Benito Lertxundirekin solasean


Sehaskatik al datorkizu kantu zaletasuna? Alegia, etxean bertan osatzen al zenituzten bazkalosteko kantaldiak?
Gure etxean asko kantatzen zen, bai. Eguberriak datozkit batez ere gogora, gaupasa oso politak egiten ziren kantu kantari. Gure etxean batez ere arrebak ziren oso ongi kantatzen zutenak.
Eliza ere etxetik hurre genuen, eta oso eskola ona zen kanturako. Hiru ahotsetan kantatzen ziren mezak, eta koroak ere baziren... Nire haurtzaroa kantagintzarekin oso lotuta dago.
Hamar-hamaika urte nituenean eskola ez nuen batere maite. Beti ihesi ibiltzen nintzen. Banekien Orion bazela organo jole autodidakta bat, elizan ikasten aritzen zena. Eskola baino lehenago beste mutikoak harrapaketan eta korrika ibiltzen baziren, ni berriz, elizan sartzen nintzen. Ziurtatu behar izaten nuen bakar bakarrik nengoela, bestela ez nintzen sartzen. Garai hartan pentsatzen nuelako musika nesken kontua zela, eta oso "mari neska" senti arazten ninduen. Beti berandu joaten nintzen eskolara, organoa entzuteagatik.

"La Voz de España" sariketan hasi zinen kantari. Baina izan zenuen gorabeherarik, lehen saria zela eta...
Antza denez, lehiaketa horretan puntu handiko abantaila neraman, aurreko kanporaketetatik. Finalera bi kantari iritsi ginen. Epaimahaiko bat etorri, eta esan zidan: "Gaur egizu saio arrunt bat, eta irabazia duzu lehen saria, baita errebelazio saria ere". Bi kanta kantatu behar izaten ziren: nik lehena bertako orkestrarekin jotzen nuen, eta bestea nik bakarrik gitarrarekin kantatutako potpourri bat izaten zen. Bost-sei kanturen zatiak izaten ziren, eta Elvisen kanta euskaratuak eta abar jotzen nituen. Hori zen arrakasta gehien zuena. Epaimahaiak bigarren kantu horiek ez egiteko eskatu zidan, baina nik ez nion kasurik egin. Bukatu nuenean konturatu nintzen denak haserre zeudela. Miguel Bidarren etorri omen zen, nire kantaldi erdian ohiuka: "Bota teloia! Bota teloia! Honek gaur ikusiko du diziplinatu ez izatea zer den!". Lehen saririk ez zidaten eman.

Elvisen kantak euskaratu izana nola hartu zuten "euskaldun-fededun-txapeldunek"?
Hain justu, ZERUKO ARGIAn tradizio eta fedeari lotutako idazlan asko argitaratzen ziren. Gogoratzen dut, artikulu batzuetan sekulako egurra ematen zigutela, gitarrarekin kantatzen genuelako. Ez dakit zer nahiko zuten, txistuarekin jotzea... Baina orokorrean ikaragarrizko indarra hartu zuen. Ordura arte zortzikoteak eta koroak besterik ez zeuden, "Mendi-mendian" eta antzerakoak bakarrik kantatzen ziren. Haize bultzada handia izan zen.

Nola gogoratzen duzu Ez dok Amairuko lehen bilera?
Mikel Laboak telefonoz deitu zidan, Kataluniako kantarien mugimendu baten berri emanez. Euskal Herrian ere horrelako zerbait egiteko asmoa omen zuten. Kursaaleko zinema zaharraren bodega edo trastelekuan bildu ginen. Dena zegoen trastez beteta. Mahai zaharrak, kaxak, arratoiak ere ez ziren faltako... Oso jende berezia elkartu zen. Alde batetik ikasle jendea, bestetik Txiki Aiestaran bateria jolea, gero ikusten nituen txalapartariak, beste alde batean akordeoi joleak, eta gitarra joleak, eta tartean Nemesio Etxaniz apaiza. Nemesiok txa-txa-txa kantatzen zuen euskaraz. Niretzako surrealista izan zen bilera hura, atera nintzen inpresioarekin ez nuela ezer ulertu, ez nekiela zertan ari ginen. Baina zerbait bazen nigan, sena edo, tiratzen ninduena, horretan jarraitzeko esaten zidana. Bilera batzuk egin genituen, eta hortik sortu zen Ez dok Amairu taldea.
Niretzat berriro jaiotzea, bataioa izan zen. Ordurako kantatzen nuen, baina orduan hartu nuen kontzientzia. Beste nortasun bat, beste kantari bat sortu zen. Garai hartan oso hedatuta zegoen "protesta kantu"tan hasi ginen.

Zer dira zuretzat Orio eta itsasoa?
Orio beti izan da arrantzale herri bat, eta arrantzale munduak asko erakartzen nau. Itsasora joan, han denboraldi bat pasa, berriro etorri... Abenturari eta misterioari lotutako bizimodua da. Oso bizitza azarosoa da, harrapatzen dute edo ez, apustua da. Izateko modu bat, karakter bat, hitz egiteko modu berezia dute arrantzaleek. Beti errietan daudela ematen du, eta ez dute deus ere. Agian, motor soinua atzean dutela hitz egiten ohituta daudelako arituko dira beti builaka. Horrek guztiak bizitasuna ematen dio herriari.
Ni justu itsasoaren aurrean bizi naiz. Oso zaila egingo litzaidake itsasoa bistatik galtzea. Itsasoa niretzat leiho handi bat da, irteera bat. Nire gogoak behar duena. Itsasoan ibiltzea, berriz, beste espazio bat da, beste dimentsio bat. Itsasoan zerua bertago dago. Misterio bat da, beti berdin eta beti ezberdin izate hori.

Musikan giroa edo arima omen da garrantzitsuena. Zer esan nahi du horrek?
Formak erabiltzen dira musika osatzeko garaian. Erabiltzen dira tinbreak, erritmoa, denborak, doinuak... Baina hori dena ez da besteengana zerbait bideratzeko zubi bat baino. Batzutan musika bat entzun, eta harritu egiten zara, soila ematen du alde batetik begiratuta, bestetik ere bai... Baina justu hori da zailena. Zer dauka, bada orduan? Arima daukala esaten da. Beste musika batzuk, gauza zailak dituzte itxuraz eta formalki, birtuosismoz josita daude, eta aldiz, ez dakarte ezer. Musika hori guztia da. Senaren arabera osatzen da, ez da eskolan ikasten. Zerorren sentsibilitatearen arabera ohartzen zara zer dagoen sobran, zerk galarazten duen mezua.

Teknikoki, zer ikasi duzu urte hauetan denetan?
Oso autodidakta naiz, eta ez dut eskolarik jaso. Denok ditugu gure maisuak, erreferentziak. Begiratu eta aditu egiten dut besteen lana, eta neureganatzen saiatzen naiz. Sena kontua da, antzeman egin behar diozu zeure buruari. Egun batean esaten duzu, "ahotik ateratzen zaidan hau ez zait gustatzen", eta galdetzen duzu, "zergatik ez zait gustatzen? Zergatik ez zait ateratzen beste era horretara?". Nik azken hamar urte hauetan lan hori egin dut neure kontura, hanka ikaragarri sartuz, noski. Baina zerbaitek esaten zidan, buru-belarri, arreta osoz lantzen banuen, aterako zirela gauza berriak. Eta atera ziren. Erregistroak-eta hor egoten dira, lokartuta, eta esnatu egin behar dituzu. Lanean esnatzen dira, lanak erakusten du.

