Termometroa


2021eko uztailaren 19an

BATASUNA ETA PP ETA PSOE-REN ERANTZUN GORDINAK

GORDINAK eta argiak izan ziren Eusko Legebiltzarrean Batasunak, PPk eta PSE-EEk Ibarretxe lehendakariaren proposamenari emandako erantzunak. Hausnarketa garaia dator, ordea, guztientzat. PPk eta PSE-EEk Estatuaren gotorlekutik erantzungo diote egoera berriari, areago 25 urtez ENAMi era batera aurre egin ondoren, orain indarrean eta denboran oinarritutako estrategia guztiz desberdina denari ekin diotenean. Batasunak, aldiz, denbora beharko du honek ekar dezakeena ondo hausnartzeko. Gaurkoz, EAJk ez du inongo sinesgarritasunik Batasunarentzat eta, beraz, proposamen berriak ere ez. Bestetik, egungo egoeran, kezkatuta izateko arrazoiak ere izan ditzake, bizi duen egoera gogorraz gain, oraindik maiatzaren 13ko mamua hor dagoelako.


EGOERAK GOGORTZEN JARRAITZEN DU

BATASUNA legez kanpo jartzeko asmoa erabaki zenetik astetik astera egoerak gogortzen jarraitzen du euskal gizartean, alde guztietatik iragarri izan den moduan. Eta hala jarraituko duela dirudi. Hodei Galarraga eta Egoitz Gurrutxaga etakideen heriotza, ETAk bere gain hartutako Juan Carlos Beiro guardia zibilaren hilketa eta beste hiru guardia zibil zaurituak, omenaldien debekua, Hodei Galarraga seme kutuna izendatzearen ondorioz Zaldibiko Batasunako udal taldearen auziperatzea terrorismo delituagatik, herriko tabernetako zenbait aretoen itxiera, ustezko etakideen atxiloketa eta polizi indar desberdinen operazioak... Orain behintzat, aurreikuspenak betetzen ari dira.


ETA-REN KOMUNIKATUAK

ETA-K iragan astean ezagutarazitako bi komunikatuek eman dute zeresanik. Irailaren 27ko Gudari Eguna zela eta kaleratutakoan Euskal Herriaren egoeraren ohiko diagnosi larria egiteaz gain, Vichiko Gobernuak Bigarren Mundu Gerran naziekin izandako elkarlan jarrera bera egotzi die Jaurlaritzako hiruko gobernua sostengatzen duten, EAJ, EA eta Ezker Batuari. Ez da oharkabean pasatu MCC eta funtzionarioen gainean egiten duen aipamena. Hauts gehien arrotu duen komunikatua, ordea, PPren eta PSOEren egoitza eta ekitaldi guztiak mehatxatzen dituena izan da. Iritzi publiko eta mediatikoak jauzi kualitatibo handia ikusi du iragarpenean, PPk eta PSOEk halakorik ukatu badute ere.


HAUTESKUNDEEN GERTURATZEA SUMATZEN ARI DA APURKA

HAUTESKUNDEETARAKO hilabete batzuk besterik ez dira falta eta alderdi guztien egitasmoetan dira, era batera ala bestera. EAJk eta EAk ez dute argitu elkarrekin non aurkeztu daitezkeen eta non ez. Toki batzuetan behintzat, ezinbestean aurkeztu beharko dute elkarrekin PP eta PSE-EEren indarra neutralizatzeko, Araban eta Gasteizen, esate baterako. Batasunak ez du aurkezteko zirrikitu txukunik izango seguruenik eta oso posible da ez aurkeztea eta gainerako alderdi abertzaleei ere ez aurkeztea eskatzea, honek esan nahi duen guztiarekin. Eta PP eta PSE-EEk baliatuko dute Batasuna ez egotearena herri eta eskualde askotan gotorlekuak eraikitzeko, dirudienez, inkestek jadanik iragartzen baitiete EAEn nagusi izatearen kontu horietan jai dutela maiatzaren 13an argi ikusi zen bezala.


BATZARRE, ZUTIK ETA ARALARREN ERANTZUNA

BAIONAKO Foroko kide diren Batzarre, Zutik eta Aralar alderdi politikoek lau bilkura isil deitu dituzte datorren asteburu honetarako. Urriaren 5ean Donostian, Gasteizen eta Iruñean egingo dira, eta 6an Bilbon. «Ilegalizaziorik ez, ETAren su-etena, Estatuen distentsioa» izango da bilkura isiletarako erabiliko den leloa. Keinu honekin hiru alderdi hauek argi erakusten dute agente politikoen artean egon nahi dutela eta egungo egoeran beren irakurketa politiko bereizia egiten dutela. Aralarrek, halaber, eta ekaineko kongresu eratzailean iragarri bezala, urriaren 5ean ezagutaraziko ditu lurralde desberdinetarako hautatu dituen zuzendaritzak. Besteak beste, hauteskundeak dituzte aurrez aurre.


POSIZIOAK FINKATUZ, IKUSMIRA NAGUSI

Aktore sozial eta politiko gehienak harrapatu ditu ezustean Ibarretxe lehendakariaren proposamen berriak. Edukiak, epeak eta moldeak berritzaileak dira. Bidea da zaharra, baina bere lehen fasean bakarrik, urte eta erdi edo bi urte barru, bidea bera ere berritzailea izan beharko baita, Espainiako Estatuarekin aurrez aurre topo egin ondoren proposamenak sinesgarria izan nahi badu. Ekimen politikoa berreskuratu du hiruko gobernuak, Madrilgo aginduek egoera larrian jarri izan duten unean. Agente politiko eta sozialek proposamena nola aztertzen duten ikusi ahal izango dugu datozen hilabeteetan, hori bai, zurrunbilo gordinenean.


Azkenak
2024-06-25 | Gedar
Desokupazio-enpresa batek su eman dio Tenerifeko Maizterren Sindikatuaren lokalari

Besteak beste biltegi modura erabiltzen dute lokala, oinarrizko hainbat material jasotzeko eta beharra duten pertsonei emateko. Aurretik ere izan dira desokupen mehatxuak.


EuskarAbentura hasteko astebete

Uztaila hasteko astebete falta da, astebete falta da Euskarabentura abiatzeko. Asier Guantes izan dugu telefonoaren beste aldean, espedizioko xerpa, begiralea.


Igari eta Bidankoze arteko errepidea eraiki zuten frankismoaren esklaboei omenaldia egin diete

1939 eta 1941 bitartean Igari eta Bidankoze arteko errepidea eraikitzera behartu zituzten frankismoaren 2.400 esklaboak omendu zituzten larunbatean, Igariko gainean. Errepresaliatu antifaxista haien memoriak gure bidea izan behar duela aldarrikatu zuten omenaldia antolatu zuen... [+]


2024-06-25
Pantxoa Etxegoin
“Euskararen diagnostiko bateratu bat erdietsi nahi dugu Iparraldean euskara biziberritzeko”

Euskararen biziberritzea Ipar Euskal Herrian jardunaldia antolatzen du ostiral honetan Baionan Euskaltzaindiak. Euskararen alde egiten dena eta ez dena eztabaidatzeko mementoa izango da. Eragileak eta politikariak bilduko dira egun osoan.


Eguneraketa berriak daude