» programa (Telebista saria), «Nabarra» aldizkaria (Prentsa idatzia), «Zabal zabalik» kanpainaren saria jaso zuen Publis agentziak (Publizitate saria), Sareko ARGIA saria berriz, Sustatu.com web logarentzat izan zen eta Merezimenduzko Saria, dagoeneko 40 urte baino gehiago uhinak zabaltzen diharduen Donostiako eta Loiolako Herri Irratiak jaso zuen. Sarituek urtero Antton Mendizabal eskultoreak egin ohi dituen oroigarriak jaso zituzten.

ONGI EGINDAKO LANAREN SEI AITORPEN
Telebista
«Lau haizetara», Euskal Herria zerutik ikusia

Euskal Herria goitik ikusi nahi zuten eta irudi horiek jendearen etxeetaraino eraman nahi zituzten.
Euskal Herria lau haizetara» programa 1999. urteko udaberrian jaio zen. Iñaki Pangua zuzendariak, Ruben Cortijo kamerak eta Santiago Yaniz eta Alberto Santana gidoilariek osatzen zuten hasierako lan taldea, harik eta 2001. urteko maiatzean istripu tamalgarri batek lehenengo hiruen eta Roberto Arenas pilotuaren biziarekin amaitu zuen arte. Arrisku handietara ohituak zeuden: olatuak orrazten zituzten eta lurretik oso gertu egiten zuten hegan, beti ere irudirik ikusgarrienak lortu nahian. Baina ez ziren Jainkoak eta ahalegin horretan galdu zuten beren bizia.
Gaur egun irudi ezezagun eta harrigarriak eskaintzeko lan egiten dutenak EduardoLlorente zuzendaria, Aitor Gisasola errealizatzailea eta Alberto Santana gidoilaria dira.
Santi Uriarte ETBko produkzio arduradunak dio «Lau Haizetara» euskal telebista kateak ekoiztutako dokumentalen artean audientzia gehien lortu duen saioa dela. Agian horregatik eta eskaintzen dituen irudiengatik erosi dute saioa osorik TVC eta Geoplaneta Television kateek.

Prentsa idatzia
«Nabarra» astekaria, apustu ausarta

Duela bi urte, 2001eko apirilean iritsi zen merkatura Nabarra astekaria. Hasiera batean produktuaren zabalkundea Nafarroara mugatu bazuten ere, pixkanaka Euskal Herri osora hedatu dute euren informazioa.
Gontzal Agote Nabarra aldizkariko erredaktorearen ustez, garrantzitsuena zera da, garbi geratu dela gaur egun oraindik komunikabide berriak sortzeko aukera badagoela. Edonola ere, aitortzen du gogorra izan dela, hasiera hasieratik diru laguntza gabe funtzionatu baitute: «Garbi genuen, ez genuela diru laguntzen menpe egon nahi eta ondorioz, ahalik eta autofinantziazio mailarik handiena lortzen saiatu gara».
Gai orokorrak lantzen dituzte eta Agotek dionez kalitate aldetik bi urte hauetanhobetu egin dute.
Hemendik aurrera aldizkaria ateratzeko lan egiten duten sei lagunen helburua produktua finkatzea eta kalitatea hobetzea da, euskal irakurleari ahal den neurrian gauza gehiago eskainiz.

Irratia

«Lauretan Babel» saioa, egindako bidearen emaitza

Asteartetik ostiralera, arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara, edukiz betetako magazina emititzen du Euskadi Irratiak. Susana Mujika, Esther Aizpurua, Nagore Telleria eta Lore Unanuek osatzen dute «Lauretan Babel» saioko ekipoa. Baina horretaz gain, 10-15 kolaboratzaileren laguntza ere badute, «bestela ezinezkoa litzateke horrelako saio bat aurrera ateratzea», dio Estherrek.

Saioa 1999ko urriaren 4an hasi zuten eta harrezkero ez da etenik izan. Horrek ez du esan nahi ordea, aldaketarik izan ez denik. Alde batetik, lan taldea bera aldatu egin da. Susana eta Nagore hasieratik daude, baina Esther 2000. urtean iritsi zen eta Lore berriz, 2001ean. Bestalde, edukiei dagokionez saioak garapen bat izan du. Estherrek argitutakoaren arabera, «orain hasieran baino kutsu informatiboagoa du». Baina oraindik badute arantzatxo txiki bat bihotzean kateatua, jendearen parte hartze zuzena eta berehalakoa lortzea, hain zuzen ere. Horregatik saioaren hasieran entzuleekin harremanetan jartzeko jolas txiki bat egiten dute.
Edonola ere, egindako bidearekin gustura daudela diote, egokia izan baita eta jasotako sariek ere hori adierazten dutela diote. Iazko abenduan «Lauretan Babel» saioak Iparragirre saria ere jaso zuen.

Internet

Sustatu, web log formula euskaldunen artean zabaltzen

Goiena taldeak teknologia berriei ezin zitzaiela muzin egin ikusi zuen eta horrela sortu zen Sustatu web gunea, Goienaren beste adar bat bezala. Duela ia bi urte, 2001eko apirilean, helarazi zen lehen mezua eta harrezkero, albisteak, erantzunak eta galderak etengabeak izan dira.
Hain denbora gutxian web log deritzon formula euskal hiztunen artean zabaltzea lortu dute. Hau da, prentsako irakurleen gutunen ohiartzuna, ideien erakusleiho eta batez ere eztabaidarako plaza bilakatu da. Azken batean Internet erabiltzaileak dira Sustatuk duen informazio iturri garrantzitsuena, beraiek bidaltzen baitituzte albiste bihurtzen diren mezuak, ezen internauten parte hartzerik gabe Sustatu ez bailitzateke gauza bera izango.
Iban Arantzabal Sustatuko editoreak argitu digunez, hasieran komunitatea txikia zenez bertatik lan handia egin behar izan zuten albisteak zabaltzeko eta tresna ezagutarazteko, baina pixkanaka «euskaldunak Interneten idazteko beldurra galdu du. Horrela, web guneak irabazi egin du eta baita albisteak emateko moduak ere». Euskal Herrian web log formula gizarteratu zuten lehenak izan ziren. Baina beren esperientziak fruituak eman ditu, euskal internauten artean erreferente bilakatu baitira. Horregatik, urtarrilaren 24an Argia Saria eskuratu zuten, pantaila txiki batean euskal munduan dauden iritzien aniztasuna jasotzen eta erakartzen asmatu baitute.

Publizitatea


Publis agentzia, txapela kentzeko modukoa

Publis publizitate agentzia EITBren irudi korporatiboaren arduraduna da duela hiru urtetik. Denbora tarte horretan hainbat lan egin du euskal komunikazio taldearentzat, baina ziur gehien ezagutzen dena iaz diseinatutako kanpaina dela. Nork ez du barre egin aiton-amonen aurrean, Euskal Herriko txokoren bateko baserri batean, txapela atzekoz aurrera jartzen duen gaztearen iragarkiarekin?
Publis agentziak sortu eta garatu zuen kanpaina hori EITBrentzat, azken honen euskarazko programazioaren irudia indarberritzeko helburuz.
«Zabal zabalik» da kanpainaren leloa eta igorri nahi den mezua konplexua izan arren, modu erakargarri eta sinplean ematea lortu dute: euskara bizirik dagoen hizkuntza da eta euskaldunak garai berrietara egokitzeko prestatuak gaude.
«Zabal zabalik» kanpainan lehena, oraina eta geroa uztartzea lortu dute, euskaldunon ohiturak mundu zabaleko testuinguruan kokatuz.
Pedro Esnaola Publis agentziako arduradunak dioenez, «inoiz ez dakizu zer nolako erantzuna izango duen kanpaina batek, baina argi dago jendeak ulertu duela, gustatu zaiola eta gainera barre egin duela eta horixe zen lortu nahi genuena, jendearen arreta».

Merezimenduzko Saria

Herri Irratia, 40 urte baino gehiago uhinak hedatzen

Herri Irratia Frankismo garaian sortu zen. 1961. urtetik hona profesionalen harrobi eta habi izan da. Izen handi batzuk joan egin dira, baina beste batzuk geratu, Mariano Ferrer, Karmele Aranburu edo Iñaki de Mujika kasu. Euskararen alde lan asko egin dute, baina jasan behar izan dituzten erasoak ere ugariak izan dira.
1961. urteko otsailaren 2an Loiolako Herri Irratia sortu zen eta 1962ko abuztuaren 15ean Donostiakoa. 1965ean Loiolako Herri Irratia itxi egin behar izan zuten agintarien aginduz eta urtebete beranduago berriz ere emititzen hasi ziren. 1977an lehergailu batek berriro ere isilarazi zuen Loiolako Herri Irratia eta 15 egunetan euskal herritarrek emaniko diru laguntzari esker berriro martxan jarri zen. Baina Frankismo garaiko zailtasunak gainditzen eta euskarari behar zuen lekua aitortzen jakin izan zuen. Esaterako, aipagarria da 1977ko martxoan antolatutako «24 orduak euskaraz» ekitaldia.
Gaurko egunetara etorriz, Gorka Barañano eta Txema Auzmendi zuzendaritza batzordeko kideek Herri Irratiaren etorkizunari begiratzen diote. Apustu garrantzitsuenen artean dute Euskal Herri osora zabalduko den euskal irrati pribatu bat sortzearena. Gaur egun, Herri Irratiaren uhinak Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako zati batera zabaltzen dira. Bestalde, herrialde bakoitzean programazio berezia sortzea eta medio plural eta euskal kulturaren eta baloreen jorratzaile izatea dira Herri Irratiak dituen beste helburu nagusi batzuk

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: ARGIA Sariak

ARGIA Sariak kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEAK
Eguneraketa berriak daude