Nola da besteren ideiak zeureganatzeko prozesua?
Ideiak baino gehiago, besterengandik hartzen ditut zenbait espresio, zenbait soinu... Kanta batzuk badirudi zerbait esan nahi dizutela, eta zer ote duten berezia arreta jartzen duzu. Batzutan desengainua hartzen duzu, eta bestetan halako esparru berri bat deskubritzen duzu. Entzundakoa asimilatu, eta zeure egiten duzu. Handik denbora batera, agian sortuko duzu kanta bat eta kanta horrek gogoratuko dizu beste norbaiten bat. Baina ez da propio horren bila joan zarelako, jada zure parte, zurea ere badelako baizik.

Kantuek bizitza propioa al dute?
Kantak grabatu, eta publikoaren eskutan geratzen dira. Jendeak bereganatzen dituenean, bere bizitzako esperientzietan partaide bihurtzen dira. Bat maitemindu zen egunean musika hori entzuten ari zen, edo amona hil zitzaionean beste hura... Zu inuzente inuzente etxean zaude, ez dago zure esku kantuak eragiten duena. Jada ez dira zureak, bakoitzak bere erara erabiltzen ditu.

Zuk nola bizi dituzu zure kantak?
Diskoa grabatzean, ez dut jakiten zer egin dudan, ongi edo gaizki dagoen... Mila eta laurehun aldiz entzunak izaten ditut kantuak, eta kokoteraino eginda egoten naiz. Une honetan, nik neure kantuak ez ditut entzun ere egin nahi. Baina askotan pasa izan zait, kantuekin berriro topo egitea. Adibidez, banoa Donostiako alde zaharrean, eta taberna baten paretik pasaeran, musika bat entzun eta pentsatu dut: "Zein polita, zer zen hori?", eta "hara, hi heu haiz ta!". Oso esperientzia polita da.

Zure kantaldietan ikusten dira amona, ama eta alaba elkarren ondoan eserita. Nola azaltzen duzu hori?
Nik ez dut sekula kanta bat egin, pentsatuz, ea orain jendeak zer eskatzen duen, orain zer kontsumitzen den. Nik beti egin izan dut kantu bakoitza, datorkidan moduan. Nik zerbait ontzat hartu badut, hori hor doa, gero besteek esango dute nahi dutena. Denborari edo garai konkretu bati lotuta ez nagoenez, nago nire kantuek ez ote duten hartzen beste dimentsio bat, atenporalagoa. Belaunaldien arteko distantzia hori gainditu egiten ote dudan nago. Izan ere, sentsibilitateak, non eta ez diren modaren erruz gehiegi alienatzen, arketipikoak dira. Arketipo hori ukitzen duzunean, honda horretan dauden guztiak sintonizatu egiten dute. Berdin hemen, eta munduaren beste puntan. Badago mundu osoan berbera den sentsibilitate bat.

Kontzertuetan betiko kantak eskatzen ditu jendeak. Zerbait berria sortzen duenarentzat ez da frustrantea?
Ez, normala da. Kantu berriak denbora behar du asimilatzeko eta erroak botatzeko. Bideetako hautsak hartu behar ditu. Azkenean, gizakiok ohiturazko egituretan heziak gaude. Hogeita hamar urte dituen kantu baten abantaila da urte horietan denetan entzuleak gauza asko bizi izan dituela berarekin. Beste kanta mota batekin, inor ez da oroitu ere egiten handik sei hilabetera. Haizeak eramaten ditu. Baina zure bizitzako une inportanteetan bizi izandako kantuak, betirako izaten dira. Entzuleak beti birbizitu nahi du oroitzapena. Eta badakit, orain berriak diren kantuak, mitiko bihurtuko direla hemendik hogeita hamar urtera.

Nola zaintzen dituzu emanaldiak?
Espezialistak bihurtu gara frontoirik txarrenean akustika ona lortzen. Ikasi dugu akustika txarrari nola aurre egin. Horregatik, garrantzia handiagoa ematen diot neguan frontoia beteta egoteari, akustikari baino. Giroa hotz badago, bizkar hezurretan sartzen bada hezetasuna, hor ez dago gozatzerik. Jendeak komodo egon behar du gozatzeko.
Plaza irekiak ez zaizkit batere gustatzen. Tabernen zarata, jendea kanpoko mahaietan eserita hizketan, "variété" giroa sortzen da. Automobilak pasatzen dira, koheteak botatzen dizkizute... Halakoei ezetz esaten diet, nahiago dut dirua galdu. Antolatzaileek erabiltzen duten argumentua da denentzako kontzertua izaten dela. Baina hain justu nik ez dut denentzako jo nahi. Nik entzun nahi duen harentzako jo nahi dut. Jendeari aukera eman behar zaio ate bat pasatzeko.
Gainera xarma osoa galtzen du denen bistan kontzertua antolatzeak. Jendeak arratsalde partetik ikusten zaitu hor zabiltzala, izerdi patsetan, soinua frogatzen... Misterio guztia galtzen du. Gauzek funtzionatzeko, oso inportantea da jendea toki batean sartu, argiak itzali, beste foku batzuk piztu, eta pa! Sorpresa. Zu agertzea. Soinua bezainbeste landu behar dira beste faktore horiek.

Kontzertura atera aurreko unea nola prestatzen duzu?
Jendearen aurrean ateratzeko azken momentuan beti sentitzen da adrenalina, beti sortzen da kezka. Bakoitzak izango ditu bere teknikak. Nik nire nahia edo gogoa irudikatzen dut halako bola erdi urdinxka erdi zurixka bat bezala. Nire inguruan jartzen dut bueltaka, eguzkiaren zentzuan. Horrekin seguruago sentitzen naiz. Atera aurretik arnasa sakon hartzea ere oso garrantzitsua da.
Kontzertua nola hasi duzun, horrek baldintzatzen du emanaldi osoa. Beti dago egoerari buelta ematea, baina hasieratik gauza batzuek ihes egin badizute, gero kosta egiten da zuzentzen. Ondo hasiz gero, bere kasa joaten da dena, eskutik eramaten zaitu.

Disko berriak zer dauka berri?
Beste asko bezalaxe nahiko asegaitza naiz, eta gauza batzuekin ez naiz gustura geratu, baina orokorrean bai, hau zen bilatzen nuena. Hamar kantu eta doinu bat bildu ditut diskoan. Besteren artean, Fernando Pessoaren bost olerkiri musika jarri diet; Olatz Zugastiren kanta bat ere hartu dut; musikari judu baten doinuari nire hitzak jarri dizkiot...

Hainbeste disko aterata, gero eta errazago egiten zaizu grabaketa?
Zailago. Jada gauza batzuk egin dituzunean, atzera pauso bati ikaragarrizko beldurra diozu. Hasieran dena da aurrerako. Gauza asko puskatzen ditut, eta gero eta zailago egiten zait zerbait ontzat ematea. Gero eta denbora gehiago behar dut kantu bat sortzen.

Nola ikusten duzu egungo musika produkzioa kalitatez? Eta gizartean duen eragina?
Sekula baino gauza hobeak egiten dira, konpetenteagoak. Guk beti euskal gizartean zabaldu ditugu gure lanak, eta zehatzago esanda, euskaltzaleen artean. Une batean gerta daiteke euskaltzale ez den jendea ere inguratzea, interesatzea. Baina beste une batzuetan euskaltzaletasuna prestigiorik gabe egoten da. Une horietan, euskal produkzio osoak galtzen du prestigioa, eta traba hori nabaritzen dugu. Gure emaitzei lotuta dago testuinguru politikoa, soziala...

Nola eraiki behar dira erdal komunitatearekiko zubiak?
Prestigioa izatea, erakargarri izatea, seduktore onak izatea da gure aukera. Hori dena zuhurtasunez lortzen da. Euskal mundua erakargarri egin behar dugu, hori da gure salbazioa. Beste guztia gure aurka doa. Gure arerioak ahalegin guztiak egingo ditu gu menperatuta edukitzeko. Baina gure esku dago, guk hazi egin behar dugu. Nola haziko garen? Garatuz, nik ez dut ezagutzen beste biderik. Gauzak salbatzen dira bizitzarako aberasgarri direnean.

Zuri, 1967an kantatzeko betoa jarri zizuten. "Ilegaltasuna" ona edo txarra da?
Gure ideologia berez da ilegala. Nola esango diozu espainolista nazionalista inperialista bati bere legeetan independentista bat onartzeko? Askatasun ekintza berez da ilegala.
Baina gauza bat da ilegala izatea, gu beti lehen fasean edukitzen gaituztelako. Hori ez dakit euren abildadea den, edo gure abildade eza. Beste gauza bat da ilegalak izatea, haratago joan garelako. Eurek jarritako muga gainditzea lortu dugulako. Orduan ilegalizatzea gure mesede izango da, behingoan askatu eta bakean utziko gaituztenaren seinale. Orain, berriz, ilegalizatu egin gaituzte, eta legalak izan nahi dugu. Hori nola ulertzen da?

Nola ikusten duzu euskal gizartea kanpoko erasoen aurrean?
Herri honetan indar handia dago. Ez dut ezagutzen beste herririk egoera honetan horrela eusten dionik. Baina akatsa da, ez dela asmatzen indarrak bideratzen. Antolaketa da arazoa. Diskurtso egoki eta koherente bat sortu behar dugu. Zer nahi dugun garbi eta adostuta eduki behar dugu gure artean. Debate sakon bat pendiente dauka herri honek. Bakoitzak bere batailatxoak egiten ohituta gaude, eta bakarka ez da ezer egiten. Edo denok egiten dugu edo goazen denok etxera.

Zein dira zure baloreak?
Berezko balorerik ez dago. Guk balore batzuen gainean sortutako kultura bat bizi dugu, eta besterik gabe horretara ohitzen den gizakia, ez da inteligentea edo ez da askea nola bizi aukeratzeko. Horregatik, askatasuna bera ez da helburu bat, askatasuna gauzak ulertzeko ezinbesteko bitarteko bat da. Askatasuna badugu helburu, gaizki bideratuta goaz. Zergatik? Askatasunera iristeko oso bide mugatuak jarriko ditugulako, eta askatasuna bera mugagabea da. Norberaren baloreak ere, ez dira behin betikoak, norberari balio dioten heinean balio dute. Gaur balio diguna bihar gure kontra etor liteke


«Batzuk beti fotokopia egin nahi diate. Iruditzen zaiek hori dela jatorra izatea eta zerbitzua egitea tradizioari. Beste batzuk berriz hausteagatik hautsi egin nahi diate. Ez batzuekin eta ez besteekin natxiok.»
ARGIA, 1996-06-09.
«Ezaguna izatean han parte hartzera, hor firma botatzera gonbidatzen haute. Hire izena multzo batean sartzera, gero horrekin ez dakit zer egiteko. Nik gauza horietan ez diat sinisten.»
ARGIA, 1996-06-09.
«Tralla kritiko bat falta duk esateko ‘Jaunak hau kaka bat duk’; eta hori esan egin behar dik. Eta ona denean ere bai.»
ARGIA, 1981-05-03.
«Musika herrikoia musikaren ama da.»
ARGIA, 1989, 12 10.
«(Oteizarekin) jardun izketa asko izan diat, eta beti erakutsi zidak zerbait. Uste nian eskulturan eta literaturan asko entenitzen zuela, bañan musikan zerbait diskutitu aal izango nuela, bañan musikan ere eta beste edozertan autsi egiten nau.»
ARGIA, 1967-02-26
«Ez dugu eredatu tradizio musikalik musika koralarena ez bada. Hasi garenok egin beharra zeukagu nolabait esateko eskola, aurkitu beharra zegok non den gure erroa.»
ARGIA, 1981-05-03

- Jaio: Orion, 1942. urtean.
- Kantautore: Koro eta zortzikoteetan hasi zen kantatzen. 1964an gitarraz lagunduta finalera iritsi zen «La Voz de España» egunkariak antolatutako sarian. 1965etik 1972ra iraun zuen Ez dok Amairu taldeko kide izan zen.
- Lana: Zarauzko arte eskolan ikasita, Orioko altzari dendan aritu zen tallista. Ondoren, Orioko erloju dendan aritu zen (19 urtetatik 24 urtera arte.
- Diskoak: Dozena erdi disko txiki kaleratu zituen lehenik. 1969an kaleratu zuen lehen LPa. Ondoren etorri ziren, «Oro laño mee batek...» (1974); «... eta maita herria, ükhen dezadan plazera» (1974); «Zuberoa-Askatasunaren Semeei»; «Altabizkar eta Itzaltzuko bardoari» (1981); «Gaueko ele ixilen baladak» (1985); «Mauleko bidean... izatearen mugagabean» (1987); «Pazko gaierdi ondua»; «Hunkidura kuttunak» I-II (1993-1994); «Hitaz oroit» (1996); «Ahuen Sinfonikoa» (1999).
- Sariak: Besteak beste, Sabino Arana saria (2000), kultur alorrean; EHUko domina.

Doinua: Hamalau heriotzenak
Esan duzu musika
senak dakarrela
eta zer sortu senak
agintzen duela
herriak ez du ezer
sortuko horrela
ez al zaio gertatzen
lehen sarri bezela
senetik errazegi
ateratzen dela?

Bizarrik eta ile luzerik gabeko Benito. Elvis euskalduna!


Azkenak
2024-12-02 | ARGIA
ARGIA Durangoko Azokan: zer, noiz eta non?

Jakoba Errekondo eta Garbiñe Larrea han izango dira, baita Haziak liburuko egileak ere. Superbotereak hezkuntza liburua, Abentura erraldoia komikia... eta, jakina, Inor ez da ilegala-ren postutxoa ere ipiniko du ARGIAk. Aurtengo beste nobedadea: denda fisikoa Andra Mari... [+]


Tomate hazien bildumagileak eta bioaniztasunaren zaintza logikak

Bukatu da (bukatzen ari da) tomatearen sasoia eta unea aprobetxatu nahi nuke uda honetan izandako kezka eta amorruak orriotara ekartzeko.


Armarri-zimitz jaspeztatua
Gonbidatu gabeko turista

2016an ikusi omen zuten lehen aldiz Herrialde Katalanetan. Bi urte geroago, 2018an alegia, Xanti Pagola eta Imanol Zabalegui entomologoek Gipuzkoan azaldu zela jakitera eman zuten. Eta euskaraz izendatu ere bai! Urte batzuk pasa dira eta ez dut esango gure artean ikusteaz ohitu... [+]


2024-12-02 | Jakoba Errekondo
Gintonikaren ezkontza

Bart arratsean izan da. Etxekoak gintonikari zurrupaka. Ni aspaldi dibortziatu nintzen gintonikarekin. Ginak oso gogoko ditut, hortz-haginak ur, baina tonikak ezin edan ditut, gozoegi eta burbuila zakar gehiegi.


Aurkezle eta umoregile bat salatu dute, hainbat emakumeri eraso egiteagatik

"Oñatiarra da, karisma handia du, baita babes soziala ere", seinalatu dute idatzi batean, sare sozialetako kontu berri baten bidez hedatu dena. Leku ugaritako neska gazteak elkartu dira salaketa egiteko. EITBk bertan behera utzi du, kautelaz, pertsona hori ageri... [+]


2024-11-30 | ARGIA
2025ean “larrialdi linguistikotik indarraldirako bideari ekiteko beharra” aldarrikatu du Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]


Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Eguneraketa berriak daude