Paradisua pozoitu zuen onddo nuklearrak Polinesian


2002ko abenduaren 01an
Moruroa e tatou (Moruroa eta gu) elkarteko lehendakari Roland Oldham-en hitzak garratz entzun ziren telebistan: «30 urtetan 193 esperimentu nuklear egin dituzte Polinesia frantsesean, bertako herritarroi iritzirik galdetu gabe. Eta ez dut ulertzen nolaz Frantzia bezalako demokrazia handi batek halako mespretxuz tratatzen gaituen polinesiarrok».

France 2 telebistan eman zuten iraileko gau batez «Paradisuko sekretuan» izeneko erreportajea, euskal herritar gehienek Espainiako Famoso-ene ugarietako edozein tontakeria ikusten zuten orduan. Hunkigarria izan zen han azaldutakoa.
Parisen bilduak ziren Polinesian leherketa nuklearren garaian ibilitako militar beteranoak, nuklear gune haietako langile ohiak eta Moruroa eta Tureia atoloietako biztanleak. Eta beren bilkuretan, han ikusi genituen urrundik etorritako herritar duinak buruzagi zientifiko zaharren eta gaurko politikarien arrapostu txar eta kasik irainezkoak entzuten. Ez zuten gauza handirik eskatzen: lau sosetan konpontzeko moduko arazo batzuk ikustea eta egia jakitea. Zer egin zuen Frantziako armadak 193 leherketa haietan? Zer espero behar dute afektatu gaixoek etorkizunari begira? Sobera, antza, Parisko funtzionario harroputzentzako.

HIROSHIMA X 400, KOLPE BAKARREAN.

210 leherketa nuklear egin zituen Frantziak 1960 eta 1996 artean, eta horietatik gehienak Moruroa atoloian egin zituen, Polinesia frantsesean, Tahiti inguruan; gainerakoak Saharan. Geroztik, leherketa haiek inguruko gizakien osasunean eduki behar zuten eragina ezkutupean gordeta egon da luzaz, baina ondorioak azaldu ahala hasi dira afektatuak mugitzen ere.
Moruroa eta Fangataufatik hurbilen dagoen Tureia uhartetxoan 200era ez dira iristen biztanleak, eta 1999tik 7 pertsona hil dira minbiziak jota. Bertako eta inguruko irletako biztanleak mugitzen hasita -Eliza Ebanjelikoak hor paper garrantzizkoa jokatu du- gai berak ukitutako beste aldeekin egin dute topo. Batetik, Saharan ere ondorioak nozitzen dituzten beste herritarrekin. Baina nagusiki militar ohiekin. Herritar txiroen aurrean harro ageri ziren leherketen garaian militarrak, halako teknologiaren jabe. Gaur, estatuak hankapean erabilita, dakitena kontatu diete herritarrei, oraindik ez dakitena aurkitu nahi dutelako.
Lekukotasunak asko dira. Eta denak latzak. Leherketa guneetan lan egin zuten militarretako asko bretoiak dira, itsas armada zegoelako tartean. Horietako batek, erretretan den Jean-Henry Bouffard militarrak bere egia kontatu die kazetariei. «Bonbetako txarrena ‘Canopus’ izenekoa izan zen eta Fangataufako atoloian lehertu zuten 1968an. Hiroshimakoaren 400 halako. Arrain eta kokotero, dena erre zen. Hegazkinen pista urtu egin zen. Eta nik, 10 kilometrotara filmatu nuen onddoa, galtza motzetan. Leherketa unean 10 segundoz bizkar ematen genion eta kito, hori zen gure babesa».
Ordurako Hiroshimakoaz esperientzia handia zegoen, amerikarrek Bikinin-eta lehertutakoen ondorioak ezagutzen zituzten zientifikoek... baina Moruroa eta Fangataufa ingurukoei ez zien inork ezer esan. «Animalia eta landareak aztertzera leherketa pasa eta ordubete barru joaten ginen. Hidroabioia batzuetan lainoaren azpitik pasatzen zen. Ene lagun pilotu bat min ikaragarrien artean hil zen: hamar urte beranduago, sabel behealdean 3. graduko erredurak atera zitzaizkion!».
Bouffarden kontaketa, aurrera egin ahala, beldurgarriago bihurtzen da. «Pilotu batzuk lainoaren erditik pasatzera bidaltzen zituzten, laginak hartzeko. Mikrouhin bat bezala zen. Lurreratzen zirenean, ilea erortzen zitzaien eskukadaka. Pentsa, edaten genuen urak litroko 100.000 bekerel zituen, geroago Txernobilen aurkitu zen maila bera. Bitartean, haurrak kontent hondartzan jolasean... Gu babesteko hiru metro lodierako beruna eta bost metroko hormigoia beharko ziren!».
Oraindik minbizirik ez duelako kontent zegoen Bouffard militar zaharra. Baina gogoan du bost urtetan haurrik ez izateko aholkua eman ziotela. Geroztik, bere emazteak hamar abortu izan zituen, beste bat hilik erditu eta azkenik alaba normal bat egin eta haztea lortu zuten... hamabigarrenean!

FRANTZIAREN «GRANDEUR»-AREN BIKTIMAK.

Itsasontzietatik begira zeuden militarrek irradiazioen kontrako babes bakarra... eguzkitarako betaurrekoak zituzten! Inguruetako uhartetxoetan bizi ziren herritarrek ezta hori ere: leherketako unean hormigoizko etxola batean sartzen zituzten, eta handik laster denak kalera.
Herrixkako etxola handi batean bilduta ikusi zuten TF2eko erreportajearen zati bat Tureia atoloiko biztanleek. Hartan, salan zeuden zaharrenek askotan kontatutakoa agertzen zitzaien orain frantses guztiei. Adibide bat: 1971ko ekainaren 12an leherketa bat egin eta ustekabean haizea aldatu egin zen, eta ohi ez bezala laino erradiaktiboa beren gainera etorri zen. Han ez zen ez babes eta ez deus. Gero, urte triste haiek nola bizi izan zituzten kontatu zuten telebista kameren aurrean han batzartutako herritarrek. Leherketen urteak... eta zalantzaz betetako hurrengoak.
Azkenean, 80.000 herritar ari dira leherketa nuklear horien guztien ondorioak nozitzen, Aljeriako Saharan eta Polinesian. Horien ordezkariak eta Hiroshimako biktimen elkartekoak joan den abuztuan bildu ziren Japoniako hiri martiri horretan. Eta han aurkeztu zioten munduari, justiziarik oinarrizkoenak kaltetuentzako eskatzen duena: leherketen gunetatik kutsadura desagerrarazi, osasun ikerketa zabal bat egin, artxibo militarrak ireki, militar eta langile ohiei beren dosier medikuak osorik entregatu eta kalte-ordainak erabaki ditzatela.
«Moruroa» bertako hizkuntzan «Sekretuen uhartea» omen da. Horra zein sekretu pozoitua

http://www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude