Zubirik zubi


2002ko urriaren 06an
Noizean behin, guztiok sentitzen dugu ihes egiteko premia, korrika hasi eta guztia -gehiena, bederen- gibelean uzteko beharra. Aspaldi samarretik astean bizpahirutan horixe egiten dut nik, korrika. Azken urteotan, halakoetan Iván Giménez kazetari, idazle, laguna izaten dut alboan. Nekez topatuko nuke konpainia hoberik. Hizlari aparta da -batez ere maldan gora: hausporik gabe nagoela sartzen dizkit ziriak- eta ongi baino hobeki ezagutzen du foru hiriburua, «Iruñeko hiri ibilbidea» bere liburuak argi erakusten duenez. Berak atera ninduen Gaztelu Gibelari bueltaka aritzearen gurpil zorotik. Berak erakutsi dit, besteak beste, lerrootara bildutako ibilbidea.

Iruñearen bihotzetik, Labrit pilotalekuaren paretik abiatu gara tipi eta tapa erritmo mantso samarrean -haurdunentzako footinga egiten dugula esaten ohi du Ivánek-. Euskal pilotaren -diputazioburuak barkatuko dit hitzok elkartzearen atrebentzia- bombonera gibelean utzita, Club Natacioneko aldapan behera egin, eta eskuinetik Media Luna parkera igotzen diren eskailerei jarraitu diegu. Parkeko barandatik, Kontxako paseoko marko konparaezinean bageunde bezala, itsasoari egin diogu so, Iruñeko itsaso txikiari, Uharte aldetik gerturatuta hiriari oinak miazkatzen dizkion Arga ibaiari. Easo Ederrekoa ez izanagatik ere, paisaia ederra da.
Hortik aurrera, behingoagatik, gurutzea hartu dugu erreferentziatzat, urrutian dakusagun Iruñeko Seminarioaren eraikineko aurrealdeko gurutze erraldoia. Giménezek -gizon irakurria eta memoria onekoa- Miguel Sanchez Ostizen hitzak ekarri ditu gogora: "Egun erresuma zaharrean barna topa daitezkeen politika gizon, poeta, agitatzaile, diputadutxo, philosophe asko eta asko pasatu dira eraikin horretatik". Eraikin erdia zaharretxe bilakatu behar dute. Adierazgarria.
Seminariora helduta, garai batean botere faktiko deitzen ziren horiekin jarraituz gure hurrengo erreferentzia Polizia izan da, zehatzago adierazita, Foruzaingoaren garajea. Rafael Gurrea lehendakariorde erregionalistaren esanetan Foruzaingoa "benetako" polizia bilakatzen duten liskarren aurkako furgoneta erosi berriak gordetzen dituen eraikina eskuinean utzita, ekialderantz jaitsi gara. Gero asfaltatu gabeko bidea hartu dugu, Ekialdeko Saihesbidearen paseora heltzeko. Harrizko mugarriak markatu digu norabide egokia. Paseoak Uharteko bidean jarri gaitu. Berehala ezker aldera egiten duen bide zabala hartu dugu, Mendillorri auzo sorberria gibelean utzita. Iváni ez zaio burura etorri inongo idazleren mintzorik. Ni Mario Gabiria soziologo iruindarrak elkarrizketa batean esan zidanarekin oroitu naiz -bana markagailuan-: "Hori bezalako auzo batean guztiak batera ezkontzea, haurrak edukitzea, banantzea, zahartzea baino gauza tristeagorik ez dago".
Iruñeko udalerritik atera gabe, soro artean aritu gara korrika. Burlatako muga iraganda, ibilbideko lehen zubira heldu gara: Burlatako Zubi Zaharra. Hartan Ivánek beste kultur erakustaldi bat egin du -bi eta bat-. Datu sorta mardula bota du arrapaladan. Zubiak puntu erdiko sei begi ditu, bakoitza bederatzi metrokoa. Uholdeek hainbatetan bota dituzte erdikoak, eta, gauzak horrela, soilik ertzetako begiak dira jatorrizkoak. To!
Ivánen jakinduria erauntsiari ezin aurre eginez, aspaldiko pasadizoaz mintzatu naiz. Hamasei urterekin sexu bidez kutsatzen diren gaixotasun horietako bat harrapatu nuen Zubi Zahar horren pean. Iván aho bete hortz geratu da. Hain justu Zubi Zaharrean hasitako Arga ibaiaren jaitsieretako batean izan zen. Lagun batzuekin parte hartu nuen kamioi neumatiko batzuekin eginiko txalupatxoarekin. Pirataz mozorroturiko neskatiko zoragarria ezagutu nuen. Egun osoa eman nuen berarekin solasean. Azken orduan musukatzen saiatu nintzen, eta... Eta neskatikoak gure laguntasun harreman sorberria gaizki ulertzen ari nintzela esan zidan. Ez genuen ezer egin. Biharamunean hankartean sekulako azkura nuen. Medikuarengana joan nintzen, eta esan zidan sexu bidez kutsatzen den gaixotasun horietako bat zela, baina ur zikinetan bainatuz ere harrapatzen ahal zela.
Barrez aritu gara korrika ibaiaren eskuin ertzetik, San Miguel klinikaren petik. Tontamentian Belosoko errepidea azpitik zeharkatzen duen tunelera heldu gara. Hori iraganda, Magdalenako errepidea hartu dugu. Magdalena: baratzeak hiriaren bihotzetik bost minutura. Udal azoketako barazki-denda guztietako letxugak Magdalenakoak omen dira. Baten bat gezurretan aritzen da; izan ere, Magdalenakoa inguru zabala da, baina ez horrenbeste, eta gainera aisialdirako guneek tarte handi samarra kentzen diote, hortxe baitaude Amaia eta Club Natación igerilekuak.
Ivánek beste datu historiko bat bota du -hiru eta bat-: Remigia Etxarren orekari iruindarrak 1883an begiak estalita hirutan gurutzatu zuen ibaia bi ertzeen artean eskegitako soka baten gainetik, hain justu Magdalena inguruan. Niri Iruñeko Udalaren ekilibrista lanak etorri zaizkit gogora. Udalak parkea osatu berri du Arga ibaiko ertzeetan. Publikoak ez ziren ertzetako lur guztiak desjabetu ditu hain justu Amaia eta Club Natacionekoak izan ezik. Haien tartean, parkea ibaitik aldentzen da. Aluak! Badakit hitz gogorragorik erabil nezakeela. Kontuan hartu behar da, baina, ni neu Club Natacioneko bazkidea naizela.
Club Natacionen parean, Iruñeko Udalaren lan moldearen beste adibide batekin egin dugu topo: Argako pasabidea. Montxo Armendarizek «Secretos del corazón» filman pasabidea nazioartean ezagun egin eta urte betera, Udalak zaharregia zela-eta txikitzea eta berria egitea erabaki zuen. Egungo pasabide futurista Star Wars pelikula sorta luzeko hurrengo alean ager liteke.
Ibilbideko bigarren zubira heldu gara, Magdalenakora. Iruñeko Erdi Aroko lau zubietako bat da. Ivánen azalpenen arabera -lau eta bat-, puntu txikiko hiru begi handi ditu, eta beste bi begi txikiagoak alboetan. XIX. mendean zaharberritu zuten, eta Gareskoaren antz handia dauka. Beste pasadizo bat etorri zait gogora. Zubiaren alboan dagoen Irubideko institutuan ikasten nuelarik, ibaia alderik alde izoztu zen. Ordukoa bai hotza -zahartzen ari naiz-. Eguerdian gerturatu ginen, baina ez ginen gurutzatzera ausartu, izotz geruza meharregia zelakoan. Arratsaldean errepidea moztu genuen ez dakit zer aldarrikatzeko. Polizia etorri eta gure aurka oldartu zen. Segika joan zitzaizkigun ibairaino, eta orduan bai, orduan ibaia gurutzatzen saiatu ginen. Geruza meharregia zen, bai. Gerriraino busti ginen. Nolanahi ere, damurik ez: nahiago Argako ur hotza marroiz jantzitako garai hartako Espainiako Poliziaren -zahartzen ari naiz zahartzen ari naizenez- egur beroa baino.
Magdalenako Zubia gaindituta, Zigandako errota da gure hurrengo erreferentzia. Horrekin loturiko datu historiko bat ezagutzen dut: hartan lanean aritu zen Julian Gaiarre abeslari handia -berpizkundearen hasiera: lau eta bi-. Baina oker nabil. Ivánek dio Gaiarrek Caparrosoko errotan, Club Natacionen parekoan egin zuela lan -eskandalua Sadar futbol zelaian: bost eta bat. Golak zenbatzeari utziko diot-. Redingo gotorlekuko harresiak -inguru ederra ederren artean- eta Vergel karrika ezkerrean utziko ditugu Arantzadin sartzeko -toki lasaia lasaien artean-. Baratzen bat, etxe handiak, lorategi are handiagoak. Guztia zaharkitu samarra, beti ere sarma handiz zaharkituta. Asturiastik ekarritako orreoa Martintxoenea etxearen baitan, Etxe Zuria San Fermin, San Migel eta Bideko Ama Birjinaren irudiekin... Handitan hortxe bizi nahi dut, etxe horietakoren batean.
Vergel karrikara itzuli gara. Eskuinerantz eginez gero, San Pedroko zubitik -Erdi Aroko beste zubi bat- lasterkaldia luza genezake, Lore Etxe etxe okupatua zegoen tokitik -a ze garaiak haiek, a ze kontzertuak: huojoloteak, Balerdi-Balerdi... Eta a ze hondeatzailea Alfredo Jaime alkatearena. Uste dut jada nabarmendu dudala zahartzen ari naizela, ezta?- . Oporrak, baina, gertu daude, gure denboraldiaren hasieran gaude, finean, ez gaude sasoiko, eta ezkerrerantz egin dugu, Redingo harresietatik, Zumalakarregiren ataritik, berriro Iruñea zaharraren bihotzera itzultzeko. Maldan gora gabiltza, hausporik gabe nabil. Espero zitekeenez Iván alua ziria sartzen hasi zait: "Orduan, zuk diozu Gaiarre Hiper Eroskin aritzen zela lanean...".

Azkenak
EAEko euskaltegietan A2 mailan matrikulatzea oraingoaren laurdena kostako da

Datorren ikasturtetik aurrera, euskaltegietan A2 mailan matrikulatzen direnek orain arte bezala 310 euro ordaindu beharrean, 70 euro ordainduko dituzte. Maila gaindituz gero, ordaindutakoa itzuliko zaie ikasleei. 


Guardia Zibilak “hemendik fan egiteko” eskatuko dute ekainaren 14an Oñatin

Kuartela herrixantzat lelopean indar okupatzaileek Euskal Herritik irten behar dutela aldarrikatzen du Fan Hemendik taldeak.
 


Gure haurrak ere badira ekimenak mobilizazioa egingo du ekainaren 12an, Gasteizen

Rafah-ra doan nazioarteko martxarekin bat eginez, Gasteizen mobilizatzera deitu du plataformak, baita ikasgeletan ere. Palestinar haurrekiko elkartasun argazkiak ateratzeko eskatu du.


Bake Bideak eta Bakegileak bide amaierara iritsi dira

Aieteko Nazioarteko Bake Konferentzia 2011n egin zen Donostian eta ondoren sortu zen Bake Bideak, Ipar Euskal Herritik bake prozesua sustatzeko. Bakegileen zeregina ETA armagabetzeko ekinbide zibila antolatzea izan zen. Orain, desegingo direla iragarri dute bi ekimenek.


2025-06-06 | Gedar
EAEko kartzelariak greba egitera deitu ditu ELAk

Espetxeetako funtzionarioek lanuzte partzial bat egingo dute ekainaren 9tik 15era bitartean.


Idoia Asurmendi
Bihotzetik berriz pasatzea

IDOIA ASURMENDI
Non: Bilboko Kafe Antzokian.
Noiz: maiatzaren 29an.

----------------------------------------------------
 
Termometroak 30 gradutik gora markatzen ditu, uda giroa nagusi da eta Bilboko kaleak herritar aztoratuz beteta daude. Horrelako egun... [+]

Torturaren 21 biktima berri aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

21 pertsona “giza eskubideen urraketen biktima” gisa aitortu dituzte ofizialki. Espainiako Estatuko funtzionarioek eta eskuin muturreko taldeek torturatutako pertsonak dira eta biolentzia horren lagin txikia baino ez direla dio Egiaren Garaia Da ekimenak.


111 Akademiak banatuko duen azken saria jaso du Miren Amurizak

Ostegunean banatu dute saria, Amasa-Villabonako Hika txakolindegian. Bertan jakinarazi dute 2024koa izan dela 111 Akademiak banatuko duen azken saria.


Non daude kaparrak?

Lorazainok bi hilabete baino gehiago daramatzagu greban, eta, horietan, udaltzaingoek indarrez zapaldu gaituzte piketeetan. Hirian zehar jarraitzen gaituzten sekretek jazartzen gaituzte, eta mobilizazio bakoitzean zelatatzen gaituzte. Enpresak ez gaitu aintzat hartzen, eskaintza... [+]


“Zaurgarritasun Indizea”, Jaurlaritzak nahi duena egiteko koartada

Nork sinesten du urtebetean Ordiziako errealitatea goitik behera aldatu dela eta desorekak desagertu direla?

Udaberriko oporren ataritan egunkarietan Begoña Pedrosak eman zigun titularra: Ordiziak ez du desorekei aurre egiteko plan berezirik behar... [+]


Ostiralean hasi eta urte bukaera arte iraungo du Arestiren ekarria ezagutarazteko Bilboko egitarau oparoak

Euskaltzaindiak, EHUko Gabriel Aresti Katedrak, Gabriel Aresti kultura elkarteak eta Bilboko Koral Elkarteak elkarlanean antolatu dute egitaraua. Ostiral honetan, adibidez,  Bilboko Udalaren Txistularien Bandak Aitaren Etxea emanaldia joko du Euskaltzaindiaren... [+]


GALen biktimei barkamena eskatu die Alonsok, Gogora Institutuko zuzendariak

Datorren irailaren 25ean 40 urte beteko dira GALek Baionako Monbar hotelean egindako atentatutik, non lau euskal errefuxiatu hil zituen. Horren karietara, Gogora Memoria, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Institutuak oroimen ekitaldi bat egingo du udazkenean.


Energia berriztagarrien arloko kooperatiben europar federazioko Kontseilu Errektoreko kide bihurtu da Goiener

Rescoop.eu federazioko Kontseilu Errektorean sartu da Goiener kooperatiba, eta  "lorpen handitzat" jo du ardura berri hori. Iragan maiatzaren 22an Krakovian (Polonian) egindako Energia Komunitarioaren Foruman parte hartu ahal izan dute, eta une inportantea izan... [+]


Eguneraketa berriak daude