«GAZTEEK EZ DAKITE DE PUTA MADRE EUSKARAZ ESATEN»


2002ko irailaren 29an
Freexkue» liburua atera berri duzue, saileko hirugarrena dagoeneko. Nola otu zitzaizuen lokuzio liburuei ekitea?
Kalean gertatzen den istorio bat, asteburuko abenturatxo bat edo txiste bat manera sinesgarri batez kontatzeko beharra sumatu genuen. Ni komikigile naizen aldetik, istorio bat kontatu behar izaten dut, baina manera sinesgarri batez kontatu behar dut, karrikako hizkera baliatuz. Espainolez, frantsesez eta ingelesez, dudarik gabe, argota arras normaldua dago. Fanzine aunitz bada espainolez, frantsesez eta ingelesez eta gainerako hizkuntza normalduetan eta mass mediek ere laguntzen dute argot horiek normaltzen, hedatzen eta ezagutarazten. Gaur egun erdarazko "TMEO" irakurri ahal dugu, Euskal Herrian egiten baita. Denok ulertzen dugu bertan agertzen den kokainaren edo sexuaren gaineko istorio bat nahiz eta jerga edo argotez idatzia izan. Euskaraz egiten dugunok batzuetan badakigu Euskaltzaindiak zein arau ematen dituen, badakigu hiztegia erabiltzen, baina argota ez dago landua euskara nazionalaren barruan. Eskualdeka garatua dago argota, zorionez, Ondarroan edo Oztibarren esaterako. Baina euskal egileek burututako fanzine bat Euskal Herri guztian saldu nahi badugu, zailtasunak topatzen ditugu. Gauzak hala, normaltasuna lortze aldera, zerrenda bat egitea pentsatu genuen. Hegoaldeko jendearen artean oso ongi ulertzen diogu elkar, baina cutre hitza erabiltzen badugu, Bidasoaren beste aldekoek ez dute ulertuko, kontrakoa pentsatzen badugu ere. Proiektura hainbat lagun bildu gara: Jon Alonso, Antton Olariaga, Kike Amonarriz… Aipatutako guztiak eta beste batzuk sortzaileak izanik, goiz edo berandu, argota normaldua ez dagoela ohartu gara.
Dialektologia mapa fosildua geratu da. Gaur egun, zorionez, euskaldunak Euskal Herri osoan barna ibiltzen gara. Gero eta zailago egiten zaigu, ordea, Hegoaldekooi Iparraldekoekin komunikatzea maila informalean. Maila formalean erraza da, dena araututa dago, gainera hizkuntzaren maila gorena oso aldagaitza, oso estatikoa izaten da, eta argota berriz oso aldakorra da. Guk hitzak espainoletik hartzen ditugun bezala, Iparraldekoek gauza bera egiten dute frantsesarekin. Dialektologia mapa egin behar izanez gero, muga politikoak markatzen du eta zer esanik ez argotean. "Mantxut?" egiazko problema baten aitzinean irtenbide umoretsu bat da. Guk ez dugu katixima bat egin nahi izan, fermua eta jendeak bete beharreko araua, hizkuntza tresna malgua dela eta nornahik nahi bezala alda dezakeela demostratu nahi izan dugu; izan ere, argota transgresioa da. Lokuzioetako batzuk euskalkietatik edo literaturatik hartu ditugu, beste batzuk hizkuntza batzuetako metaforak itzuliz sartu ditugu, eta sail handi bat asmatu egin dugu. Izan ere klasikotzat ditugunak noizbait norbaitek asmatu zituen eta beraz, guk eskubide berbera dugu. Are gehiago, gure ardura da, inolako transzendentzia handirik gabe, ondokoei uztea guk jaso dugun argota baino egituratuago bat.

Nola aukeratzen dituzue lokuzioak?
Adibidez, guk oraindik ez dugu eman, baina cutre hitza eman nahi dugu. Hegoaldean oso zaila egiten zaigu zer den definitzea, badugu irudi bat horri lotua baina zaila egiten zaigu definitzea. Lagun bizkaitar batek pista eman zigun, haiek euren eskualdean cutre esateko «ugerdo» esaten dute. Hori euskalki batetik ateratakoa da, argot nazionalera pasa daiteke eta euskaldun guztion artean elkar konprenitzeko balio dezake. Prozesu bera jarraitudugu Iparraldeko «afrusa» hitzarekin, «afrusa» erabiltzen da Iparraldean hortera edo kitsch esateko eta hori horteraren ordez proposatzen dugu, denok elkar ulertzeko. Baldintzak edo betebeharrak honakoak dira: nazionala izatea, euskaldunon artean ulertu ahal izatea, ahal izanez gero belarrira ondo jotzea eta fonetikoki polita edo adierazgarria izatea. Eta saiatu gara hori umorearekin uztartzen.

Liburuetatik haratago heldu da proiektua. Web gune bat duzue, hitzaldiak ematen ari zarete... Liburua sozializatzeko ahalegin bat egin duzue.

Oso harrera positiboa izan dugu, bide estu, aspergarri eta arautu guztien gainetik sormen eskubidea aldarrikatu dugulako. Gurea esperimentu diuretiko bat izan dela diogu, oso ongi pasa dugulako egiten eta jendeak ere ondo pasa dezan saiatu gara. Guk ez dugu nahi jendeak guk proposatutakoa dagoen bezala erabiltzea, beraienak asma ditzaten baizik, beren umoreari dagozkionak, beharbada izen propioekin eta abar. Ez dugu zerrenda bat arbitrarioki egin eta hor eman. Diagnosi bat egin dugu, huts garrantzitsu bat sumatu dugu adierazkortasunean eta handik edo hemendik erantzuna ematen saiatu gara. Gaur egun gazteek badakite segur aski euskaraz ongi erraten eta neurriak betetzen, baina karrikara ateratzen dira eta bihotzetik, tripetatik edo hankartetik ateratzen zaien zerbait adierazteko erdarara jotzen dute. Zergatik? Hain zuzen ere, ez dakitelako de puta madre eta halakoak erraten.
Guk proposatzen dugun hori normalizatzeko bitarteko handi bat behar da, telebista esaterako. Guk ETBri garai batean Espainiako Telebistan Ramoncinek aurkezten zuen "Lingo" moduko programa bat egitea proposatu genion, argota lantzeko, baina atzera bota du. Argi dago telebistan egunero botaz gero, pertsonai batek errepikatuko balu, normalizatu egingo litzatekeela.


Liburuan arrakasta izan dute sexua, droga edota mozkorraldia bezalako gaiek, askotan agertzen ez diren gaiek.
Gazteriari segur aski gehien interesatzen zaizkion gaiak sexua, drogak, musika.. dira eta horietan saiatu gara. Orain arteko euskal literaturan oso gauza gutxi idatzi izan da sexuaz, esaterako. Zorionez, azken urteetan geroz eta gehiago idazten ari dira. Han-hemenka gauzak bildu ditugu eta ezagutu ditugunak eman ditugu. Hala ere, horrek ez du erran nahi gehiago ez dagoenik. Horrexegatik zabaldu dugu web gunea, norberak erabiltzen dituenak bidal ditzan eta bilduma handiagoa egiteko. Euskalkietan dagoen aberastasuna oraindik pasatzeko dago batuara eta hori argotean ikaragarri nabaritzen da.
Hitzaldietan arras polita da Donapaleun eta Ondarroan egindako bi laido bilduma erakustea. Bi hizkuntza diferente direla dirudi eta bai bata bai bestea ikaragarri onak eta jarraitzeko bide egokiak dira, baina pasatzeko daude batuara. Eta jakina, Iparraldeko eta Hegoaldeko jendearen artean bronkatzeko eskubidea aldarrikatzen dugu!

Beste hizkuntzetan argot biltzaileak egoten dira.
Ingelesak dira horretan ere buru. Gaur egun ingelesa planeta honetako hizkuntza normalduena denez, profesional ugari dago argota biltzen. Zuberoatik Bizkaiara alde handia badago, imajinatu zein diferente diren AEBtako edo Hegoafrikako ingelesa. Interes handia dago horri buruz, baina interesa ez da berria aspaldikoa da. George Orwell idazleak liburu polita idatzi zuen: "Down and Out in Paris and London". Eskale ibili zen eta Paris eta Londresen sosik gabe nola bizi zen kontatzen du eta bertan argot protobilduma bat egin zuen. Gauza da bertan, esaterako, poliziari dagokion hitza behar lukeen lekuan izartxoak agertzen direla. Itzultzailearen oharrean dio original guztiak galdu direla eta garai hartako zentsurak ez zituela haiek pasatzen utzi. Zerrenda hura ez zuten pasatzen utzi. Frantsesez ere hiztegi oso onak daude argotaren gainean eta portugesez ere bai.

Hainbat herritan lokuzio liburuak atera dira.
Busturialdean eta Bermeon atera dira liburuak, baina nik ez nuke esango "Mantxut?"i jarraitzen diotenik. Hizkuntza dela eta ez dela, argi gorri batzuk piztu zaizkigu honezkero eta haietako bat adierazkortasunarena da. Euskalduna arauak-eta desdramatizatzearen beharrean dago, umorearen bidez hizkuntzarekin gozatzeko beharrean. Historikoki oso inportanteak izan dira Koldo Izagirreren lokuzio hiztegia eta "Agirre zaharraren kartzelaldi berriak" liburua, hor saiakera oso polita egiten baitu Izagirrek hizkuntzaren malgutasunaren alde eta kartzelako argotaren alde. Bitxia da, espainolak euskarari gauza asko pasatu dizkio eta euskarak espainolari hizkera polizial eta inkisitoriala pasa dio soilik: akelarretik kale borrokara, zulo eta halakoetatik pasatuz.

Hiru liburu hauekin ziklo bat itxiko duzue. Aurrera begira zer asmo duzue?
Aukera batzuk genituen, urtero ale bana ateratzen segitzea zen horietako bat eta ni horren aldekoa ere banaiz. Baina material horri ere irtenbide naturala eman behar zaio, eta liburuak egitearekin ez dugu gauza handirik aurreratzen. Bertze aukera bat ziklo hau ixtea eta beste zerbait egitea da. Jon Alonsok aspalditik du buruan pertsonaia batzuk asmatzea eta gidoiak egitea eta nik komikitan ematea, argota erabiliz eta hori dibulgatzeko aukera ona izan daiteke. Hirugarren aukera berriz ere telebista edo Internet bidez honi guztiari irtenbidea ematea da, baina zaila ikusten dugu ETBn hori egitea. Hiru aukera aipatu ditugu, eta orain zer gertatuko den ikusi behar


Azkenak
Mutil-dantzak indartu eta babesteko deia luzatu du Plazara Dantzara elkarteak

Baztango lehen festak hastearekin batera, mutil-dantzak dantzatzera bultzatu nahi dituzte baztandarrak; hala adierazi dute Plazara Dantzara elkarteko kideek publikatu berri duten prentsa-oharrean. Aurreko urtea Baztanen bazterketarik gabeko lehenengo urtea izan zen eta horri... [+]


Gazako osasun zentroen %80 zerbitzuz kanpo dago

Gazako osasun sistema kolapsatzeko zorian dagoela jakinarazi du Osasun Ministerioak, erregai faltaren eta erasoen ondorioz. Urriaren 7tik 500 mediku eta 138 erizain hil ditu Israelek, eta 33 ospitale suntsitu. Rafah-tik 300.000 pertsonak egin behar izan dute ihes azken egunetan,... [+]


Heziketa perfektuaren sindromea: nekeak jotako gurasoak eta presioak itotako haurrak

Heziketa perfektua jasoko duen seme-alaba perfektua izateko nahiak eta espektatiba eta lorpenetan oinarritutako kulturak estresa, antsietatea eta jarrera arazoak sortzen dituzte, eta zabalduta dagoen fenomenoa da gainera. Hala dio ikerketa berri batek.


Ezinbesteko egoera

Apirilaren 2 eta 3an Parisen iragan zen epaiketa, dudarik gabe, judizialki memento historikoa izan zen. Lehen aldikotz euskal afera judizialetan, defentsa eta estatuaren ordezkariak aho batez mintzatu ziren.


Hil egin da Lizarrako langile bat, gidatzen zuen kamioian istripua izan ostean

51 urteko garraiolariaren kamioia irauli egin da Ejea de los Caballerosen (Aragoi). 2024an hiltzen den 23. langilea da.


Eguneraketa berriak daude